101: Hik Hasik hamar urte bete ditu

2005-10-01

Euskal Herriko ikasleei eta herritarrei zor diegun kalitatezko eta ongi finkaturiko hezkuntza eredu barneratzaile edo inklusibo bat osatzen ari gara.

 
 

Hik Hasik 10 urte bete ditu. Orain dela 10 urte sortu zen oinarri programatiko bat abiapuntu hartuta. Hik Hasi proiektua kokatzen zuen eta baita helburuak ere. Orain, 10 urte pasa ondoren, oinarri haiei, urte hauetan emandako urratsei eta etorkizuneko ildoei begira jartzeko unea iritsi da.

Euskal hezkuntzan emaitza handiak lortzen joan gara azken hamar urteotan. Hala ere, kezka berriak sortzen doaz etengabe gure hezkuntza sistema propioari dagokionez.
Nafarroa, Iparraldea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lotura guneak jaiotzen doaz apurka-apurka. Mugimendu horri guztiari, euskal hezkuntza sistema deitzen diogun horri, gizartean ongi erroturiko norabide euskaldun baterantz bideratzen jarraitzea da etorkizunerako lana, normalizazioa lortu arte. Zatiketa gainditzea eta herritarren kohesioa lortzea izan behar dugu helburu.
Hezkuntza, eskubide unibertsal izateaz gain, lehentasunezko elementua da garapen pertsonalerako zein herri baten garapenerako.
Hori ahaztu gabe, gure hezkuntzaz dihardugunean, zehatzago esateko eta laburbilduz, hontaz ari gara: euskal kulturan eta munduko gainerako gizarteekiko zabaltasunean oinarritutako curriculum propioaz, irakasle zein hezitzaile iraunkor eta euskaldunaz, euskaldunok geure esperientzia eta behar propioetatik eraikitako hezkuntza eredu batetaz, zentro bakoitzaren autonomiaz zein baliabide publiko nahikoaz; azken batean, Euskal Herriko ikasleei eta herritarrei zor diegun kalitatezko eta ongi finkaturiko hezkuntza eredu barneratzaile edo inklusibo batetaz ari gara.
Jada 10 urte konplitu ditu Hik Hasi aldizkariak. 10 urte Euskal Herriko ikastetxe eta irakasle gehienen eskutan. Hilero ikuspuntu eta atal desberdinak jorratuz. Hezkuntzako arazoei arnas emanez. Haur eta gaztetxoekin lan egiten dugunon hileroko informazio, eztabaida eta elkargunerako tresna bilakatu zaigu aldizkaria. Euskal hezkuntza munduan nolabaiteko erreferentzia izatera ailegatu garela ere esatera ausartuko ginateke.
Guztion ekarpenen beharrean jarraitzen du aldizkari honek, ateak zabalik ditugu orain ere, duela harmar urte bezalaxe, nahi duzuen guztiok parte har dezazuen.