Euskal curriculuma herritarren ikuspegitik

2006-02-01

Euskal curriculuma oso modako bihurtzen ari den kontzeptua da. Haatik, moda baino zerbait gehiago izango da. Bai, sumatzen da. Zerbait potoloa eta sakona izango da. Ikusi besterik ez dago ikastoletan, eskola publikoetan zein erlijiosoetan nola heldu dioten. Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma aztertzen, eztabaidatzen eta ekarpenak egiten hasi berriak dira.

Udalbiltza ere herri eragileekin bildu da eta haien ekarpenak jaso ditu, eurek ere badutelako zeresana gazteen heziketan. Eskolaz kanpoko gizarte eragileen ekarpenak ezagutzea komeni zaigu, curriculumak ikuspegi integrala izan dezan.

 
 

Udalbiltzak herritarren ekarpenak bildu ditu

Ikastetxeetan ez ezik, gizartean ere ari dira euskal curriculuma eztabaidatzen. Udalbiltzak gai horren inguruko eztabaida soziala bideratzeko konpromisoa hartu zuen eta “Euskal curriculuma. Herritarren ekarpena” izeneko prozesua eraman du aurrera horretarako. Iazko udaberrian Euskal Herriko sektore anitzeko 320 eragile ingururekin harremanetan jarri zen eta haien ekarpenak bildu eta landu dituzte. Urtarrilaren 28an Donostiako Kursaalen bildu ziren 300 lagunek ekarpen horiek ezagutu, eztabaidatu eta hausnartu zituzten, eta baita berriak egin ere. Orain, horiek denak liburu batean bildu eta argitaratuko ditu Udalbiltzak, eta era berean, ekarpen horiekin euskal curriculuma aberasten saiatuko dira.

Denak galdera bati erantzuten saiatu dira: zein da arlo bakoitzean 16 urteko gazte batek bereganatu behar dituen kontzeptuak, abileziak eta balioak? Landu diren arloak 10 izan dira: norberaren garapenerako hezkuntza, ingurumen hezkuntza, hezkidetza, kulturarteko hezkuntza, euskara, historiaren irakaskuntza, eskubide sozialak, parte-hartzea, komunikabideak eta internazionalismoa eta garapenerako hezkuntza.
Herri eragileek orain arte hezkuntza arloan izan duten parte-hartzea oso desberdina da. Batzuek erlazio estuagoa dute eta hainbat ekimen eta proposamen eraman dituzte aurrera. Hezkuntzari buruzko hausnarketak egin izan dituzte eta material didaktikoa sortu ere bai. Hezkidetza, ingurumen hezkuntza, garapenerako hezkuntza, kulturarteko hezkuntza, euskara eta aisialdia arlokoak izan dira hezkuntzara gehien hurbildu direnak. Aldiz, internazionalismoak, langile mugimenduak, eskubide sozialen aldeko eragileek, komunikabideek eta abarrek hezkuntzari buruzko hausnarketa espezifiko gutxi egin dute eta zenbaiti kosta egiten zaio hezkuntzaren gaineko gogoeta egitea.
Edonola ere, zailtasun gutxiago edo gehiago somatu, denak euskal curriculuma sortzeko prozesuan parte hartzeko prest agertu dira.

Elkarlanak jarraitu behar du

Lehenengo aldiz egin da horrelako lan bat, hau da, hezkuntzari buruzko hausnarketa herritarrekin eta herri eragileekin. Prozesua aurrera eraman ondoren, gainera, argi gelditu da euren parte-hartzea funtsezkoa dela hezkuntza prozesuan. Herri eragileek eginkizun garrantzitsua dute belaunaldi berrien heziketan, eta beraiek horren jakitun dira. Heziketa formalaren eta ez-formalaren arteko batasuna behar dela diote, eta bigarren arlo horretan zeresan handia dutela.

Horregatik, Udalbiltzak hezkuntzarekiko ardura izaten jarrai dezaten eskatu die herri eragileei. Eta horrekin batera, ikastetxeekin eta unibertsitateekin dituzten loturak estutu ditzaten ere bai. Hezkuntza eragileei, berriz, zera eskatu die: euskal curriculuma sortzeko prozesua bururaino eramatea eta guztien artean berau aplikatzeko estrategia bateratua eta nazionala eraikitzea.

NORBERAREN GARAPENERAKO HEZKUNTZA

Norberaren garapenerako hezkuntzaz hitz egiten dugunean, sexualitateaz, osasunaz, kontsumoaz, drogez, aisialdiaz... ari gara. Pertsona gisa garatzeko beharrezkoak diren elementuak dira, eta horrexegatik, hezkuntzan aintzat hartu behar dira. Orain arte zehar lerro moduan landu izan dira eskola curriculumean. Orain euskal curriculumak konpententzia gisa lantzea proposatzen du; hau da, lehen zehar lerro zena hezkuntza prozesuaren ardatz bilakatzea, eta irakasgai zena orain zehar lerro izatea.

Norberaren garapenerako hezkuntzaren barruan lau gai sakondu dira eta bakoitza lantzeko proposamenak ere bildu dira.

Sexu hezkuntza

Sexu hezkuntzak bi ardatz izan behar ditu: informatiboa (kontzeptu fisiko eta soziala) eta orientatiboa (nola lortu bizi kalitate hobea). Oso garrantzitsua da gazteak informatuta egotea eta horretarako baliabide askotarikoak ematea. Hori izango litzateke ikastetxeetan egin beharrekoa. Eta horretarako, gazte eta nerabeek eragile aktiboak izan behar dute, metodologia aktiboa erabili behar da.

Drogen inguruko hezkuntza

Euskal curriculumak, drogen inguruko hezkuntzari dagokionez, prebentzioa hartu behar du oinarritzat. Prebentzioa drogak dauden gizarte batean droga-menpekotasunik gabe bizitzen ikastea da. Beste modu batera esanda, drogen erabilpena edo gehiegizko erabilpena saihesteko, kontsumoa gutxitzeko edota atzeratzeko diren neurriak aztertzea. Osasunaren ikuspegitik, garrantzitsuagoa da prebentzioa tratamendua baino.

Prebentzioa modu jarraian egin behar da, era sistematikoan. Eta ikastetxeak leku aproposak dira horretarako; alde batetik, gizarteko partaide guztiak bertatik pasatzen direlako, eta bestetik, helburua heziketa delako, giza neurrietan eta neurri teknikoetan oinarrituta. Prebentzio hezkuntza horretan, hezkuntza formalarekin batera, ezinbestekoak dira guraso, gazte eta eragileen parte-hartzea.

Osasunerako hezkuntza

Azken garaiotako berrikuntza garrantzitsuetako bat da eta gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da.

Osasunaren hezkuntza antzinako praktika bat da, baina aldatu egin da ideologikoki eta metodologikoki, osasunaren ikuspuntua bezala. Lehen osasuna gaixotasun gabeko egoera zen, eta orain ongizate psiko-fisiko-sozialarekin lotzen da.
Beraz, hezkuntzak garatu beharreko ekintzak bizi eredu osasuntsu batera bideratuak egon behar dute, indar hartu duen prebentzio ikuspuntutik. Alde batetik, osasun arazoak saihesten ikasi behar da, arrisku egoerak kontrolatu eta horien ondorioak ekidinez. Eta bestetik, osasuna promozionatu behar da, hots, pertsonei gaitasunak eman behar zaizkie bizi eredu osasungarriak lor ditzaten.
Osasunerako hezkuntza heziketa prozesu bat bezala proposatzen da, non ikasleek norbanakoaren eta taldearen defentsa eta promoziorako hainbat eduki, jarrera eta ohitura jasoko dituzten. Hau da, ikasleak arduratsu bihurtzea, osasunarekiko jarrera positiboak garatzea eta ahalik eta bizi eredu osasuntsuena izatea lortu nahi da.

Aisialdirako hezkuntza

Aisialdirako hezkuntzaren bitartez bizitzaren idealak eta balioak landu daitezke, gizartea eraldatu eta alternatiba berriak sortuz.

Oso garrantzitsua da norbanakoaren jarrera jorratzea: astialdia libreki bizitzea, norberak nahi duena aukeratuz. Plazera lortzeko adierazpen libre eta sortzailea izan beharko du, ahalegina eskatzen duena. Zentzuduna izan behar du eta oreka bilatzeko baliagarria.

HEZKIDETZA

Hezkidetzaren ikuspegitik nolakoa izan behar du euskal curriculumak herri eragileen ustez?
- Integrala: hezitzen, prestatzen eta erreziklatzen lagundu eta bultzatu behar du.
- Eraldaketarako bitartekoa izan behar du.
- Sexuen arteko erlazio berriak sortzen lagundu behar du.
- Euskal emakumeek bizi duten eta historian zehar bizi izan duten gutxitze eta diskriminazioen ondorioz pairatzen duten aukera desberdintasunei aurre egin behar die.
- Euskal emakumeen ezaugarri bereizgarriak ikertu eta landu behar ditu.
- Emakumeen presentzia, erreferentziak, eredu anitzak eta parte-hartze soziala (kulturan, zientzian, politikan, eguneroko bizitzan...) berreskuratu behar ditu.
- Emakume eredu desberdinak erabili behar ditu adibideetan, irudietan... edozein eremu edo funtziotan.
- Ezkutuko curriculumaren garrantziaz jabetu eta horren lanketa eta aldiro horren ebaluazioa egin beharko luke.
- Balioen eta jarreren banaketa azaldu beharko lituzke eta aukeraketa pertsonan dagoela erakutsi, eta ez jendarte patriarkalak mailakatzen eta hierarkizatzen dituen elementuetan.
- Baliabideak bilatzerakoan ondo aukeratu behar dira azterketa sakon bat eginez: lanaren banaketa sozial eta sexuala eszenifikatzen dituzten liburu zein kontzeptuak saihestu, eduki sexistak dituen edozein materialen bazterketa ziurtatu eta parekidetasunean oinarritutakoak erabili.
- Hizkuntzaren ezaugarri sexistak aztertu eta kritikotasunez horiek aldatzeko lanketak egin, gerora hizkuntza egokia eta sexismorik gabea bultzatzeko.
- Hezkidetza bultzatu eta bermatuko duen metodologia parte-hartzailea behar du bere baitan.
- Hezkidetzak derrigorrezko irakasgaia izan behar luke. Irakasgai berri bat bermatu beharko luke euskal curriculumak: parekidetasunerako baldin-tzak azalduz, emakumeen zapalkuntza agertaraziz, desberdintasunak sexuak soilik markatzen dituela azalduz...
- Gai honekiko hausnarketa eta eztabaidak sustatu behar ditu etengabe euskal curriculumak hainbat modutan: soilik zehar lerro gisa, irakasgai espezifiko moduan eta baita zehar lerrotasunez, tutoretza orduak erabiliz...
- Genero begirale funtzioa duen pertsona egotea proposatzen da, bai euskal curriculumaren sortze prozesuan eta baita sortu ondoren jarraipen zuzena egiteko.

INGURUMEN HEZKUNTZA

Orain arte egin dena ikusita, euskal curriculumari begira, 16 urteko gazte batek zera behar luke:
- Ingurune soziala eta naturala elkari lotuta daudela ulertu.
- Hazkunde eredu bakoitza bere ondorioekin lotu.
- Munduko egungo sistema ekonomiko nagusiak nolako desberdintasunak sortzen dituen ulertu, eta baita horrek ingurumenean dituen eraginak ere.
- Euskal Herriko ingurumen arazo nagusiak ezagutu, horien kausak eta ondorioak eta gatazka konpontzeko eragileak nor diren.
- Ekosistema kontzeptua gure gizarteari aplikatuta ulertu, eta lehengaien eta hondakinen joan-etorriak ezagutu.
- Euskal Herriko ekosistema desberdinak ezagutu, eta bakoitzean bizi diren animaliak eta landareak ere bai.
- Gizakia ekosistemako zati dela ulertu.
- Gizakiak historian zehar Euskal Herriko ingurunearekin izan duen erlazioa ezagutu.
- Baliabide naturalen zikloak ezagutu, gizakiak esku hartzen duenean zein ez duenean.
- Era batera edo bestera ingurumenaren defentsan lan egiten duten taldeak, erakundeak eta administrazioak ezagutu.
- Kontsumitzaile arduratsua izateko ezagutza eduki.
- Bizitza maila eta bizitza kalitatea desberdindu.
Kontzeptu horiek guztiak lantzeko hainbat prozedura, jarrera eta balio ere proposatu dituzte.
Orain arte egin dena ikusita, euskal curriculumari begira, 16 urteko gazte batek zera behar luke:
- Ingurune soziala eta naturala elkari lotuta daudela ulertu.
- Hazkunde eredu bakoitza bere ondorioekin lotu.
- Munduko egungo sistema ekonomiko nagusiak nolako desberdintasunak sortzen dituen ulertu, eta baita horrek ingurumenean dituen eraginak ere.
- Euskal Herriko ingurumen arazo nagusiak ezagutu, horien kausak eta ondorioak eta gatazka konpontzeko eragileak nor diren.
- Ekosistema kontzeptua gure gizarteari aplikatuta ulertu, eta lehengaien eta hondakinen joan-etorriak ezagutu.
- Euskal Herriko ekosistema desberdinak ezagutu, eta bakoitzean bizi diren animaliak eta landareak ere bai.
- Gizakia ekosistemako zati dela ulertu.
- Gizakiak historian zehar Euskal Herriko ingurunearekin izan duen erlazioa ezagutu.
- Baliabide naturalen zikloak ezagutu, gizakiak esku hartzen duenean zein ez duenean.
- Era batera edo bestera ingurumenaren defentsan lan egiten duten taldeak, erakundeak eta administrazioak ezagutu.
- Kontsumitzaile arduratsua izateko ezagutza eduki.
- Bizitza maila eta bizitza kalitatea desberdindu.
Kontzeptu horiek guztiak lantzeko hainbat prozedura, jarrera eta balio ere proposatu dituzte.
Orain arte egin dena ikusita, euskal curriculumari begira, 16 urteko gazte batek zera behar luke:
- Ingurune soziala eta naturala elkari lotuta daudela ulertu.
- Hazkunde eredu bakoitza bere ondorioekin lotu.
- Munduko egungo sistema ekonomiko nagusiak nolako desberdintasunak sortzen dituen ulertu, eta baita horrek ingurumenean dituen eraginak ere.
- Euskal Herriko ingurumen arazo nagusiak ezagutu, horien kausak eta ondorioak eta gatazka konpontzeko eragileak nor diren.
- Ekosistema kontzeptua gure gizarteari aplikatuta ulertu, eta lehengaien eta hondakinen joan-etorriak ezagutu.
- Euskal Herriko ekosistema desberdinak ezagutu, eta bakoitzean bizi diren animaliak eta landareak ere bai.
- Gizakia ekosistemako zati dela ulertu.
- Gizakiak historian zehar Euskal Herriko ingurunearekin izan duen erlazioa ezagutu.
- Baliabide naturalen zikloak ezagutu, gizakiak esku hartzen duenean zein ez duenean.
- Era batera edo bestera ingurumenaren defentsan lan egiten duten taldeak, erakundeak eta administrazioak ezagutu.
- Kontsumitzaile arduratsua izateko ezagutza eduki.
- Bizitza maila eta bizitza kalitatea desberdindu.
Kontzeptu horiek guztiak lantzeko hainbat prozedura, jarrera eta balio ere proposatu dituzte.

EUSKARA

Egun, ikasgeletan euskara aspektu formal, egituratik eta literatura lantzen dira batik bat. Hizkuntzaren corpusa lantzearekin batera beharrezkoa da estatusa ere lantzea. Zentzu horretan, arlo honetako eragileek egin dituzten ekarpenak ikuspegi soziolingustikotik egin dituzte. Hona hemen ekarpenok hiru ataletan:

Euskara irakasgaiko edukiak:

- Hizkuntzaren inguruko kontzeptu eta azalpen teorikoen lanketa. Hizkuntza, hizkuntza eskubideak, hizkuntza komunitatea, hizkuntza ordezkapena, elebakartasuna, elebitasuna, diglosia, ofizialtasuna, hizkuntza politika… Aztertu behar da honen guztiaren inguruan non jarri beharko liratekeen lehentasun nagusiak.
- Euskararen bilakaera historikoa ezinbestez landu beharko litzateke. Batetik, herri honek bere hizkuntzari eusteko egin duen lana eta erabili dituen mekanismoak aipatu behar dira, baina noski, hori erabat loturik dago jasan dugun eta jasaten dugun zapalkuntza linguistiko eta kulturalarekin. Herri honek ordezkapen prozesu bat pairatu behar izan du eta horren gako nagusiak ongi ezagutu behar dira. Garai ezberdinetako aldaketa nagusiak, ordezkapen horren eragileak zein diren, erabili diren metodoak, izan dituzten ondorioak, jarrerak… Beharrezkoa da horien azalpen egoki eta jarraitu bat egitea.
- Euskara batuaz gain, ikasleek beren inguruko euskalkiak ezagutu eta erabiliko dituzte, euskara batuaren ekarpen eta aberasgarritasun gisa.
- Bestalde, sakon aztertu behar da euskararen normalizazioaren aldeko lana eta, oro har, euskararen defentsan egin dena. Euskaldunok nola iritsi gara gure hizkuntza bizirik mantentzera? Nola iritsi gara gainera oraindik gure hizkuntza normalizatua izan dadin aukera zabalik izatera?

Prozedurak

- Hizkuntza eskubideak ezagutuko ditu. Era berean, eskubide horiek urratzen direnean bere kexa edo salaketa non eta nola bideratu jakingo du.
- Euskararen bilakaera historikoa eta hiztunen ezaugarriak sailkatzea.
- EH osatzen duten herrialdeen euskararen egoera deskribatzen ikastea.
- Euskara hizkuntzen munduko mapan kokatzen jakitea.
- Lehentasunen arabera, etorkizuneko lan ildoak sailkatzen ikastea.

Balioak

- Euskararekiko atxikimendua bultzatzea.
- Hizkuntza gutxituenganako elkartasuna adieraztea.
- Euskara Euskal Herriko hizkuntza dela sentitzea.
- Beste hizkuntza eta kulturekiko errespetua indartzea.
- Dagozkigun hizkuntza eskubideen jabe izatea.
- Euskararen berreskurapena geure eskuetan dagoela ulertzea, herri mugimenduaren balioaz ohartzea.
- Euskararen alde ospatzen diren jai, mobilizazio eta ekimen desberdinetan beren begirunea eta ahal den neurrian laguntza eskaintzea.

INTERNAZIONALISMOA ETA GARAPENERAKO HEZKUNTZA

Arlo honetan euskal curriculumari ekarpenak egiten hiru erakunde mota aritu dira:

1- Herri pobretuen garapenerako lan egiten dutenak (GKEak).
2- Talde internazionalistak.
3- Nazioarteko gaien ikerkuntzan aritzen direnak.
Euren ustez, kontzeptu hauek bereganatu beharko lituzke 16 urteko gazte batek:
- Identitate propioa eta aukera berdintasuna.
- Herri, kultura eta zibilizazio desberdinak ezagutzea.
- Inperioa eta kolonizazioa ezagutzea, bai lehengoa eta bai gaur egungoa.
- Munduko sistemak ezagutzea.
- Aldaketaren kontzientzia edukitzea.
- Bidezko eta elkartasunezko merkataritza ezagutzea.
- Globalizazioaren aurrean jarrera kritikoa izatea.
- Komunitateen, herrien, gutxiengoen eta nazioen arteko loturen kontzientzia edukitzea.
- Produkzio ereduaz eta berdintasun ezaz jabetzea.
- Gatazkak ulertzeko eta ebazpenak aurrera eramateko gaitasuna.
Trebezien artean hauek azpimarratzen dituzte: parte-hartze demokratikoa, talde lana, autokontrola, informazioaren konparaketa eta kontrastea, analisi arrazionalak egiteko gaitasuna eta erabakiak hartzen dituzten pertsonak eta instituzioak presionatzeko bideak ezartzeko gaitasuna.

HISTORIA

Historiarik ez daukagula entzuten mendeak igaro ostean, zaila da gure ondorengoei zein Historia irakatsi behar diegun erabakitzea. Gainera, Euskal Herrian Historia jorratzen duten talde ugari egon arren, dispertsio handia nabari da. Edonola ere, zenbait irizpide eman dituzte euskal curriculumari begira.

Zer da euskal historia?

Hasteko, euskal historiaz hitz egiterakoan, euskal kontzeptu hori hainbat modutara defini daiteke, eta kasu honetan, “euskal” hitzak gure hizkuntzan duen esanahi konbentzionala errespetatzea proposatzen dute. Horrela, euskal historia euskarari, euskaldunei eta Euskal Herriari dagokion historia litzateke.

Zertarako irakatsi Historia?

Historiaren irakaspenaren bidez lortzeko ikasleari nondik datorren irakastea eta gaur egungo errealitatea ulertzeko gakoak ematea.

Nola irakatsi?

Historia ahalik eta erarik zientifikoenean irakatsi behar da, Historiak hezkuntza integral bat lortzeko daukan gaitasuna baztertu gabe. Hau da, Historia irakasten ari garen heinean, balioen inguruko galderak plantea daitezke eta planteatu behar dira ikasgela batean. Baina ikasleek erantzun behar dituzte galdera horiek, ez Historiak.
Metodologiari dagokionez, aspaldi bilakatu ditu historiografiak ikerketa gai kantuak, sermoiak, produkzio erak eta abar. Era berean barneratu beharko ditu irakaskuntzak, berriro ere Historia liburuetan dagoen kanon absolutu moduan irakatsi nahi ez badugu behintzat.
Teorietatik harago, euskal historiaren lan kanonikoak behar dira, eta horiek gabe nekez egin daitezke eskoletarako bertsioak, nahiz hurbilpen batzuk badauden. Halaber eskolan euskal historia gaiak lantzeko materialak (prozeduretarako) falta dira, euskaraz sortutako iturri historikoek (bertsoak, idazle klasikoak...) bereziki profitatu beharrekoak izanik.

Zer irakatsi?

Irakatsi behar den kontakizunak ahalik eta zabalena eta objektiboena izan behar du, baina, aldi berean, argi finkatu behar ditu zein konbentzio eta ikuspegiren arabera eraiki nahi dugun Historia. Herri eragileek proposatzen duten ikuspegia nazionala da, euskalduna. Euskal identitatea gure jendartean dagoen identitateetako bat izanik (ez bakarra baina bai aski orokorra), berau aintzat hartzeko modukoa kontsidera liteke, eta horrek justifikatuko luke euskal historia irakastea.
Zazpi herrialdez osaturiko gure herria aldarrikatzen dute eta iruditzen zaie hauek badaukatela historia amankomun bat. Inolako konplexurik gabe egin behar zaio horri lekua konbentzioaren inguruko irizpide argien bidez eta Historia diziplinari dagozkion metodo zientifikoen bidez.
Manex Goihenetxek Euskal Curriculuma: Kultur Ibilbidea lanarentzat proposatutako curriculum ereduan ikuspegi europarra proposatzen zuen Euskal Herriko Historia irakasteko ikuspegirik onena zelakoan. Zalantzarik gabe egokia izan daiteke zentzu orokor batean hartuta eta dituen onurak ukaezinak dira. Hala ere, marko orokor egoki bat eskaini dezakeen arren, aro historiko zehatzei begira egokiagoa izan daiteke beste marko espazial batzuk hartzea. Hots, nolabaiteko eredu “misto” bat hautatzea.
Ezin da gure eskoletan irakatsiko den Historia parametro zaharren bidez irakatsi. Gutxienez azken hamarkadetan finkatu diren joerak barneratu beharko ditu gure ikasgaiak eta zalantzarik gabe positiboa litzateke gure eskoletan etorkizun perspektibarekin jokatzea. Gizarte taldeen historia, emakumeena, tokian-tokiko historia, gizarte mugimenduena, eta abar ikasi beharko dute ikasleek beren adina eta taldearen aukeren arabera.

KULTURARTEKO HEZKUNTZA

Nahiz eta orain arte ezer gutxi landu arlo honetan, irizpideak zehaztuta daude. Garrantzitsua da bertako eta kanpoko jendearen arteko harremanak sendotzea, elkar ezagutzea. Etorkinek gure herria eraikitzen ari garela jakin behar dute, baina ez da nahikoa. Horrez gain, konfiantzazko harremanak sortu behar dira, beraiek ere eraikuntza horren zati direla jakiteko. Denon arteko kontratu sozial bat egin behar da eta denok auzolanean aritu.

PARTE-HARTZEA

Parte-hartzearen arloa oso gutxi jorratua dago hezkuntzan, eta egina dagoena, batez ere unibertsitate mailan eta irakasleen ikuspuntutik. Aitzitik, ikasleek balio ugari jaso ditzakete benetako parte-hartzea landuz gero, betiere etika, hiritar portaera (estatu frantziarrean irakasgai dena) eta filosofia uztartzen dituelako eta bizimolde berri bat ere agerian uzten duelako.

Euskal curriculumerako ekarpenak egiterakoan, arlo honetan aritu direnek Summerhilleko esperientzia eta Paulo Freireren irakaspenak hartu dituzte eredutzat, eta honako balioak lantzeko proposamena egin dute.
- Pertsonen arteko harremanak eta gatazkak konpontzeko gaitasuna.
- Entzute aktiboa.
- Pertsona bakoitzaren nitasuna eta ardurakidetasuna batera doaz.
- Horizontaltasuna, hierarkiarik eza irakasle eta ikasleen artean.
- Autogestioa maila etiko edo moralean. Komunitateak bere arazo, kezka, gogo eta pozak partekatzeko eta modu egokian bideratzeko gai izan behar du.
- Komunikazioa eta informazioa bereiztea. Gaur egun komunikazio gutxi eta informazio asko ematen dute ikastetxeek.
- Iritzi sorkuntza: iritzi kritikoa, argudioen erabilpenarekin.
- Komunitatearen balioak onartzea eta errespetatzea.
- Praktikak eta teoriak bat egin behar dute: horrela, ikastetxea irakaspenen eredu eta paradigma bihurtzen da, eta ez kontraesanen habi.

LANGILEAK ETA ESKUBIDE SOZIALAK

Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma proposamenean hezkuntzaren xedea honako hau dela esaten da: gizakiak gizabanako gisa, gizartekide eta izadikide gisa ahalik eta gaitasun gehien garatzea da.
Arlo honetako eragileen ustez, definizio horri hirugarren hanka bat falta zaio, eraldaketarena. Izan ere, eraldaketaren hankarik gabe, hezkuntzaren eginkizuna dagoen errealitatean ahalik eta ongien moldatuko diren pertsonak hezitzera murriztuko litzateke.
Beste zenbait aldaketa ere egin dizkiote: gizakia kontzeptua (singularrean), herritarrak kontzeptuarekin (pluralean) ordezkatu; gizartekide kontzeptuaren ordez, herrikide kontzeptua ere erabil daitekeela diote; ahalik eta gaitasun gehien garatzea esaldiaren ordez, osoki garatzea jarriko lukete, alderdi kualitatiboari pisua emanez; eta hirugarrenik, hezkuntzaren xedea Euskal Herrian kokatzea iradokitzen dute.
Beraz, honela geratuko litzateke definizioa: euskal hezkuntzaren xedea herritarrei errealitatea kontzienteki ulertu eta eraldatzeko baliabideak ematean datza, gizabanako gisa, herrikide gisa eta izadikide gisa osoki edo integralki garatu daitezen.
Azkenik, ezkutuko curriculuma kontuan hartzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, gerta daiteke teorian balio batzuk lantzea gelan (esaterako, elkartasuna) eta, aldi berean, kontrako norabidean doazen praktikak sustatzea (esaterako, ikasle bakoitzak nota bat izatea).

KOMUNIKABIDEAK

Arlo hau aztertu dutenek argi ikusten dute komunikabideek ikuspegi hezitzailea landu behar dutela, eta eskolak ikasketa bereziak txertatu beharko lituzkeela komunikazioaren mundua hobeto ulertzeko.
Zer da gazteek egiten jakin beharko luketena?
- Mezuak dekodifikatzen.
- Ideiak transmititzeko gaitasuna izan behar dute. Komunikazio zuzena zein zeharkakoa menderatu behar du pertsona orok.
- Telebista jaun eta jabe izanik, ikus-entzunezkoak ekoizten irakatsi behar da; medioa menderatu eta eskuragarri izanez, medioa erabili dezakegu.
- Teknologia berriaen eta interneten kasuan, erabilera kontziente batetarako hezi behar dira.
- Hedabideen prozedura ezagutzea komeni da (adibidez: paperezkoan, notizia nola formulatu, garapena, paperera, errotatiba...).
- Norberaren komunikazio gaitasuna garatu behar da.
- Ikastetxeek medioak eta azpiegiturak eskaini behar dituzte.

IKASTETXEETAN ERE HASI DIRA

Sortzen-Ikasbatuaz prozesua sare publikoan ari da aurrera eramaten

Euskal Herriko ikastetxe publikoetako hezitzaileek, gurasoek eta gainerako partaideek Sortzen-Ikasbatuazek Hegoaldeko lau herrialdeetan antolatutako mintegietan parte hartzeko aukera izan dute. Mintegi horietan 200 lagunek hartu du parte eta Eskolaldirako Euskal Curriculumari buruzko informazio zuzena jaso dute.

Hurrengo urratsa ikastetxe bakoitzean lantzea izango da, proposamenak eta ekarpenak egiteko. Sortzen-Ikasbatuazek ahalik eta eztabaida bizi eta parte-hartzaileena egin nahi du, eta horretarako egingo ditu langile, guraso eta ikasleentzako aurkezpenak, inkestak betetzeko bilkurak eta abar.
Aldi berean, Sortzen-Ikasbatuazek sare publikoko partaideak elkartzeko baliatu ditu mintegiak. Xedea harreman sarea antolatzea da, prozesua ahalik eta gehien zabaltzeko.

Ikastolak hasi dira euskal curriculumaren

proposamena baloratzen

Euskal Herriko ikastolak hasi dira Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma proposamena baloratzen eta hobetzen. Urtarrilaren 21n 300 lagun bildu ziren Donostian Ikastolen V. Biltzarra zela-eta; ikastoletako lehendakariak, zuzendariak eta euskal curriculumaren bideratzaileak, hots, ikastola bakoitzean gaia dinamizatuko duten ordezkariak.

Hemendik aurrerako lana bi fasetan banatu dute:
- 2006ko urtarriletik ekainera baloratu eta proposamenak egingo dituzte. Horretarako, inkesta bat erabiliko dute lan tresna moduan. Helburua datu kontrastatuak ateratzea eta proposamenak jasotzea da.
- 2006ko irailetik 2007ko martxora lehenengo fasean jasotako informazioan oinarrituz, Guztiontzako Oinarrizkoa eta Komuna izango den Euskal Curriculumaren proposamena egingo da.
Azken horrekin bat egiten duten ikastolek berau praktikan jartzeko eta ebaluatzeko konpromisoa hartuko dute. Izan ere, ezer gutxi balioko du egindako lanak gero aplikatzen ez bada. Aplikazio hori derrigortua izateko ordez borondatez eta atxikimenduz egiten bada, askoz ere eraginkorragoa izaten da. Eta noski, atxikimendua lortzeko, hoberena proposamen bat ezagutzea, aztertzea eta baloratzea da, egokia den ala ez ikusteko, eta hala bada, hobekuntzak iradokitzeko. Ideia horrekin ekin diote ikastolek lanari.

Kristau eskolak ere buru-belarri

Kristau eskoletan ere prozesua abiatzear daude. Batzar nagusietan titular guztiei prozesua nondik nora joango den azaldu diete, eta ikastetxetako zuzendariei ere bai. Otsailaren erdialdera egun bateko jardunaldia egingo dute eta bertan izendutako dituzte ikastetxe bakoitzean gaiaren ardura hartuko dutenak. Hortik aurrera eta Aste Santu bitartean, buru-belarri sartuko dira ebaluazio eta hobekuntza prozesuan.