Lamiako eskola, Leioa: Lamiakon maskarada berezia ospatzen da. Ikasleek maskarada txikia sortu dute.
Lamiako eskolan egiten dugun ekintza baten berri kontatu nahi dizuet: Lamiako Maskarada Txikia. Lamiako Leioako auzoa da, eta tradizio handiko maskarada ospatzen da urtero, maiatzaren azken ostiralean. Orain dela hiru urte, gure ikasleek ikasturte amaieran sorpresa bat eman nahi zigutela esan ziguten, eta guri ezer esan gabe, isilpean, beraien kabuz eta ekimenez, Lamiako Maskarada Txikia eskaini ziguten. Geroztik, urtero ospatzen dugu jaialdia.
Lamiako Maskarada ez da Zuberoako maskaradak bezalakoa, ez eta hain ospetsua ere, zoritxarrez. Haatik, auzotarrentzat garrantzi itzela du, eta Euskal Herriko mitologian ere leku pribilegiatua du. Lamiakoko maskaradaren berezitasunetako bat izenak berak azaltzen digu. Lamiak dira pertsonaia nagusiak, protagonista nagusiak, eta horiekin batera, beste pertsonaia mitologiko ugari agertzen dira. Musika, dantzak eta mitoak, horiek denak nahastuta osatzen da gure maskarada.
Auzoaren izena bera ere hortik dator: Lamiako. Urte asko dituen ohitura edo tradizioa da maskarada ospatzearena. Auzotar guztiek hartzen dute parte. Horrelako ohiturek bizirik jarrai dezaten, garrantzitsua izaten da zahar eta gazte, haur eta heldu, denek parte hartzea eta dantzak eta istorioak ikastea. Ez dakigu eskolako haurrek kezka hori zuten edo ez, baina kontua da euren jaialdi txikia egitea bururatu zitzaiela. Eskola txikia da gurea; 28 ikasle ditugu Haur Hezkuntzan, eta 29 Lehen Hezkuntzan. Horri esker, ikasleen arteko harremanak gertukoak dira, eta baita irakasleekikoak ere. Gertutasun handia dugu, eta ongi ezagutzen dugu elkar. “Gauza txiki bat egingo dizuegu”, esanez etorri zitzaizkigun orain hiru urte ikasturte amaieran, eta izugarria egin ziguten. Ikasturte amaierako azken egunean maskarada antzeztu ziguten. Auzoan egiten den berdina, baina xumeago. Prestakuntza handirik gabe, baina intentzio osoz eta eskolako Lehen Hezkuntzako haur guzti-guztien partaidetzarekin. Isilpean aritu ziren entseguak egiten, elkarri erakusten, musika lortzen… Atsedenaldiak baliatu zituzten pertsonaien banaketa egiteko, arropak biltzeko, maskarak egiteko, dantzak ikasteko eta abar. Irakasleok txundituta gelditu ginen auzoan euskal mitologiak zuen tradizioa gure ikasleek bereganatu zutela ikusitakoan.Jarraipena eman diogu
Horrelako ilusioarekin egindako lanari jarraipena eman behar zaio, horretan dudarik ez genuen, eta ikasleei urtero jaialdia egiten laguntzeko erabakia hartu genuen. Asmo horrekin, geroztik gauzak hobetzen eta osatzen joan gara. Auzoko Maskaradako kideekin harremanetan jarri ginen eta maskarak eta mozorro batzuk utzi zizkiguten. Arropak bilatzen eta prestatzen laguntzen diegu guk, eta irakasle batzuek antzezlanean parte hartzen dute. Iaz Maskaradaren aurkezpena, azalpen testuak, doinuak eta musika CD batean grabatu genituen, eta megafoniaren bitartez entzun ahal izan zen emanaldiaren unean. Horrek asko lagundu zuen ulertzen. Leioako gainerako ikastetxeetako ikasleak gonbidatu genituen, eta azken dantzan, lamia dantzan, denek hartu zuten parte. Auzotarrak ere harro sentitzen dira haurrek egiten duten jaialdiarekin, eta gainera, badakite horrek auzoko Maskaradari jarraipena emango diola eta haur horiek han ere parte hartuko dutela. Hitz batean esanda, tradizioari eutsi egingo zaiola.Lamiako Maskarada
1. zatia Maskaradaren lehen zatian, dantza eta musika artean, pertsonaiak agertzen eta aurkezten dira pixkana. Nagusiak lamiak dira, emakumeen gorputza eta ahate hankak dituzten pertsonaiak. Ura atsegin zaie eta haren zurrumurruak abestera bultzatzen ditu, beren adats luzeak orrazten dituzten bitartean. Mari emakumezko jeinu nagusia da. Lurraren barnealdean bizi ohi da. Haren ikurra igitaia da, eta tximistaren aurka babesten du. Sugar erdi suge erdi gizon itxura duen jeinua da. Mariren senarra omen da eta ostiralero elkartzen dira, Sugarrek Mari orrazteko. Aker itxuraz azaltzen den jeinua da Aker. Sorginarekin dantzatzen da. Sorgin kobazuloetan bizi ohi den gaueko jeinua da. Mariren menpe dago. Ieltsu sua darion jeinua da eta txori itxura du. Bat-batean agertzen da, eta beldurra eragiten du. Galtzagorri edo deabrua gizakiei kalte eragiten dien espiritu gaizkilea dugu. Inguma jeinu gaiztoa etxeetan azaltzen da gauez lotan gaudenean. Horiekin batera, hainbat jainko daude: Mendi: oihartzunari dagokion jeinua. Gau: hilen espiritu eta arimei dagokiena. Ilazki: hildakoen arimak argitzen dituena. Eguzki: lurraren magalean dagoena. Lur: Eguzkiren eta Ilargiren ama. Elur: ondasunen jainkoa. Su: gaizkileengandik babesten ditu etxeko biztanleak. Oinaztarri: ekaitzaren jainkoa. Ur: gauez espiritu gaizkileen menpean dagoena. Haize: hodeiak mugitzen dituena. Hasieran, Maiatz pertsonaia agertzen da “maiatza” oihukatuz, eta Marik Sugarrekin “udaberri dantza” dantzatzen du. Hirurak elkarri eskutik helduta lamiak dauden lekura joaten dira. Lamiek eta Sugarrek “lamia dantza” egiten dute. Elkarri eskutik helduta Galtzagorri Mendirekin borrokatzen den lekura doaz. Ondoren, jainkoengana hurbiltzen dira, eta haiek “ingurutxoa” dantzatzen dute. Inguma dagoen lekura hurbiltzen dira eta hark “arku dantza” egiten du Marirekin. Berriro elkarri eskutik helduta, Sorginengana doaz. Marik eta biek “sorgin dantza” dantzatzen dute. Eskutik helduta Akerrengana doaz, eta hark “lamia dantza” egiten du lamiekin. Gero Ieltsurengana doaz, eta hark Marirekin “soka dantza” egiten du. Pertsonaia guztiak bilduta daudelarik bukatzen da lehen zatia. Bitartean, Prudentzia jende artean dabil, semea non dagoen galdezka. 2. zatia Prudentziaren istorioa kontatzen da zati honetan. Kondairak dioenez, XVII. mendearen hasieran Berriz mendian Prudentzia bizi zen, eta ondoko baserri batean, Martin. Laiatzeko garaian lanerako elkartzen ziren, eta hortik maitasuna sortu zen. Ezkondu egin ziren. Prudentzia haurdun zegoela, Martin gaztainondo batetik erori eta hil egin zen. Handik bi hilabetera euren semea jaio zen: Inazio. Prudentziak, ahaleginak eginez, semea hazi zuen eta gurasoen tradizioari jarrai ziezaion saiatu zen, hots, lurra lantzeari. Baina soroen jabe izateko adina zuenean, dena saldu eta itsasoratu egin zen, hura baitzen haren ilusiorik handiena. Prudentzia triste geratu zen, zerumugari begira semearen ontzia desagertu arte. Arratsalde batean Berriz mendian zegoelarik, itsasontzi zuri bat ikusi zuen. Orduan, korrika basoa eta padura zeharkatuz, ontziaren bila joan zen. Txalupa ondora iritsi zenean, garrasi mingarri bat eginez lurrera erori zen. Ez zen Inazioaren txalupa. Ahal zuen moduan etxera iristen saiatu zen, eta Ondizko paduretan hil zen. Memento horretan lamien kantua entzun zen, eta Prudentzia lamia bihurtu zela esaten da. Kantu goxo hori mendi horien semea itsasoratzen denean entzuna da. Geroztik Ondizko padurei Lamiako Hondartza izena ematen zaie, eta hortik dator gure auzoaren izena. 3. zatia Sugarrek lamiei deitzen die, eta haiek lamien abestia kantatzen duten bitartean, Prudentzia inguratzen dute eta emakumea lamia bihurtzen da. Lamiek “lamia dantza” egiten dute. Txalaparta entzuten da, eta makilak batzen dituzte denek. Ondoren, Maiatz ateratzen da “maiatza” oihukatuz eta irrintziak botaz. Ieltsu zuzi batekin agertzen da, eta hirugarren irrintzian sua pizten du bildutako makilekin. Kanpaiak jotzen dira eta apaiza agertzen da jentilei deitzen. Txalaparta joz Mari igo egiten dute. Ieltsu altxa egiten da, eta zera esaten du: - Hau gure herria da, gure bizitza eta gure ohiturak. Altxa denok! Denak altxatzen dira eta musikaren laguntzaz suaren gainetik salto egiten dute. Amaitzeko, pertsonaia guztiek “lamia dantza” egiten dute eta ikusleak ere gonbidatzen dituzte.•