HUEGUN, Axier: Zer dio gorputzak hezitzen ari garenean?
Horren haritik, eta arotzak bere lana ongi burutu ahal izateko hainbat tresna behar dituen moduan, hezitzaileak hainbat trebetasun agertzen ditu praktikan. Ikerketa honetan harremanetarako trebetasun horien gaineko karakterizazio global eta integrala egin zen, bost harreman trebetasun barnebiltzen zituen eredua erabiliz. Trebetasun horiek errealitate praktikora egokitzeko joerak dira, eta hezitzaileak egiten duen interpretazioaren arabera, trebetasun bat edo bestea agertuko du memento praktikoan. Kontuan hartu behar da harreman trebetasun horiek norberaren berezko jokaeratan automatizatuta daudela gorputzaren bitartez. Hortaz, gorputzak eta bere sentsazioak ikasbide bikainak dira harreman trebetasunen prestakuntzarako.
Hezitzailearen harreman trebetasunak eta ezaugarri pertsonalak heziketa ekintza betetzen ari den memento praktiko eta harremanezko horretan bertan agertzen dira modu batera edo bestera.Izan ere, heziketaren funtsa egoera jakin baten une praktikoan agertzen da, eta memento horretan hezitzailearen eta hezigaiaren arteko elkarreragina eta topaketa aktiboa praxiaren erdigunea dira. Heziketa formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko desberdintasunez haratago, badute hirurek ezaugarri komun bat: hezitzailearen eta hezigaiaren artean aurrez aurreko kontaktu bat sortzen dela. Erlazio horren kalitateak egiten du hezitzailearen lana pedagogikoa izatea edo ez, hartu eman horretan intentzio handiagoa erakusten baitute hezitzaileek.
Edozein hezitzaileren oinarrizko gaitasunetako bat heziketa une bakoitzaren beharretara egokitzea da, kontuan izanik hezitzaileak eta hezigaiak elkarreragiten duten une bakoitzaren ezaugarriak desberdinak direla. Egoera praktiko bakoitzak esanahiz jositako elementuen eremu aberatsa du. Elementu horien artean daude hezitzailearen zein hezigaiaren egoera afektiboa eta emozionala; eta biak elkartzen dituen egoera zehatza, zeina giro emozional zehatz batek bideratutako arauek osatzen duten. Horregatik, hezkuntza ekintzan aurrez aurreko kontaktu pertsonalaren bidez, elkarri eragiten dioten pertsonak daudela diogu. Horrela, une horretan ez dira hezitzailearen teoriak eta ezagutza teknikoak soilik jartzen agerian, aitzitik, osotasun bezala agertzen da, hots, bere dimentsio arrazionala, egoera emozionala eta gorputz jarrera aldi berean agertzen dira. Era berean, heziketa unea praktikoa ere bada, heziketa erlazioa orainaldiko denboran adierazten baita; hau da, elkarreragin osoa orain eta hemen gertatzen da. Orain eta hemen horrek, iraganak baldintzatuta dagoenak eta etorkizunari begira proiektatzen denak, hezitzailearen eta hezigaiaren arteko erlazioan gauzatzen den oro hartzen du bere gain; une horretan, leku horretan eta pertsona horrekin gaudela konturatzearen esperientzia da.
Horregatik guztiagatik diogu heziketa unea hezitzailearen teoriek eta teknikek adina indar dutela haren ezaugarri pertsonalek, eta horiek hezigaiarekiko harremanean eragiten dutela. Hala ere, teoria eta teknika pedagogikoak beharrezkoak dira hezitzailearen zereginean: hala elkarreraginaren aurreko programazioak, nola ondorengo hausnarketak, heziketa lanaren zati dira. Lehenengoaren bitartez, hezitzaileak bere helburuak lortzeko jarraitu behar dituen pausoak ordenatu eta sekuentziatzen ditu. Bigarrenarekin, ondorioak ateratzen ditu eta bere praktika berrantolatzen du, hobetze aldera. Edonola ere, hori guztia ez da nahikoa izango hezigaiarekiko erlazioan sortzen diren arazoei irtenbidea emateko. Izan ere, aurre egin beharreko arazo horiek praktikoak izango dira, "egin behar denari" buruzkoak. Beraz, hezitzaileak hezigaiarekin elkarreraginean dagoen une berean eta zerbait eginez eman beharko die irtenbidea.
Praktikarako harreman trebetasunak
Beste pertsonekin erlazionatzen garenean, elkarren osagarri diren bost trebetasun daude, gutxienez. Trebetasun horiek baliatuz, hezitzailearen harreman trebetasunen karakterizazio global eta integral bat osatu dugu. Hezitzailearen jokaeratzat hartu ditugu, eta egoteko, jarduteko, bat egiteko, bereizteko eta berezkotasunerako aukera ematen diote jokaerok.
1. Lehenengo trebetasuna "egon" kontzeptuarekin erlazionatutako alderdiekin lotzen dugu. Trebetasun honek oinarria, egonkortasuna eta sostengua ematen dizkio hezitzaileari. Besteari entzuteko joera da, baita besteenganako konfiantza agertzeko eta eraman handikoa izateko joera ere bai. Trebetasun honek mugarik ez duenean, gehiegizko konformismoa, geldotasuna eta nagikeria agertzen zaizkio pertsonari. Aldiz, trebetasuna modu orekatuan agertzen denean, hezitzaileak unean unekoari arreta lasaia eskaintzen dio, eta bere ingurunean giro lasaia eta egonkorra sortzen du.
2. Nabarmentzen dugun bigarren trebetasuna "jardun" kontzeptuarekin lotzen dugu. Aurrera egiteko nahia eta grina dira trebetasun honen oinarrizko printzipioak. Helburudun mugimendurako eta ekintzarako joera agertzen du trebetasun hau eskuragarri duenak. Gehiegizko indarrarekin agertzen denean, ekintzaren zurrunbiloak hartuta egoten da pertsona, eta gehiegizko grina eta gogo bizia agertzen du gauzak berak nahi bezala gerta daitezen. Aitzitik, "jarduna" orekatua denean, besteen mugimenduetarako espazioa uzten du, eta bere indarrak modu estrategikoan erregulatzen ditu.
3. Hirugarren harreman trebetasuna hauxe da: besteekin edo identifikatzen garen ideiarekin edo objektuekin "bat egitera" garamatzana. Berau biziegi agertzen denean kanpoko objektuekiko nahiz subjektuekiko neurriz kanpoko identifikazioagatik, nork bere betebeharrak eta oinarrizko beharrak alboratzea dakar. Modu orekatuan agertzen denean, ostera, pertsona ingurukoen egoera emozionalaz arduratzen da bene-benetan, eta enpatiarako, komunikaziorako eta gertutasunerako joera erakusten du.
4. Laugarrena "bereizi" kontzeptuarekin erlazionatutako alderdiekin lotzen dugu. Honi esker, muga argiak ezartzen ditugu, baita gauzak egituratu eta ordenatu ere. Gaitasun hau gehiegi agertzeak kontrolarekiko, sistematizazioarekiko eta argitasunarekiko obsesioa ekar lezake. Aldiz, modu orekatuan agertzean, beharrezkoa den distantzia ezarriko du, argitasunaren, mugen eta arauen bitartez; betiere, malgutasunez. Modu horretan, trebetasun honen bidez, subjektua seguru sentitzen da osatzen eta egituratzen duen eremuan.
5. Bosgarren trebetasuna "berezkotasuna"rekin lotzen dugu. Trebetasun honek planifikatu gabeko mugimendura garamatza. Gaitasun honen gehiegikeriak, jokaera irrazionalera eta oldarkorrera eramaten du pertsona. Trebetasun hau bere neurrian agertzean, ostera, sormenari eta berria eta freskoa denari ateak irekitzen dizkio. Modu horretan, berritasunerako, dibagaziorako eta berezkotasunerako bidean jartzen gaitu.
Horiek guztiak erlaziorako aukerak dira, denak beharrezkoak, baina ez bata bestea baino garrantzitsuagoa. Beraz, hezitzaile bat hezigaiarekin erlazionatzen denean, harreman aberatsa eta pedagogikoa osatzen duten bost alderdi horiek aintzat hartu behar ditugu. Horietako jokaera bakoitza hezitzailearen harreman trebetasun baten agerpena izango da. Denak dira beharrezkoak egoeraren eta testuinguruaren arabera. Horietako bakoitza errealitate praktikora egokitzeko tresna baliagarria da, kontuan harturik, hezkuntza testuinguruetan gertatu ohi diren harreman egoerak aldakorrak eta azkarrak direla. Trebetasunok ez ditugu jokatzeko patroi finkotzat hartu behar. Aitzitik, trebetasun bat edo bestea agertzea, hezitzaileak heziketa unean bizitzen eta interpretatzen duenaren arabera egongo da, betiere trebetasun horiek hezitzailearen bitarteko pertsonaletan eta nortasun alderdietan eskuragarri baldin badaude.
Ikasbide esperientziala: gorputza eta sentsazioak
Lan honetan ikasbide esperientziala hartu dugu hezitzaileen prestakuntzarako oinarritzat, eta aipatu berri ditugun kontakturako eta harremanetarako bost forma horien garapenaren inguruan zentratu gara Garapen hori gorputzean eta hezitzaile bakoitzaren gorputz sentsazioetan oinarritzen da , hori da funtsa. Erlazio forma bakoitza esperimentatzeko, gorputz ariketez baliatu gara, eta horrek hezitzaileei ahalbidetzen die forma bakoitza garatzeko sor litezkeen zailtasunak eta erraztasunak beraien gorputzean bizitzea edo esperimentatzea. Modu horretan, hezitzaile bakoitzak hezigaiarekin duen heziketa harremanean nolako joera naturalak dituen ikusi ahal izango du, hots, autodiagnostiko bat egin ahal izango du. Aldi berean, hezkuntza praktikan bertan joera defizitarioenak garatzeko aukera izanen du. Hortaz, hainbat eta hainbat gorputz ariketa garatu izan ditugu, eta horiek izan dira ikasbidearen oinarria hezitzaile bakoitzaren praktika pedagogikoarekin batera.
Besteekin erlazionatzeko eta hezkuntza praktikaren barruan egoteko esperientzia hori, beste edozein giza esperientzia bezala, gorputzaren eta sentsazioen bitartez bizitzen dugu. Gizakiok gorputzaren bidez ematen diogu forma gure esperientziari. Jatorrizko substantzia horretatik sortua da gizakion mundua. Esperientzia gorputzean kokatzen da, eta arrazoiarekin batera, esperientziaren prozesu konplexuaren osagai bat da. Gizakiarentzat sakoneko esanahia duen pentsamendu eta ekintza ororen oinarrian dago sentitzea, eta ikaste esanguratsuen erdigunea sentitze horretan dago. Horregatik guztiagatik, hezitzaileen prestakuntzak aintzat hartu behar ditu hezigaiekiko duten esperientzian zer-nolakoak diren hezitzaileen harreman trebetasunen bizipenak eta sentsazio subjektiboak eta korporalak. Lan honek pedagogiaren arlo horretan egin nahi du bere ekarpena. Izan ere, uste dugu hezitzailearen joera naturalak -bai emozionalak, bai korporalak, bai kognitiboak- berez agertzen direla hezkuntza-ekintzan eta ez dutela behar adinako arretarik hartzen hezitzaileen prestakuntzan. Gauzak horrela, harreman trebetasunak gorputzaren bitartez sentitzen baldin badira, hezkuntza profesionalen prestakuntza ezin da alderdi kognitiboetan soilik oinarritu. Hezigaiarekin erlazionatutakoan, hezitzaileak esperientzia eta bizipen subjektibo hori gorputzaren jarrera edo molde batzuen baitan hautematen du, eta horrek modu jakin batean ekitera eta pentsatzera eramaten du. Horregatik guztiagatik, gure gorpuztasunak eratzen gaituela esan dezakegu, eta gorputzak, mugatzeaz gain, ahalbidetu egiten gaituela. Hori horrela izanik, ikaste esanguratsuan, pentsamendua berrantolatzeaz gain, sentimendu emozional bat sortzen da, esperientzia gorputzean sartua eta gorputzak bitartekatua baitago.
Ondorioak
Hezitzaileekin esku-hartzea bukatu ostean, emaitza oso positiboak eta interesgarriak eman zizkigun ikerketak. Izan ere, parte hartu zuten hezitzaile gehienek ongi ulertu baitzituzten harreman trebetasun bakoitzaren nolakotasunak, horren atzean zeuden sentsazioak sentitu zituztelako euren gorputzean. Horrek ekarri zuena zera izan zen: harreman trebetasunen eredua aplikatzea euren hezkuntza praktikan, eta esku-hartzearen kalitatea hobetzea. Hori guztia ikasbide esperientzialari esker. Prestakuntza bide honi erabat lotu zitzaizkion hezitzaileek esku-hartzearen hasieran baino ahalmen handiago agertzen zuten praktikak eskatzen zien beharretara egokitzeko.
Ondorioz:
- Ikasbide esperientzialaren aurrean jarrera irekia izan zuten hezitzaileak, berezkoak ez zituzten trebetasunekin jokatzeko gai izan ziren hezkuntza-praktikan. Egindako esperientziak erakusten du hezitzaileek bizipenen bidez harreman trebetasunak esperimentatzen dituztenean, euren estiloan aldaketak izateko bidean jartzen direla.
- Hezitzaileek berezkoa ez duten estiloa ager dezakete, baldin eta haren atzetik dauden sentsazioak inoiz sentitu badituzte, ez bestela.
- Nolanahi ere, oraindik bide eraginkorragoa findu eta garatu behar da norberak oztopo nabarmenak dituen harreman trebetasunetan aurrerapausoak emateko, baita gorputz sentsazioak sentitzeko zailtasunak dituztenekin lan egiteko moduan ere. Zinez, atal hau eta ikerketa honek jarri duen oinarria eta ireki duen bidea aintzat hartuz, hemendik aurrera lantegi bihurtzen da, non harreman trebetasun bakoitza esperimentatu ahal izateko bidean gehiago sakondu eta ikertu behar den: harreman trebetasun bakoitzaren garapenerako ikasbide esperientzialean sakondu, alegia. Beraz, ikerketa ildo hori irekita dago.
- Hezitzaile bakoitza prestakuntza esperientziaren fokua izateak nork bere burua findu beharreko hezkuntza tresnatzat hartzea ekarri du. Hortaz, hezitzaileen prestakuntza saioetan, atal teoriko eta teknikoaz gain, hezitzailearen eta hezigaiaren arteko elkarrekintza abiapuntutzat duen prestakuntza prozesuak sustatu behar dira, praktika pedagogikoarekin uztartuz.•