Eskola txikiak, beste eskola eredu bat

2005-10-01

Ikasturte hasiera izan arren, Euskal Herriko herri txiki askotan ez da ikastetxe handietako zalapartarik entzun, eskolak txikiak baitira.Landa eremuko herri txikietako (1.000 biztanle baino gutxiago) edo auzo sakabanatuetako eskolak dira, eta bertako hezkuntza eskaintza bakarra da. Zortzi ikas unitate baino gutxiago dituztenez, gelatan adin desberdinetako ikasleak eskolatzen dira. Berezitasun horiengatik dira desberdinak.Euren artean desberdintasunak ere badituzte. Batzuk dozena erdi bat haurrekin daude, eta beste batzuk 50ekin edo 90ekin. Egoerak ezin dira orokortu, baina ezaugarri, kezka eta behar komunak badituzte. Horregatik, elkarren berri badute eta harremanetan daude. Gu ere harremanetan jarri gara beraiekin.

 
 

Herrian pisu handia dute eskola txikiek

Zaila da Euskal Herriko eskola txiki guztiak argazki bakar bat egitea. Izan ere, euren arteko harremana ez da berdina leku guztietan. Iparraldean, esaterako, “eskola txikiak” kontzeptua ez da erabiltzen. Ikastetxe publikoa, giristinoak edo ikastolak daude, eta horien barruan handiak, ertainak eta txikiak. Azken horiek ez daukate lotura berezirik txikiak izateagatik. Hegoaldean, ordea, eta batik bat Gipuzkoan eta Nafarroan, txikitasun horrek elkartu egin ditu.

Eskola txiki gehienak nekazaritza eremukoak dira, baina hor ere badaude eskola handiak. Araban, esate baterako, eskola txiki gutxi daude kontzentrazioaren ondorioz. Herri batzuetan pilatzen dira inguruko haurrak eta ikasle asko dituzte. Ondorioz, ez dira eskola txikitzat hartzen nahiz eta landa eremuan egon. Arabako Errioxako zentroekin gertatzen da hori.
Nafarroa Beherean eta Garaian eta Zuberoan, ostera, batzuk hain dira txikiak, ezen ixteko arriskuan dauden. Egoera horretan aurkitu ziren Larraineko eta Garaibiko eskolak, baina mementoz, herritarren mobilizazioak tarteko, ateak irekita segitzen dute.
Gainerako lekuetan ez da horrelako mehatxurik sumatzen. Gipuzkoan itxi baino gehiago ireki egin dira azken urteotan. EAEn Haurreskolak Partzuergoaren zentroak ere ireki dira hainbat herritan 0-3 urteko haurrentzat. Horrek, gerora Lehen Hezkuntzako ikastetxea irekitzeko aukera ekar dezake eta albiste ona da.
Herriak aldatzen, eskolak ere bai
Herri txikietan eskola txikiak daude, baina ez eskola gutxituak. Populazio txikiko eremuetan kokatuta daudenez, ikasle kopuru txikiak dituzte, eta ondorioz eskola antolaketa berezia dute gaur egungo eskola eredu nagusiarekin konparatuz gero.
1970eko Ley General de Educación delakoak herri txikietako eskolak hiltzera kondenatu zituen, zortzi unitate baino gutxiagoko eskolak itxiz eta kontzentrazioak bultzatuz. Eskola asko itxi egin ziren eta besteak abandonatu samar gelditu ziren. 1990ean LOGSE ezarri zenean egoera aldatu egin zen, eskola txikiak aintzat hartu baitzituen.
Legeak soilik ez, herri txikietako egoera ere aldatzen ari da. Nekazaritza eremuaz hitz egitean, nekazariak etortzen zaizkigu burura. Baina, gaur egun, askotan nekazaritza eremuetako ekonomia aktibitate nagusia ez dira nekazaritza eta abeltzantza, zerbitzuak baizik. Herri txiki asko aisialdirako gune bihurtzen ari dira.
Horrekin batera, etxebizitza berriak egiten ari dira hainbat herritan, eta beraz, familia berriak datoz bizitzera. Ondorioz, herriak asko ari dira aldatzen, eta hor eskolak ere badu lana. Familia berri horiek herrian integratzeak garrantzi handia du.
Eskola txikien beste ezaugarri bat hurbiltasuna da. Denek elkar ezagutzen dute eta norbanako bakoitzak pisu handia du, beste eskoletan baino handiagoa. Zeren irakasle bat eskolaren laurdena izan daiteke, edo familia bat eskolaren hamarrena. Ikastetxe handi batean sei familiek alde egiten badute, ez da ezer gertatzen. Baina eskola txiki hauetan bai.
Aldaketa horiei guztiei egin behar diete aurre, eta aldi berean, desberdin izatearen “zamari” eutsi. Beste eskola eredu bat osatzen dute eta poliki-poliki euren nortasuna sendotuz doa. Elkartzeak asko lagundu die horretan.
Baztango eskola txikiak
15 herri txiki dira Baztanen eta hamarretan dago eskola. Txikienak 7 ikasle ditu eta handienak 39. Amaiurren 18 daude, Azpilkuetan 7, Erratzun 21, Arizkunen 29, Gartzainen 16, Iruritan 39, Almandozen 23, Zigan 21, Arraiotzen 10 eta Oronozen 36. Eskola handienetan 3 irakasle daude eta txikienetan bakarra. Beste bostetan (Elbete, Elizondo, Lekaroz, Aniz eta Berroeta) lehen baziren eskola txikiak, baina behin itxi ondoren, ez dituzte ireki, nahiz eta haurrak egon.
Eskola horiek guztiek osatzen dute Baztango Herrietako Eskolak eta urte asko daramate elkartuta. Bakoitzak bere dinamika eta martxa ditu, eta horrez gain, elkarrekin gauza anitz egiten dituzte: proiektuak, irteerak, kanpaldiak...
Astelehenetan herri guztietako 3. mailatik gorakoak Elizondon elkartzen dira mailaka. Adibidez, Azpilikuetan Amaia da 6. mailako bakarra, eta Elizondon maila bereko beste 21ekin elkartzen da. Egun horretan espezialitateak ematen dituzte: ingelesa, musika eta gorputz hezkuntza.
Astean zehar, berriz, eskolak binaka elkartzen dira kasu batzuetan: astelehenetan Arraiozkoak Oronezera joaten dira; asteartetan Zigakoak Almandozera; ortziraletan Azpilkuetakoak Amaiurrera. Gainerako herrietan kopuru handiagoak dira eta bakoitza bere lekuan geratzen da. Egun horietan ere espezialitateak lantzen dituzte.
Haurrak bezala, irakasleak ere Elizondon elkartzen dira, espezialistak eta 2. eta 3. zikloetako tutoreak. Horrela, espezialistak eskolak ematen egoten dira eta tutoreek komunak dituzten gaiak lantzen dituzte; paper kontuak, udaletxeekoak, Nafar Gobernukoak... Hor egindakoa astelehenetako bileratan gainerakoei azaldu eta pasatzen diete.
Elkarrekin egoteak abantailak dituela dio Maite Oteiza Azpilkuetako irakasleak. “Alde batetik elkarbizitza edo harremanak sendotzeko balio du, eta bestetik gu ere babestuago gaude. Eskola batean bakarrik baldin bazaude eta ingurukoekin deskonektatuta ez duzu erreferentziarik. Modu honetan koordinatuta gaude. Eskola guztien artean materiala, ekoizpenak eta abar trukatzen ditugu. Modu horretan gure lanek helburu bat dute, bertze eskolei erakustea. Era berean, iritziak ere jasotzen ditugu. Elkarlana aberasgarria da eta haurren artean ere harremanak sendotu egiten dira”.
Koordinazioak ongi funtzionatzen du, baina falta botatzen dutena denentzako zuzendaritza bakar bat izatea da. “Badira gauza anitz gelditzen direnak pixka bat zintzilik” dio Maitek. “Erran nahi dut, baldin bagenuke zuzendaritza talde bat, horrek agian hartuko lituzke erabaki batzuk edo bera izanen zen gai espezialistekin solas egiteko edo arazoren bat konpontzeko. Baina hamar izanik, pixka bat laxo gelditzen da. Aldika gure bilerei dinamika edo funtsezko martxa falta zaiela ohartarzi dakute, bana hori da dugun aukera eta memento bakarra gai guztiak ukitzeko. Azken finean, 10 zuzendari gara leku desberdinetan eta, gure ustez, denendako inportantea da, eskola osoko funtzionamendurako”.
Egun bat Azpilikuetako eskola txikian
Maite Oteiza irakaslea eta herriko zazpi haur sartzen dira Azpilikuetako eskolara egunero. 300 biztanlera iristen ez den herritxoa da Azpilkueta. Amaia 6. mailan dago, Leire 3. mailan, Manex eta Maria 1. mailan, Iratxek 5 urte ditu, Naiarak 4 eta Sara aurten hasi da 3 urterekin. Orain dauden haurren artean ez dago adin tarte handirik. Urte batzuetan tarte gehiago egon dela aipatu du Maitek. Horregatik, herrian haurnaldi bat baldin bada, festa izaten da, eskolarako haur bat gehiago erran nahi baitu.
Gaur Haur Hezkuntzakoekin korroa egin du Maitek, eta bitartean 3. eta 6. mailakoak euren liburu eta koadernoarekin lana egiten hasi dira. Korroko martxa bukatutakoan Haur Hezkuntzako txiki horiei lantxo bat jarri die Maitek, eskolako telefono gida egiten ari baitira. Puzzlea egiteko tenorean bakarrik utzi ditu eta handiengana hurbildu da, azalpenak behar badituzte-edo. Gero, txikienak Ingeleseko irakaslearengana joan dira, eskolako sarrerara, bertan eskola bat emateko aprobetxatu dute, bikoizketa baita. Tarte horiek aprobetxatzen ditu Maitek handiei arreta handiagoa behar duten azalpenak emateko. Ondoren 1. mailako Manex eta Maria joan dira Ingeleseko irakaslearengana. 4-5 urtekoak ordenagailura hurbildu dira eta handienek lagundu diete. “Elkarri aunitz laguntzen diote, beraiek ere irakasleak dira”.
“Hemen ez dugu ordutegirik segitzen” dio Maitek. “Ikasturte hasieran egiten dugu bat Iruñera igortzeko, baina gero gure airera moldatzen gara”. Amaiak eta Leirek barre egiten dute. “Gauza bat egiten gustura baldin bagaude, denbora gehixeago jarraitzen dugu. Eta aspergarria bada, moztu egiten dugu”.
Bost arlo erakusten dizkie Maitek: matematika, ingurunea, plastika, gaztelania eta euskara. Matematikan bakoitzak bere mailari dagokion liburua jarraitzen du. Euskaran, aldiz, ez dute testu libururik erabiltzen, proiektuekin egiten dutelako lan. “Halere, lan koadernoak erabiltzen ditugu, autonomia ematen duelako bakoitzak bere lana egiteko eta niri beste haurrekin egoteko”. Ingurunea zikloka antolatzen dute eta dagokien gaitegia bi multzotan banatzen dute: A eta B. Modu horretan, ziklo bukaeran gaitegi osoa lantzen dute. “Une honetan Euskal Herria gaia lantzen ari gara. Ziklo desberdineko ikasleak ditudanez, bakoitzari bere mailara egokituz lantzen dugu” argitzen digu Maitek.
Haur Hezkuntzan ez dute libururik erabiltzen. Hiruhileko bakoitzean gai bat hartu eta horren inguruan egiten dute lan.
Gelan giro lasaia dago, etxeko giroa, goxoa. Bai irakaslea eta bai ikasleak pazientzia eta errespetu handiz mugitzen dira. “Lan egiteko beste modu bat da, arras diferentea”, dio Maitek. “Beste eskoletan baino ordu gehiago sartzen ditugu eta ez dugu tarterik libratzen. Baina goxotasuna, giroa eta haurrekiko harremana jasotzen ditugu trukean. Balantzan jarrita, argi daukat nahiago dudala eskola txiki batean aritzea”.
Nabari da Maite ohituta eta gustura dagoela eskola txiki batean, baina irakasle guztiei ez zaie gauza bera gertatzen. Etorri berri gehienak eskola handietako erreferentziarekin edo eskemarekin iristen dira eta eskola txikietako errealitatea desberdina denez, moldatu beharra dago. “Dagoenarekin eta daudenekin moldatu behar dugu gure lana, eta alde horretatik aberatsa da”.
Eraikin zaharregiak
Baztango Herrietako Eskolei buruhauste handiena zentroen egoerak sortzen die. Arizkungo eskolan zola goratu eta saneatu egin behar zuten lur azpiko olibondoak ustelduak zeudelako. Joan den Eguberrietan Amaiurko eskolako gela bateko sabaia lurrera erori zen. Erratzuko eskolan uda amaiera honetan berogailua aldatzen ari ziren eta zola azpikoa saneatzeko gelditu da. Iaz Zigako eskola osorik erori zen, eta berria egin arte apaizaren etxean daude. Almandozen aspalditik ari dira eskola berria aldarrikatzen. Oronozko eskolan udan izandako sutearen ondorioz psikomotrizitate gela erabat erreta gelditu zen eta gainerako geletako material gehiena hondatuta.
Azken urteotan dagokion administrazioak ez du ezer askorik egin herri hauetako eskolen alde. Bertakoek galdera bat darabilte buruan: Amaiur, Erratzu, Azpilkueta, Arizkun, Gartzain, Irurita, Arraioz, Oronoz, Ziga eta Almandoz gutxiago al dira bertzeak baino?
Gipuzkoako eskola txikiak baturik
Gipuzkoako eskola txikien sarea 1987an abiatu zen. Garai hartan herri txikietako eskolak oso egoera ahulean zeuden 1970eko Ley General de Educación delakoak kontzentrazioak bultzatu zituelako. Horrez gain, herri askotan, nahiz eta eskola izan, familia askok herritik kanpoko eskola aukeratzen zuen prestigioagatik eta herrian euskaraz ikasteko aukerarik ez zegoelako.

Egoera horretan, irakasle talde batek, eskola txikien balioaz jabeturik, elkartu eta lanari ekin zion bi helburu nagusirekin: eskola txikien garrantzia aldarrikatzea eta arazoak plazaratzea; eta irakasleen formazioa eta koordinazioa bultzatzea. Horrek eskola txikien arteko antolakuntza berri bat ekarri zuen, eta irakasleen elkarlanari gurasoena gaineratu zitzaion. Horrela, 1993an Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinadora sortu zuten. Elkarri babesa emateko, hainbat zeregin elkarrekin egiteko eta eskola txikien nortasuna sendotzeko aukera ikusi zuten.

Une honetan 26 herri eta auzo daude Koordinadoran: Abaltzisketa, Aduna, Aginaga, Aia Andatza, Aia Lardizabal, Aizarna, Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Altzo, Angiozar, Arroa, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Ereñozu, Errezil, Gabiria, Igeldo, Ikaztegieta, Lizartza, Oikia, Olaberria, Zerain, Zizurkil San Millan eta Zubieta. Elkarren berri badutela esan daiteke. Euren arteko harremanak bultzatzen dituzte proiektu komunen bidez eta esperientziak eta materialak trukatuz. Sarritan antzeko arazoak izaten dituzte eta Koordinadora arduratzen da administrazioaren aurrean ordezkari papera egiteaz. Helburu nagusia da eskola txikien errealitatea ezagutaraztea eta dituzten ezaugarri bereziak baloratzea, bai irakasleek eta bai gurasoek, herriek, administrazioek eta gizarteak.
Eskola txikien I. topaketak
2004-05 ikasturtearen amaieran Eskola Txikien I. Topaketak egin ziren Bergaran. Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola txikietako irakasleak eta gurasoak bildu ziren eta hainbat gai jorratu eta eztabaidatu zituzten elkarrekin. Hurrengoan Arabakoak, Nafarroakoak eta Iparraldekoak gehituko balira, asko aberastuko litzateke.
Topaketon helburu nagusia elkarren berri jakitea eta harreman finkoago bat sortzea da. Lau gai jorratu ziren taldetan banaturik: zuzendaritza eta eskola kudeaketa, adin aniztasuna gelan, eskolen arteko harremanak eta gurasoen partaidetza.
Zuzendaritza eta eskola kudeaketa
Eskola txikietan kezka pizten duen gaia da zuzendariena. Zuzendariak ez ditu eskola gehienetan bezala zuzendari lanak soilik egiten, hori eta gehiago egitea tokatzen zaio. Beste edozein eskolatan dituen ardura eta lan berberak ditu. Lanak beste dimentsio bat du, baina lan kopuru bera da. Horrek izugarrizko pisua eta ardura ematen dizkio. Eredua eskola handiei begira egina dago eta ez eskola txikiei begira. Itziar Olaskoaga Gipuzkoako Eskola Txikien koordinatzaileak adibide batekin azaltzen digu hori. “Administrazioko paperak betetzeko eredu batzuk egon ohi dira, baina sarritan ez dira egokiak guretzat. Horrek buruhausteak sortzen dizkigu”. Gainera, eskola gehienetan administrazio lanetarako langileak daude, baina eskola txikietan ez.
Itziar Olaskoagak dioenez, “zuzendaritzari buruzko marko orokor bat badago, baina guk gurea beharko genuke. Guk geronek bilatu behar ditugula alternatibak. Gure egoerara egokitutako proposamenak geronek egiten ez baditugu, inork ez ditu egingo guretzat”.
Irakasleen ezegonkortasuna ere aztergai izan zuten. Izan ere, eskola txiki guztietan bizi den egoera da eta kezka handia sortzen duena. Irakasleak asko aldatzen dira, eta horrek zaildu egiten du proiektu sendo bat aurrera eramatea.
Adin aniztasuna gelan
Hori da eskola txikien ezaugarri nagusia: adin desberdinetako haurrak batera egotea gelan. Transmisio bidezko ikasketa nagusi denean, kezka hori egotea normala izan daiteke. Izan ere, irakasleak irakasten du eta ikasleek hori jasotzen dute. Egoera horretan garrantzitsua izan daiteke ikasle guztiek ahalmen berdina izatea, irakasleak irakasten duena denek jaso ahal izan dezaten. Baina LOGSEk beste eredu bat proposatu zuen eta talde lanari, pedagogia aktiboari, balioei eta aniztasunari garrantzia ematen die. Kasu horretan, adin desberdinetako haurrak gela berean edukitzea ez da arazo: eskola bakoitza komunitate txiki bat da, non ikasle bakoitzak bere ikasketen protagonista izanik besteekin ikasten duen, batzuetan berak baino gehiago dakitenekin eta bestetan gutxiago dakitenekin. Gainera, horrek haur bakoitzaren rola aldatzeko aukera ematen du; urte batean txikiena dena hurrengo batean handiena izango da, eta ez beti zaharrena edo gazteena. Eskolatik at ere adin desberdinetakoak elkarrekin egoten badira herri txikietan, eskola barruan zergatik ez?
Antolaketa horrek lan gehiago eskatzen die irakasleei. Gelan egiten diren planteamenduek zabalagoak izan behar dute eta merkatuan dauden testu liburuak ez dira aproposenak horretarako. Izan ere, kontua ez da denak gela berean egotea baina bakoitza bere mailako testu liburuarekin, orduan ez bailitzateke talde bat izango. Planteamendu malguagoak eskatzen ditu eredu honek. Garrantzitsuena errespetua eta guztiei leku egitea da, eta hori asko zaintzen da.
Eskolen arteko harremanak
Eskola bakoitzak bere proiektuak dauzka, baina beste eskolekin batera gauzak egiteko beharra ikusten da. Garrantzi handia ematen zaio eskolen arteko harremanari, oso aberasgarria delako. Ikasleei begira, “haurrak atera egin behar dira eta beste haur batzuekin harremanetan jarri. Gure kasuan, hoberena beste eskola txiki batekoekin elkartzea da”. Eskolei dagokienez, indartsuago eta babestuago sentitzen dira antzeko beste eskola batekin erlazionatzean eta nortasuna sendotzeko balio izaten du. Eta irakasleei begira, ona da elkarrekin ikasteko eta laguntza jasotzeko.
Harremanak eskola txikien eredua eraikitzen joateko ere balio du. “Zeren badirudi eskola eredu bat dagoela eta bakarra dela. Eta eredu hori ez da onena guretzat. Horregatik, beste eredu bat nahi dugu”.

Bizkaian lotura gutxiago

Bizkaian guztira 29 eskola txiki daude sei bailaratan banatuta: lau Busturialdean, bosna Uribe-Kostan, Enkarterrietan eta Lea-Artibain, bi Durangaldean eta zazpi Arratia-Nerbioin. Bi eta zortzi gela artean dituzte; gehienek lau edo bost. Ez dago unitate bakarreko eskolarik beste herrialdetan bezala. Izan ere, Bizkaiko herriok handiagoak ei dira eta haur gehiago dago. Bidenabar, azkenaldian herriak handitzen ari dira eta haur kopurua igotzen. Zeberion, esate baterako, 90 ikasle daude. Hala eta guztiz ere, eskola txikiak izaten jarraitzen dute. Eurak diotenez, “herri handien antza gehiago dugu, baina ez dago hango eskoletan adinako pilaketarik. Oraindik ere ikasle gutxi dira eta herriko haurrak izaten jarraitzen dute, desberdinak”.

Bizkaiko eskola txikiak ez daude inongo koordinadoratan edo elkartetan batuta, ez dute lotura finkorik. Koordinatzaile bat egongo balitz euren arteko harremanak erraztuko lirateke segur aski, baina inor ez dago prest ardura hori hartzeko mementoz, nahiz eta Hezkuntza Saila horretarako prest agertu. “Horrelako figurak kezka edo beharrizan bat dagoenean sortu behar dira, eta guk ez dugu argi ikusten beharrizan hori” dio Nekane Otxoa Arrankudiagako eskola txikiko irakasleak.
Horri baino garrantzi handiagoa ematen diote haur eskolen eta eskola txikien arteko harremanari. 11 herritan ireki dituzte haur eskolak, baina ez dute inolako erlaziorik euren artean. “Helburua zera izango litzateke: herri guztietan 0-2 zerbitzua eskaintzea, eta ahal dela, herri txikiak garen neurrian, denok erantzun bateratu eta koordinatu bat ematea”.
Arratia-Nerbioiko kasu berezia
Arratia-Nerbioiko hiru eskola txikik harreman berezia dute euren artean; Arrankudiagakoak, Areatzakoak eta Zeberiokoak. Lehen nahiko arrunta omen zen eskola txikien artean batzarrak egitea, gurasoak elkartzea, material kurrikularrak elkarrekin prestatzea eta abar. Baina, ohitura hori galdu egin da denborarekin eta irakasleek beste interes batzuk izan dituztelako. “Gurean ez, gurean gero eta indartsuago dago” dio Nekane Otxoak. Aipatu hiru herrietako eskolak elkarrekin egiten dute lan. “Arlo metodologikoan ia-ia klaustro bakarra izango bagina moduan funtzionatzen dugu” , azalatzen digu Nekanek. “Konstruktibismoaren ikuspuntua da gure eskoletan nagusi. Ondorioz, testu libururik ez daukagunez eta lana proiektuekin egiten dugunez, bildu egiten gara materialak sortzeko, gelatan gertatzen denaz eztabaidatzeko, gure esku-hartzea aztertzeko, proposamen berriak diseinatzeko... Edozein eskola handietan maila berean irakasle edo gela bat baino gehiagoren artean dagoen funtzionamendua guk hiru eskolon artean egiten dugu”. Horretarako, ziklo bakoitzeko irakasleek astean zehar bi ordu hartzen dituzte elkartzeko, koordinatzaile batekin

Gurasoak aktiboki lanean

Eskola txikietan ikasle kopurua baxua bada, familiena ere bai. Ondorioz, familia bakoitza garrantzitsua da, ondo zaindu beharrekoa. Eta familiek ere eskola ongi zaindu behar dute. Gurasoek badakite hori, elkarren beharra dutela, alegia. Ahal dela herrian eskolatu nahi dituzte haurrak. Asko dira hori pentsatzen dutenak eta Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinadoran bilduta daude. Horko lehendakaria da Gloria Castaños. Eskola txikietan sinesten duten gurasoen koordinadorako lemazaina izan da azken urteotan.

Nola funtzionatzen du Koordinadorak?
Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteak dira Koordinadorako partaideak. Hainbat gauza elkarrekin egiten ditugu, baina herri eta eskola bakoitzak bere autonomia dauka. Gainera, herri bakoitzak bere izaera propioa du, bere funtzionatzeko era eta bere ohiturak. Hori errespetatu egiten da.
Eskola txikien izaerari lotuta, Gipuzkoako eskola guztiok antzeko ikuspegia eta helburuak eduki ditzakegu, eta horretan elkarrekin jardun gaitezke.
Zein da guraso gisa eskola txikiez duzuen ikuspegia?
Oso garbi ikusten dugu herriak eskola behar duela eta eskolak herria behar duela. Denoi interesatzen zaigu Haur eta Lehen Hezkuntza herrian izatea. Garrantzitsua iruditzen zaigu. Denok garbi daukaguna zera da: gure herrian edo auzoan dagoen eskola mantendu egin nahi dugula.
Zergatik ematen diozue hainbesteko garrantzia haurrak herrian gelditzeari?
Guretzat oso garrantzitsua da haurrak herrian egitea lagun koadrila. Lehen harremanak hor ematen dira, eskolaren inguruan: eskolan, parkean, eskolaz kanpoko jardueratan… Seme-alabak dauden lekuan, gurasoak ere hor egoten dira. Eta konturatu gabe, herrian daude, herriko partaide dira, eta horrek herria bizirik mantentzen du. Horixe da, hain zuzen ere gure leloa: eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik. Eta hori da errealitatea. Herri bat noiz dago bizirik? Bizitza daukanean kalean eta jendea joan-etorrian ikusten denean. Eta nork ematen dio bizitza handiena? Haurrek.
Horretan sinesten dugu gurasook eta horregatik nahi dugu haurrak ahal dela herrian bertan gelditzea. Pena ematen du haur bat aldameneko herriko eskolara joaten dela eta gero herrian integratu ezinik eta loturarik gabe gelditzen dela ikusteak.
Zer lan egiten dituzte Guraso Elkarteek eta Koordinadorak?
Helburu nagusia eskola txikiak sendotzea, duten nortasuna onartzea eta onarpen publikoa izatea da.
Ikusten ditugun beharrei erantzuten saiatzen gara. Gura azken urteetako lanak zerbitzuen inguruan egin dira. Eskolak eta herriak dituzten zerbitzuak hobetzen jardun gara. Zergatik? Beharra dagoelako.
Azken urteotan jangelaren beharra sortu da. Lehen aiton-amonekin edo izeba-osabekin bazkaltzen zuten gurasoak lanean baldin baziren, baina gaur egun herrian aiton-amonarik edo izeba-osabarik ez duten asko daude eta horiek nonbait bazkaldu behar dute. Eskola askotan ez zegoen jangela irekitzeko lekurik eta herriko jatetxe batera joaten dira. Jangelaren beharra herri askotan zegoenez, bakoitza bere aldetik jardun beharrean, Koordinadora jardun da eskaerak egiten eta abar.
Hurrengo erronka goizeko zaintzak izango dira. Leku batzuetan martxan daude eta beste batzuetan ez. Bakoitza bere aldetik ari da eta agian Koordinadorak esku hartu beharko luke tamaina handiko gaia delako.
Horrelako zerbitzuak lortzeko, eta batez ere iraupena izateko, diru laguntzak behar dira eta Koordinadora arduratzen da horien eskaera egiteaz.
Zein da Eusko Jaurlaritzaren jarrera eskola txikiekiko?
Sailburu berriarekin ez gara bildu eta ez dakigu gai honekiko zer jarrera, iritzi, proposamen eta kriterio dituen. Aurreko legealdian batzorde bat sortu zen eta aurrerapauso batzuk eman dira, baina guk gehiago nahi dugu. Erritmo kontua izango da agian. Guk beste martxa bat nahiko genuke eta agian Lakuarentzat azkarra eta dena izan daiteke. Hiruburu batean hamar etxebizitza egitea huskeria bat da, baina 300-400 biztanle dituen herri batean kopuru handia da eta horrek aldaketa handia ekar dezake eskolan, ez baita berdin haur bat edo bi jaiotzea edo hamar.
Udalen parte-hartzea nolakoa da?
Herri guztietan ez da berdin. Udaletxetan ere, dauden taldeen eta haien inplikazioaren arabera, aldatu egiten da. Orokorrean udalek ere sinesten dute eskolan. Mantendu egin behar direla eta lagundu egin behar zaiela pentsatzen dute.
Zein dira eskola txikietako gurasoen kezka nagusiak?
Lehen Hezkuntza bukatu eta institutura joan behar dutenean hainbat kezak sortzen zaizkie batzuei: nahikoa maila edukiko al dute? Talde txikian ohituta, talde handi batean moldatuko ote dira? Horrenbeste irakaslerekin moldatuko ote dira? Nahikoa prestatuta joango al dira? Lagunak egiteko trebetasunik edukiko al du?
Normalean irakaslearekin egiten diren bileratan planteatzen dira kezka horiek eta irakasleak aintzat hartzen ditu. Institutuko irakasleekin ere harremanetan egoten dira. Aurreko urteetan institutura joan direnen erreferentziak ere beti lasaitzen dute. Ahozko transmisioa beti dago.
Beste kezka mota bat da semea edo alaba eskolan bere adineko bakarra izatea. Pixka bat zaharragoak edo gazteagoak ere baldin badaude, ez dira asko kezkatzen. Baina tartea handiagoa denean kezka handitu egiten da.
Zuen ustez, zein da eredu hobea, eskola txikietakoa ala handietako?
Ez da bat bestea baino hobea. Kalitatea ona izan daiteke eskola handi batean eta eskola txiki batean. Eta berdin-berdin egon liteke erdipurdiko kalitatea eskola handi batean eta txiki batean. Nik uste dut eskola txikietan kalitatea badagoela. Seme-alabak institutura joaten direnean beste ikasleen antzera ibiltzen dira. Ez hobeto eta ez okerrago, besteak bezalatsu. Maila horretan ez dut uste aldaketa handirik dagoenik.
Topaketetan hainbat guraso elkartu zineten. Zer ondorio atera dituzue?
Garrantzitsutzat jo genuen guraso elkarteen artean hainbat gai jorratzea. Hasteko, guraso elkarteek nola funtzionatzen duten, zer eginkizun bete beharko lituzketen, zer sortu behar duten eskoletan, zer harreman dituzten edo eduki beharko lituzketen eskola kontseiluan, irakasleekin, herriarekin, udalarekin eta herrian dauden edo egon litezkeen beste erakundeekin…
Beste gai bat herri txikien egoerari lotuta dago. Herri batzuk handitzen ari dira etxebizitzak egiten ari direlako eta jende berria datorrelako. Herri txiki horrek funtzionatzeko ohitura batzuk ditu eta familia berriek egoera horretara egokitu behar dute. Eskolari begira, bai eskolak eta bai familia berriek ohitura desberdinak eduki ditzakete, eta bien arteko lotura egin behar da. Horrekin batera, hizkuntzaren arazoarekin egiten dugu topo. Datozen familiak erdaldunak baldin badira, oztopo bat gehiago izan daiteke harremanetarako. Zer harreman mota eduki behar dugu? Zer hizkuntza erabili behar dugu? Nola integratu familia horiek baina euskaldun izate hori mantenduz?
Hirugarren gaia bizkaitarrei dagokiena da. Egoki ikusten dute Bizkaian ere koordinadora bat sortzea. Gipuzkoan eskola txikietakoak sentitzen gara. Bizkaian batzuk bai eta beste batzuk ez. Horren beharra somatzen dute eta koordinadora bat sortzeko urratsak ematen hastekoak dira.
2006an eskola txikien festa Igeldon

2006ko ekainaren 11an ospatuko da Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Igeldon. “Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik” leloa izango du, ohiko moduan, hasierako aldarrikapenek oraindik indarrean jarraitzen baitute.

© 2012 HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa

Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa)

T. (+34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus