Etorkinak; aniztasuna eta elkarbizitza

2004-06-01
Etorkinak, kultur aniztasuna, errespetua, integrazioa, hizkuntza aniztasuna, erlijioa, ohiturak... zer ez da entzuten azkenaldian. Errealitate berri baten aurrean gaude. Lehen ere etorkin ugari etorri ziren Euskal Herrira, batez ere Espainiatik industrializazioak eraginda. Orain, ordea, herrialde askotatik datoz. Horrek, gero eta gizarte anitzagoaren sorrera dakar. Elkarrekin bizi behar dugu, elkar errespetatuz, baina ez da erraza. Teoriatik praktikara pasatzean, pentsamenduetatik eguneroko bizimodura, kontraesanak sortzen dira. Eta hor gaude, kontraesan horiei buelta eman nahian.
 
 
Kontraesanak gainditzeko ahaleginean


2000-01 ikasturtean Hego Euskal Herrian 6.469 ikasle etorkin zeuden; EAEn ikasleria osoaren % 1,8 ziren eta Nafarroan %2. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2003-04 ikasturtean EAEn ikasleria osoaren %3,13 osatzen dute etorkinek. Kopuru horiek ugalduz doaz, eta asko gainera; EAEn %47 igo da etorkinen kopurua azken ikasturte honetan. Egoera horrek planteamendu berriak egin beharra ekarri du eskoletan.


Erraza da erlijio eta kultura guztiak errespetatu behar direla esatea, baina zer gertatzen da neska musulmanek soinketako eskoletara ez direla joango esaten dutenean?


Erraza da jatorrizko hizkuntza errespetatu behar zaiela esatea, baina zer gertatzen da hona etorri eta euskararik ikasten ez badute?


Erraza da etorkinak etortzearen alde gaudela esatea, baina zenbat aldiz entzun dugu lana kenduko digutela eta hobe dela gehiegi ez etortzea?


Erraza da eskola haur guztiak onartzeko prest dagoela esatea, baina nahiago dugu ikasle horiek beste bati egokitzea.


Inork ez du soluzio garbirik kontraesan horiei eta sortzen diren gatazkei aurre egiteko. Baina horren inguruan hausnartzen eta hitz egiten hasiak gaude: pentsalariak eta adituak hitzaldiak ematen ari dira; jardunaldiak, ikastaroak eta mahai inguruak gero eta ugariagoak dira; etorkinak taldetan antolatzen ari dira eta euren ahotsa entzuten ari da; irakasleak hausnartzen eta erabakiak hartzen ari dira, instituzioak neurriak hartzen hasi dira...


Adar asko dituen egoera da: erlijioa, kultura, hizkuntza, ohiturak... denak nahasten dira. Horietako batzuk kontu pertsonalak edo etxekoak dira; beste batzuk, ordea, kalekoak edo eremu publikora pasatzen direnak. Eta hor, bizilagunekin, ikaskideekin, lankideekin... egiten dugu topo. Bizikidetzaren aldeko jarrera hartu beharrean gaude. Baina hori bideratzeko modu ugari egon daitezke, eta garrantzitsua da ematen zaion fokatzea. Ikusi besterik ez dago frantziar estatuan laikotasunaren inguruko lege berriak sortu duen oihartzuna; batzuek modu batean ulertzen dute laikotasuna, eta beste batzuek beste batean. Eta ondorioz, aldeko zein kontrako ahotsak entzun dira, bai frantziar estatuan eta bai hemen Euskal Herrian.


Lege horretan bertan eta aurrekoetan, herrialde horrek berak frantsesari, bertako hizkuntza gutxituei (tartean euskara) eta etorkinen hizkuntzei ematen die tratamendua ere begi zorrotzez begiratzekoa da.


Hezkuntza arloan eragina duen gaia izanik, irakasleek eta etorkinek esateko dutenari ere leku egin behar zaio. Eskaerak eta eskaintzak, biak aztertu behar dira.


Desertu honetan gehituko ditugun hondar aleak izango dira aipatu ditugun adibideak, betiere ale gehiago daudela jakitun.





Laikotasunaren eta erlijio askatasunaren arteko muga definitu ezinik frantziar estatuan


Stasi txostena



Frantziar estatuan laikotasunaren eta erlijioen arteko egoera gatazkatsuak bere isla izan du eskoletan. Azken hamarkadetan hainbat gatazka juridiko sortu dira eta neurri ugari hartu dira. Hala ere, arazoa ez zela konpontzen ikusita, 20 adituk osatutako batzordeak Stasi txostena egin du. Egoera aztertzearekin batera, hainbat proposamen luzatu ditu, eta horren haritik etorri da frantziar estatuko eskola publikoetan erlijio zeinu nabarmenak eramatea debekatzen duen legea. Erabaki polemikoa izan da; aldekoak zein aurkakoak kalera atera dira, eta hemendik aurrera, ikusteko dago zein eragin izango duen eskolako eguneroko jardunean.


EHUko Administrazio-Zuzenbide Fakultateak, EHUko Hegoa Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "Kultura aniztasuna eta laikotasuna" jardunaldia antolatu zuten Bilbon. Besteak beste, Pauko Unibertsitaeko Henry Labayle irakasleak Stasi txostena aurkeztu zuen, bere jatorria, edukia eta ondorioak aipatuz.






Non dago polemikaren muina?


Komunikabideetan neska eta emakume musulmanek erabiltzen duten zapia agertu da behin eta berriz. Baina hori arazoaren zati bat besterik ez da, icebergaren punta baino ez. Muinean erlijioaren eta estatuaren arteko gatazka dago. Eta Stasi txostena hortik abiatu da. XXI. mendeko Frantziar Errepublikako erlijioaren eta zerbitzu publikoaren arteko erlazioaren deskripzio bat egiten du. Esanguratsua da ohartzea txostenaren 100 orrialdetatik 4 baino ez direla zapiari buruzkoak; gainontzekoak zerbitzu publikoaren laikotasunari buruzkoak dira.


Txosten hau egin duen batzordean parte hartu du Paueko Unibertsitateko Henry Labayle irakasleak, eta bere iritziz, egungo arazoa ez da estatuaren eta elizaren arteko gatazka bat, arazo sozial bat baizik. Bi hausnarketa aipatzen ditu berak. Lehena, integrazio mekanismoen porrota. "Gure gizarte modernoak ez du gaitasunik bere lurretan etorkinak hartzeko eta onartzeko. Ezin ditugu besteak onartu. Ez daukagu gaitasunik ikaskuntza batzuk toleratzeko eta beste kulturak eta erlijioak ulertzeko. Eta porrot sozial horri guri gizarte modernoetako espiritu erlijiosoaren mutazio sakon bat gehitu behar zaio. Hau da, integrismorako itzulera. Mugimendu militanteek erlijioa bultzatzea ez da gauza berria, iraganean ere horrelakoak egon baitziren. Orain, ordea, arazoa zera da: fenomeno horiek komunitate berri batean integratzeko arazoak dituen komunitatea sinbolizatzen duen erlijio batean oinarritzen direla. Kasu honetan komunitate musulmana". Ondorioz, fenomeno erlijiosoei beste erabilpen bat ematen zaiela dio (ez erlijiosoa), eta zerbitzu publikoetan arazoak sortzen direla.





Laikotasuna frantziar estatuan


- Frantses Iraultzaren ondoren estatuaren eta elizaren arteko gaia modu gatazkatsuan planteatu zen.


- Napoleon iritsitakoan, XIX. mendean, halako bake bat lortu zen Eliza Katolikoarekin Konkordatuaren bitartez.


- XIX. mendearen bukaeran berriro ere arazoak sortu ziren. Laikotasuna planteatu zen.


- 1905. urtean elizaren eta estatuaren arteko banaketa ezarri zen lege baten bitartez. "Errepublikak kontzientzia askatasuna bermatzen du eta kulturako askatasuna zaintzen eta bermatzen du" dio legeak.


- 1946ko konstituzioak irakaskuntza laikoa bermatuko du.


- 1985ko konstituzioak Errepublika Frantsesa laikoa dela dio.





Laikotasuna eta zerbitzu publikoen arteko elkarbizitza


Erlijio askatasunak eta laikotasunak topo egin izan dute frantziar estatuko zerbitzu publikoetan, eta bien arteko mugen artean hainbat gatazka eta arazo sortu izan dira.


- 80ko hamarkadaren amaieran eskola batean gatazkak sortu ziren zuzendariak zapia zeramaten hiru neskei eskolara sartzea galarazi zienean. Musulmanak neurriaren aurka agertu ziren, eta zuzendariak Estatu Kontseilura jo zuen babes bila. Erakunde horrek frantziar estatuko laikotasuna defendatu zuen 1989ko txosten batean, baina aldi berean, kontzientzia eta konfesio askatasuna printzipio konstituzionalak direla zioen, eta inolako kasutan ezin dela modu orokorrean debekatu oinarrizko printzipioren bat urratzen bada.


- Urte berean, zirkular bat idatzi zuen orduan Hezkuntza ministro zen Lionel Jospinek eta bertan biltzen zen Estatu Kontseiluaren txostena, esanez erlijio ikurrak ez zirela bateraezinak laikotasun printzipioarekin, baina ez zuen onartzen ikasleek beren konfesioa oso modu argian eta zeinu nabarmenekin adieraztea, presio, propaganda edo probokazio ekintza izan baitzitekeen. Zailtasunak sortuz gero, ikasleekin negoziatu eta hitz egin behar zela zioen, zigorrera pasa aurretik.


- Hezkuntzatik at ere, hainbat arazo sortzen dira. Esate baterako, emakume musulman askok ukatu egiten zuten mediku gizonezkoekin egotea, baita larrialdiko egoeratan ere. Horrek ospitaletako barne bizitza zailtzen zuen.


- Hainbat herritan emakume musulmanak ez ziren piszinara joaten gizonezkoekin batera. Horregatik, zenbait ordutan itxi egiten zituzten eta emakume horientzat erretserbatu. Erlijio askatasunaren eta elkarbizitzaren arteko bateragarritasunak kezka sortzen zuen.


- 1994an beste zirkular bat egin zen eskola publikoetarako, askoz ere zorrotzagoa. Zeinu nabarmenak eta neurrizkoak bereizten zituen.


- Hala ere, gatazkek jarraitu egiten dute.


-2003. urtean, errepublikako presidenteak Stasi txostena egiteko agindu zuen.


- 2004ko otsailean eskola publikoetan erlijio zeinu nabarmenak erabiltzea debekatzen duen legea onartu zen, tartean islamistei hijab edo buruko zapia.





Stasi batzordearen osaketa eta lan antolaketa


Stasi batzordea 20 lagunek osatu dute, eta horien artean erlijiosoak, goi funtzionarioak, magistratuak, unibertsitateko irakasleak, Hezkuntza eta Osasun Ministeritzetako administrazioko arduradunak, filosofoak...


Sei hilabetetan zehar elkarrizketak egin dituzte hainbat pertsonekin: ikasleak, irakasleak, erizainak, medikuak, pentsalariak, alderdi politiko guztietako arduradunak, sindikalistak... Batzordeak Alemania, Britania Handia, Belgika, Herbehereak eta Italia bisitatu zituen.





Proposamenak


Hona hemen txostenean egiten diren zenbait proposamen eta gomendio:


- Laikotasunaren kode bat proposatzen du. Frantses Zuzenbidean laikotasunari buruz dauden testu, araudi eta lege guztiak bildu eta bakar batean biltzea proposatzen du.


- Eskola frantsesean zenbait erlijiori eta hizkuntzi buruzko ikasketak eskubidezkoak izatea eskatzen du.


- Eskoletan erlijio zeinu nabarmenak eramatea debekatuko lukeen lege bat beharko litzateke.


- Erlijio ohituren aniztasuna onartzea proposatzen du eskoletako jangelatan.


- Komeni da osasun zentroek gaixoaren gaineko eskubideak gordetzea eta ospitaleetan sartzen direnek dokumentu bat sinatzea ospitaleko praktikak onartuz, erizainek eta medikuek horrelako arazorik izan ez dezaten.


- Espetxeetan imanen presentzia onartzen da, konfesio horretako presoekin egoteko.


- Egutegi frantsesean bi erlijio jai egun onartzea; bat musulmana eta beste judutarra.





Proposamenetatik legera


Errepublikako presidenteak 2003ko abenduaren 17an jaso zuen txostena eta hainbat proposamen alboratu egin zituen. Esate baterako, jai egunak onartzea. Bestalde, laikotasunaren aldeko kodearen alde agertu zen, eta baita laikotasunaren behatoki baten alde ere. Zeinu nabarmenen debekuari buruzko legea egiteko proposamenari ere baiezkoa eman zion.


Horrela, 2004ko otsailean onartu zen legea eta honakoa dio: "ikastetxe eta institutu publikoetan ikasleek debekatuta daukate zein erlijiotakoak diren adierazten duten zeinu nabarmenak eramatea. Barne araudiaren arabera joka liteke, betiere aurretik ikaslearekin elkarrizketatu ondoren".








Denak debekuaren aurka


Frantziar estatuko legea izan zen hizpide jardunaldien barnean antolatu zen mahai inguruan. Lau mahaikideak legeak ezartzen duen debekuaren aurka agertu ziren, eta azaldu zituzten argudioak laburbildu ditugu jarraian.






Lidia PUIGBERT


Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea



Mugimendu feministako kide honek, Fatima Taleb idazle marokoarrarekin eta Lena de Botton Bartzelonako Unibertsitateko irakaslearekin batera Aukeratutako zapia liburua argitaratu berri du. Liburua idazteko garaian, hainbat emakume musulmanekin egon ziren, eta horietako gazte batek zioena gogorarazi zuen mahai inguruan: hari zapiak ilea soilik estaltzen ziola, eta ez adimena. "Horrekin ez zuen islatu nahi zapia eramateko zeukan eskubidea soilik, baita ere besteek ez eramateko zeukatena. Hau da, aukeratzeko eskubidea izatea" argitu zuen Lidiak. Hori aldarrikatzen dute.


Emakume askok urte askotan borrokatu dute inongo gizonek beraien partez ez erabakitzeko. Inongo familik beraien ordez ez erabakitzeko borrokatu dute. Eta orain, inongo lege etnozentristek beraien partez ez erabakitzeko edo definitzeko borrokatzen ari dira. Stasi batzordearen egiturari berari begiratuta, emakumeen pisua txikia dela azpimarratu zuen Lidiak. "Ondorioa zera da: nork erabakitzen du gizaki guztioi dagozkigun arazoei buruz?".





Fatima Taleb


Idazle marokoarra



Hijab-a jantzita hitz egin zuen Fatima Taleb idazle marokoarrak mahai inguruan, eta hasieratik bertatik argi utzi nahi izan zuen hijab-a edo zapiaren esanahia: bata barrukoa, portaera multzo bat, eta bestea kanpokoa, janzteko modua. "Hijab janzten duten emakumeak hiru motatakoak direla esan daiteke. Lehenek ohituragatik janzten dute: amona edo ama horrela ikusten dituzte, eta zergatik jakin gabe, ohituragatik, eurek ere jantzi egiten dute. Bigarrenek senarrak, aitak edo anaiak derrigortzen dituztelako janzten dute. Agian gizon horiek ere ez dakite oso seguru zein den hijab-aren esnahia. Eta hirugarrenik, nahi dutelako eramaten duten emakumeak daude, badakitenak zergatik janzten duten". Sarritan emakume horiek ez dutela pentsatzen, ez dutela ikasketarik eta abar pentsatzen dela zioen Fatimak, baina ez dela egia. "Hemengo emakumeak bezalakoak gara; desberdintasun bakarra arropan dago".


Hemengo emakumeek zapidun emakumeak ez dituztela onartzen konturatzen da Fatima, eta argudio bezala integratu gabe daudela esaten omen dute. "Eta nik galdetzen dudana zera da: zer da integrazioa? Zeurea den guztia uztea eta hemengora moldatzea? Ez dut ulertzen zer esan nahi duen integrazioak eta jendeak zer ulertzen duen horrekin. Katalunian bizi diren emakume batzuek zapia eramaten dute, baina katalana hitz egiten dute, kultura katalana ezagutzen dute, hemen bizi dira eta katalanak sentitzen dira. Orduan, zer da integrazioa?".





Amelia Barquin


Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea



Emakumeei zapia eta hijab-a eramatea debekatzen dien legearen aurka agertu zen, eta eskola ingurunean debekua justifikatzea oso zaila iruditzen zaiola aipatu zuen. "Nola esplikatu neska musulman bati berak ezin duela arropa hori eraman? Bera dela gela osoan arropa egokia ez daraman bakarra?".


Gaur egungo nerabeen artean izugarrizko aniztasuna dagoela azpimarratu zuen: ile mozketa askotariko gazteak daude, kolore askotarikoak, luzpenak dituztenak, piercing-ak dituztenak, belarritakoak, tatuajeak... "Horiek denak bai eta neska musulmanaren zapia ez? Orain dela gutxi neska autoktonoek buruan zapi bat eramaten zuten; zapi hori bai eta neska musulmanarena ez?".


Hemengo gazteak ere ez direla askatasun osoz janzten azpimarratzen zuen. Modak, kontsumo gizarteak eta partaide diren taldeak bultzatako joerak jarraitzen dituzte, eta horiek ere, erlijioak dira bere ustez.


Zapi musulmana debekatzeko argudioetako bat horren azpian dagoen erlijioa izan da, eta horretan sakondu nahi izan zuen Ameliak."Nork du eskuduntza herrialde laiko batean zapi baten edo beste baten azpian dagoen ustezko ideologia interpretatzeko eta epaitzeko?".


Gatazka horren erdian eskolak kohesiorako tresna izan behar duela azaldu zuen. Eskolak balio batzuk irakasten edo transmititzen ditu, eta horiek elkarbizitza erraztuko duen oinarri bat ahalbidetu beharko lukete. "Funtzio hori oso zaila izango da aurrera eramatea baldin eta nortasun anitzaren eraikuntza oztopatzen duten zauriak sortzen badira. Eta modu agerikoan edo ezkutukoan ikasle musulmanei islama gizartearentzat arriskutsua dela transmititzen baldin bazaie ere bai" gaineratu zuen Ameliak. Desberdintasunak debekatzeko bidea hartu da, baina bere ustez, ez da bide egokia. "Hezitzaileok badakigu gatazka naturala dela giza harremanetan, eta hori bideratzen jakin behar dugu. Eskola leku pribilejiatua da pertsonen artean sortzen diren gatazkak bideratzeko; horiek alboratzea aukera on bat baztertzea da".


Egunerokotasunean sortzen diren arazoen aurrean elkarrizketa dela garrantzitsuena azpimarratu zuen. Zenbait musulmanek seme-alabak musika, soinketa, plastika edo beste ikasgai batzuetara joateari uko egiten diote. Horrelako kasuetan familiekin, lider espiritualekin eta abar hitz egin behar da, legera jo aurretik gainontzeko errekurtso guztiak erabiliz. "Ez dago kriterio orokorrik. Horregatik, hitz egin, hitz egin eta hitz egin; hori egin behar da".





Miguel Argibay


Hegoa Institutuko kidea



Zapiaren inguruan sortu den polemikaren aurrean kritiko agertu zen Miguel Argibay. Arreta deitzen dio zapi bategatik horrelako iskanbila sortzeak; eta horregatik uste du horren azpian badagoela zerbait gehiago. Erlijioen eta estatu laikoaren arteko harremana argitu behar dela uste du berak, eta horretarako beste kontu batzuetan zentratu beharko luketela, eta ez zapian. Fundamentalismoari aurre egiteko neurria izan da legea, baina kontrako ondorioa izango duela aipatu zuen. "Fundamentalismoak esango du beraiek direla nortasun erlijiosoa eta komunitatea defendatzen duten bakarrak. Eta horrela, arazoa konpondu beharrean, handitu egingo da, liskarrak, desadostasunak eta nahasteak sortuko baitira".








Laikotasuna eta hizkuntzak: Stasi txostenaren hizkuntza paradoxa


Iñigo URRUTIA


EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko, Administratiboko eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko irakaslea






Stasi txostenak eztabaida sozial eta politiko bizia ireki du laikotasun printzipio errepublikarraren, bere eraginen, hedaduraren eta edukiaren inguruan. Sakontasun handiko eztabaida da, gai erlijiosoarekin hasi arren erregimen konstituzionaleko oinarrizko printzipioak ukitzen baititu; bereziki, batasun nazionalaren eta herri frantsesaren bakartasunaren printzipioak eta beronen ezarpena kulturalki eta linguistikoki gero eta anitzagoa den testuinguru sozialean. Konstituzio frantsesaren barruan eduki politiko garbia duen gaia da. Berdintasuna adierazpen desberdin guztiak isilaraziz eraiki da Frantzian, bertan hitz egiten diren hizkuntzen kasuan ikusi den bezala. Hizkuntzen aldetik begiratuta, lurralde frantsesa Europako herrialde anitzena da. Baina, aniztasunaren horren aurrean Zuzenbideak eman duen erantzuna oso murriztailea izan da. Batasun nazionala eraikitzeko, gizarte homogeneoa bultzatu da. Batasuna bilatu nahi izan da, eta ez elkartasuna, eta prozesu berdintzaile baten bitartez burutu da. Hizkuntza frantsesa hartu da nortasun batuaren adierazpidetzat. Helburua hizkuntza berdintasuna lortzea zen, eta horretarako hizkuntza politika murriztaileak erabili dira gaur egun hizkuntza "erregionalak" deritzogun hizkuntzen kasuan.


Laikotasunaren printzipioa berrorientatu nahi den honetan eta batasunaren eta aniztasunaren artean oreka bilatu nahi den honetan, hizkuntzen afera ez da oharkabean pasa. Horrela, Stasi txostenaren proposamenetako batek hezkuntza sistema frantsesean atzerriko hizkuntza ez estatalen irakaskuntza sartzea aipatzen du, hizkuntza berberea (tamaziht) eta kurdua izendatuz. Gure hausnarketa paradoxa bat bezala ikusten dugu. Izan ere, batetik laikotasun printzipioaren garapen teorikoak kolektibo batzuen hizkuntzaren ikasketa bermatzea eskatzen du, integrazio soziala lortzeko eta desberdintasuna ezabatzeko. Eta bestetik, Frantziako eskualdetako hizkuntzen garapen aukera eta ikaskuntza batere egonkortasunik gabeko marko juridikoan mugitzen dira.





Frantsesaren nagusitasuna


Frantzian laikotasun printzipioaren garapen historikoak ez du neutraltasunez jokatu hizkuntzen egoerari dagokionez. Irakaskuntzaren laikotzea hizkuntzen eboluzio historikoarekin lotuta dago. Iraultza garaitik aurrera, frantsesaren ezagutzaren hedapena helburu bihurtu zen hezkuntza publikoaren sisteman. Nazioa hiritar multzotzat hartu zen eta kultura eta hizkuntza bakar batean integratuz lortu nahi zen euren arteko batasuna. Horrela, hizkuntza batasuna ezarri zen Estatuaren batasunaren izenean. Estatu-nazioak hizkuntzaren eta kulturaren batasuna bilatzen ditu, modu horretan Frantziako hiritar guztiak berdinak izateko. Pentsamendu bateratzaile hori Estatuaren eta gizartearen banaketatik sortzen da. Izan ere, gizabanakoen berdintasuna baieztatzen du Estatuaren aurrean eta berarekiko harremanetan, baina ez du gizarteko berdintasuna bermatzen, ezeztatu baizik.


Nahiz eta Frantziako hizkuntza aniztasuna agerikoa izan, Errepublikako nortasunaren eraikuntza oztopo izango da eskualdetako hizkuntza gutxituetako hiztunen hizkuntza eskubideak onartzeko.


Hizkuntzei buruzko legeria frantsesa oso eskasa eta norabide bakarrekoa da. Errepublikako hizkuntzaren aldekoa da, eta kaltegarria frantsesa ez gainontzeko hizkuntzentzat. Juridikoki euskararen eta Frantziako eskualdetako gainontzeko hizkuntzen ikasketaren bermea ezegonkorra da eta ez da nahikoa. Hizkuntza legeriak bi ondorio ditu. Alde batetik, hezkuntzan normaltasun linguistikoa ezartzen da frantsesarentzat. Hori egoera diglosikoan aurkitzen diren hizkuntzen normalkuntza politiketan jartzen diren antzeko araudiaren bitartez egiten da. Horrela, legez, frantsesa da Frantziako hezkuntzako hizkuntza, eta bere testuinguruaren arabera batere zerikusirik ez duen babes neurriak hartzen dira. Bestetik, legeak hizkuntza gutxituak ikasteko aukera aipatzen du, baina legalki ez du ezer definitzen hizkuntza horien erabilera behikularrari buruz frantsesaren irakaskuntza errazteko ez den kasuetarako. Ondorioz, hizkuntza horien irakaskuntza inolako babes legalik gabe gelditzen da.


Irakaskuntza elebidunaren egoera ez da hobea. 2001. urtean erreforma garrantzitsua burutu zen Frantziako irakaskuntza elebidunean, hainbat arau eman zirelarik ordurako Iparraldean erabiltzen ziren eredu elebidunak onartuz: murgiltze sistema -Seaskan erabilia-, erabilera behikular mistoa eta euskara ikasgai bezala duen eredua -azken bi eredu horiek hainbat ikastetxe publikotan eta giristino pribatutan daudenak dira-. 2002ko urrian Estatu Kontseiluak baliogabetu egin zituen murgiltze eredua eta ordutegi parekotasuna zituen eredua, sistema bien estaldura legalik eza nabarmenduz. Laburtuz, eskualdetako hizkuntza gutxituen irakaskuntza guztiz ezegonkorra da, eta gaur egun gurasoek ez dute babes legal nahikorik euren seme-alabek beraien eskualdeko hizkuntza ikas dezaten.





Homogeneizatzeko joera


Testuinguru honetan, zer ondoriozta liteke? Frantzian laikotasun kontzeptuaren birdefinizioa erregimen errepublikarraren oinarrian dauden kategoria politikoen inguruan dabil. Komunitate politikoa gero eta anitzagoa den heinean, subitanotasunaren printzipioan eragiten du. Batasun errepublikarraren printzipioa nortasun askotarikoak dauden oinarri sozial batean ezarri behar da, eta oinarri hori gero eta nabarmenagoa eta ugariagoa da. Hiritarra ez da nortasun primario homogeneo bat; hau da, ez da kultura eta hizkuntza homogeneo batean oinarritutako herri bakar bat. Nortasun primario horiek inoiz ez dira homogeneoak izan, baina orain are eta gutxiago. Gaur egun, kultur aniztasuna hainbat iturritatik aberasten da. Dagoeneko ez daude Errepublikaren eskualde batzuetan kokatutako hizkuntzak eta kulturak soilik; hots, euskara, katalana, okzitaniera, bretoiera eta besteak. Gutxiengo nazional horien ondoan hainbat arrazoigatik etorritako beste herrialdeetako gutxiengo kulturak daude. Gutxiengo nazionalen kasuan, Zuzenbideak planteatzen duen erantzun klasikoa autodeterminazioarena da. Gutxiengo kulturalen kasuan, gizarte demokratikoen erronka aniztasun hori antolatzea da, modu horretan demokraziaren osagai izan daitezen.


Ikuspegi horretatik, positiboki balioetsi behar da Stasi txostenaren proposamena, irakaskuntza sistema nazionalaren bitartez etorkinen hizkuntzen irakaskuntza ahalbidetzea proposatzen baitu. Norberaren hizkuntza ikasteak gainditu egiten du eskola asimilazio linguistikorako tresnatzat hartzea. Edonola ere, badira hausnartu beharreko hainbat puntu. Izan ere, badirudi laikotasunaren birdefinizioa gutxiengo guztiak gizarte frantses bateratuan integratzeko prozesura mugatzen dela, bai gutxiengo nazionalak bai kulturalak. Orain arte eskualdetako hizkuntza komunitaterako zeuden integrazio mekanismoak hedatu nahi dira gutxiengo kulturaletarako ere.


Azken finean, laikotasunak, nortasun sozial neutrotzat hartuta, demokraziaren ikuspegi estetikoa izaten jarraitzen du. Aniztasuna oso mugatuta gelditzen da. Gutxiengoen hizkuntzak toleratzeko guneak onartzen dira. Gutxiengo guztiak berdin tratatzen dira, inolako bereizketa kontzeptualik gabe, eta horrek agerian uzten du aniztasunaren muga. Ez da planteatzen norberak bere nortasuna garatzeko biderik. Laikotasun kontzeptuaren bitartez bilatu nahi da batasun nazionalaren oinarria den homogeneotasun soziala. Finean, hizkuntza frantsesak Estatuaren erlijioa izaten jarraitzen du. Hizkuntzaren aferak laikotze prozesu sakon baten premian jarraitzen du.








Zer eskatzen dute irakasleek?





Prestakuntza beharra nabaritzen da irakasleen artean, eta hainbat gabezia ikusten dira. Hasteko, irakasleek ez dute etorkinen jatorrrizko kultura eta ohituren berri. Etorkinek ere ez dute hemengo hezkuntza sistema ezagutzen, eta komunikatzeko ere arazoak dituzte askok. Alde horretatik, itzultzaileen beharra ikusten da. Laguntza pertsonal gutxi edo batere ez dagoela aipatzen dute askok, batez ere euskara ikasteko eta ikasgaiak gelan jarraitzeko. Oztopo hori gainditzeko material didaktikoen beharra ere aldarrikatzen da.


Batzuek hasi dira beraien kabuz material didaktikoa prestatzen, baina bakoitza bere aldetik. Material didaktiko horren berri ematea eta trukatzea egokia izan liteke, denen onerako izango baita, eta bereziki ikasleen onerako.


Ingelesa eta beste hizkuntzak ikasteko material ugari eta modernoa dago: teknologia berriez baliatuz norberak bere kabuz ikasteko metodoak, esate baterako. Euskararen, kasuan, horrelako materiala faltan botatzen dute irakasle batzuk. Ikasleentzat erakargarria eta baliagarria izango litzatekeela uste dute.


Dena dela, zenbait irakasleren iritziz, material didaktikoak baino garrantzi handiagoa du irakasleen jarrerak. Irakaslen eta ikasleen arteko harreman afektiboak eragin handia du haur horien integrazioan eta ikasketetan.


Euskararen irakaskuntzak ere kezka sortzen du. Sarritan haur etorkinak A eredura bideratzen dira. Jakinik eredu horrek ez duela euskalduntzen, haur horiei hemengo ikasle elebidunek dituzten eskubideak ukatzen zaizkie, hizkuntza bat ikastea ukatzen baitzaie, eta horrekin, hobeto integratzeko aukera.








Zer eskatzen dute etorkinek?





Zer eskatzen dute etorkinek? Zer eskatzen diote hemengo hezkuntza sistemari? Galdera hori planteatu zuen Adarra Pedagogia Erakundeak "Immigrazioa eta kultura arteko elkarrizketa" izeneko jardunaldietan.


Neli Miguel Silva brasildarrak bi urte t´erdi daramatza Mungian, eta 4 eta 13 urteko alabak ditu. Brasilen ikasturtea amaitutakoan iritsi ziren hona alabak, otsailean, eta iraila bitartean egokitze prozesu bat eduki zuten ikastetxean. Horrek asko lagundu ziela dio. Irakasleekin eta lagunekin komunikatzea funtsezkoa dela dio Neulik eta alabak esaten diola euskara ikasi behar duela integratzeko eta besteen mailara iristeko.


Bere alaben ikastetxean hemengo eta kanpoko haurrak ez dituzte banatzen, gela berean biltzen dituzte denak, eta hori hobea dela dio. Irakasleei haur etorkinen aldaketa onartzeko eskatzen die: "Haurrak asko fijatzen dira, eta konturatzen dira irakasle batek entzuten dien edo ez, gauzak beste modu batera azaltzen dizkien edo ez. Eta horrek eragin handia du haurren motibazioan, ikasketetan eta integrazioan". Neuli Helduen Eskolara joaten da, eta horrek ere izugarri lagundu diola onartzen du, bai bera integratzeko eta bai alabei eskolako lanetan lagundu ahal izateko.


Bubu Zolano angolarrak errefortzu edo laguntza eskolak eskola orduz kanpo emateko eskatzen du. "Bestela, eskolako orduetan gelatik ateratzen baldin badira, ordu horiek ere galdu egiten dituzte". Horrekin batera, haur etorkinak desberdin ez tratatzeko eskatzen du, eta baita Joel Acclassato frantsesak ere. Aurreko belaunaldikoak afrikarrak izan arren, bera Frantzian jaio eta hezi zen, eta egun Euskal Herrian bizi da. Bera frantsesa sentitzen da, hori delako ondoen ezagutzen duen kultura. Bere iritziz, haur etorkinek ez dute ez aparteko traturik ez irakaskuntzarik behar. "Irakasleek paternalismoa alde batera utzi behar dute eta beste kulturak balioetsi behar dira, bai eskolan eta bai eskolatik at".











Eusko Jaurlaritzak etorkinak artatzeko plana egin du





EAEko ikastetxeetan gero eta etorkin gehiago daudela ikusirik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasle etorkinak artatzeko programa egin du. Beronen helburu orokorra ikasle etorkin guztien eskola integrazioa lortzea da, integrazio sozial eta kulturala bultzatuz, euren hizkuntza, kultura, gizarte maila eta jatorria alde batera utzita.


Ikasle etorkinen hezkuntza beharrak hiru eremutan sailkatzen ditu programak:





1- Behar linguistikoak: ikasleak hizkuntza ofizial biak ez baldin badakizki, ikastetxeak horiek ikasteko baliabideak eskaini beharko dizkio: hasteko, eskolatutako ereduko oinarrizko hizkuntza ikastea bermatuko da, eta gero, beste hizkuntza ikasten hasiko da. Helburua bi hizkuntza ofizialetan ahoz nahiz idatziz menperatzea da; eta lagungarri moduan ikastaro trinkoak eta udako egonaldiak ere egingo dira. Edozein modutan, ikaslearen baldintzen eta ezaugarrien arabera egokituko dira ereduak.


Ereduen aukeraketa egiterakoan, Haur eta Lehen Hezkuntzan B eta D ereduetan ikastea gomendatzen da. DBHren kasuan, egokitzat jotzen da B ereduan eskolatzea, baina kasu horretan beharrezkoa izango da euskararen curriculum egokitzapen bat egitea. Ingurunea erabat euskalduna bada, D eredua hobesten da.


2- Curriculumaren ingurukoak: behar nagusiak bi dira: Euskal Herriko geografia, historia eta kulturari buruzko edukiak ezagutzea eta norberaren adinaren araberako oinarrizko hizkuntza instrumentalak. Eduki horiek ikasteko, zenbait kasutan derrigorrezko edukiak murriztuko dira; bestetan jarduera didaktikoak erabiliko dira; eta baita ikaskuntza pertsonalizatua ere.


3- Tutoretzakoak: ikasle etorkinek tutore bana izango dute lehen bi urtetan eta haren lana haurren integrazioa erraztea izango da.





Irakasleen prestakuntza


Irakasleei aholkularitza emango zaie ikasle etorkinen harrera, arreta eta jarraipenari buruz Berritzeguneetako aholkularien bitartez. Era berean, Hezkuntza Sailak diru laguntzak gehitu egingo ditu.


Baliabide materialei dagokienez, Berritzeguneetan kultura aniztasunarekin zerikusia duten gaiak eta materialak berrikusi eta osatuko dira. Material didaktikoak egiteko gomendioak ere emango dira, hizkuntza ez arrazista eta ez baztertzailea erabiltze aldera. Haur Hezkuntzan ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatzia ikasteko materialak egitea bultzatuko da, eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko zikloetan ikasleen irakurketa eta idazketa bizkor ikasteko materialak prestatzea ere bai. Hiztegi elebidunak egitea ere bultzatuko da, etorkinek euskara errazago ikasteko xedearekin.





Harrera plana


Hartutako neurriez gain, ikastetxe bakoitzak ikasle etorkinentzat harrera plan bat egitea planteatzen da. Plan horretan, ikastetxeak proposatzen dituen hezkuntza jarduerak antolatuko lirateke, betiere ikasle etorkinen integrazio osoa lortzeko.


Nola egin, ordea, harrera plan hori? Hezkuntza Sailak, Berritzegunekin eta baimena duten irakasleekin lankidetzan, harrera planaren eredu bat prestatu du. Baina eredu bat izanik, gero ikastetxe bakoitzak berea egokitu beharko du. Aipatu plana egiteko zenbait orientabide ematen dira eta besteak beste hor zehazten da zer eta nola egin behar duen zuzendaritza taldeak, irakasle taldeak, zikloko irakasleek, irakasle tutoreak, hizkuntza indartzeko irakasleak eta abar.








"Kultura arteko hartu-emanak Euskal Herrian" masterra





Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatean kultura artekotasuna lantzeko mintegi bat sortu zuten orain dela lau urte inguru, eta horren haritik, datorren ikasturtetik aurrera master bat eta aditu ikastaro bat eskainiko dut: Kulturen arteko hartu-emanak Euskal Herrian. Julen Arexolaleiba zuzendariak eman dizkigu xehetasunak.





Zer berritasun dakartza master honek?


Lehenengo eta behin, gai horren inguruan unibertsitatean euskaraz eskaintzen den lehen masterra da. Eta bigarrenik, teknologia berrien bitartez landuko da %75.





Nori zuzendua dago?


Bi hartzaile mota aurreikusten ditugu: batetik ikasketak bukatzen ari diren unibertsitateko ikasleak, eta bestetik lanean dabilen jendea. Oro har, etorkinekin hartu-emanetan ari direnak edota aritzeko formazioa jaso nahi dutenak.





Eskaintza bikoitza da: masterra eta aditu ikastaroa. Zein da bien arteko desberdintasuna?


Aditu ikastaroak 20 kreditu ditu eta masterrak 50 kreditu, eta hemen Karrera Amaierako Proiektua egin behar da. Lehenengoa ikasturte bakarrean egin liteke, eta bigarrena bitan. Edonola ere, denbora horiek gutxienekoak dira. Gero, bakoitzak luza lezake.


Antolaketa aldetik, biak dira malguak, derrigorrezko moduluez kanpokoak hautazkoak baitira; eta beraz, bakoitzak gustuko dituenak aukera ditzake.


Zein eduki jorratuko dira modulu horietan?


Etorkinak eta hezkuntza; hizkuntza(k) irakasteko didaktika integratua; etorkinak komunikabideetan; etorkinak eta lana; etorkinak vs Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa; Euskal Herriko biztanleria atzo eta gaur, migrazio-aldien irakaspenak; eta gogoeta saioak, hitzaldiak, mahai inguruak, ikus-entzunezkoa, foroak...





Zertan lagunduko du masterrak?


Erantzun beterik ez dago gai honen inguruan. Adibidez, zer gara euskaldunak? Anekdota txiki bat? Egoera berrira egokitu behar dugun eta baimena eskatzen egon behar dugun gutxiengo gutxiagotu bat? Ala ez garen hori eta izan nahiko genukeen horretatik diskurtso maximalista bat egin behar dugu? Nolakoa da gure harrera gizartea? Nola ikusten ditugu etorkinak? Erantzun beterik ez dago, eta galdera horiek agertuko direnez, bidea egiten lagunduko digute.





Informazio gehiagorako:


julen_arexolaleiba@huhezi.edu