Kronika

2005-05-01
 
 
Nafarroako haur eskolen egoe ra nahasia bada, etorkizuna are nahasiago. Hainbat udalek herri ekimeneko lege proposamena aurkeztu dute, baina Nafarroako Parlamentuko Mahaiak atzera bota du. Proposamen horretan zera eskatzen zen: 0-3 urteko haur eskolen ardura Nafarroako Gobernuak hartzea.
Herri ekimenak huts egin ondoren, hurrengo bi hilabeteetan lege proposamena egingo dute eta ekainean igorriko dute Parlamentuko Mahaira.
Udaletako ordezkarien arabera, gaur egun udal guztiek ezin diote aurre egin haur eskolek eskatzen duten inbertsioari, eta eskolak dituztenentzat ere "karga" handia suposatzen du.
EAEko Haurreskolak Partzuergoan, ostera, beste arazo batzuk dituzte. Bertako langileak ez daude ados Partzuergoko Zuzendaritza egiten ari den hainbat gauzekin. Desadostasunak daude hainbat punturen inguruan: lan hitzarmena, hezitzaileen zein haurren ordutegia, lan osasuna, ikuspegi pedagogikoa...


Lanbide Heziketan berrikuntza ugari Euskal Herri osoan
Hezkuntek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Lanbide Heziketa sustatzeko xedez sortutako elkarte bat da. Ikasleei Hego Euskal Herriko D ereduko lanbide eskoletan ikasteko laguntza ematen die.
Iparraldean Seaskan ikasten duten ikasleek ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzte, baina lizeotik atera ondoren, ez dute ezer euskaraz, unibertsitatean euskal ikasketak egiten ez badituzte bederen. Gainerako unibertsitate ikasketak eta lanbide ikasketak frantsesez baino ez dira eskaintzen.
Egoera horretan, Hezkuntek-ek teknologia ikasketak bultzatu nahi ditu. Gazteei prestakuntzan lagundu nahi die, eta bere gain hartzen ditu ikasleen matrikulazio gastuak, etxebizitza edo janaria.
Badu bigarren helburu garrantzitsu bat ere: Iparraldean industria garatzea eta behar diren bitartekoak sortzea, horretarako ohiturarik ez baitago.
Ikasturte honetan bederatzi gazte ari dira Hegoaldeko lanbide eskoletan ikasten.
Nafarroan Lanbide Heziketaren ildo berriak zehaztu ditu bertako gobernuak. Espainiako Gobernua kalifikazio sistema berri bat prestatzen ari da eta horri loturik egin dute aldaketa enpresariekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostuta. Ikasleen heziketa eta kalifikazioa hobetzea du helburu aldaketak, eta lau ildo nagusi zehaztu dira horretarako: zentro integratuak osatzea ikasleentzat eta langileentzat; informazioa zabaltzeko eta aholkuak emateko bideak garatzea eta bultzatzea; enpresetako langileek duten jakintza eta trebezia maila neurtzeko eta kualifikatzeko prozesuak zehazteko bideak finkatzea.
Berrikuntzekin jarraituz, Errenterian (Gipuzkoa) irekitako Tknika zentroa aipatu behar. Lanbide Heziketarako eta etengabeko ikaskuntzarako berrikuntza zentroa da eta erreferente bilakatu nahi du bai Euskal Herrian eta bai hemendik at ere. Informazio eta komunikazio teknologia berriak, ikerketa, berrikuntzak, ikastetxeak, enpresak, ideia berriak... izango ditu eguneroko jardunaren ardatz.


Nafarroako D ereduko ikastetxeak leku arazo larriekin daude
Nafarroako Parlamentuko hizkuntza politikarako batzordea zortzi hilabetez jardun da gobernuaren hizkuntza politika aztertzen. Hainbat txosten izan dituzte esku artean, baina azkenean ez dute inolako adostasunik lortu. Horrenbestez, gauzek lehengo moduan jarraituko dute. Hala ere, PSNk mozio bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Ponentzia berriro martxan jarri nahi du Iruñerriko egoera eta Erriberako ikastolena soluzionatzeko.
Euskara Kultur Elkargoa etsita agertu da, politikariek ez dutelako lortu herritarren eskaerei erantzunik ematea. Hizkuntza Gutxituen Europar Bulegoarentzat frogatuta gelditu da euskara eztabaida politikoko gai bat dela. Eta Aurten Bai Fundazioaren hitzetan, "akordio zabal eta sakonaren beharra" nabarmen ikusi da.
Bien bitartean, seme-alabentzat euskararen aldeko hautua egiten duten gurasoak gero eta gehiago dira. Datorren ikasturteko aurrematrikulazioetan islatuta gelditu da.
Orain, arazoa leku falta da, bai ikastoletan eta bai Iruñerriko eskola publikoetan. Iruñerriko ikastoletan 274 ikaslek eman dute izena, baina 225entzat baino ez dute lekua; 49 haur sare publikora bideratu beharra izan dute. Arrotxapea auzoko Patxi Larraintzar eskola publikoan 75 haurrentzako lekua eskaini dute, eta 86k eman dute izena. Antsoaingo Ezkaba ikastetxean ere 75entzako lekua dago eta 93 matrikulatu dira. Arazo bera dute Txantreako Arturo Campionek eta Axular ikastolak, Sanduzelaiko ikastetxeak eta Alde Zaharreko San Frantziskok.
Nafarroako Gobernuak eman duen "irtenbidea" zera izan da: Arrotxapeako Cardenal Ilundain ikastetxean, orain arte gaztelaniazko eta ingelesezko ereduak eskaintzen zituen eskolan, euskarazko lerro bat irekitzea Patxi Larainzarreko haurrentzat. 25 haurrentzako tokia izanen da. Patxi Larrainzarreko gurasoak, ikasleak eta irakasleak eraikin berriaren zain daude aspalditik.
Sortzen-Ikasbatuazen iritziz "aurrerapausotzat" jo behar da D ereduko lerro berri bat irekitzea, baina horrek ez du arazoa konpontzen.


Azpeitian gazte hizkerari buruzko jardunaldiak egin ziren hilaren hasieran Ttakun kultur elkarteak eta Urtxintxa Eskolak antolatua, eta ondorio ugari atera zituzten, bai Euskal Herri osotik joandako gazteek eta baita helduek ere.
Eztabaidaren muinetako bat gazte hizkera estandarraren izan zen: hizkera estandarrik edo baturik behar den ala ez. Helduek baietz uste badute ere, gazteak ez daude ados. Hizkuntza estandar moduan euskara batua hor egonik, norberak bere hizkera mantentzea aberatsagoa dela pentsatzen dute. Horren aldeko hainbat argudio dituzte: bakoitzak bere euskalkia erabilita lasaiago mintzatzen dira eta elkar ederki ulertzen dute, naturaltasunik ez dute galtzen, eta aberatsagoa da. Horri heltzearen aldekoak dira gazteak, eta horrekin gazte hizkera indartzeko apustua egin nahi dute. Horretarako, gazte hizkera sortzeko, ezagutzeko eta erabiltzeko konpromisoa agertu dute. Gazte topaketak bultzatzea egoki ikusten dute xede hori lortzeko, edo bideratzen hasteko, bederen.
Hala ere, bide horretan gainerako gizarte eragileen laguntza eskatzen dute. Administrazioei gazte hizkera bultzatzeko programak diseinatzea eta martxan jartzea eskatzen diete. Komunikabideei kazetariak gazte hizkeran prestatzea eta hizkera hori modu naturalean erabiliko duten telesail, aldizkari... gehiago egitea. Eta irakaskuntzari hizkera hori zeharka lantzeko saioak, hitzaldiak eta abar bideratzea.