ERNIOBEA institutua, Billabona-Amasa: Euskal arte garaikidea gelara

2004-06-01
Euskal artisten balioa zalantzan jartzera ez da inor asko ausartuko. Eskola gutxitan oinarritzen dute plastikako eskola arte garaikidean, ordea, eta are gutxiagotan gaurko euskal artistengan. Jose Luis Zumetak New Yorken jarri ditu erakusketak. Zumeta bera ikasgelan izan da, gaztetxoekin mural bat egiten. Halakoxe luxuak ditu herri txikia izateak, artistak unibertsalak bezain gertukoak ditugula. Geu gara, ordea, dugun zorteaz jabetzen ez garenak.

Villabona-Amasako Erniobea institutuan euskal artista garaikideak lantzen dituzte hautazko ikasgai batean. Aurten 13 urteko 20 ikasle inguruk jardun dute. Itziar Goñi irakasleak azaldu digu esperientzia.
 
 
Plastikako eskolen planteamendua aldatzeko beharra sumatu zuen Itziar Goñi irakasleak. Batetik, zatika lantzen direlako beti gaiak (gaur ehundurak, hurrengoan perspektiba, beste batean kromatikoak...), eta gero, atalka ikasitako ezagutza horiek denak egoera erreal batean aplikatzen ez direlako. Halaxe dio Itziar Goñik: "Hainbeste eduki ikasarazi dizkiozunez ikasleari, gero mural bat edo antzeko egoera bat ekartzen diozunean ez daki programazioan ikasitakoa egoera errealarekin identifikatzen. Ikasleek esaten dizute: 'honetaz ez dakigu ezer'. Eta eduki horiek atalka lantzen ari garenean, ez diote zentzurik aurkitzen, 'zer txorakeria, zertarako da hau?'. Baina artelan bat egitean ikusten diote benetan zentzua alderdi bakoitzari".

Bestetik, Itziar Goñiren esanetan, Plastikako eskoletan ez zaie tokirik egiten bertako artistei eta obrei. "Van Gogh irakasten dugu, eta aldiz, eskolan ez dugu hitz egiten euskal artistei buruz. Gaurko euskal artisten unibertsaltasuna geletara ekarri behar dugu. Behingoz guregan ditugun zenbait topiko utzi behar ditugu, eta busti, beti gauza bera irakasten ari beharrean eskoletan, errazkeriaz".

Hala, bururatu zitzaion proiektu bat egitea euskal artea (eta gainera, garaikidea) eskolara ekartzeko. Obraz gain, artistak eurak ere ekarriko zituen gelara, eskolan landutako eduki guztiak koadro batean kontzentra zitzaten. "Era berean, ikasleek ezagut dezaten unibertsaltasun hori, artistak duen hunkipen edo sentimendu hori, nola pentsatzen duen, nola egiten duen "bozeto" edo zirriborro bat, koloreak nola erabiltzen dituen... Ikasleek izan dezatela kontaktu bat artistarekin". Euskal artea espresuki lantzeko, hautazko ikasgaia antolatu du Itziarrek. Hauxe da ikasgai horretan aurten egindako proiektua.



Eskolako pasabideak, Zumetaren kolorez

Zumetarekin hastea pentsatu zuen Itziarrek. Horrela, lehenik Kursaalean egindako erakusketara eraman zituen ikasleak. "Bidaideak" izeneko erakusketan, Zumeta, Goenaga, Ruiz Balerdi eta Mendibururen lanak zeuden ikusgai. "Ondo erreparatu, ea zein gustatzen zaizkizuen, zein trazu landuko genukeen gelan" esan zien ikasleei. "Nik ezer esan gabe konturatu ziren Zumeta zela hurbilenekoa, eurengana hobeto iristen zela. Kontaktua hori izan zen; eta hitz egin genuen, Zumetak dohain duen hurbiltasun hori nola lortzen duen, zer gauzaren konbinaketaz, zer den ikusleei sortzen diena...". Zumeta eta haren lana hobeto ezagutzeko bideoetara zein liburuetara jo zuten gero.

Ikasturtean landutako lanaren ondoren, gauza bakarra falta zitzaien: Zumeta bera ezagutzea, eta margolan bat egiteko prozesua bertatik ikusi eta parte hartzea. Baina zer egin? Eskolako hormei erreparatuta aurkitu zuten erantzuna. "Gure eskolako pasabideetan hormak oso hotzak dira, eta nola bete pentsatu genuen. Zumeta ekarri, eta egun bateko lanean mural bat osatuko zuten, pasabidean jartzeko".

Goiz eta arratsaldeko lanean osatu dute, hasi eta bukatu, murala. Hiru panel erabili dituzte, 1'22 x 2'44 metrokoak. Zumetak panel bakoitza 6 zatitan banatu du, eta hartara ikasle bakoitza zati bat osatzeaz arduratu da. Gero, zirriborro bat egin, eta ikasleek gustukoa dutela ikusita, arkatzez muralera pasa eta ikasle bakoitzari zirriborroaren zati bat eman dio, osa dezan. Koloreen konbinazioa eta trazua landu dute ondoren. Zumetaren esanetan, "esperientzia nahiko erraza da eta gustura aritzen dira gazteak. Ahalegina erraztu ere egiten zaie. Marrazkia egiten dut nahiko mugatua, garbia eta kolore lauekin, konplexua jartzen baduzu igual ikasleek atzera egingo lukete-eta. Kolore biziak eta alaiak, gustura aritzeko modukoak".



Abstrakzioa maite

Ikasleak gustura daude egindako lanarekin, nahiz eta lotsa pixka bat ere sentitu gero pasabidean denek ikusiko dutelako. Marrazketa mota hau omen da, abstraktua, gehien gustatzen zaiena. Itziar Goñi irakaslearentzat oso garrantzitsuak dira ikasleek aipatu dituzten bi alderdiok. "Ohituta daude espazio txiki batean lan egiten beti. Gaurkoa kontraste handia izan da, bizi egin dutelako espazio handi batean lanak zer sentimendu sortzen dien, bai euren buruari eta baita beste ikasleei ere, besteren aurrean barregarri sentitu diren edo ez... Neurri handiko espazioa bereganatu dute".

Abstrakzioari dagokionez, adin honetan (13 urte) omen daude abstrakzio maila bereganatzeko garai onenean. "Arrazionalitatea sartzen hasten zaie, eta adin horretan abstrakzioak eta sinbolismoak pisu handia du". Hurrengo urtean ikasleak 3. mailan egongo dira, ordea, eta marrazketa teknikoa dator. "Abstrakzioko edukietara iritsi ahala, berriro eduki formal batzuetara itzultzen dira. Beti formalismo batzuetan erortzen gara, jainkozko formalismo batzuetan, eta ikasleei abstrakzio hori ez diegu ateratzen". Gauzak hala egonagatik, hautazko ikasgaian jarraituko dute hainbat euskal artista lantzen.•