Kronika

2003-05-01
 
 
1967-68 urte bitartean EAEko ikastoletan irakasle lanetan aritutakoen artean 1,8 milioi euro banatuko dituztela jakitera eraman du Eusko Jaurlaritzak.
Irakasle horietako batek, Kontxita Beitiak, aipatu du ez dela bide erraza izan hori lortzearena. Orain dela 10 urte hasi omen
zen beste andereño batzuekin batera eskakizun lanetan, eta erantzunak luze jo du.
Diru laguntza hori urte horietan lanean aritu zirela egiaztatzen dutenen artean banatuko da bi zatitan. Hezkuntza Sailak oraindik berririk eman ez badu ere, irakasle askoren deiak jasotzea espero da, 100dik gora, hain zuzen ere. Izan ere, 1965-66 ikasturtetik aurrera ikastolak asko ugaritu ziren eta hazkunde honekin batera irakasle lanetan aritutakoak ere ugari izan ziren. Ordaina merezia izango dute bai hainbeste lan egin ondoren, nahiz eta 40 urtez itxaron behar izan duten eta pazientzia handiko ibilbidea egin behar izan duten horretarako.


Euskal eskola nazionalaren eguna Azpeitian
Martxoaren 30ean, igandea, Euskal Eskola Nazionalaren II. eguna ospatu zen giro ezin hobean eta ezohikoan, nolabait esateko, Egunkariaren itxierarekiko desadostasuna hasiera-hasieratik garbi aldarrikatu baitzen.
Antolatzaileek hezkuntza sistema nazional propioaren eraikuntzarako ikastolek duten garrantzia eta ikastetxe horien herri izaera azpimarratu zituzten. "Kontuan hartu gaur egun Euskal Herrian ez dagoela lurralde guztia hartzen duen administrazio propiorik".
Ikastolako gurasoen paper aktiboa aipatu gabe ez zen geratu, eta gertutasun horrekin loturik, eguna baino lehen ere antolatu ziren zenbait ekitaldi: martxoaren 20an Nafarroaren historiari buruzko hitzaldia egin zen eta Pantxoa eta Peioren kontzertuak Izarraitz frontoira gerturatutakoen barrenak goxatu zituen.
Festari dagokionez, herriko plazan hainbat ikastetxetako ordezkariei harrera egin zitzaien: Hazparne, Tutera, Altsasu, La Puebla de Labarka , Leioa eta Urola bailarako ikastetxeetakoei, hain zuzen ere.
Ondoren, ezohiko protagonista Egunkariaren erasoaren salaketa izan zen. Elias Mendinueta Ikasberri Ikastolako kide eta festaren antolatzaileak zionez, "egun berezia dugu hau, euskarak eta Euskal Herriak eraso larriak jaso berri dituelako , eta festa honetan behar luketen batzuk espetxeratuak daudelako... Ikasberri Ikastola, Egunkariaren filosofiarekin bat dator ".
Haurren parte-hartzea, berriz, plazarainoko danborradarekin etorri zen, bakoitzak txapelean itsasteko bana zuelarik eta zuzendariek egunkari banarekin gidatzen zituztelarik haien erritmoak. Ekitaldi berezia Xabier Oleagaren alaba Iratik eginiko hitzaldia izan zen, jasotako elkartasunarengatik eskerrak eman zituelarik.
Horrela, atxilotuen familiakoei eta Azpeitiko Egunkariako langileei ere omenaldia egin zieten. Xabier Alegria, Inma Gomila, Joseba Jaka eta Xabier Oleagarentzat txalo zaparrada ozena entzun ahal izan zen. Oro har, egun osoa helburu nagusi batekin ospatu zen, Mirari Bereziartua Ikasberriko lehendakariak azpimarratu zuenez: "etorkizuna euskaraz bizi nahi dugu".



Euskal Herriko Historiatik Nafarroa bereiztea eskatu du UPNk
Euskal Herriko Historiari buruz hitz egiten duten liburu eta webguneetatik Nafarroaren erreferentzia guztiak kentzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak. EAEko historia eta Nafarroaren iragana ezberdinak direla eta "aberrazio historiko" baten aurrean gaudela salatu du. Euskal abertzaletasunari Nafarroaren gainetik eta honen interes eta historiaren aurka joatea leporatu dio.
Jose Antonio Urbiola, Nafarroako EAJko lehendakariak ez du itxaron salaketari erantzuna emateko: "gehiago irakurri eta gutxiago manipulatzeko" eskatu die esaten ari dinerak zentzurik ez duela azpimarratuz. Nafarroaren errealitate historikoa euskalduna izan dela beti azaldu du, eta beste probintziekin izan dituen berezitasunak ondo argituak agertzen direla Euskal Herriko Historiako testu liburuetan.
Hori gutxi ez balitz, jakina da I eta J hizkuntza eredu berriak iragarri dituztela datorren ikasturterako. Iragarpen horren aurrean, hainbat erreakzio entzun dira zenbait erakundetatik eredu berri horiek beraientzat zer suposatuko luketen adieraziz.
Besteak beste, Nafarroako Ikastolen Elkarteko idazkari nagusi Pello Mariñelarenaren aburuz, hiru helburu lortu nahi dituzte eredu berri horien ezarpenarekin. Batetik, D ereduaren zabalkuntza galaraztea, horren funtzionamenduaren arrakasta jakina baita aniztasunaren trataeraren aldetik. Gainera, administrazioak dekretua toki estrategikoetan jarriko omen du, euskarari matrikula kentzeko aukera emango dienetan, hain zuzen ere. Bigarrenik, A eta B ereduen porrota ezkutatzea eta B ereduaren definitze zehatzagoa ematea. Eta azkenik, herritarren artean nahasmena sortzea, hainbeste eredu edukita, matrikulatzeko garaian gurasoen artean duda gehiago sortzea izango baita normalena.
Sortzen-Ikasbatuazeko Rikardo Ederrak aipatzen duenez, hauteskundeak gertu egoteak izan du aldaketa hauetan eragina, eta Euskararen Legea aldatzeko saiakerarekin ere lotzen du dekretuaren izaera hau.
Orain, Eskola Kontseiluaren oniritziaren zain dago gobernua dekretua aurrera eraman ahal izateko. Apirila bukaerarako edo maiatzaren hasierarako argituko omen dute .


Apirila mobilizazio ugariz jantziriko hilabetea izan dugu. Ikasle Abertzaleak erakundeak deituta "borroka astea" antolatu zen apirilaren 8tik 10era. Asteko egun bakoitzari izaera propioa eman nahi izan zioten: lehen egunean "lege arrotzei intsumisioa", bigarren egunean "hizkuntza eta kultura eskubideeen aldeko jardunaldia" (euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldarrikapena) eta azkenekoan, berriz, mobilizazio eguna. Lanuzteak eta manifestazioak egin ziren azken egunean, eskubideak urratzen dituzten hainbat elkarteren aurretik pasaz.
Mobilizazio hauekin bat, apirilaren 7an EHUko Leioako campusean LOUren aurkako eta NUPeko euskararen aurkako lege arrotzen kontrako "itxialdi nazionala" egin zuten, "geure eskubideak ez daude salgai" lelopean. Gauean Ertzaintzaren bisita izan zuten parte hartu zuten 105 lagunek eta zenbait atxilotu izan ziren. Monteroren erantzuna, nahiz eta klaustroko prozedura atzeratu den, uda baino lehen EHUko barne araudia onartuko dela izan da.
Apirilaren 8an, aldi berean, 0-3 etapako eskola publikoen eta hezitzaileen aldeko manifestaldia izan zen Hezkuntza Lurralde Delegaritzen aurrean etapa horren garrantzi hezitzailea azpimarratuz. 157 atxikimendu jaso zituzten ekimenaren bultzatzaileek eta besteak beste, han izan ziren ikastetxe guztietako ordezkariak, EHIGE, CCOO, ELA, LAB, EILAS, UGT, Haur Eskolen Koordinakundea, Sarean, BIHE eta Sortzen-Ikasbatuaz. Gaiari loturik, aipatzekoa da Gasteizko Gobernuak 3,7 milioiko laguntza eskaini diela EAEko udalei etapa hori eskaini ahal izateko.