Korrika bi urtetik behin datorkigu,<br />Oteitza, berriz, betirako joan al zaigu?

2003-05-01
Estetikaren heziketak garrantzia hartzen badu, Oteitza erreferente garrantzitsua izango da, seguraski.
 
 
Euskararen lekukoak Euskal Herria zeharkatu du. Lekukoa eskutik eskura pasatzen joan da elkartasunaren berotasuna eta euskarak sortzen dituen hainbat ilusio, amets eta proiektu transmitituz.

Inoiz baino jende gehiagok hartu du parte. Une hunkigarri ugari bizi izan da. Eta gogoan izan ditu euskararen alde lanean aritzeagatik guregandik urrun dauden guztiak.

Izan ere, Egunkariako auziarekin zerikusia duten hiru kidek atxilotuta jarraitzen dute. Hirurak Euskal Herriko egituraketan zutabe diren hiru erakundetako ordezkariak dira: Egunkariako Iñaki Uria, Udalbiltzako Xabier Alegria eta Ikastolen Elkarteko Xabier Oleaga.

Egunkaria indarkeriarekin lotu nahi izan dutenek gerra basatia bultzatu dute Iraken. Horrela izanik, nork uste du indarkeria beraientzat arazoa denik? Nork uste du indarkeriak kezka etikoa sortzen dienik ?

Hezkuntzan gabiltzanok garrantzia ematen diogu koherentziari, esaten denaren eta egiten denaren arteko koherentziari. Eta askotan, koherentzia horren faltan aurkitzen gara.

Gure ikasgeletan, guztiok errespetatuak izateko eskubidea dugula lantzen dugu. Iritzi guztiak baliagarriak eta errespetagarriak direla esaten dugu. Ikasgeletatik at, aldiz, komunikabideak ixten dira: Egin egunkaria, Egin irratia, Ardi Beltza, Egunkaria...

Gure gizartean inor ez dagoela soberan lantzen dugu. Integrazioa garrantzitsua dela diogu. Eta botereak hainbat alderdi politiko eta erakunde legez kanpo uzten ditu.

Elkartasuna, aniztasuna eta giza eskubideen errespetua bezalako balioak lantzen ditugu gure ikastetxeetan; elkarrizketa eta adostasuna gatazkak konpontzeko egokiak direla lantzen den bitartean, botereak, bakearen izenean gerra prestatzen du.

Korrikak Iruñera jende ugari inguratuko zuela eta, Alde Zaharrera sartzea debekatu nahi izan zuen alkateak. Jende kopurua bada arazoa, "San Ferminak" debekatu beharko lituzke, ezta?

Eskola barrukoaren eta kanpokoaren arteko kontraesanak ikusirik, hezitzaileon lanak ez duela ezertarako balio pentsa genezake. Eraikitzen joateko, ez al da ona ikasleek dauden kontraesanak ezagutzea, eztabaidatzea eta euren ondorioak ateratzea?

Oteitzak ere, kontraesanak izan zituen bere ingurukoekin , eta batez ere, boterekoekin. Dena den, une bakoitzean pentsatzen zuena agertzen jakin izan zuen.

Oteitza joan da bere obra guri utziz. Eta bere obraren atalik garrantzitsuena, seguraski, bere pentsamendua izan da.

Urteak joan ahala, baliteke estetikak garrantzia hartzea heziketan. Eta orduan, Oteitzaren pentsamentua klabe izatea. Hala bedi!