Kronika

2005-10-01
 
 

Seaskak gero eta ikasle gehiago ditu, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkio behar adina irakasle postu eman nahi: bost postu erdi gehiago, alegia.

“Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du galarazten, ofizialki, ikastolen garapena, baina euskararen galera indartzen duen logika batean sartu da”, Ixabel Xarriton Seaskako lehendakariaren hitzetan.

Postuak ukatzeko motiboa, “eskualdeetako ikastetxeen arteko berdintasun eredua” dela argudiatu du Hezkuntza Ministerioak. Ikasgelatako haur kopurua hartzen du haintzat, ez hizkuntza helburuak lortzeko behar diren baliabideak.
Irailaren 14an Seaskako 50 kidek Paueko Akademia Ikuskaritza okupatu zuten, ahalik eta ikuskariak bilkura baterako hitzordua eman zien arte. Poliziak indarrez atera zituen gero.

% 41 dira D ereduan Euskal Herrian

Euskara hutsean ikasten dutenak erdia baino gutxiago dira. Datu hori unibertsitarioak ez diren ikasleei dagozkie. D ereduak zenbaki ezberdina hartzen du hiru administrazioetan: EAEn % 52, Nafarroan % 24 eta Iparraldean % 4,6.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan D ereduak gero eta ikasle gehiago ditu. Orain 10 urte, hirutik batek soilik hautatzen zuen D eredua, eta aurtengo ikasturtean bitik batera pasa da kopuru hori. Etorkizunean ere euskararen hautua gero eta gehiagok egingo duela dirudi, izan ere, Haur Hezkuntzan % 7,8 baino ez dira arituko aurten gaztelerazko A ereduan (euskara ikasgaia da). D eredua hautatzen du % 62k.
Nafarroan gaztelania hutseko G ereduan eman du izena % 54k. D ereduan ari direnak % 24 dira, eta A eredukoak % 21. B eredu elebiduna 4 ikaslek soilik hautatu dute.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 2.200 ikaslek jardungo dute murgiltze ereduan. Frantsez hutsean ikasiko du % 95,6k.

A eta B ereduek ez dute euskalduntzen, baina eskaintzen dira

Hizkuntza ereduen eztabaidak itxi zuen joan den ikasturtea, eta berria ere gatazka berak ireki du. Anjeles Iztuetak zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskara maila neurtzeko azterketa egin zien EAEko 16 urteko 1.192 ikasleri (ingelesezko First mailaren pareko froga zen). Emaitzak argigarriak ziren: euskaraz komunikatzeko gaitasuna, A ereduko bakar batek ere ez zeukan, B ereduko % 33 zen gai eta D ereduan % 68.

EAEko hizkuntz ereduen sistema hori, duela 23 urte indarrean jarri zena, gaur aldatzeko premian dagoela esatean bat datoz eragile guztiak, baina erritmoetan ez daude ados. EHBErentzat aztoratzekoa da. “Administrazioak hizkuntz eredu batzuek indarrean dagoen legedia ez dutela betetzen aitortzen du, baina, bitartean, hizkuntz eredu horiek eskaintzen jarraitzen du”. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkariaren ustez, hezkuntza sistemak haur guztiak euskalduntzeak “lehentasun politikoa” izan behar du.

Nafarroan D eredua: “prefabrikatua” edo “alegala”

Patxi Larrainzar ikastetxean haurrak ez dira eskolan hasi irailean. Gurasoek hori dute greba egiteko modua. Eraikin berria eskatzen diote administrazioari, masifikazioa dela-eta. Egun, Ave Maria ikastetxearekin (gaztelaniazko eredua) partekatzen dute eraikin bera, prefabrikatua, gainera.Guztira 610 ikasle daude, eta ez dago haur guztientzat tokirik. Hezkuntza Departamentuko ordezkariek kontrakoa erantzun diete, ordea: “aurten izena eman duten haur guztiak hartzeko tokia sobera dago. Ikastetxe horretan ez dago aparteko arazorik”.

Sortzen-Ikasbatuaz-ek beste behin ere salatu du Nafarroan D ereduko ikastetxe publikoek duten egoera. Haurren matrikulazioa etengabe igotzen ari da, baina inbertsioak ez omen dira neurri berekoak. Sortzenen arabera, Iruñerrian sei eskola berri eta lau institutu egin beharko lirateke.

Bost ikastola legeztatu ezinda

Nafarroan bost ikastolek alegalak izaten jarraitzen dute: Beran, Irunberrin, Lodosan, Tuteran eta Vianan daude, Gobernuak “zonalde ez euskalduna” izendaturikoan (Berakoak izan ezik). Bostak kooperatibak dira, hau da, legez ezarritakoak, baina baimen administratiborik gabeak. 540 ikasle dituzte, eta 21-30 urte bitarteko antzinatasuna dute.

Legeztatzeko, Nafarroako Gobernuak eskatzen dituen baldintzak betetzea ez da erraza: instalazio jakin batzuk behar dira eta 18 ikasle, gutxienez, ikasturte bakoitzean. Gurasoek 7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egin dituzte orain artean. Nafarroako Ikastolen Elkarteak bost urteko trantsizio plana proposatu du ikastola horiek kontzertatuak izateko: Gobernuak urtero 90.000 euro gehiago eman beharko lituzke inbertitutakoa berreskuratzeko eta ikastolak kontzertuan sartzeko.
Legeztatzeko epea pasa da, baina legearen arabera ikastolek oraindik ere badute denbora negoziatzeko. CDN horren alde agertu da; UPNk, aldiz, ikastolei diru laguntza bereziak kentzeko bideak jorratu nahi ditu.

Erlijioak ikastetxeetan egon behar duen ala ez, horixe da Hego Euskal Herrian hautsak harrotu dituen gaia.

Izan ere, Espainiako PSOEren Gobernua prestatzen ari den Hezkuntzarako Lege Organikoan hauxe da aurreikusten dena: ikastetxeak erlijioa ikasgaia eskaintzera behartuta egongo dira, baina ikasleentzat hautazkoa izango da, eta emaitzak ere ez dira selektibitateko bataz besterako kontuan hartuko.

Bizkaiko Ikasle Katolikoen Guraso Elkartea lege proposamenaren aurka azaldu da, euren ustez erlijioa ikasgaiak derrigorrezko eta ebaluagarri izan behar baitu. Era berean, Eliza Katolikoarena ez den beste sinesmenen bat dutenek ere sinesmen horri buruzko ikasgaia eduki beharko luketela diote, eta bestetik, inolako erlijio ikasgairik eman nahi ez dutenek ere libre behar dutela ikasgai horretara ez joateko.
Beste zenbaitek, erlijioen kultura eta historia ezagutarazteko ikasgai bat sortu behar dela dio.
Sokaren beste muturretik, erlijioek eskola orduetan inongo lekurik ez dutela eduki behar diote. EILAS sindikatuko Pedro Matxoren aburuz, erlijioen kultura edo historia jasoko lukeen balizko ikasgaia sortzearen inguruan dagoen eztabaida “faltsua” da: “eduki horiek orain ere badaude curriculum ofizialetan. Geografia eta Historian eta Filosofian beti ikasi dira. Are gehiago, bi ikasgai horietan oinarrizko gaia da”.