Haur Hezkuntzako profil profesionalei buruz

2005-10-01

Gizartean nabari diren aldaketek eskakizun berriak planteatzen dizkiote eskola instituzioari. Zein dira Mendebaldeko egungo gizartearen ezaugarriak? Informazio eta komunikazio teknologiak, kolektiboen eta herrien arteko harremanak, norberaren hizkuntzak menperatzeak eta atzerriko hizkuntzak ezagun izateak duen garrantzia, migrazio mugimenduak, edota haurtzaroari buruzko kontzepzioa dira kontuan hartu behar direnak, kalitatezko hezkuntza eskaintza bat definitzeko orduan. Aldiz, ezin da definitu eskola bat Mendebaldeko gure gizartearen beharrei erantzungo diena, saiatu gabe aberastasunaren banaketa bidegabea gainditzen eta gizarte solidario bat eraikitzeko konpromisoa lortu gabe.

 
 

Gizarteak bizi dituen aldaketen zati funtsezkotzat hartu behar dira familiak berak ere bizi dituen aldaketak. Ulrich eta Elisabeth Beck-en hitzetan, “merkatuko subjektua, azken-azkenean, norbanako ezkongabea da, maitasun, ezkontza edo familia harremanek ‘zangotrabatu’ gabea. Merkatuko gizartea azkeneraino eramanda, beraz, haurrik gabeko gizartea litzateke, non eta haurrak ez diren hazten aita eta ama ezkongabeekin, hara-hona ibiltzen direnekin”. Eskolan nabari da bikoterik gabeko emakumeen edo amen presentzia, bananduta bizi diren familiak edota berregindako familiak, guraso bakarreko familiak, nazioarteko adopzioetatik datozen haur euskaldunak, familiarekin immigratu duten neskatilak, desegituratutako familiatan bizi diren mutikoak, edota arrazoi ekonomiko, sozial zein kulturalengatik baztertzeko arriskuan dauden familietan bizi direnak.

Lan mugikortasunak, lagunduriko ugalketa teknika berriek, emakumea etxetik kanpoko lan mundura sartzeak, horrek denak eragiten du emakumeek haur gutxiago eta adinean aurrerago joanda edukitzea, semea errege tirano bihurrarazteko tentazioan eroriz. Gainera, arrakasta pertsonalaz gehiegi kezkatzen den gizarte honetan, gaixotasunarekiko eta zahartzaroarekiko jarrera txarrak sortzen dira, belaunaldi ezberdinetako senideen artean harreman falta ekar dezaketenak. Amonengana apenas jotzen den honetan eta oinordeko gazteak zalantzen erantzun bila dabiltzan honetan, hezkuntza eskaintza lokarri pertsonalak hobetzeko eta elkarkidetzen sareari bultzada emateko lanetan murgilduta dago.
Eskolaren funtzioa gaurko gizartean
Gaurko gizarteaz eta eraiki nahi den gizarteaz egindako analisiaren fruitu, haur eskola definitzeko proiektuak sortzen dira. LOGSEk Haur Hezkuntza derrigorrezkoa ez den heziketa etapa gisa definitzen zuen. Hamabost urte beranduago araudi berriak argitaratzen ari dira, txikienen heziketa eskaerari administrazioek ematen dioten erantzuna izango direnak.
Haur Hezkuntza familientzat derrigorrezkoa ez den etapa da, baina 2 urtetik aurrera oso orokortua dago Euskal Autonomia Erkidegoan. 3 eta 6 urte bitarteko biztanleria ia % 100 dago eskolatua, 700 zentro inguruk erantzuten die 3 urtez beherako 26.600 haurri. Hizkuntza faktoreek, gizarte faktoreek eta sareen arteko konpetentziak indartu egin dute eskolatzearen hedapen hori, lehen haurtzaroari eta euren familiei zuzentzen zaien arreta eskaintza bakar modura.
Kontuan hartzeko beste alor bat da nekazaritzaguneetan edota herri txikietan bizi den biztanleriak baliabideetara iristeko zer aukera duen. Euskal Autonomia Erkidegoan arazo larririk ez dago komunikazio bitartekoetan, baina nahitaezkoa da ziurtatzea herri txiki batean bizitzeko aukera egiteak ez duela esan nahi baliabide gutxiago edo kalitate eskasagokoak edukitzea. Herri horiei zuzendutako hezkuntza eskaintza, inplikatutako kolektiboek definitu behar dute, euren behar eta eskaeren neurrira eginez, euren ezaugarrietara egokituz, malgutasuna edukiz hobekuntzak sartzeko eta ez, ordea, baliabideak mozteko.

Zein dira Haur Hezkuntzako irakasleen funtzioak eta egitekoak?

Gaur eskoletatik asko espero da. Hezitzaileek prestigioa galdu dute azken hamarkadotan eta, aldiz, eskolari gero eta gauza gehiago eskatzen zaizkio. Lehen eskolak ezagutzak transmititzen zituen eta heztea familiari zegokion; gaur exijitzen zaio balioak susta ditzala, ohiturak erakuts ditzala, jokabide zuzenak eta abar, eta hori dena kontzientzia etikoarekin, ingurumenarekiko errespetuz, sexu diskriminazioa zein kontsumismoa gaindituz. Haur eskolako pertsonen ardura dutenei eskatzen zaizkien egitekoak, beraz, asko eta mota guztietakoak dira. Eskolan irakastea eta heztea espero da, eta gainera espero da zaintzari buruz, haurraren hazte prozesua laguntzeko moduei buruz erreferentzia koherenteak ematea. Familiek euren hezteko ardura eskolarekin partekatzen dute, eta neska-mutilek eskolan bizi dituzte talde bizitzako esperientzia oinarrizkoenak, bai lotura afektiboak finkatze aldetik, eta baita jada familia eremu pribatukoak soilik ez diren bestelako egoera batzuei dagokienaz ere, esaterako jatea, atseden hartzea, lo egitea. Hala, Haur Hezkuntzako irakasleen funtzioak konplikatu egiten dira eta, Vicenç Arnaizek idatzitakoaren arabera, “hezkuntza pertsona bakoitzaren gaitasunen garapenerako prozesutzat ulertzen dutenentzat, heldua ez da jakintza eredu eta imitatu beharreko eredu, baizik eta inguruaren antolatzaile, ‘haurraren garapena sustatu ahal izateko eta haurrak esanahi kulturalak eraikitzea bultzatu ahal izateko’. Ikuspegi horretatik irakaslea ikaslearekin etengabeko elkarrekintzan ari da, batetik bere mailara egokituz, eta bestetik helduak planifikatu dituen intentzionalitateetara eramanez”.
Funtzio horiek dakartena hau da: hezitzaileek harreman estuak sortu beharra ez soilik ikasleekin, baita ere euren familia arduradunekin, eta halaber gure gizartean elkarbizitza hobetzeaz arduratzen diren beste erakunde zein hurbileko antolamendu sareekin. Gainera, eskolak bere funtzio hezitzailea beste eragile batzuekin ere partekatzen du; esaterako, kultur animazioko edo aisialdiaren gestiorako ekimenekin, eta eragile horiekin esku-hartzeko eta laguntza trukerako oinarrizko irizpideak zehaztu egin behar dira.
Hezkuntza administrazioek txikienen beharrei erantzuna emateko gainerako administrazioekin koordinatu behar dute, era berean, 6 urtez beherako haurrekin (izan eskola edo beste ezaugarri batzuetako gune bat) egiten den hezkuntza esku-hartzerako helburuak eta curriculuma ezartzen dituzten araudiak ere beharrezkoak dira.
Haur eskolari dagokio familiagunetik gune kolektibo hezitzaile batera igarotze hori erraztea. Eskolatze goiztiarraren prozesuak mimo handiz planifikatu behar dira, eskolako lehen esperientzia hori aberasgarria izango dela ziurtatzeko, hein berean ziklo, etapa edo hezkuntza zerbitzuen arteko segida bermatuz. Komeniko litzateke hezkuntza funtzio antzekoak burutzen dituzten pertsonek titulazio eta soldata bera edukitzera jotzea. Zentro bereko profesionalen arteko koordinazioa, eta baita derrigorrezko hezkuntzako zentroen artekoa ere nahitaezkoa da hezkuntza esku-hartze koherente bat ziurtatzeko.

Irakasleek zer gaitasun, zer teknika eta estrategia garatu behar dituzte Haur Hezkuntzan?

Entzuteko gaitasuna funtsezkoa da. Entzutea, behatzea, itxaroten jakitea, galdetzen eta erantzun irekiak ematen jakitea ezinbestekoa da haur eskolan hezkuntza esku-hartzea diseinatzeko. Besteekiko, ezberdina denarekiko errespetua, aurreiritziak eta ideia estereotipatuak saihestea, haur bakoitzarengandik, familia zein lankide bakoitzarengandik ahal den guztia itxarotea, heterogeneotasuna aberastasun iturritzat hartzea, elkarrizketa eta inguruko elementuek eskolako bizitzan parte hartzea sustatzea estrategia bihur daitezke, berdintasunezko eskola integratzaile bat lortzeko.
Etorkizuneko profesionalei baliabideak bideratzea ere nahitaezkoa da, gelan euren praktikaren protagonista izan daitezen, hausnarketa kritikoaren eta ikerketaren bidez. Concha Sanchezek dioenez, ikerketak “kritika sustatzen du, irakasleak euren praktikarenikerle bihurtzen baitira, besteekiko eztabaidaren bidez, eta horrek esan nahi du gero eta kontzientzia gehiago hartuz ekintza eta interpretazioetan norberak dituen esanahi ideologikoez lan egitea, eta baita esanahiok norabide komunikatibo baterantz eraldatzeko konpromisoa hartzea ere (“komunikatibo” hitzari Habermasek ematen dion zentzuan), hala, parte hartzeko espazioak sortzeko eta menpeko harremanen kontra, bazterketaren kontra zein bestelako injustizia sozialen kontra borrokatu ahal izateko”.
Garrantzitsua da, halaber, irakasleak prestakuntzako proiektu pertsonal batean parte hartzea ere. Bere prestakuntzan zer hutsune dituen detektatzea, edota taldean erabakitzea zein diren ikertu edo aztertu beharreko gakoak, horiek dira partekatutako kultura profesional bat eratzen duten pausoak, eskola bere inguru sozialean integratzen laguntzen dutenak.
Garrantzitsua da talde bateko partaide zarela jakitea, ontzi bereko kide, non garbi ezagutu behar den zein norabidetan egin arraun portura iristeko eta nor dituzun bidaia lagun. Zentroko antolamendutik datozen ardurak talde osoak hartu behar ditu bere gain, lidergoa gauzatzeko gaitasuna duen zuzendaritza batekin, lana eta elkarlana erraztuko duena. Adostutako dokumentuak sortzea (zentroko proiektuak, zentroko barne dokumentazioa, familiari banatzen zaiona edo horma iruditan jartzen dena zein topaketa profesionaletan azaltzen dena) bereziki zaindu behar da eta lan taldeari oinarriak eskaini behar zaizkio bere eguneroko esku-hartzea koherentea izan dadin. Eguneroko jarduerak diseinatzerakoan, lan taldeak jolas kooperatiboen proposamenetara jo dezake, pentsatzen eta elkarrizketan parte hartzen ikasteko materialetara, elkarbizitzen irakasteko eta adostutako irizpide metodologikoak ezartzeko. Guztion egitekoa da barrutik bizkarrezurra sendo duen eskola bat osatzea: koordinazioa aberastea, irakasle zein ikasleen abildade sozialak zaintzea eta heziketa ekintza koherente bat definitzea. Lan taldeak irakasle espezialistak baditu (hizkuntzatakoak, esaterako) garrantzitsua da hori taldeari aberastasuna ematen dion elementu bat izatea, hala, koordinatu gabeko lana saihestuz, baita ere zentzua falta duten esku-hartze puntualak.
Hainbeste exijentzia dituen profil honen aurrean, ezin ahaztu irakasleentzat laguntza bilatzeak duen garrantzia. Zaintzen ari diren pertsona horiek, nork zaintzen ditu? Haur txikienak hezteko ardura dutenek beren lana balioesten dela ikusi behar dute, eta baliabideak eskura izan behar dituzte egoera bereziei edota pertsonalki gogorrak direnei erantzuteko.

Zer edukik egon behar lukete Haur Hezkuntzako irakasleen prestakuntzan?

Ideia bat kendu behar dugu burutik: Haur Hezkuntzako edukiak “lehen mailakoak bezalakoak direla, baina maila xumeagoan landuta”. Lehen urteetan egin beharreko hezkuntza esku-hartzean, nukleoa zer alderdik osatzen duten hautatu behar dugu, kontu handiz. Horien artean ahaztu behar ez direnak, honako hauek dira: hizkuntzaren jabekuntza eta garapen prozesuak komunitate elebidunean, atzerriko hizkuntza sartzea etaparen amaieran, atxikimendu loturak eta segurtasun afektiboa eraikitzea, kultura anitzekiko errespetua, eskola bakoitzean presente dauden hizkuntzen oinarrizko ezagutza, familiekiko harremana, oinarrizko kultur baliabideen ikaskuntza (matematikak, irakurketa, idazketa), espresiorako baliabideak erabiltzea (keinu bidezkoak, gorputz espresiokoak, ikusmenekoak, plastikoak) eta komunikazio teknologietarako sarbidea eskaintzea. Eduki horiek guztiak modu sortzailean eta serioan landu daitezke, aztertzen bada zein diren txikienen ezaugarriak eta berauentzat pentsatutako metodologiak. Lehen zikloko haurrek mundua ezagutzeko duten modura hurbilduz, euren keinu, behar, galdera eta algaretara hurbilduz ordena daitezke edukiak, eguneroko esku-hartzea artikulatuko dutelarik. Jerome Brunerren hitzak izan daitezke abiapuntu: “edozein gai irakatsi dakioke edozein adinetako edozein haurri, modu zintzo batean”.
Hasierako prestakuntza osatuko duten kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak bideratu behar dira, sustatu ditzaten talde lanerako gaitasuna, ardurak hartzea, informazio kanalak zabalik izateko gaitasuna eta prestakuntza beharrak eraginkorki asetzeko ahalmena. Unibertsitateak, era berean, zentroen antolamendurako baliabideak erraztu behar ditu curriculumaren eta metodologiaren arlotik, eta hezkuntza komunitateko kide guztiek eskolan parte har dezaten bultzatu behar du. Ezagutza klabe bat, gaur, informazioa bilatzea eta hautatzea da. Haur Hezkuntzako irakasleak profesionalki hazi egingo dira jakiten badute inguru sozio-ekonomikoan kokatzen, eta talderik badute, bertan parte hartuz euren burua formatzeko eta gizartea kritikoki aztertzeko.
Ordea, irakasleen hasierako prestakuntza ezin da diseinatu kontuan izan gabe gaur etengabeko prestakuntzak hartu duen indarra. Miguel Angel Zabalzak dioenaren arabera, “zirkunstantzia eta faktore asko medio bizitza pertsonal, sozial eta laboral berri baten eszenategian gaude, eta horrek gure helburuak eta horiek lortzeko baliabideak etengabe berregokitzera behartzen gaitu. Azkenean, etengabeko prestakuntza nahitaezko prozesu bilakatu da, eta atzera bueltarik ez duena. Zentzu horretan, ezagutza eta etengabeko hobekuntzarekiko presioa, tradizionalki eskola “espirituari” lotua zena, egun askoz lotuago dago eskola instituzioz kanpo sortzen diren eta zentzua han duten faktoreei, “gure garaiko kultura” deritzan eremu orokorreko parte diren faktoreei. Gainera, faktore horietara egokitzeko unibertsitateak zailtasunak izaten ditu maiz edota, besterik gabe, bete-betean egokitzeko uzkur azaltzen da”.
Geroz eta gehiago eskatzen zaio eskolari haziera orientabideak emateko eta oso positiboa litzateke inguruko autonomia erkidegoetan jada martxan diren eskaintzak ezagutzea (txikienentzat eta euren familientzat diseinatuak) eta prestakuntza lokarriak finkatzea. Haur hezitzaileentzat etorkizuneko beste alternatiba batzuk pentsa daitezke, hala nola emakumeei haurdunaldian eta erditu ostean prestakuntza eskaintzea, osasun zerbitzuekin koordinatuta.
Ez dezakegu ahantz familia etorkinetako haurren ezaugarriak ikertzeko dagoen beharra, eskolan euren presentzia erritmo geldiezinean ugaritu baita azken bost urteotan, eta horrek hausnarketarako zein hiritarren eskubideei eman beharreko erantzunak diseinatzeko guneak sortzea exijitzen du. •

AIPATUTAKO LIBURUAK

- SÁNCHEZ BLANCO, Concha: De la educación infantil y su crítica: reforma, investigación e innovación y formación del profesorado, Sevilla, MCEP, 2001.
- ZABALZA, Miguel Angel: La enseñanza universitaria. El escenario y sus protagonistas, Narcea, Madril, 2002.
- BECK, Ulrich; BECK-GERNSHEIM, Elisabeth: El normal Caos del Amor, El Roure, Bartzelona, 1998.
- ARNAIZ, Vicenç: “La seguridad emocional en la Educación Infantil”, in Educación Infantil. Orientaciones y Recursos (0-6 años). Koordinatzaileak: Montserrat Antón eta Blanca Moll. Cisspraxis, Bartzelona, 2001.
- BRUNER, Jerome: La educación, puerta de la cultura, Visor, Madril, 1997.