Eskolaren eta familiaren arteko erlazioa eta kolaborazioa funtsezkoak dira, baina ez da beti erraza izaten. Nola lortu ahalik eta harremanik egokiena?
Erlazioa eta kolaborazioa. Betirako den gai bat ukitu dugu hor: erlazioak. Nire ustez, horretan datza ia-ia beste guztia eta horixe da zailena guztiontzat. Irakasle gisa, gurasoekiko ditugun erlazio motak zailak ala errazak dira? Eta anai-arreben arteko erlazioak? Lagunekiko erlazioak? Lankideekiko erlazioak? Bikotearekiko erlazioak?... Nolakoak dira? Eguneroko harremanak batzuetan izan daitezke ez errazak, jartzen garen lekuan jartzen garela. Eta noski, erlazioak errazak ez direnean, eta kontuan hartuta batetik familia oso instituzio konplexua dela, eta bestetik eskola ere, instituzio bezala, oso konplexua dela, bada horrek ez ditu erlazioak errazten.
Bizitzeko erlazio txarrak sortzen baditugu, arazoak ere izango ditugu. Niri oso zaila egingo litzaidake zurekin kolaboratzea erlazio txarrak baldin baditugu. Kolaborazioa. Dena dela, ez dakit denok ulertzen ote dugun zer den kolaborazioa edo kolaboratzea. Batzuetan iruditzen zait pentsatzen dugula gure ideia besteari sartzea eta hark onartzea dela kolaboratzea. Askotan pentsatzen dugu gure ideia hoberena dela, besteak ere hala uste behar duela, eta gurekin lanean jartzen ez bada, ez duela kolaboratzen diogu. Ez dakit ez ote dugun pazientzia gutxi hartzen besteari entzuteko. Horren ordez gure ideia sartu beharrean aritzen gara, eta gainera, gero besteak ez duela kolaboratzen ere esaten da batzuetan. Askotan eskolan ez da denborarik hartzen familiarekin kolaboratzeko eta familiarekin egon aurretik bilera prestatzeko. Hori dena ordutegitik kanpo gelditzen da gehienetan. Kasu horietan, familiarekin egotea lan estra bihurtzen da. Eta egotea ez da seme-alabak Matematikan ongi egin duela eta Natur Zientziatan ez esatea. Ez da hori. Hori ez da bestearekiko erlazio bat hastea eta kolaboraziorako bide bat urratzen hastea. Beste alde batetik, nik nahiko maiz ikusi dudana da familiak eskolari beldurra diola, eta eskolak zenbait familiari ere beldurra diola. Bi aldeetatik, bi instituzioetatik aurkezten dira halako kezkak. Irakasleek pentsatu ohi dute: Zer esango ote dit? Zer exijituko ote dit? Nola azalduko dut nik baliagarria naizela beren seme-alabentzat, hala naizela egia izanda? Eta familien aldetik berdin; zer esango ote digute?, zer ikusiko ote digute? galdetzen da eskolara joatean. Epaitze bat egoten da eta horrek beti beldurra ematen du. Zenbait familia beldurrez josita eta defentsan jarrita joaten dira sarritan irakaslearengana eta egoera horretan ez dira egokiak ez galdetzeko erak eta ezta erantzutekoak ere. Defentsak jarrita dator familia eta defentsan jarrita dago eskola. Askotan defentsa horiek erabat inkontzienteak izaten dira, ez dugu jakiten zergatik gauden horrela. Beraz, hor arazo handi samarra dugu denok.Familien konplexutasunaren eta aniztasunaren aurrean
Oso zabala eta konplexuak dira erlazio, komunikazio eta kolaborazio kontuak. Eta konplexutasun horretan, gaur egun familia mota ugarirekin egiten dugu topo. Familia moten aniztasun horrek aberastu egiten du, baina zaildu ere bai. Irakasle modura, aniztasun hori onartzen eta aurreiritzirik gabe ikusten jakin behar dugu eta hor dago gakoa. Izan ere, gutako bakoitzak geure istorioaren araberako ikuspuntua dugu eta zaila da hortik ateratzea. Hori hor dago. Dibortziatutako familia batekin baldin banago, ni neu ere dibortziatua baldin banaiz eta nire dibortzioa kaos bat izan baldin bada, nola aurkeztuko naiz familia horren aurrean? Nire familian istiluak sortu aurretik alde egiteko joera egon bada eta balio hori erakutsi baldin bazait, nire aurrean daukadan familiarekin gauza bera egingo dut; istilua sortu baino lehen beste aldera begiratu. Aurreiritziek orokortzeko joera ere izaten dute, eta ahaztu egiten dugu familia bakoitza desberdina dela. Orain dela urte batzuk ama ezkongabeak seme edo alaba batekin eskolatzen zirenean alarguna, haurra nahi gabe izan zuena eta dibortziatua izan ohi ziren. Hiru kasu desberdin dira, baina halako aurreiritzi edo “pre” bat jartzen genien horien haurrei: edo super babestua izango da haurra (eta ez genuen esaten “ote”) edo aurreratuegia. Bi horiek, ez zegoen besterik. Eta bi alargun haur banarekin erabat desberdinak dira. Beraz, nik ere desberdin kokatu beharko dut horien aurrean. Ez da ahaztu behar ez daudela bi familia berdin. Eta bakoitzak memento desberdinak bizitzen ditu. Eta krisialdi handiak. Eskolak ere bai, krisialdi handiak ditu. Pentsa zenbat rol desberdin betetzen saiatzen garen! Ama, aita, profesional, bikotekide, maitale, lagun, lankide, bizilagun... gara aldi berean, eta horrek faktura pasatzen digu nahitaez. Zenbait mementotan nik ama gisa, profesional gisa, bikoteko partaide gisa, ezingo ditut zenbait gauza egin. Eta nozitu, nork nozitzen du? Neska-mutilek, ahulenak direnek. Orduan, hori asumitu egin behar dugu. Ni ezin naiz hain irakasle ona izan, ezingo dut egin garai batean 15ekin egiten nuena orain 25ekin. Ezingo dut ez dakit zenbat gauzatan espezialista izan, ama eta aitak ezingo duten bezala ez dakit zenbat gauza egin garai batean bezala. Garai batean amona edo ama beti zegoen etxean. Ni gogoratzen naiz amonarengana joatea zer zen. Hark entzun egiten zizun, begiratu egiten zizun, hura zegoen ondoan. Hori erabat aldatu da. Ez da hobea edo txarragoa, desberdina baizik. Agian, orain, gure bilobek aldamenean makinita bat eduki beharko dute. Gaur egun aitak eta amak biek lana egin behar dute. Hala nahi dugu, sinesten dugu edo hala da. Eguerdian seme-alaba etxera etortzen denean bakarrik dago eta telebista du lagungarri. Ikasi edo irakurri egin beharo luke, edo erlazio bat eduki, baina hori ezinezkoa da. Gero, gauean gurasoak etortzen direnean, telebista ikusten jarraituko du, eguerdian lagun izan den hori gauean ere hor izango da. Zergatik? Gurasoak beteta, nekatuta etorri direlako eta hurrengo egunean goiz altxa behar delako. Hori etxeetan geratzen den bezala, eskolan ere gauza bera. Gai asko ukitzen dira eta ukitu beharrekoak dira, gainera. Baina zenbateraino ukitzen da familiarekin izan beharreko harremana? Nola hurbildu familiarengana? Nola prestatu eta zenbat denboran familiarekin izan beharreko bilera erlazioak sortzeko edo hobetzeko, komunikazioa bideratzeko eta gero kolaborazioa izateko?Eskolaren esku uztearen mugak
Errealitate horretan kokaturik, gaur egun familiak heziketa kontuetan gehiegi jarrita daukate irakasleengan, eskolan. Utzikeria dago? Behin eta berriz ari gara esaten, aspertzen ere hasiak gaude, eskolak bakarrik ezin duela hezi. Hezitzen du, baina neurri batean soilik, beste zatia familiak egin behar du. Nahiz eta irakasleei iruditu familiak ez duela nahikoa egiten, familiak ere gauza bera pentsatzen du, eskolak ez duela nahikoa egiten. Hori garai batean neurri batean ematen zen, eta gaur egun beste neurri batean. Sarritan aipatzen da gizartea ere. Baina zein da gizartea? Gizartea ni neu naiz. Familia ni neu naiz. Ni naiz emakume ezkongabe bat, adopzio bat, desegindako familia bat... Ni neu nago denean ama gisa, profesional gisa, lagun gisa, maitale gisa... ni leku guztietan nago. Horregatik, eskolaren eta familiaren arteko banaketa hori ez da erreala. Nolabait familia zabal bat garela esango nuke, helburu komun batekin: neska-mutilak aurrera ateratzea. Heziketa indibidualizatua aipatzen da, hitz polita da, baina ezinezkoa. Horretan ari garen guztiok dakigu ezinezkoa dela. Nik uste dut gaur egun irakasleei eskatzen zaiena ezinezkoa dela. Ikasturte bakoitzaren hasieran gauza berriak hartu beharra dugu, eta ez dakit nork esan behar digun horrez ordez zer utzi behar dugun. Ezinezkoa da irakaslea hainbeste estutzea.Zer egin?
Gurasoei irakaslea zaintzeko esango nieke. Zaindu ezazue irakaslea. Azken finean, zuen neska-mutilek nozitzen dute. Errua ezin zaio inori bota. Baina irakasleari hainbeste eskatzen zaionean, denean espezialista izan dadin eskatzen zaionean, ezinezkoa da, ezin du bete. Eta eskatzen duenak badaki ezinezkoa eskatzen ari dela. Orduan, zaindu dezagun irakaslea, benetan diot. Zenbat eta hobeto egon irakaslea, eta gurasoekiko erlazioa ere hobea izan, neska-mutilek ere hobeto ikasiko dute. Benetan, familia batentzat zaila baldin bada familia aurrera ateratzea, zer esan behar du irakasle batek 25 familietako seme-alabekin aritu behar badu? Gaur egun eskakizunak besterik ez ditu. Irakasleekin lan egiten dudanean ikusten dut zenbat neska-mutilek kentzen dieten loa. Eskolari dagokionez, irakaslea, autobusetako profesionalak, jangelakoak, garbitzaileak... denek osatzen dute instituzio konplexu hori eta denak hartu behar dira kontuan. Bakoitzak bere aurreiritziak ditu eta norberaren bizitzaren, balioen eta kultura mailaren araberakoak izango dira. Denek zaindu behar dute erlazioa eta kolaborazioa. Ni familia batekin egoten naizenean, egun horretan niretzat garrantzitsuena familia hori izango balitz bezala jokatu beharko nuke. Nahiz eta azkeneko bilera gaizki joan, inori errua bota gabe, egun horretako bileran gauzak ahalik eta ondoen egiteko asmoa izaten dut. “Ea gaur emakume horri entzuten diodan”, “ea gaur lortzen dudan aita ulertzea”, pentsatzen dut. Entzun eta ulertu. Entzun eta ulertu. Hori da egin behar dena. Eta agian, batzuetan, lortuko dut. Irakasle gisa batzuetan hori ezinezkoa izaten da, gure bizitzako une horretan agian ez gaudelako horretarako. Orduan, laguntza eskatu behar da: “Nik ezin dut familia honekin. Norbaitek lagundu beharko dit”. Nik uste dut ezina azaldu egin behar dugula, ezin aktibo bat. Eta laguntza eskatze horrek zer sortu behar du? Beste profesionalekin, agian kanpokoekin, lan egitea. Ez badigute denbora gehiago ematen gurasoekiko erlazio hori lantzeko, gauza berari bueltak eta bueltak ematen jardungo gara. Irakaslea zaintzea da aholkularien, zuzendarien, psikologoen laguntza jasotzea eta entzutea. Irakasleari entzun egin behar zaio berak familiari entzun diezaion. Zenbait ikastetxetan hasi dira gai honi denbora dedikatzen, hau da, erlazioak nola zaindu, nola eduki, noiz eta eta nola elkartu, zertarako... Kasu batzuetan zuzendaritza taldeak horri garrantzia ematen diolako ari dira horretan, eta beste batzuetan irakasleek indar handia dutelako eta horrelako formazioa errebindikatzen dutelako. “Familiekin ezin da lanik egin” entzuten da, baina ez da egia. Agian familia batzuekin ez, edo irakasle batzuekin ez. Ez dira, ordea, irakasle guztiak, ez dira ama guztiak, ez dira aita guztiak, eta ez dira eskola guztiak. Leku batzuetan lanean ari dira, buru-belarri, konpromiso bat hartuta eta helburu txikiak jarrita: “ea lortzen dudan familia horrekin elkartzea”, “saiatuko naiz ea ulertarazten diodan...”. Eskolak ez du familia aldatu behar, eta familiak ere ez eskola. Eguneroko lanean edo harremanean gauzatzeko moduko helburu txikiak ezarri beharko genituzke. “Orain arte mutil honekin gauzak gaizki joan badira, ea nik zerbait egin dezakedan”. Badaude “sobreinbolukratzen” diren irakasle batzuk ere, eta hori ere ez da ona. Denean bezala, neurria hartzea da zailena. Nik esango nuke oso adi egon behar dugula bai guraso gisa familian eta bai irakasle modura. Gehiegi dago jokoan, neska-mutilak, hain zuzen ere. Familiaren eta eskolaren arteko erlazioak ez baldin badira onak, azkenean neska-mutilek galduko dute. Neska-mutilak familiaren eta eskolaren arteko lehialtasun gerrate batean jartzen ditugu askotan, hor erdian. Hainbeste gauzatan daude erdian... Eta haiek dira bitarteko gutxien dituztenak. Horregatik diot gehiegi ari garela jartzen jokoan. Orduan, adi egon behar dugu lehenengo entzuteko, gero ulertzeko eta agian laguntza eskatzeko. Eta beti itxaropena mantendu. “Orain arte gaizki ibili banaiz edo, ea gaur zer moduz”. Merezi baitu. Baina baita ere familiok eta profesionalok osatzen ditugun erlazio jokoak ulertzea. Hori ere garrantzitsua izango litzateke.•