Teknologia berriak: Bertso doinutegia Interneten eskuragarri

2003-04-01
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen web orrian, beste gauza askoren artean, bertso doinutegia topa dezakegu. 1995ean Bertso doinutegia liburua argitaratu zuen Bertsozale Elkarteak Joanito Dorronsorok urteetan bildu eta sailkatu zituen doinuekin. Orain, doinutegi hura eguneratu eta sarean ezarri dute.
 
 
Interneten ikus daitekeen bertso doinutegiaren programa Aitor Sarriegik egin zuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen du. Memento honetan 2.775 doinuri buruzko informazioa biltzen du, baina kopurua handituz doa. Joanito Dorronsoro da doinu berriak gehitzen eta zuzenketak egiten ari dena. Hala dio berak:"euskal musika bizirik dago, bertsolariekin eta beste produkzioekin lanak ugaritzen ari dira eta horiek gehitzen aritzen naiz". Nahiz eta 2.775 doinu egon sarean, dagoeneko 3.000 doinu bildu ditu Dorronsorok eta poliki-poliki jartzen ari dira. Hala zioen Bertso doinutegia liburuaren sarreran: "Ahozko literaturaren barrenean eta hitzaren kirol nazional gisa definitu izan den arte hau, hitz kantatua denez, literaturaren hesiz kanpoko arlo hau ere, musikarena alegia, bete-betean hartzen duela ikusi nuen, eta bertso munduan orain arte gutxi erreparatutako alderdi garrantzitsua dela jabeturik, definizioak gerorako utzita, bilduma egiteari ekin nion ilusioz". Hasi zuen lan hura etengabe berritzen eta zuzentzen jarraitzen du Dorronsorok.



Doinutegiaren mamia

Doinutegian aurki daitezkeen doinu guztiak sailkatuta daude eta aurkitzeko modu bat baino gehiago eskaintzen du sareko programa honek. Aukeran dauden sarrerak hauek dira: izenburua, neurria, non jasoa, non argitaratua, lurraldea, urtea, mendea, ineditoa, nolakoa, egitura, tonua, bertsolaria, jaso

tzailea, sortzailea, aldakiak eta

oharrak.

Izenburuari dagokionez, irizpide bezala lehenengo bertsoaren hasiera eta bertsolari zaharrenarena jartzea erabaki zuen Dorronsorok, hori delako gogoratzeko errazena. "Esate baterako, Bilintxen "Bihotz heritua" esanda ez du inork ulertzen, eta aldiz, "Triste bizi naiz eta" esanda bai".

Nolakoa atalean aukera anitz agertzen dira: kontakizunezkoa, irrizkoa, erlijiozkoa, sentimenduzkoa, amodiozkoa, erromantzea, dantzakoa, gabonetakoa, haurrentzakoa, eskekoa, tragikoa, sehaskakoa, gregorianoa, habanera, tobera, jota nafarra, eta pastoraletakoa.

Bertsolari sarreran, ostera, ehunka bertsolariren izenak agertzen dira, eta non jasoa atalean ere herri mordoa. Denboraren kasuan, XVI. mendetik XXI. menderainokoak biltzen dira.

Non argitaratua atalari dagokionez, zein liburutan argitaratuta dagoen adierazten da. Mementoz liburuetara mugatzen da, baina hurrengo urratsa diskoen erreferentzia ere jartzea izango da, garrantzitsutzat jotzen baitute.

Informazio hori dena hornitzeko partiturak ere ikus daitezke. Dorronsorok azaldutakoaren arabera, "partiturak doinuaren eta hitzaren egitura errespetatuz egin dira. Arana Martija hasi zen bertso doinuak horrela idazten, eta geroztik hala egin da. Musikariek konpasak puskatu egiten direla esango dute, baina bertsoaren ikuspegitik egokiagoa da, bertsoaren egitura mantendu egiten baita". Musika notekin batera, hitzak ere agertzen dira.

Beste aukera bat bertso doinua entzutearena da. Interneteko doinutegiak aukera hori ematen du. Pianoz grabatutako doinuak entzun daitezke mementoz, baina ez dute baztertzen gerora orkestra osoarekin grabatzeko aukera.



Zertarako erabil daiteke doinutegia?

Batez ere bertsolariei begira eginda dagoela dio Dorronsorok, baina ikastetxeetan ere erabil daitekeela uste du. "Eskura dauden doinuak zein diren ikusteko aukera ematen du eta doinu bakoitzari buruzko informazio zabala eskaintzen du." Hortik aurrera irakasle bakoitzak ikusiko du zein erabilera eman informazio horri guztiari."Ni Musikako irakaslea nintzen eta adibidez, lehendabizi Pello Joxepe kantatzen genuen, eta gero doinu horren notak ikasten genituen. Orduan, bi gauza egiten nituen: batetik, Euskal Herriko doinu herrikoiak irakatsi, eta bestetik, musika landu". Era berean, irakasle programa urteko garaietara egokitzen zuela dio Dorronsorok: "Gabonak zirenean Gabonetako kantak, Xalbadorren heriotzaren urteurrenean haren bertsoak, inauterietan garai horretako doinuak, bertsolari bati omenaldiren bat egiten bazitzaion haren bertsoak...". Urtean zehar dauden motibazioez baliaturik, horiei egokitutako bertsoak eta doinuak lantzeko aukera dago, eta lan horretan oso lagungarri izan liteke Interneten topa daitekeen doinutegia. •