MURILLO, Javier:

2003-05-01
Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasle hau ikerketa munduan eskarmentua duena da. Eskola aldaketaren eta eraginkortasunaren Ikerkuntza Sare Iberoamerikarreko (RINACE) koordinatzailea eta International Congress on School Effectiveness and Improvement erakundeko zuzendaritza batzordeko kidea da. Liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu hezkuntzako kalitatea, ekitatea, eraginkortasuna eta aldaketaren inguruan, interes gehien pizten dion gaia izanik.

Madrilgo Hezkuntza eta Kultura Ministeritzako Hezkuntzako Ikerketa eta Dokumentazio Zentroan (CIDE) 12 urtez aritu da lanean, azken 6 urtetan ikasketen zuzendari moduan. 2002ko uztailean publikoki adierazi zuen EAEko hezkuntza sistemak ondo funtzionatzen zuela, eta adierazpen horien ondoren, bere kargutik kendua izan zen.

Hezkuntzaren ikerketan egin dituen lanak egin ondoren eta pilatu duen esperientzia bizkarrean duelarik, zeresan ugari du. Kalitate Legea hizpide harturik, kalitate kontzeptuaren azpian egon litekeenaz aritu gara berarekin.
 
 
Zer da kalitatea hezkuntzan?

Irudika dezagun objektu material bat: galtza batzuk, adibidez. Horien kalitatea zehaztea gauza erraza dela dirudi, baina agian ez da hain erraza. Adibidez, kriterio bezala bezeroen asetze maila erabil dezakegu, eta orduan, bezeroak galtzekin gustura baldin badaude eta erosten baldin badituzte, kalitatezkoak izango dira. Edo kriterio bezala gutxieneko batzuk betetzea jar dezakegu, esate baterako, zenbat garbitualdi jasaten dituen kolorea galdu gabe edo puskatu gabe... Bestalde, galtza horiek egiteko gaizki ordaindutako eskulana erabili baldin bada, kalitatezkoak izango al dira? Edo ingurumena kaltetzen baldin badute, kalitatezkoak izango al dira? Murrizketa horiekin zailagoa suertatzen zaigu baieztapen kategoriko bat egitea.

Beraz, galtza batzuk onak diren edo ez ikustea hain zaila baldin bada, pentsa zein zaila izango den hezkuntzaren kasuan, eskola baten kasuan edo gela baten kasuan.

Kalitatea kontzeptu soziala eta historikoki itxuratutakoa da; hau da, esaten duen kolektiboari eta egiten den memento historikoari lotuta dago. Esate baterako, gurasoentzat kalitatezko ikastetxea ezaugarri batzuk dituena izango da, Eusko Jaurlaritzarentzat beste ezaugarri batzuk dituena, UNESCOrentzat beste batzuk, Koreako Hezkuntza Ministerioarentzat beste batzuk... Bakoitzak bere irudia du kalitatezko hezkuntza sistemaz, ikastetxeaz edo gelaz. Eta noski, guk memento honetan kalitatezko eskolatzat hartzen dugunak ez du zerikusirik gu txikiak gineneko eskolarekin. Irizpideak guztiz ezberdinak dira.



Zein irizpide erabiliko zenituzke zuk kalitatea definitzeko?

Nik uste dut kalitatearen kontzeptuak bi ikuspegi dituela, txanpon baten bi aldeak bezala. Alde batetik helburuen eta balioen ikuspegia dago, eta beste aldetik prozesuen eta bitartekoen ikuspegia.

Lehenengo ikuspegitik zer-nolako eskola nahi dugun galdetu behar dugu, eta galdera hori, nahi dugu gizartearen kontzeptuarekin eta gizakiaz dugun kontzeptuarekin lotuta dago. Eskolako balioak gizarteko balioekin erlazionatuta daude.

Balizko egoerak aztertzeko Henry Levinen eskema baliagarria izan dakiguke, zeinak lau erpinetaz hitz egiten duen. Erpin bat askatasuna lehenesten duen legea da: askatasun pertsonala, gurasoen aukera askatasuna, katedra askatasuna, ikaslearen askatasuna... Erpin honetan balio gorena askatasuna da.

Bigarren erpina kohesio soziala da, eta hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiek esperientzia eta jakintza berdinak edukitzeko aukera ematen duen hezkuntza sistema bilatzen du honek. Bere helburua da sozializazio kontzeptua eta komunitateko kide sentimendua indartzea.

Hirugarrena eraginkortasuna da. Kasu honetan helburuak ahal den bitarteko gutxienekin lortuko dituen hezkuntza sistema bilatzen da. Beste modu batera esanda, dagoen diruari ahalik

eta errendimendurik onena ateratzea.

Laugarrena ekitatea da, hots, aukera berdinak izateaz gain, prozesuetan, emaitzetan eta abar ere ekitatea erabiltzea. Alegia, emaitza berdinak eta maila akademiko berdinak dituzten ikasleek sarrera berdinak izatea gizartean.

Lau erpin hauek aurrez aurre daude binaka: alde batetik eraginkortasuna eta ekitatea daude, eta bestetik askatasuna eta kohesio soziala. Politika neoliberaletan askatasun pertsonala eta eraginkortasuna nagusitzen dira, eta izaera sozialagoa duten politiketan, berriz, ekitatea eta kohesio soziala.



Kalitate Legea zein erpinetan oinarritzen dela uste duzu?

Kalitate Legeak kalitate eredu bat hautatzen du eta bere puntu garrantzitsuenak ahaleginaren pedagogia, lehiakortasuna, diskriminazioa eta zentroetako parte-hartzearen eta demokraziaren murrizketa dira.

Ahaleginaren pedagogiari dagokionez, badirudi hori dela Aznarri gustatzen zaion elementua, eta nik, ikertzaile naizen aldetik, eskerrak ematen dizkiot hamarkada askotan dilema izan den galderari erantzun diolako. Orain arte ez genekien eskola porrotaren

errua nork zuen, hots, gizarteak, familiak, hezkuntza sistemak, eskolak, irakasleek, ikasleek... Eta orain argitu dute: errua ikasleek dute, ez direlako behar adina saiatzen. Hor dago gakoa. Ideia horretan oinarrituta, ahaleginaren pedagogia diskriminazio egoera legitimatzen ari da; hau da, ikaslea saiatzen ez bada, kanpora daiteke. Legeak ezartzen dituen ibilbideen helburua da eliteak goiz bereiztea ahalegin ezaren aitzakiaz baliatuta.

Bigarren ezaugarria lehiakortasuna dela esan dut. Legeak konpetentzia basatia bultzatzen du; ikasleen artean ibilbideen bitartez; irakasleen artean hierarkiak bultzatuz eta hoberenak "sarituz"; zentroen artean "lehen mailakoak" eta "bigarren mailakoak" izendatuz... Eskola gizarteko konpetentzia krudeletik at zegoela uste genuenok oker geunden...

Era berean, partaidetzaren printzipioa deuseztatu egin da, eta hori oso larria iruditzen zait. Partaidetza printzipioaren arabera, ikastetxeko Gobernu Organo Gorena komunitateak osatzen du; familiek, irakasleek eta

ikasleek. Kalitate Legearekin, ordea, jada ez da horrela. Eskola Kontseilua ez da jada Gobernu Organo Gorena, kontrol eta kudeaketa organo bat baizik. Eskola Kontseiluak zeukan funtzio esanguratsuenetako bat zuzendaritzaren hautaketa zen, eta orain ez dakigu zein batzorderen eskuetara pasa den zeregin hori, eta ez dakigu zein irizpideren arabera. Azken finean, gure hezkuntza sisteman hasieratik zegoen partaidetzaren printzipioa ezabatu egiten da lege honekin.



Ebaluazioa ere asko aipatzen da legean: Lehen Hezkuntzaren amaieran ebaluazio bat egingo zaie ikasle guztiei, DBHren amaieran ere bai, Batxilergoaren amaieran errebalida... Zer iritzi duzu horren gainean?

Legeak ebaluatzeko neurrigabeko obsesio bat daukala uste dut. Denok dakigu ebaluazioa positiboa dela ikasleen, irakasleen, zuzendarien, ikastetxeen eta hezkuntza sistema osoaren jarduera optimizatzeko, zuzenean inplikatutakoei informazioa ematen baitie beraien lana hobetzeko. Uste dut legeak neurria gainditu duela ebaluatzeko obsesio horretan.

Arazoa ebaluazioaren eragin gaiztoetan dago. Gaurkoz ikasgai gutxi batzuetako ezagutzak ebaluatzeko soilik dauzkagu kalitatezko erremintak, ez elkartasuna, herrien arteko ulermena, tolerantzia, sormena, espiritu kritikoa..., memento honetan hainbeste behar ditugun balioak ebaluatzeko. Gero, arrazoi teknikoengatik, proba horiek testen bitartez ikasleek hizkuntzetan, matematikan, natur zientzietan eta gizarte zientzietan dituzten ezagutzak ebaluatuko dituzte. Kontuan hartzen baldin badugu ebaluazio horien emaitzak komunitateko hainbat kideri informatzeko erabiliko direla, baliteke ikastetxearen biziraupenerako ezinbesteko faktore bihurtzea. Modu horretan, Lehen Hezkuntzako eta DBHko irakasleak, Batxilergokoek selektibitatearekin egiten duten bezalaxe, beraien ikasleen puntuazio altua ateratzeaz soilik kezkatuko dira. Baina hiritarrak heztea matematikako probetan puntuazio onak ateratzen dituzten subjektuak heztea baino askoz gehiago da; askoz gehiago eta konplexuagoa.



Ezer positiborik ikusten al diozu Kalitate Legeari?

Gauza gutxi. Adibidez, eskola komunitatea esnatzeko eta ikastetxe askotan berriro Hezkuntzaz, letra larriz, hitz egiten hasteko balio izan duela pentsatzen dut. Demokraziaren lehen urteetan Berrikuntza Pedagogikoko Mugimendua maila gorenera iritsi zen eta biltzarrek milaka pertsona biltzen zituzten. Urtetik urtera mugimendua hiltzen joan da eta irakasleok lo hartu dugu. Badirudi lege honek lortu duela irakasleak esnatzea, erreakzionatzea eta hezkuntzaz hitz egiten hastea. Horrela, datorkigun zerbaiten aurka borrokatzeko kohesio bat sortu da. Nik uste du hori oso garrantzitsua dela; eskola komunitatea esnatzen ari da, eta hori oso esanguratsua iruditzen zait.



Zuk nolako kalitatea planteatuko zenuke?

Niretzat kalitatezko eskola ikasle guztien eta bakoitzaren garapen integrala bilatzen duena da, denona eta denontzat den eskola. Alde batetik ikaslearen garapen integrala. Ez ditugu matematika eta hizkuntzak irakasten dituzten eskolak soilik behar, baizik eta herritar ez sexistak, ez biolentoak eta solidarioak prestatuko dituzten eskolak. Eta bestetik, ekitatea, utziezina den balio gorena eta kalitatetik bereiztu ezin dena bezala. Eta horretarako, klima edo giro positiboa egotea bitartekoa eta helburua da.

Zoriontasuna eskolaren helburu bat bezala ikusten dut. Zoriontasuna da eskolaren helburuetako bat. Eskola bat ona den edo ez ikusteko aldagairik onena zoriontasuna da. Ikasleak pozik joaten al dira eskolara? Zoriontsuak al dira eskolan? Irakasleak zoriontsuak al dira beraien lanean? Hala bada, eskola ona izango da.



Zoriontasun hori Haur eta Lehen Hezkuntza lortzea errazagoa dirudi. Nola lortu Bigarren Hezkuntzako gazteekin?

Zoriontsua izateak ez du esan nahi egun osoan jolasean eta hedonismoaren kutxan sartuta eduki behar direnik. Bai Lehen Hezkuntzan eta bai Bigarren Hezkuntzan giro ona lortzen badugu, ikasiko dute. Ikaslea Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan edo Lanbide Heziketan pozik, gustura eta lagunduta sentitzen baldin bada, gustura joango da. Hala ez bada, ez da ahaleginduko eta sistematik at geldituko da. Horregatik, behar duten laguntza eman behar zaie eta horretan asmatu egin behar dugu.

Baina hezkuntzaren kontraesan bat lanen zailtasunarena da. Beste edozein lanbidetan lanik zailenak eta konplexuenak profesional onenek egiten dituzte: zubirik konplexuena arkitektorik onenak, ebakuntzarik konplexuena kirurgialaririk onenak... Eta hezkuntzan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da: talderik errazena eta lasaiena

irakasle onenak hartzen du, eta zailena, gatazkatsuena eta laguntza gehien behar duena irakasle berriarentzat uzten da. Eta ez luke hala izan behar. Katedratikoaren zeregina ez dadila izan departamentu bat zuzentzea eta eskola gutxiago ematea, baizik eta ikasle zailenekin jardutea. Horregatik da katedratikoa eta horregatik ordaintzen zaio gehiago. Irakasle onenak gelatik irteten dira: zuzendaritzara, administraziora... Bere lana uzten duena al da irakasle onena? Mentalitate horrekin zaila izango dugu arazoak konpontzea.



Zein faktore behar dira eskolak kalitatea lortzeko?

Ikerketa guztien arabera, faktore garrantzitsuena eskolako klima edo giroa da: ikasleen arteko harremana, ikasleen eta irakasleen artekoa, irakasleen eta familiaren arteako...

Bigarren faktorea eskola komunitateko partaideen espektatibak dira. Bai irakasleen espektatibak, bai zuzendaritzak irakasleekiko dituen espektatibak, bai gurasoek eskolarekiko dituztenak, bai administrazioak zentroarekiko dituenak ... Izan ere, ikasleak guk espero duguna izango dira. Hau da, irakasleak

uste badu ikasleak porrot egingo duela, egin egingo du; gurasoek eskola txarra dela uste badute, hala izatea lortuko dute. Beraz, garrantzitsuena konfiantza, espektatiba altua eta fedea izatea da.

Hirugarren faktorea kultura da. Eskola komunitate osoak bere eskola

onena dela pentsatzea garrantzitsua da, hots, ikuspegi berdina edukitzea.

Eskola kultura hori edukitzeko beharrezkoa da gurasoen partaidetza, eta hori da laugarren faktorea. Gurasoek parte hartzen duten eskolak dira onenak. Eta parte hartzea ez da eskola kontseiluan egotea, baizik eta inplikazioa, ikasleak egunero egiten duen lanarekiko konpromisoa, eskolaz kanpoko lanen jarraipena, eskolako erabakietan inplikatzea...

Bosgarren faktorea zuzendaritza da. Ez dago eskola onik zuzendaritzaa onik gabe. Zuzendari ona izan arren, eskola txarra izan liteke, baina eskola on guztietan zuzendaritza talde ona

egongo da.

Seigarren faktorea dirua edo bitartekoak dira. Eraikin ona izateak ez dakar eskola ona izatea, ez da funtsezko aldagaia, baina garapen bidean dauden herrialdeetan diruak garrantzia du.

Zazpigarren faktorea irakasleen talde lana da, eta hori eskola kulturarekin

oso lotuta dago.

Eta azkenik, ikasketaren antolaketa dago. Aldaketa prozesuak martxan dituzten eskolak onak dira.