Luberri, Euskal Herriko lehen geologiako<br />interpretazio zentroa

2003-05-01
 
 
Luberri Euskal Herriko lehen geologiako interpretazio zentroa inauguratu zen Oiartzunen apirilaren 4an. Ikasgune geologiko landua eta aberatsa dugu hauxe eta ikerketaz gain, helburu didaktikoa du, batez ere.


Aiako harrien magalean kokaturiko zentro honen sortzaileak Aranzadiko kide Klara Gutierrez eta Jose Angel Torres izan dira, eta urteetan jasotako bilduma geologikoa publikoari eskaintzeko modua moldatu dute.


Oiartzungo Ergoien auzoko Pagoaldea industrialdean dago kokatua, 200m2 dituen eraikinean, eta hainbat aretotan banaturik dago. Kokalekuari dagokionez, Klarak dio, "ez da kasualitatea zentroa Oiartzunen kokatuta egotea, oso leku egokia baita. Geologiaren ikuspegitik Oiartzungo haranak berebiziko garrantzia du, lau garai geologikoak azaltzen baitira, eta hori ez da oso ohikoa".


Gerora ekimen gehiago sartu eta moldatzeko asmoa dutela adierazi badute ere, aretoak ekimen mota eta gai ezberdinen arabera antolatuak daude, ibilbide jakin baten barruan.


Sarreran, ibilbidean sartu aurretik, geologiari eta paleontologiari buruzko argibide batzuk ematen dituzte. Mapa geologikoak interpretatzen eta harrokak bereizten irakasten dute giroan sartzen joateko.


Hurrengo aretoan Euskal Herriko geologiaren historia agertzen da paleozoikotik kuaternariora arte. Ondoren, Oiartzungo geologiari buruzko xehetasunak ezagut daitezke, Aiako Harrietatik Oiartzun ibaia itsasoratu arte, lurralde honek bizitutako etapa geologiko guztiak adieraziz.


Aurrera jarraituta, laborategia eta tailer gunera iritsiko gara, eta urruti gabe, ordenagailu gela eta bideo proiekzio gela aurkitu daitezke. Ikerketarako lekua, liburutegia eta material geologikoa jasotzeko biltegia ere atondu dituzte.


Biltegiko materialarekin lana egiteko eta datu-base bat osatzeko asmoa dute, baina helburu nagusia didaktikoa da, eta neurri handi batean, ikastetxeei zuzendua. Astean zehar ikastetxeetako bisitei irekia dago eta asteburuetan, berriz, interesa duen guztiarentzat ikusgai egongo da. Bisitarientzat azalpenak hiru hizkuntzatan emango dira: gehienbat euskaraz, baina gaztelaniaz eta frantsesez ere bai, hala eskatzen dutenentzat.


Zentroa apirilaren 4an ireki zuten eta garbi utzi dute hemendik aurrera izaera dinamiko eta aberasgarria eman nahi diotela, jendearen parte-hartzeari garrantzi handia emanez. Ikasteko modurik onena esperientzia denez, ekarpenetarako eta proposamenetarako ere ateak irekiak dituzte.


Aurrera begira, eta malgutasun ildo horri jarraituz, bestelako ekintzak aurrera emateko asmoa agertu dute: zentroko bertako zerbitzuez gain, irteera didaktikoak, erakusketa osagarriak, aldizkako ikastaroak eta zikloko mintegiak egingo dituzte, besteak beste.


Hori bai, bisitan ikastetxetik joan nahi izanez gero, aldez aurretik deitzea garrantzitsua litzake, erreserba egin ahal izateko. Telefonoa honakoa duzue: 943260593


Klara Gutierrezek dioen bezala, "proiektuan parte har daiteke zer edo zer aurkituz gero zentrora ekarriz. Agian norbaitek garrantzi handirik ematen ez dion zerbait edukiko du, eta guretzat baliagarria izan liteke zerbait azaltzeko. Nik, hemendik, jendea horretara animatu nahi nuke ".