PELLO ERROTA ikastetxea, Asteasu: Bazen behin... gure aitona-amonen kontu aberatsak

2004-05-01
www.bazenbehin.net web orrian topa daitezkeen ipuinetako batzuk dira horiek. Baina gehiago ere irakur daitezke. Ikaztegieta, Legorreta, Asteasu, Irun eta Hendaiako haurrek idatzitako ipuinak dira, eta euren aitona-amonen kontuetan inspiratu dira ipuinak asmatzeko.
 
 
"Ni Pepi naiz eta nire bizitza kontatuko dut. Ni baserri batean bizi nintzen. Han ez geneukan dutxarik, denak gela berdinetan egiten genun lo, negu hotzetan sutondoan egoten ginen. Egunero animaliak mendira eramaten genitun eta han pasatzen genun goiza. Hori bai, 4 urtetatik 8 urtetara ikastolara joaten ginen, ikastolan ez genuen euskaraz hitz egiten eta zerbait gaizki egiten genuenean jo egiten gintuzten zuzenkiarekin". (...)



"Orain duela asko, Leo udan zegoenez, bere lagun bateri deitu eta jolastera joan ziren. Baina Gameboy, telebista ikustea, bideo jokuetara jolastea, etb. ez, garai haietan ez zeudelako, orduan mendian saltoka jolasten ziren". (...)



"Bazen behin aita bat, ama bat eta bost haur. Bi bakarrik eskolara joaten ziren, beste hiruak lanera aitarekin.

Egun batean, Santanderrera abiatu ziren txalupa batekin, aitona bisitatzera. Ez ziren behartsu behartsuak. Orduan, gerrak harrapatu zituen". (...)



"Bazen behin Martina izeneko amona bat, hura nire amona zen. Zumarragan bizi zen eta 7 seme alaba bizi ziren, aitona Euxebio istripu baten ondorioz hil zen eta seme-alabek ez zuten ezagutu. Lau haize izeneko baserri batetan bizi ziren, aitona Euxebio hil zenetik baratza guztia deseinduta zegoen, orduan Martinari baratzan haziak sartzea bururatu zitzaion. Porruak, azenarioak, tomateak, letxugak... eta gauza gehiago ere. Eta horrela probetxua atera zitekeen". (...)

Ez dira hasi besterik gabe ipuinak idazten, ordea. Ez. Horretara bultzatu dituztenak irakasleak eta, bereziki, Bazen behin proiektuaren arduradun diren Rafa Buitron eta Enara Garcia izan dira. Biak Hezi-Zerb elkarteko kideak dira eta euren ardura izan da herri horietako eskoletan Bazen behin proiektua aurrera eramatea. "Bi hitzetan adierazteko, belaunaldien arteko lotura eta komunikazioa berreskuratzea da proiektuaren xedeetako bat. Eta beste bat, aurrekoen berri jakitea, pertsona izanez norbere nortasuna sendotzeko". Asmo potoloak dirudite, baina bideratzeko modu erraza, atsegina eta erakargarria aurkitu diote.



Pausoz pauso

Asteasuko, Ikaztegietako eta Legorretako herri eskoletan eta Irungo eskola batean aritu dira 11-12 urteko ikasleekin. Lehen saioan, aurkezpen lanak egin ondoren, orain dela 50-100 urteko zer gauza dakizkiten galdetzen diete ikasleei. Behin hausnarketa horrekin hasita, bigarren saioan herriko adineko pertsona bat eramaten dute bere bizipenak, herriak jasandako aldaketak, esperientziak eta abar kontatzera. Ikasleek aurretik prestatutako galderak egin ohi dizkiote eta kontu bitxi asko ezagutzeko parada izaten dute. Hurrengo urratsa euren aitona-amonari edo adineko pertsona bati elkarrizketa egitea izaten da. Horretarako, ikasle bakoitzari grabagailua eta zinta banatzen dizkiete eta astebeteko epea ematen zaie grabaketa egiteko. Horrela, hirugarren saioan elkarrizketak jasotzearekin batera, bakoitzak bizitutakoa kontatzen du: zer gauza berri jakin dituzten, zerk harritu dituen... Seme-alaba ugari izateak asko harritzen ditu haurrak gaur egun: "Nire amonak 10 haur izan zituen!", dio batek, "eta nireak 14!" gehitzen du besteak. "Udan espartinekin ibiltzen zirela kontatu zidan amonak eta arraroa egiten zait". Laugarren saioan, ipuin bat idazten dute elkarrizketatuak eta gelara etorritako adinekoak kontatutako gauzetan oinarrituta.

Material hori guztia bildu eta web orri batean jartzen dute Rafak eta Enarak, eta festa bat prestatzen dute hori guztia azaltzeko, bai ikasleentzat, eta baita elkarrizketatuentzat eta gurasoentzat ere. "Ikaztegietan, adibidez, jende asko bildu zen, eta interes handiz ikusi zuten web orrian agertzen dena. Gainera, haur bakoitzari CD bat ematen diogu, horrela etxean ere ikusteko" dio Rafak.

Web orrian, ikasle bakoitzaren eta haren elkarrizketatuaren argazkiaren azpian, elkarrizketaren transkripzioa eta ipuina irakur daitezke. Transkripzioak hitzez hitz jasotzen dira, mintzatu bezala, eta kontuak... denetik irakur daiteke, Enarak adierazten duenez. "Irunen muga zeharkatzearekin erlazionatutako kontuak ugari dira: kontrabandoa, gerratik ihes egitea... Estatu espainiarretik bizitzera etorritako etorkinak ere asko dira... Ikaztegietan, Asteasun eta Legorretan, aldiz, baserriko bizimoduari lotutako kontuak dira ohikoenak: zer lan egiten zituzten, nola joaten ziren eskolara, azokak, festak...".



Eta hala bazan...

Enara eta Rafa gustura daude lortutako emaitzarekin. "Alde batetik, web orria gustatu zaie eta oso kontent daude, hori nabarmena da" dio Rafak. "Eta bestetik, ez da ikusten, baina era berean oso garrantzitsua da: egindako lanak balio izan die lotura sortu edo sendotu dutelako, eta zenbait bere nortasunaren alderdi batzuen jatorriaz ohartu delako. Esate baterako, neska bat oso perfekzionista zen, eta arduratuta zegoen horrekin. Orain, ordea, bere amona ere horrelakoa zela konturatu da, eta lasaitu egin da".

Ikastetxeetan ere gustura daude egindako lanarekin. Josune Eizmendi Asteasuko Pello Errota eskolako zuzendariak hala dio: "Guk aurretik ere egiten genuen lan hau. Bi urtez behin Hizkuntzan testuak lantzen ditugu. 1. eta 2. zikloetan autobiografia lantzen dugu eta 3. zikloan biografia. Orduan, beti abiatzen gara aitona-amonei edo adinean aurrera doan norbaiti elkarrizketa eginez. Elkarrizketa horiekin txosten bat egiten dugu eta eskolako liburutegian daude orain arte egindako bostak."

Dena dela, aurtengo berrikuntza web orriarena izan da. "Orain arte egiten genuenaren antzekoa egin dugu, baina Interneten jartzeko aukera eman digu eta horrekin gehiago zabaldu dugu" dio Josunek.

Aurrekoen bizimodua ezagutzea eta jasotzea interesgarria dela uste dute eskolako irakasleek, galtzen ari den bizimodu baten testigantza jasotzen baitute. Orain, noraino lortzen da belaunaldien arteko lotura edo transmisioa? Josunek dioenez, "zaila da epe motzera ikustea. Orain dela urte batzuk egin zutenei galdetu beharko litzaieke. Lan honen bitartez beharbada bestela ukituko ez lituzketen gai batzuk ezagutuko dituzte, baina orain azkarregi da hori baloratzeko. Orain datuekin gelditzen dira, baina gerora gauza gehiagorekin gogoratuko direla espero dugu". Bien bitartean, gaztetxoak motibatuta ikusten dira. Gustura prestatzen dituzte galderak eta elkarrizketak egin ere bai. Gero, paperera pasatzea eta ipuina asmatzea, zuzentzea, txukuntzea... nekosoagoa egiten zaie. Eta aitona-amonei dagokienez ere, pozik ikusten dira, batez ere berritsuak direnak eta hizketarako prest daudenak. "Haurrak pozik ikusten baditugu, gu ere bai" diote irribarrez.