Nekazaritza eskolak: biharko lehen sektorea prestatzen

2006-01-01

Hegaztien gripea, transgenikoak, globalizazioa... gizartea dar-dar dago, eta zer esanik ez nekazariak. Kanpoko produktuen uholdean, preziotan ezingo dute lehiatu bertako nekazariek. Zer zirrikitu ikusten dizkiote globalizazio honi? Eta, beraz, biharko nekazariak nolakoa beharko du izan? Nekazaritza eskolek zer prestakuntza ematen diete egoerari aurre egiteko?

Jo dugu Nafarroara, Iparraldera, EAEra; mundua etxean, eta etxean hiru mundu baititugu.

 
 

Begiratu orokor bat

Eskolarik eta ikaslerik gehien, Iparraldean

Sei nekazaritza eskola daude Iparraldean. Ikasleak, berriz, 1.230 dira (Hegoaldean 407 daude). Hala ere, nekazari kopurua txikitu denez, Iparraldean nekazaritza eskolek bizirik jarraitzeko behar izan dute beste titulazio batzuk eskaini, laborantza hutsaz gain. Neurri hori hartzen lehenak, jakina, hiritik eta kostaldetik hurbilen dauden eskolak izan dira. Ikasleak erakartzeko sail berri horiek, gehienak, ingurumenari lotuta daude, arrakasta izugarria baitute, batez ere hiritarrengan.

Laborantza sektoreari dagokionez, kontuan izan behar Iparraldean bizi duten administrazio egoera: Pirinio Atlantikoko departamendu guztirako, laborantza ganbera bakarra zen, Pauen. Euskal Laborarien Batasuna sindikatuak 10 urtez jardun zuen haiekin lanean, baina ikusirik ganberak Biarnoko ekoizle handiei laguntzen indar gehiago egiten zuela, Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzea erabaki zuten. Oraindik ez du ofizialtasunik, baina jendeak jarritako diruz etxea eraiki zuten iaz eta zazpi lanpostu sortu dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoa: etengabeko formazioa eta “Gaztenek” zerbitzua

EAEko nekazaritza eskolak Mendikoi zentroak kudeatzen ditu, eta Jaurlaritzako Nekazaritza Sailari lotuta daude (ez Hezkuntza Sailari). Horrek abantaila argiak ditu, sektorea eta eskola lotzen baitira: ikasleok lan eskaintzen edota diru laguntzen berri zuzena jasotzen dute. Bestalde, aktiboan dauden nekazariei etengabeko formazioa eskaintzen diete eskolek.

Gazteak sektorean sartzeko proiektu berri bat jarri dute martxan eskola horietan: “Gaztenek”. Helburua da beren proiektu propioa sortzen laguntzea, hasierako kezkei erantzunez eta osatzen lagunduz. Diruz ere laguntzen da. Belaunaldi erreleboa ziurtatu dadin, datozen hamar urteotarako zera jarri dute helburu: urtero sektorean 100 sartze berri izatea. Urtebete da Gaztenek martxan dela eta pozik daude, aurtengoan kopuru hori gainditu baitute.

Eskolan baserritarrak erdaraz

Francoren garaietan, baserritarrek eskolan ikasten zuten erdaraz. Orain eskolan erdaraz ikasten dute, baserriari buruz.

Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen politika jakina da; Nafarroan nekazaritza eskola bakarra dago, Atarrabian, eta zentro publikoa da. Ikasle euskaldunik bada (% 25 edo), irakasle batzuk euskaldunak dira, baina zuzendaritzak ez du planteatu ere egiten hizkuntzaren afera.

Iparraldeko sei eskolek ere, Laborantza Ministerioari lotuak direlarik, batek ere ez du euskarazko irakaskuntzarik. Euskara arlo gehigarri moduan eskaintzen dute; aurten Donibane Garaziko eskolak, ikastarlo guztietan gai bat euskaraz eskainiko du. Euskaraz dakiten ikasle kopurua ere bada arazo, ez baitira taldea osatzera iristen.
EAEn formazio osoa euskaraz Fraisoron soilik eskaintzen da, abeltzaintza eta lorezaintza zikloetan. Gainerakoan, euskaraz praktikatan egiten da: ikasleak taldeka jarri eta partaide guztiak euskaldunak badira, horiei euskaraz mintzatzen zaie irakaslea. Presentzia murritz honen arrazoia omen da, ikasle euskaldunak ez direla ikasgela bat osatzera heltzen, edota irakasle batzuk euskaraz irakasteko formazioa falta dutela. Aurten euskalduntzekozazpi pertsona liberatu dituzte.

Nekazaritza eskolak

Fraisoro: MENDIKOI

- Nekazaritza eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolamendua
- Abeltzaintzako ustiategiak
- Lorezaintza

Derio: MENDIKO

- Baliabide naturalen eta paisajistikoen kudeaketa
- Lorezaintza
- Nekazaritzako ustiategi intentsiboak

Arkaute: MENDIKOI

- Nekazaritza eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa
- Lorezaintza
- Nekazaritzako ustiategi estensiboak

Atarrabia: NEKAZARITZA ETA BASOZAINTZAKO BHI

- Nekazaritzako ustiategi estentsiboak eta abeltzaintza
- Basozaintza eta ingurumen zaintza
- Lorezaintza
- Nekazaritza eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa
- Baliabide naturalen eta paisajistikoen kudeaketa
- Haztegi eta lorategietako langile

Donibane Garazi: FRANTSESENIA

- Laborantza
- Nekazalguneetako zerbitzuak

Maule: SOULE

- Laborantza
- Abere ttipien (maskotak)
saltzea eta artatzea
- Nekazalguneetako zerbitzuak

Donapaule: JEAN ERRECART

- Laborantza
- Janari saltzea
- Ingurumena

Hazparne: CFA (publikoa)

- Laborantza
- Baratzezaintza
- Ingurumena

Hazparne: ARMAND DAVID

- Baratzezaintza
- Ingurumena
- Tresnagintza

Senpere: SAINT CHRISTOPHE

- Arraintketa
- Ingurumena
- Abere basen zainketa

Euskal Herriko datuak:Gaurko ikasle, biharko nekazari

· Ikasleen profila

Iparraldea: mendialdean, ikasle gehienak laborari seme-alabak dira. Zenbat eta kostalderago, gehiago dira ikasle hiritarrak, nekazari bizitzaren ikuspegi idealizatu samarraz agian, eskolara jotzen dutenak.

EAE: Formakuzio arautura hiritar gehiago dator, sektorean txertatzeko ideia argiarekin. Etengabeko formazioan (profesionalei zuzendua) baserritarrak dira gehienak. Formazio “trinkoan” (ikastaro espezifikoak) nekazariak eta hiritarrak paretsu dira.
Nafarroa: ikasle gehienak hiritarrak dira, Iruñerrikoak. Gaia gustuko dutelako datoz, baina gero unibertsitatean jarraitzen dute, edo beste edozertan lanean.

· Biharko nekazaria: zertan izango da ezberdin?

“Formazio hobea izango du eta aisago ikasiko du beharrezkoa zaion edozer. Mentalitatea aldatuko da: enpresari buruaz jokatu beharko du, eta alor ekonomikoan trebatu (bankuak, kreditu sistemak...)” (Miguel Angel Jordan, Atarrabiako Nekazaritza eta Basozaintza eskolako zuzendaria).

“Erraztasun gehiago izango du inbertsio handitan sartzeko, teknologian parte hartzeko, aldaketak egiteko” (Eli Gorospe, EAEko Mendikoi zentroko formazio arduraduna).
“Beste kontzientzia bat beharko du ukan: elkarte mailan lan egin, eta borrokatu. Orain artio gauzak askitto azkar saltzen ziren, laguntzak zeuden, anitz tresneria, bakotxak berea erosten zuen. Honoko urteetan gauzak ez dira hoin errez izaten ahal, eta beharko dute elkarrekin lan gehiago egin” (Frantxoa Tambourin, Donibane Garaziko Frantsesenia eskolako lehendakaria).
“Lan moldeak gogoetatu beharko dituzte: elkarturik nola arindu lana, aisialdirako denbora izateko. Bestela gizartean bi talde izanen dira: nekazariak, urtean egunero eta egun guziz lanean direnak, eta gainerako langileak, astean 35 lan oren eta aisialdia dutenak. Bestetik, azken gertakariek gizartean zabaldu duten mesfidantza dela-eta, laborariak saltzeko moldeetan eta eroslearekiko harremanetan zera aldatu beharko du: denbora eman beharko du esplikatzen nola egin duen produktu hori” (Cecile Crouspeyre, Frantsesenia eskolako zuzendaria).

Nafarroa:Miguel Angel JORDAN, eta Mikel LORDA

ATARRABIAKO NEKAZARITZA ETA BASOZAINTZA BHIko
ZUZENDARIA ETA IRAKASLEA

Zer irakurketa egiten duzue Nafarroako nekazaritza sektoreaz? Eta beraz, zer bide eskaini nahi dizkiezue ikasleei?

M. A. Jordan.- Nazioarteko banku bateko adituak jardunaldi batzuetan argi esan zigun non gauden: Europara sartuko diren produktuen inbasioa izugarria izango da, eta hor ezin dugu lehiatu. Kultibo handiak (zerealak, baratzegintza, frutak), nonbait, Asian eta Hego Amerikan ekoiztuko dira. Preziotan ezin dugu horiekin lehiatu.

Nafarroan zer egin? Batetik, jadanik ari dira enpresa erraldoiak zabaltzen, barazki izozkailuak esaterako. Enpresa horiek ja ari zaizkigu langileak eskatzen. Gazteak enpresa handi horietarako presta genitzake. Eta beste bidea da, enpresa txiki mailan (autonomo gisan, edo bizpahiru langileko enpresa moduan), hemen bertako produktu zehatzetan espezializatzea.
M. Lorda.- Kalitatezko produktuak egitea, enpresa multinazional handi horiekin lehiatzeko. Nekazaritza ekologikoa ildo horretatik doa, eta eskolan hasiak gara ekoizpen molde hori ere lantzen, etorkizunerako garrantzitsua izango dela uste baitugu.
M. A. Jordan.- Horrez gain, etorkizun hurbilean nekazariok beste aktibitate batzuk ere guregain hartzen has gaitezke, hala nola, ingurumen arloa. Nork zainduko ditu Pirinioak? Bada bertan bizi direnek. Beraz, ingurumen zaintza bihur dadila bertako biztanleen egitekoa, eta jaso dezatela diru ordaina gizarteari egiten dioten ekarpen horren truke.

Zuen eskolara lan eskaintza asko dator. Aldiz, zuek ikasleak lortzeko lanak dituzue. Nola azaltzen duzue?

M. A. Jordan.- Eskolan badugu lan poltsa bat, kanpotik datozen eskaintzez osatua. Une honetan lan eskaintza, eskaria baino altuagoa da. Ez dugu lanpostu horietarako ikaslerik topatzen, askok unibertsitate ikasketekin jarraitzen dutelako, beste asko lanean hasten direlako beste edozein sektoretan, eta gainerakoak XXI. mendeko umeak direlako, inoiz heldu nahi ez dutenak.

M. Lorda.- Gure ikasle asko hirigunetik datoz, eta izatez harremanik ere ez dute nekazaritza sektorearekin.
M. A. Jordan.- Nekazari guraso askok, ez du inola ere nahi bere seme-alabak lanbide honekin jarrai dezan. Ulergarria ere bada, nekazariek gaur beste profesional gehienek baino lan baldintza okerragoak baitituzte: seguritate sozialeko sistematik hasi eta soldata baxuetaraino. Hor aldaketak erradikala izan behar du. Gobernuek orain artean hartutako neurriak petatxuak izan dira. Politika erasokorragoa behar da, eta nekazari izateagatik (ingurumena zaintzeagatik azkenean) laguntza zuzenak eman behar zaizkie pertsona horiei, halakoxe garbi, diru laguntzatan eta urrutiko txanponetan galdu beharrean. Nekazariok batez besteko errenta nazionalak ziurtatuta izan behar ditugu, bestela jendeak martxa egingo du.
M. Lorda.- Bestetik, Lanbide Heziketari balioa ematen ez zaion bitartean, eta guztia gaztetxoak unibertsitatera joan daitezen bideratzen den bitartean, jai dugu. Hezkuntza Departamentuko Orientazio Zerbitzuak guri ez digu ikasle bat bera ere bidali, gaztetxoei ez zaie gure eskolaren berri ematen, bide profesional duin bat gehiago moduan. Ikastetxeen artean lehiakortasun handia dago, zentro handiek jaso nahi dituzte ikasle guztiak, eta horietara bideratzen dira. Lotsagarria da Tafallatik beherako ez ikaslerik etortzea hona, lan eskaintza gehiena handik datorkigunean!
M. A. Jordan.- Gurasoen mentalitatean unibertsitateak du lehentasuna, eta horrek zentzu bat ere badu, hasteko administrazioa bera delako lanpostu publikoetarako titulazioak finkatu gabe dituena. Basozain posturako administrazioari berdin zion ingeniaria edo biologoa izan. Asko borrokatu behar izan genuen lanpostu horren oposaketak egiterakoan basozain titulua izatea derrigorrezko bihur zedin. Administrazioak ardura handia du; izan ere, bera hasten bada Lanbide Heziketako titulazioak exijitzen, enpresa pribatuak ere erreparatuko dute profesional horietan.

Euskal Autonomia Erkidegoa: GOROSPE, Eli:

EAEko MENDIKOI ZENTROKO FORMAZIO ARDURADUNA

Zer irakurketa egiten duzu Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektoreaz?

Nekazaritza sektorea desberdina da hiru probintzietan, eta berdin sektoreka hartuz gero. Baina orokorki gero eta espezializatuagoa dela esango nuke. Beraz, aurrera jarraituko duten esplotazioak oso espezializatuta daudenak izango dira, eta teknologian sartuta daudenak. Esplotazio txikiek edo beste ekintza moduan dituztenek, dedikazio bat izaten segiko dute, baina ez dira profesionalak izango. Eta ekoizpen sistemak aldatuko direla uste dut. Adibidez, txerriekin orain ikusten da estensiboan funtzionatzen duela eta produktua kokatzen dela. Ekoizpen ekologikoa ere bultzatzen ari da.

Sektoreka egoera arrunt aldatzen dela diozu. Zehaztuko al zenuke pixka bat?

Sektore batzuk egonkortasuna lortu dute eta aurrera egiteko moduan daude: ardia gaztagintzari lotuta, frutagintzan mahatsa (ardotarako zein txakolinetarako), eta baratzegintza (inbertsio handiak eta teknifikatuak egiten baitira, eta kalitatezko produktu hori gero merkatuan errekonozitu egiten da).
Beste sektore batzuk aldaketa handien prozesuan daude, behi sektorea esaterako: esplotazioak gutxitu dira, handitu, teknifikatu eta behi buruak gehitu.
Eta azkenik, zenbait sektoretan beste labore batzuk bilatu beharko direla ikusten da. Arabako lautadan kili-kolo daude erremolatxa eta patata. Europari lotuta daude, eta hor gorabehera handiak daude. Gutxi barru horiek ordezkatzeko beste labore batzuk sartuko direla suposatzen dut .
Errioxako aktibitatea, berriz, gero eta gorago doa: inbertsio handiak egiten dira, produkzio handiak dauzkagu, produktuak aitorpen bat dauka eta merkatuan ondo kokatzen da.
Basogintzan kanpoko produktuak barnekoari arazo asko sortzen dizkio. Prezioa gero eta gutxiago ordaintzen da. Jabeek, beraz, orain mantendu egiten dute, eta ez saldu. Ikusi egin behar sektorea egonkortzen den edo ez.

Beraz, zuek nekazarien formazioan, zertan egin nahi duzue indar?

Sortzen duzun produktua kalitatezkoa izan dadila, prezioan ezingo baituzu lehiatu beste ekoizle batzuekin (adibidez Almeriakoekin). Eta azken helburua zera da: kalitatezko produktu hori merkatuan bereiztea lortzea. Garestiagoa izan arren, erosleak kalitate hori aitortu egiten baitu eta orduan ez zaio axola ordaintzea.

Iparraldea:

TAMBOURIN, Frantxoa:
DONIBANE GARAZIKO FRANTSESENIA ELKARTEKO LEHENDAKARIA

MONACO-CROUSPEYRE, Cecile:

DONIBANE GARAZIKO FRANTSESENIA ESKOLAKO ZUZENDARIA

Zein da Iparraldean nekazaritzaren egoeraz egiten duzuen irakurketa eta, beraz, horri erantzuteko nola planteatu nahi duzue eskola?

F. Tambourin.- Iparraldean, Frantzia guzian bezala, laborari kopurua ttipitzen ari da, baina hemen halare hobeki segidatzen da. Aldeak badira: gune batzuetan (Garazin, Baigorrin) anitz etxalde bizi dira eta gazte andana plantatzen. Baina Amikuze kosta aldera zenbat eta gehiago joan, etxaldeak handiago.
Etxalde ttipietan bizia egitekoz behar da etxeko mozkina atera, esnetegietarat-edo zuzenki saltzeko ordez. Guk nahi duguna, laborantzako eskola batek gazteei buruz egin dezan da, erakustea mozkin hori ateratzen, sail berezi batzuen bidez (esnea gaztatzea, ahateki eta txerriki mozkina ateratzea). Hemen ditugun puntu azkarrak dira sor markaz diren produktuak (Irulegiko Arnoa, Irati gasna, Ezpeletako piperra): horiek dira zure ekoizpenak ongi baliatzeko manerak, eta ekoizpen horik ez dira beste nonbaiten hola egiten ahal. Erran nahi du ez garela kantitateez ari, ari garela kalitateari, eta egin ahala ezagupen ona ematea gure kalitateari.
C. Monaco.- Gure irakaskuntzaren eta proiektuaren mamia da, ahal bezainbat biztanle atxikitzea mendialde honetan. Eta biztanleak atxikitzeko, behar da etxaldeak bizirik atxiki. Erran nahi du etxalde ttipietatik behar dela bizi, familia baten biziarazteko doia atera. Guk ez diegu beste molde bateko biderik erakutsi nahi gazteei eta erran behar dutela beti eta gehiago abere ezarri, beti eta lur gehiago berenganatu, zeren puntu batetik goiti beren buruaren aurka ari dira: behar dutelako gehiago gastu egin, gehiago tresnatu eta beraz, nahiz anitz produktu ukan, hondarrean gelditzen dena ez da gehiago.
Bestetik, etxaldeak bizirik izateak erran nahi du ere laborariek behar dutela elkarrekin bizi, elkartean lan egin. Baina ere onartu beste gizarte parte bat ere badela, badirela beste ofizioak, badirela zerbitzuak, badirela kanpotik jinak, eta denek elkarrekin behar dugula aitzina jo, eta ez dela bakarrik laborari ikuspegi batekin segitzen ahal. Hortakotz, irakaskuntzan saiatzen gara gazteek gizarteari eta bakoitzaren ingurumenari kasu ematen eta egituretan eta engaiatzen, sartzen.

Pirinio Atlantikoko departamenduan, laborantzan gazte gehien plantatzen duzuenak zuek zarete, mendialde honetakoak (Baigorri, Garazi, Iholdikoak).

C. Monaco.- Hori argi eta garbi da kulturari lotua dela, guretzat ez da beste arrazoirik. Etxeari atxikimen hori, lurrari atxikimen hori, kulturaz da. Hemen arrunt lur gutti gertatzen da saltzeko, nehork ez du saldu nahi. Alde on hori badugu. Beste eskualde batzuetakoekin mintzatuz, dudatzen dute, erraten dute “sobera kultura azkarra duzue eta ez da zinez gaztearen proiektua, bere burua sentitzen du bortxatua etxalde bati lotzeko”. Lehenago behar bada buraso batzuk bortxatzen zuten, orain erraten ahal dugu burasoek hautu osoa uzten dietela beren seme-alabei, baina badela hari hori, etxaldeari atxikimendu hori. Etxean egon beharra zen seme-alabak bidez aldatzen badu eta etxetik joan, anitzetan gertatzen da beste haurride bat itzultzen dela etxera, etxea ez uzteko.
Mementoan mantentzen dugu oraino etxalde ttipietako bizitza, baina egia da baditugula ardurak. Laborantza eskoletan ikasle kopurua zinez apaldu da, eta apaltze hori iraunkorra izanen ote den edo zenbat atxikiko dugun ez dakigu. Egun guztietako borroka da.

Txiki izanez bizitzea, hori gaurko globalizazioaren aurka doan printzipioa da. Kontrakorik ez?

C. Monaco.- Beste eskola zenbaitentzat sobera engaiatuak gara, erakusten duguna da hemen lotzea. Administrazio mailan ere, duela zenbait urte Laborantza Ministerioko ordezkariek erraten ziguten erokeria zela: gazteei arriskuak harrarazten genizkiela holako etxalde ttipietan plantatuz, ez zutela bizibiderik ukanen. Orain ohartzen dira etxalde ttipietan familiak ongi bizi direla, eta etxalde handiagoetan badirela diru nekeziak.
Gure eskolan ere, ikasleetan badugu denetarik, burasoetan berdin (nahiz eta etxalde ttipien zaintzea denek ikusten duten ongi) eta guk behar dugu biziki kasu eman horri. Beharbada batzuek ez dute ere ahalik Europa edo munduz gogoetatzeko, ez astirik ez eskolarik berrien segitzeko. Horretan ere behar dira errespetatu. Baina egia da administrazioa zein sindikatuak ere baliatzen direla horretaz, nahi duten biderat emateko. Gure lana da bide guztiak esplikatzea, eta gero ikasleak hautua egiten du. Zoritxarrez baditugu ikasle batzuk zernahi abere ezartzen dutenak, “produktibismoan” sartu direnak, baina denek ukan dute informazio bera eta gero hautua berena da.

Ez duzue etxalderik ez lurrik. Gainera nahiago duzue hala, pedagogikoki eta proiektu gisa ere.

C. Monaco.- Guk lan egiten dugu laborari sare batekin, buraso ohi eta ikasle ohiekin egina dugun sare batekin. Ikasleak joaten dira gutxienez astean behin etxalde batzuetarat, ikustera, gogoetatzera nola egin dituzten hautuak. Eta badugu hitzarmen bat gure ikasle ohi batekin ere (bere etxaldea eskolatik 10 minutura dago), eta hala ikasle -irakasleak joaten dira nahi dutelarik praktikaren egitera.
Beraz, eskolak etxalde bat ukateak alde onak baditu (entseguak egiten ahal dira), baina beti etxalde bera da. Aldiz, guk sarean eramaten ditugu adibide desberdinen ikustera, eta produktu desberdinen erakustera. Zeren ikasle gehienek hazkuntzan ari nahi dute, baina hazkuntzarekin bakarrik etxalde gutxi ateratzen da aurrera; behar dute beste diru iturri bat, beste eginbide bat (izan dadin behi hazkuntza, edo ahate, edo sagartze). Helburua da gure ikasleei erakustea zer proiektu egiten ahal den, eta laborariekin mintzatzea eta galderak egitea zertarako egin duten hori, zer alde on eta zer txar dituen. Zeren puntako teknika irakastea baino, gure helburua gehiago da irakastea gogoetatzen, eztabaidatzen.

Donibane Garaziko FRANTSESENIA:

herriko laborarien proiektua

* Administrazio kontseilua: ikasle ohiek, gurasoek eta laborantza egituretako ordezkariek osatzen dute. 18 kide dira.

* Sortu: 1953an, Aita Mongaston apaizak. Igande arratsaldetan hasi zen eskolak ematen.
* Frantsesenia elkartea eratu zuen laster, departamenduko ordezkariekin eta 32 herritako auzapezekin. Eskolaren berezitasuna, duen izaera herritarra da.
* Emile Larre izan zen lehen zuzendaria (Herria astekariaren buru izana urtetan).
* Alokatutako egoitzatan ari behar izan dute, batetik bestera (Garazi, Donazaharre, Baigorri, Uharte-Garazi...).
* Beren eskola 1999an eraiki zuten. Lurren erosteko dirua 32 herri horiek jarri zuten.