Udako Topaketak: 500 irakasleren bilgune<br />Izena emateko epea pasa bazaizu, oraindik bada lekua zenbait <br />ikastarotan

2005-06-01
VI. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoetan, hezkuntza gaiei buruzko ikastaroak gauzatuko dira aurten, denak euskaraz. Horietatik, 11 erabat berriak dira. Ikasle paperean txankletatan etorriko direnak, berriz, hezkuntza munduko 500 partaide izango dira. Matrikulaziooa egiteko gogoz gelditu direnek, oraindik ere aurkituko dute zirrikituren bat zenbait ikastarotan. Topaketak uztailaren 4, 5 eta 6an izango dira, Donostian. Ikastaro guztiak goizez izango dira, eta arratsaldeetan saio libreak, denentzat aukeran.
 
 
Aurten eskaera gehien zer ikastarok izan duten ikusi, eta horixe izan daiteke ikasturte honen erretratu edo "fotofinish" argiena: "Harremanak gelan" ikastaroa, "Adimen emozionala" eta "Dislexia" izan dira eskaera gehien jaso dutenak. Ikasturte honek gizartean piztu dituen alarma bi dira, nonbait: bullying-a batetik, eta bestetik emozioen gaiari eman berri zaion garrantzia. Iazko ikasturtean kasik esanahia ezagutu ere ez, eta aurtengoan denen ahotan ibili diren hitzak dira.

11 ikastaro berriez gain, halaber, hezitzaileen oso gustuko izaten jarraitzen duten beste ikastaro batzuk ere badira; hala nola "Musika ordenagailuz", "Jolas kooperatiboak", "Psikomotrizitatea" edo "Heriotza heziketan". Interesen artean denetik dago, beraz.



Arratsaldeetan, saio libreak

Ikastaroetan matrikulatu edo ez, arratsaldeko saioetan nahi duen edonork parte har dezake. Pedagogia Fakultatean izango dira, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.



Uztailak 4, astelehena

"Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumaren aurkezpena"

Zer da? Zertan eragingo digu? Nola ezarriko da? Galdera horiei erantzungo die Pedro Mari Legarretak, Euskal Curriculumeko Zuzendaritza Teknikoko kideak.



Uztailak 5, asteartea

"Ilargiaren sekretua" filmaren material didaktikoaren aurkezpena (DVDa)

Film bat nola egiten den erakusteko material didaktikoa sortu du Hik Hasik, DVD euskarrian. Beronen azalpena egingo dute Alicia Garaialdek (Filmaren zuzendariak) eta Joxe Mari Auzmendik (Hik Hasiko kideak).

Ipuin kontaketa

Pello Añorga kontalariak, ipuin sorta batez azalduko du bere ibilbidean zehar haurrei kontatzeko zer modu erabili izan dituen.



Zein ikastarotan eman dezaket oraindik izena?

Matrikulazio epea bukatu den arren, badira ikastaro batzuk kopuru mugaturik ez dutenak, edota oraindik lekua badutenak. Beraz, horietakoren bat egin nahiko bazenu, izena emazu ahal bezain azkar. Ikastaro hauetan dago tokia:

- Neobook

- Power Point

- Aldizkari tailerra: ikastetxeen webguneak Berrian

- Antzerki klown-a

- Jolas kooperatiboak

- Gorputz jarreren heziketa

- Ahozko hizkuntza

- Disgrafia

- Euskararen erabilera nola sustatu

- Artearen txokoa

- Heriotza heziketan

- Estresa irakaskuntzan

- Ikas-estilo eta estrategiak

Izena emateko, jo gure web orrira (hikhasi@hikhasi.eus) edo deitu telefonoz: 943 371 408.