Kronika

2004-05-01
 
 
Maiatzaren hasierarekin batera ospatu du Ikas-Bik aurtengo bere jaialdia eta ikasturte bukaera bitartean beste hainbat festa ere izango dira.
Euskal Eskola Nazionalaren III. Eguna ere ospatu berria da Azpeitian. Giro onean pasatako egunak hausnarketarako ere balio nahi izan zuen. Izan ere, helburuetako bat ikastolen sarearen barnean gogoeta bultzatzea da, nazio kontzientzia suspertzeko eta barneko indar bilketa egiteko. Beste xede bat ikastola Euskal Herriaren eskola nazionala dela aldarrikatzea da.
Aurtengo egunaren berezitasuna Nabarraldeko historialarien omenaldiak hartu du. Historialari horiek egiten duten lan isila omendu nahi izan dute antolatzaileek, euren esanetan "historia estrategikoa baita, hizkuntzarekin batera, herri identitatea sortzeko". Hala, 23 historialari omendu dituzte, horietatik 15 hilda daudenak.
Era berean, hezkuntza sistemak herrigintzan duen garrantziaz jabeturik, bultzatzaileek euskal hezkuntzaren sare propioa eraikitzeko lanean jarraitu beharra aldarrikatu dute.

Kalitate Legea indargabetu egingo du PSOEk
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente berria Kalitate Legearen aurka agertu da hasieratik, eta ekainean Legea garatzeko dekretuak indargabetuko dituela adierazi du. Horrekin, PPk hezkuntza erreformatzeko aurreikusitako epeak eten egingo lirateke eta 2004-2005 ikasturtean ez da indarrean jarriko. Bitartean, PSOEk uda pasa ondoren lege proiektu berria aurkeztu beharko luke parlamentuan, eta 2005-2006 ikasturterako aplikatuko litzateke.
Trantsizio garai honetan Euskal Herrian Kalitate Legearen ezarpena eteteko aldarrikapenak entzun dira. Irakaskuntza publikoko mahaiak (hor daude EHIGE, Sortzen-Ikasbatuaz, Haur Eskolen Koordinakundea, BIHE, Sarean, CCOO, EILAS, ELA, LAB eta UGT) bertan behera uzteko eskatu du, harik eta hezkuntza eragile guztien, autonomia erkidegoen eta administrazio berriaren artean hitzarmena lortzen duten arte. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zera eskatu diote: berehala eten ditzala proposatuta dauden aldaketa guztiak; luzapena eman dezala LOCEtik eratorri eta abian diren dekretu guztietarako eta informazio zehatza eman diezaiela ikastetxeei; hezkuntza eragile guztiak bilduko dituen batzorde bat era dezala; eta hitzarmenean oinarritutako erabakiak har ditzala.
Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak adierazi du ados dauden Legearen zenbait ataletan (besteak beste, ingelesaren ezarpen goiztiarra eta 0-6 etapa) EAEko hezkuntza sistema legearen aurretik doala eta horretan jarraituko duela, betiere Europa ardatzat harturik. Ados ez dauden atalei dagokienez, ez dituztela ezarriko aipatu du.
Nafarroako Hezkuntza kontseilari Luis Campoyk, aldiz, LOCE aplikatutako dutela adierazi du, PSOEk egin ditzakeen aldaketak etorri bitartean.
Kataluniako eta Kanariar Irletako gobernuek Kalitate Legea ez dutela ezarriko esan dute. Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kanariar Irlak, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Euskadi eta Extremadurako Eskola Kontseiluek adierazpen bat sinatu dute gobernuari LOCEren ezarpenaren egutegia gelditzeko eskatuz.

Nafarroan oposizioen sistema aldatzeko epaitegietara jo dute sindikatuek
EILAS, ELA eta LAB sindikatuek helegitea aurkeztu dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departementuak Bigarren Hezkuntzarako egindako oposizio deialdiaren aurka. Eta Behatokia, Oinarriak plataforma, Kontseilua eta Euskal Kultur Elkargoaren babesa jaso dute.
Sindikatuen hitzetan, oposizioen deialdia "legez kontrakoa da hizkuntza eskubideak urratzen dituelako". Horrez gain, "berdintasun eta gaitasun oinarrien aurkakoa" ere badela diote. Badute arrazoi bat hori esateko: Nafarroako Gobernuak hezkuntza espezialitateak (Matematika, Plastika, Zientziak eta gainerakoak) hizkuntzaren arabera banatzen dituela; hau da, euskarazkoak alde batetik eta gaztelaniazkoak bestetik. Horrela, hizkuntza bakoitzarentzat epaimahai bat eta zerrenda bat jartzen du, eta azterketak ere egun berean dira. Gauzak horrela, pertsona batek ezin du bietara aurkeztu, aukeratu egin behar du azterketa gaztelaniaz edo euskaraz egin.
Sindikatuek ez dute oposizioa bertan behera utzi nahi; eskatzen dutena da lehiaketa egiteko sistema aldatzea, "oraingoa legearen kontrakoa delako".
Aurretik ere behin eta berriz eskatu diote Nafarroako Gobernuari sistema aldatzeko, baina erantzuna beti ezezkoa izan da. Horregatik erabaki dute helegitea ezartzea, bai sindikatuek eta baita hainbat norbanakok ere.
EAEn ere sindikatuek badute eskaerarik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren negoziatzeko borondaterik eza salatu dute prentsa ohar baten bidez. CCOO, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek alde egin zuten bilera batetik, bileran ez zelako aurreikusitakoa aztertu. DBHko ebaluazioa eta promozioa, Batxilergoko antolaketa eta zuzendarien izendapena aztertzekoak ziren bilera hartan, baina ez zen halakorik egin, sindikatuez gain beste eragile batzuk ere agertu zirelako bilerara. Sindikatuek eztabaidarako egutegi bat prestatzeko eskatu diote, datorren ikasturterako neurriak eta erabakiak har daitezen.

ISO eta EFQM ziurtagiriak bezala , Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Kalitate Kudeaketarako Sistema jarri zuen martxan iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 24 ikastetxetan eta 18 Berritzeguneetan. Aurrera begira, eskola gehiagotan zabalduko da. Hezkuntzaren berezitasunera egokitutako kalitate ziurtagiria lortzeko programa da, hobekuntzak administrazio arloan, arlo pedagogikoan eta akademikoan erdiesteko. Sarean egiten da lan eta horrek elkarren berri izateko aukera ematen du. Era berean, talde lana ere bultzatzen du. Bi urteko proiektu pilotuaren ondoren, ikuskatzaileek ikasturte honen amaieran erabakiko dute zentro horiei ziurtagiria eman edo ez.
Ziurtagiria jasotzen dutenek, hiru urteko beste proiektu batean sartzeko aukera izanen dute: ikastetxeen autonomia garatzekoa, hain zuzen ere. Ildo horretan, gaur egun erabakiak Lakuan hartzen dira, eta horietako batzuk ikastetxeen eskuetan utzi nahi dira. Horrela, arlo pedagogikoa, ekonomikoa eta pertsonala kudeatzeko aukerak handitu egingo dira. Lehenengoari dagokionez, oinarrizko curriculuma errespetatuz, ikastetxeen esku geldituko da proiektuen antolaketa. Arlo pertsonalaren kasuan, epe motzeko ordezkapenetarako lan poltsak zentroek kudeatu ahal izango dituzte. Eta arlo ekonomikoan malgutasun gehiago izango dute obra txikiak egiteko eta zentroko gastu kopuru bat egiteko.