<i> M-learning </i>: joan eta ikertu

2005-05-01
Zarauzko Arte eta Historia Museoak m-learning-eko programa bat eskainiko die ikastetxeei irailetik aurrera.


Ikasleak herrian barrena ikertzen jarriko ditu, puntako teknologia eskuan, arkeologiako eta arteko inkognitei erantzuna aurkitzeko. Errotik konstruktibista den planteamendu hau posible izateko, teknologiak gaur eskaintzen dituen aukerak ikertu behar izan dituzte. EHUko Berril@b ikerketa laborategiarekin aritu dira elkarlanean.


"Menosca" izendatu duten proiektu honek, beraz, ate bat irekiko du aurrerantzeko programa didaktikoentzat eta museoentzat
 
 
Museoak, lau hormatatik kanpora





Zer da m-learning delakoa? Metodologia bat da, eta bere ezaugarri nagusia da non-nahi zabiltzala ere egoera horretan behar duzun informazioa jaso ahal izatea poltsikoko ordenagailu bati esker ("mugimenduan ikasi" litzateke movil-learning hitzaren esanahia). Adibide baterako, laster ikusiko dugun eszena bat: txangoan Santimamiñeko kobazuloetara joan, eta gidaria etorri aurretik ikasleek sakeletik pantaila aterako dute, GPSko mapa digitalean kobazuloak markatu, eta hormairudiei buruzko testuak edo azalpenezko bideoak jaitsiko dituzte saretik. Gero, makina berarekin argazki digitala atera estalaktitei, bideoz grabatu irakaslea pasabide estuan kabitu ezinik, gidariaren "txapa" audioan hartu, eta patrikara ordenagailua, berriz ere.


Hori dena teknologikoki posible da gaur PDA edo poltsikoan eramateko moduko ordenagailuei esker (uhinen bidez funtzionatzen dutenak). Laster denek izango omen dugu halako bat poltsikoan, telefono mugikorrekin gertatu zen bezala. Hori dela-eta, informazio-komunikaziorako tresna berri honek zer aplikazio izan ditzakeen ikertzen ari dira, une honetan, mundu osoan.





Zarauzko Arte eta Historia Museoan m-learning-eko programa ikastetxeentzat zabalik


Hezkuntzan nola atera zukua teknologia mugikorrari? Mundu mailan erreferente izango den programa berritzaile bat Zarauzko Arte eta Historia Museoaren ekimenez sortu da.


Zarauzko Arte eta Historia Museoak bere ondarearen dibulgazioa egiteko, ikastetxeei heziketa programak eskaini izan dizkie urtetan; programa horiek Arazi S.Coop. formazio enpresak antolatzen ditu. Arazi formazio enpresaren erronka zera izan da: nola sortu arkeologia lantzeko heziketa programa bat, teknologiak gaur eskaintzen dituen aukeren bidez. EHUko Irakasle Eskolara jo, eta Berril@b ikerketa taldeak lagundu die ideia gauzatzen (Berril@b Hezkuntza Berrikuntza eta Teknologia Berrien Laborategia da). Proiektua diruz lagundu dutenak, berriz, EHU, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zarauzko Udala dira. Hiru urte joan dira hasi zirenetik, eta inplementazio fasean sartu dira oraintsu. Zarautz bertako ikastetxeak ari dira programa esperimentatzen. Emaitza guztiak onak badira, datorren irailean bertan irekiko dizkiete ateak Euskal Herriko ikastetxe guztiei.





Erromatar aztarnak eta eskultura garaikideak ikergai


Zarauzko Arte eta Historia Museora datozen ikastetxeek bi ibilbide izango dituzte aukeran: historiaren ibilbidea (Burdin Aroko aztarnak, Erromatarren garaikoak eta Erdi Arokoak baitaude herrian), edota artearen ibilbidea (museoaz gain, Zarautz eskulturen herria baita).


Ibilbidea bata zein bestea izan, ikas-prozesua bera da. Hiru memento bereizten dira programa didaktikoan: lehenik, Zarautzera joan aurretik eskolan egin beharreko aurre-lana. Bigarrenik, Zarautzen egingo duten kanpo lana. Eta hirugarrenik, eskolara bueltatzean jasotako informazioarekin egingo duten lana.


Eskolan, Interneten www.menosca.com gunean sartu eta bertan hasiko dira programa didaktikoa lantzen. Ikasleei pantailan agertuko zaie zer ikas-prozesu burutuko duten, zer rol hartu beharko duten (ikerlari rola ala artista rola), zer lan eskatuko zaien prozesuaren amaieran eta nola ebaluatuko den (ikaslea uneoro bere ikas-prozesuren kontziente izan dadin bilatuz). Eta aurre-ezagutzak aktibatuko dira, ikastear daudenari sarrera bat eginez. Horretarako, Interneten hainbat informazio jaso beharko dute, bilaketa gidatuaren bidez (web orri batzuk gomendatuko zaizkie Interneteko mare magnum horretan gal ez daitezen).


Behin Zarautzera joanda, museoa n bilduko dira lehenik, eta gero taldeka jarrita, PDA edo poltsikoko ordenagailuak hartu, eta kanpo lana egin beharko dute: azken lana egiteko beharko duten informazioaren bila aterako dira. Pantailan GPSak azalduko die zer-non dagoen. Behin intereseko lekura iritsita, datu bilketa nola egin jakiteko PDAk eskainiko dizkie orientabideak ("grabatu halakori elkarrizketa", edo "jaso topatzen duzuena bideoz", edo "begiratu eskultura honi buruzko informazioa halako helbidetan"). Ibilbidean zehar, beraz, ikasleek kanpo lana egingo dute, informazioa jasoz audioan, irudian zein testuan. Bukaeran aztarnategia bisitatuko dute museoaren egoitzan.


Eskolara itzulita, tokian jasotako informazio hori manipulatu beharko dute azken lana osatzeko: power pointean historiari buruzko azalpena prestatu, edota arte-lanetan oinarrituta katalogo turistiko bat osatu. Ikasleen lan guztiak, gainera, museoaren web orrian jarriko dira. Ikastetxeek museoa berrelikatuko dute, beraz, ikuspegien mosaiko bat osatuz. Izan ere, ikasleentzat zenbaitetan interesgarriagoa gerta daiteke ondareaz beren adineko batek egiten duen irakurketa, museoaren azalpenak baino. Artistentzat ere gauza handia da euren eskulturen aurrean ikasleek zer inpresio jasotzen duten jakitea.





Pedagogikoki irekitzen dituen aukerak: konstruktibismoa praktikara eramatea


Heziketa proiektu honen abiapuntua testuinguru errealak eta esanguratsuak sortzea da, bertan ikasten dena aipagarria izan dadin. Scribner (1986) autoreak dioen bezala, edozein ikasketa eraginkorragoan baita testuingurua erreala denean, bertan ikasten dena gure oinarrizko ezagutzen zati bihurtzen denelako. Horretarako, proiektua erromatarrek "Menosca" bataiatu zuten lekuan kokatu dute: Gipuzkoako Oria eta Urola ibaien artean, hegoalderantz Pagoeta eta Ernio gailurrekin mugatuz (Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aia herriak biltzen dituela). Lurralde geografiko eta sozial honek bi dimentsio hartuko ditu: batetik edukia izango da (bertako ondarea izango da aztergai), eta bestetik ikas-toki izango da (espazio fisiko horretan bertan egingo dira jarduerak eta bertan eraikiko da ezagutza).


Ikasketa prozesua, berriz, konstruktibismoaren erroetan oinarrituko da: ikasleak ikerle bihurtuko dira, eta lekuan bertan arakatu beharko dute, jasotako informazio guztiarekin ezagutza eraikitzeko. Beraz, ikasten ikasiko dute, ezagutza zientifikoa eraikitzeko bidea berregingo dute. Teknologiaren funtzioa, prozesu hori bideratzea eta erraztea izango da.





Etorkizuneko museoak: lurralde-museoak


Museoaren kontzeptua erabat aldatuko da teknologia berriek eskaintzen duten aukerari esker. Izan ere, kultur elementuak lau horma artean sartzeak soilik ez du zentzurik izango, posible denean elementu horiek bere testuinguru naturalean ikustea (herrian edo kokatuta dagoen lekuan bertan), eta gainera, elementu horien informazioa ere zuzenean jasoko dugunean poltsikoko ordenagailutik (azalpen bideoak, testuak edo audioak jasoko ditugu saretik, pantailako mapa digitalean elementu hori seinalatzen dugunean). Hortaz, etorkizunean museoaren hormatan soilik sartuko da bestela behatu ezin den ondarea. Museoa erlikien kaxa izatetik, bere lurraldeko ondarearen dinamizatzaile izatera pasako da, eta ondarearen interpretazioaren bidez lurraldean garapen soziala eta biztanleen bizi kalitatea hobetzea izango da bere erronka.


"Lurralde-Museoa" izena eman zaio kontzeptzio berri horri bi zentzugatik: batetik, zentzu fisikoan, lurralde geografiko bat hormarik gabeko museo erraldoi bihurtzen duelako biztanle eta guzti, etengabeko mugimenduan eraldatzen dena. Eta bestetik, kudeaketa egitura den aldetik, lurralde-museoa garapen sustengarriko prozesuak zuzentzeko gai izango delako, ondarea nola erabili kudeatuz eta lurraldearen interpretaziorako estrategia bat martxan jarriz.





IKASTETXEEI ZABALIK


Irailetik aurrera ireki nahi dizkiete ateak ikastetxe guztiei.





Zarauzko Arte eta Historia Museoa.


Tel.: 943 835 281


Kontaktua: Juanjo Aranburu


Informazio gehiago:


www.menosca.com








Menosca: erromatarrek utzi zuten testigantza bakarra


Erromatarrek gure herriarekin izan zuten harremanaren berri testu klasikoetan soilik aurki zitekeen orain arte. Estrabonek, Pliniok eta Ptolomeok euskal kostalde honetan tribu batzuk bazirela aipatzen zuten.


Baina hortik aurrera, aztarnarik ez. Historiako mito zahar batek dio, erromatarrak ez zirela hemen izan; ez omen zuten euskal "Asterix" eta "Obelix"-ak garaitzerik izan.


Zarautzen azaldu diren aztarnek hankaz gora bota dute mitoa: 9.000 zeramika zati aurkitu dituzte, Erromatar zuzenak direnak, Santa Maria elizaren azpian. Aztarna horiei esker, Pliniok bere testuetan aipatzen zuen Menosca, barduluen kostaldeko herria, kokatu ahal izan dute: Ernio mendiak eta Urola eta Oria ibaiek osatzen duten triangeluan.





PDA: patrikako ordenagailua


Zer da? PDA (Personal Digital Assistant), izatez, agenda elektroniko bat da, baina orain 3 urteko edozein ordenagailu arruntek adinako kapazitatea duena, baita haiek adina ezaugarri eta konektatzeko gaitasuna ere. Horregatik eman zaie "poltsikoko ordenagailu" edo "eskuko ordenagailu" izena.


Aparailu bakarrak honako hauek izan ditzake: ordenagailuko programak, interneta, telefonoa, argazki kamera, audio grabagailua, bideo grabagailua, GPS, agenda, egutegia...


Wifi sistema: kablerik gabe funtzionatzen du PDAk, uhinen bidez. Beraz, PDA batekin Internetera konektatu ahal izateko, ezinbestekoa da zauden tokian wifi sistemako antena bat egotea. Gaur wifi antenak leku gutxitan dauden arren, laster toki denetan jarrita egongo dira.


Prezioak: 200-800 euro bitartean kosta daiteke, prestazioen eta etxearen arabera.


Denen patrikan, laster. Telefono mugikorrarekin gertatu zen bezala, hilabete batzuk barru PDA ere ia biztanle guztien patrikan egongo dela aurreikusten dute.








"IKTak eskolan erabiltzeko muga irakaskuntzaz dagoen kontzepzioa da"





IBAÑEZ, Alex, JIMENEZ DE ABERASTURI, Estitxu; CORREA, Joxemi


Berrila@b-eko kideak (EHUko Hezkuntza Berrikuntza eta Teknologia Berrien Laborategia)





Teknologia berrien adiktoak dira gaurko gaztetxoak. Zaletasun hori ikasketa prozesurako baliatu nahi izan duzue...


J. Aberasturi.- "Mugikorra ikasle guztiek erabiltzen dute DBHn, eta gu baino azkarrago. Teknologia berriekin ez dute arazorik. Eta gantxoa izan daiteke eurek kontaktu zuzena duten tresna hori ikasteko baliatzea. Lagunei argazkiak ateratzeko erabali beharrean, informazioa biltzeko, gordetzeko, manipulatzeko... erabiliko dute. Joko moduan, baina ikasteko, azkenean.


Correa.- M-learning -ak ikasleen errendimendua hobetzen omen duela-eta, ikerketak egiten ari dira. Teknologiak errendimenduan eragiten duen zerbait badu (motibazioa bultzatzen duela, edo ikasteko prozesuak errazten dituela, edo ez dakit zer den zehazki).





Teknologiak gaur ikas-prozesuetan eskaintzen dituen aukerak ez dira oraindik eskolara eraman behar beste.


Correa.- "Eskolan ikasten ikasi behar dela esaten dugu beti, edota ikasi bizitza osoan zehar egin behar dela. Teknologiak asko errazten ditu prozesu horiek, baina muga batekin egiten dugu topo: irakaskuntzaz dagoen kontzeptzioarekin, eta hori eguneroko aktibitateetan islatzen da.


Eskolak traba pila bat du teknologiak benetan dakarren berrikuntza onartzeko. Kontua ez baita teknologia sartzea soilik, curriculumean hainbat gauza aldatu behar dira. Eskatzen du planteatzea haurrak eskoletan zertarako dauden, irakaslearen papera zein izan daitekeen teknologia berriei esker, eta ikasleen papera zein izango den, protagonismoa nori eman, zer-nolako ekintzak planteatu...


Ibañez.- Azken finean, teknologia edukia den bitartean, ez da teknologia erabiltzen edukiak lantzeko, eta hori da arazoa. Guretzat gakoa da eskura daukagun teknologia erabiltzea, horrela edukiak lantzeko. Kasu honetan, m-learning-eko teknologia puntakoa da, baina era berean eskura dago, ez da maneiatzen zaila edo ekonomikoki lortu ezinezkoa.





PDA izeneko aparailua erabiliko dute Zarautz museora joaten diren ikasleek. Tresna hori irakasle gehienek ez dute ezagutzen; horrek atzera eginarazten die ala ez?


J. Aberasturi.- Nik beldur hori baneukan, baina kontrakoa izan da, eskolak animatu egin dira. Gainera, eskertzen dute berritasuna, ikasleentzat ere oso erakargarria izango dela ikusten dutelako .


Ibañez.- Irakasleen jarrera asko aldatu da lau urteren barruan. Gaur irakasleek gehiago dakite teknologiaz, baina, gainera, ikasi dute onartzen ikasleek eurek baino gehiago dakitela aparailuez, eta hori ez dela arazo bat; alderantziz, gelan ikasleek laguntzen badizute, orduan eta hobeto. Gaurko ikasleek guk baino mugikor hobeak dituzte, prestazio gehiagorekin, eta gainera ,prestazio horiei etekina ateratzen diete, saltseatzeko denbora eta ikasteko kuriositatea daukatelako. Irakasleak ulertu behar du teknologia berrietan ere soilik beharrezkoa zaiona hartu behar duela, eta gainerakoak ez ditu zertan jakin ere, dena ezin baita menderatu.





Museoek eskaintzen dituzten hezkuntza programak eskolen curriculumean txertatzeak zer garrantzia du?


Correa.- Eskolari gauza pila bat eskatzen diogu, eta eskola ezin da denera iritsi. Curriculumeko hainbat alor oso modu erakargarrian landu daitezke, beste hezkuntza eragile horiei esker (museoak, interpretazio zentroak...). Dibulgazioan eta heziketa programatan Zarauzko Arte eta Historia Museoak eskolarekiko duen jarrera mirestekoa da. Eta Zarauzko herriarentzat ere oso baliotsua da halako esperientzia bat muntatuta edukitzea.


Ibañez.- Azkenean, museoak egiten duen hezkuntza programa hori, eskola curriculumeko parte bihurtzen da. Alegia, zikloa ondo itxita gelditzen da: ez da museoak eskaini egiten duela eta kito, baizik eta eskolak beregain hartzen duela. Sistema horri esker eskolak lan ikaragarri kentzen du gainetik. Gaur egun beste hezkuntza eragileen eskaintza oso zabala da, eta eskolak nora joan aukeratu egin behar du bere curriculumaren arabera edota landu nahi duen gaiaren arabera.


Correa.- Eta garrantzitsua dena: museoentzat askoz errazagoa izan daiteke teknologia sartzea eta berrikuntza aktibitateak planteatzea, eskolarentzat baino. Museoen helburuetako bat dibulgazioa baita, eta jendearengana iristeko behartuta daude aktibitate erakargarriak eskaintzera, zerbait berria, puntakoa eskaintzera. Beraz, aurrerantzean ere halako heziketa esperientzia berritzaileak museoetatik bidera daitezke.


Alde horretatik ere, Zarauzko Arte eta Historia Museoak m-learning-ean esperimentatzeko egin duen apustua ez da museo guztietan topa daitekeen zerbait. Beste museoetan oso erlikia aberatsak egongo dira akaso, baina ez dituzte halako heziketa programak muntatzen, agian museo horien une gorena ez delako iritsi oraindik. Nik uste behin esperientzia batzuk martxan jarrita, hemendik aurrera asko zabalduko direla beste museoetara ere.





M-learning-ean oinarritutako programa erreferenteak Europan daude, baina oso programa gutxi garatu dira oraindik. Zuena ekarpen handia izango da, beraz; erreferente bat, mundu mailan ere.


Ibañez.- M-learning-a garatu gabe dago oraindik. Gu orain 3 urte hasi ginen artikulu batzuk irakurri eta esanaz: "hauxe da egin nahi duguna". Baina hau dena ez da gu inbentatzen ari garen zerbait ere; nonbaitetik ideia batzuk dabiltza hara-hona, eta pentsatzen dut mundu guztian ari direla teknologia berriek dituzten aplikazio posibleak pentsatzen, eta laster perretxikoak bezala aterako direla gauza diferenteak, baina era berean, oso antzekoak direnak.


Correa.- Jada ahaztuta daukagu, baina orain 6 urte nahiko arraroa zen unitate didaktikoak egiteko Interneta erabiltzea. Teknologikoki ordurako posible zen, eta erraza zen berez, baina aplikazio hori garatu gabe zegoen oraindik. M-learning-arekin berdin gertatzen da: orain ari gara mugikorrak, PDAk, wiffiak ikusten, eta hemendik hilabete batzuetara jende guztia horiek erabiltzen hasiko da, eta normalena izango da.


Ibañez.- Gu EHUko ikerketa talde bat gara, eta hain justu unibertsitatearen helburuak etorriko den horren gainean lan egitea, esperimentatzea izan behar du; horretan datza ikerkuntza. Behin gauzak martxan jartzen direnean, horiek garatuko dituzten enpresak ez dira faltako.


Gure kasuan, teknologia berrietan oinarritzen den heziketa programa hau bukatzen dugunean, prestatuta egongo gara (eta Zarauzko Arte eta Historia Museoa ere prestatuta egongo da) datozen aldaketei oso baldintza onetan aurre egiteko.





Eskolaren erronka berriak informazioaren gizartean





EHUko Berril@b-eko eta Arazi enpresako kideak


Derrigorrezko eskolaldian herritarrak zein oinarrizko ikasketa egin behar dituen erabakitzea da egungo eskolaren erronkarik nagusienetako bat; hau da, gain-informazioaren garaian curriculumaren hautaketa eta sekuentzia egitea.


Derrigorrezko eskola orokortu zenetik, diziplina akademikoetan oinarritutako curriculuma proposatu izan da. Aukera horren alde egin zuten hezkuntza sistemarik gehienek, nahiz eta arazo asko zekartzan.





Zer muga ditu diziplinazko curriculumak?


Diziplinazko planteamenduek garrantzi handiegia ematen diote jakintza purista eta abstraktuari, eta horrek gizarte arazoak alde batera uztea dakar. Orokorrean, diziplinazko curriculumak:


• Botere zentro batetik irakaskuntza kontrolatzea errazten du (administraziotik, zuzendaritzatik). Horrek, gizarte eta kultur errealitate desberdinak kontuan hartzea zailtzen du.


• Irakasleen lanean eta paperean oinarritzen da ia erabat.


• Akademikoki ondo egokitutako jendearengan pentsatzen du eta beste gaitasun mota bateko ikasleen errekonozimendua eta balorazioa zailtzen ditu.


• Ez ditu kontuan hartzen ikasleen izaerak eta interesak.


• Errealitatearen errepresentazio zatitua aurkezten du.


• Gerturatze pedagogiko instruktiboegia eta erreproduzitzaileegia erabiltzen du, aldez aurretik testu liburuek eta irakasleek liseritutako informaziotik abiatuta.


"Naturaltzat" hartzen den curriculumaren kontzepzio errotu horrek galarazten ditu paradigma pedagogiko berriak eta IKTak planifikazioan erabiltzea eta praktikan jartzea.





Curriculum integratuaren ikuspegiak, zer aukera eta zer arrisku dakartza?


Curriculum integratua txertatzen duten eskolek artxipielago izateari utzi nahi diote, diziplinek, sailen antolamenduek eta ordutegiek zatitutako uharte izateari utzi, isolamendu hori gaindituta ikasleen alde jartzeko eta ez haien kontra. Curriculum integratua ez da baztertzailea, ez baitu eskolako jakintza ordenatzeko modu bakar bat markatzen.


Ikasleei bizitza errealeko arazoetatik abiatuta ikertzen erakutsi nahi zaie. Ikasleak prozedurak lantzen ditu azkenean egiten ikasteko eta pentsatzen ikasteko, hori izango baitzaio lagungarri bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko. Testuinguru horretan, IKTek, informazioa tratatzeko erreminta indartsu diren aldetik, balio hezitzaile eta prestatzailea hartzen dute. Eta, batik bat, eskolako jakintza eguneratzeko klabea dira, baita ikasle bakoitzak errealitatearen esparru askotarikoak arakatzeko beharrezkoa duen oinarrizko "aldamioa" eskaintzeko ere.





Curriculum integratuaren aldeko arrazoi psikopedagogikoak hauek dira:


• Ikasleak ez du espezializazio terminoetan pentsatzen. Errealitateko galdera ulergarriei erantzuten dieten diziplina arteko gaiak gertuago daude pentsatzeko modutik, diziplinen norabide bakarreko bilaketatik baino.


• Proiektuek eta gai didaktikoek arazoak delineatzen dituzte. Arazo horiek, diziplina partikularretan kokatu beharrean, hainbat materiatatik aztertu beharrekoak dira, edota diziplina beraren "ikuspegi" anitzetan oinarrituta.


• Proiektuek tarte zabalagoa uzten diote ikasleek ekindako ikasketari. Ikasleak hobeto jarrai dezake bere erritmoa, diziplina partikular baten egituraren presiopean sentitu gabe, jakin behar denaren aldez aurreko antolamendu sekuentziatu baten menpe egon gabe.





Curriculum integratuak irakaskuntzaren kontzeptzioan eta kudeaketan dituen ondorioak


• Elkarlanean arituko den irakasle talde bat behar da. Gainera, ez dago aldez aurretik egindako lanik eta horrek irakasleentzat lan gehiago sortzen du.


• Irakaslearen papera ikasleen laguntzaile izatea da eta neutrala izaten saiatu beharko du, ikasleak bere ikuspuntuak jarri ahal izateko, bereziki gai gorabeheratsuetan eta erantzun jakinik ez dutenetan.


• Espazioak eta denborak dimentsio berria hartzen dute. Ikastetxe barruaren eta kanpoaren arteko hesi fisikoak pitzatzen dira ikasketa inguru dibertsifikatuak diseinatzean. Eskola ordutegiak ez du zertan 60 minutuko eskoletan zatitua egonik: behar beste denbora eskainiko diete proposatutako lanei. Gelak ikasketa gune izateari utziko dio eta taldeek lekurik egokienean egingo dute lana: liburutegian, laborategian, informatika gelan... Ikastetxeko espazio-denboraren barne eta kanpoko horma erori egingo da, ikasleak etxean jarrai dezakeelako ikerketa lana egiten, duen informazioa itsasten.


• Izaera guztiz instruktiboko materialek garrantzia galtzen dute; hala nola ikasleari mozteko, itsasteko, gogoratzeko edota aurrez memorizatutako formulak txertatzeko soilik eskatzen dieten testu liburuek edo ariketa orriek. Curriculum integratuaren xedea baita lan proiektuen bidez ikasleek informazioa erabiltzea benetako arazoei aurre egiteko (informazioa hautatuz, interpretatuz eta jakintza bihurtuz). Horregatik da garrantzitsua informazio iturriak erabiltzen jakitea: liburuak, aldizkako argitalpenak, datu baseak, ikus-entzunezko dokumentuak... Eta horietarako bidea errazten dute IKTek.


• Ebaluazioak utzi behar dio ikasleari zer egiteko gai den erakusten, benetan ikasi duena adierazten. Horretarako ez dira ebaluazio sistemarik egokienak baleko erantzun bakarra duten galderatan oinarritzen direnak.





Curriculum integratura pasatzeko prozesua nola egin behar litzateke?


• Estamentu guztiek hartu beharko lukete parte berrikuntzarako elkarrizketa prozesu batean: administrazioak, ikastetxeetako zuzendaritzak, irakasleek, ikasleek eta familiek.


- Administrazioak konfiantza gehiago jarri beharko luke eskolen autonomian.


- Zuzendaritzak ikastetxearen planifikazio integrala planteatu beharko luke, non kontuan izango liratekeen ikasketa espazioen dibertsifikazioak eta IKTen erabilera intentsiboak eskatuko lituzketen antolamendu dimentsioak.


- Irakasleek gaitasun eta ezagutza pedagogikoak garatu beharko lituzkete, euren "informazio transmisore" paperetik "ikasleen ikasketa erraztaile eta orientatzaile" paperera pasa ahal izateko. Prestakuntza prozesu horretan, paper garrantzitsua hartzen du IKTak erabiltzeko teknikak eta erabilerari buruzko gogoeta pedagogikoak.


- Ikasleari laguntzeko moduko ikasketa inguruak jarri behar litzaizkioke, ikasketa prozesuan bere arduraren jabe izan dadin eta ikasteko arrazoiak bilatzearen garrantziaz jabe dadin.


- Zentroak ikasketa komunitate bihurtu behar lirateke, eta sendiek seme-alaben heziketarako laguntza eta orientazioa bertan izango lukete; era berean, gurasoek parte-hartze handiagoa eta arduratsuagoa izango lukete eskolako ikasketetan.


Bukatzeko, IKTak erabilita hezkuntzak hobera egiteko, gauza askok aldatu beharko dute. Horietako asko irakasleen esku daude: egungo eskolan duten papera eta ardura birplanteatu beharko dute. Baina beste gauza asko irakasleen erabakitzeko ahalmenetik at daude, ikastetxearen zuzendaritzaren, administrazioaren eta gizartearen beraren esku.