Anorexia nerbiosoa eta bulimia nerbiosoa

2006-03-01

14 eta 21 urte bitarteko emakumetan % 4,5ak Elikadura Jokaeren Nahasteak ditu (gaixotasun horien artean aurkitzen dira anorexia nerbiosoa eta bulimia nerbiosoa). Emakume aurpegia duten gaitzak dira beraz, jasaten dutenen % 10 baita gizonezkoa.

Eskolak bazterrean utzi ezin duen errealitatea da berau, batez ere DBH etapan, nerabezaroan hartzen baitute indar arriskuko jokaerek. Balioetan heztea eta nortasuna lantzea izan daitezke bizitzarako irakaspenik onenak.

 
 

Ulertzen ez ditugun gaixotasunak

Buruko gaixotasunak dira, eta ez modelo izan nahi duten neskatilen baraurako kapritxoa. Anorexia eta bulimia, sakonagoko oinaze baten isla edo sintoma dira: nortasun krisia, familia gatazkak, ziurtasunik eza, autoestimu baxua, norbere buruaz irudi txarra izatea… Gisa horretako faktore pertsonalez eta bizi esperientziaz gain, gaixotasun horiek harrapatzeko joeren artean, beste faktore batzuk hereditarioak direla uste dute.

Eta ezin ahaztu gure gaurko gizarteak Elikadura Jokaeren Nahasteetan duen eragina. Edertasunaren kanon argaldua helarazten zaigu publizitatearen bidez, edota telebistak “errealitate” gisa aurkezten digun imajinaren bidez (pantailan agertzen diren pertsona guztiek gizartearen gutxiengoari dagokion gorputza dutelarik), edota arropa tailu murriztuen bidez. Gizartean nagusi diren balioek ere (lehiakortasunak, gorputza gurtzeak arrakastaren giltza moduan, kontsumoak, sexismoak) gehiago laguntzen diote gaixotasunari, pertsonari baino.

Eskola: ardurak eta beldurrak

Eskolak dimentsio bi ditu lantzeke alor honetan. Batetik, ikasgela errealitatea aztertzeko laborategi den heinean, ikasleei laguntzea gizarteko mezu subliminal horiek irakurtzen, eta kontsumoaren gizarteak gugan erein dituen idealei maskara kentzen. Eta bestetik, ikasgela norberaren nortasuna zizelkatzeko tailerra den neurrian, ziurtasun handiko pertsonak eraikitzea, gizarte kontsumista batetik jasotzen dituzten mezuekiko kritikoak izango direnak. Betiere, argi izanik eskola ez dela gizarteko arazo guztiak senda ditzakeen ospitalea: egia baita gai honetan ere eragin handiagoa dutela etxetik jasotako balioek, zein kaletik, telebistatik edota internetetik edandako mezuek.
Bestalde, buruko gaixotasunak direnez, askotan irakasle zein gurasoek ez dute jakiten nola heldu arazoari naturaltasunez; hasteko, gutxik du benetan gaixotasun hauen berri, anorexia eta bulimiaz dugun irudia morboak eraikitako estereotipo desitxuratua baita. Irakasleek beldur bat izaten dute: gurasoei abisu emango al diet, nik ez dakit-eta seguru ikasle horrek halako arazoren bat ote duen? Eta hala balitz ere, zer egin? Nola jokatu gurasoekin? Zer egin ikasle horrekin, eta gainerako talde osoarekin? Galdera horiek hartuta, anorexia eta bulimiaren aurkako Euskal Herriko elkarteetara jo dugu. Beso zabalik hartu gaituzte, azpimarratuz irakasle zein gurasoek inolako kontsultarik egin nahi izanez gero, zalantzatan galdu gabe deitzeko elkarteetara.

Anorexia nerbiosoaren eta bulimia nerbiosoaren kausak

Kausak oraindik ez daude argi, baina hiru motatako faktoreen elkarrekintzari zor zaiola uste dute adituek.

FAKTORE ERAGILEAK

· Norbanakoarenak: loditasuna, perfekzio nahia eta autokontrola, heltzeko beldurra, autonomo izateko arazoak, autoestimu baxua…
· Genetikoak: elikadura arazo bat duen senide bat edukitzeak, familiako beste edonorengan gaixotzeko arriskua 2tik 20raino biderka dezake.
· Soziokulturalak: argaltasun idealak eta loditasunaren aurkako aurreiritziak, zenbait lanbide eta kirol, elikadura ohitura txarrak, gurasoak itxuraz gehiegi arduratzea, familiako gatazkak, komunikazio falta, neurriz gain babestea, estu hartzea…

GAIXOTASUNA INDARTZEN DUTEN FAKTOREAK

· Nerabezaroa (aldaketa fisiko zein psikikoak), dietak, neurriz gaineko ariketa fisikoa, gorputzarekiko balorazio txarra, norbere buruarekin gustura ez egotea, estres egoera pertsonala, arazo emozionalak.

GAIXOTASUNA MANTENTZEN DUTEN FAKTOREAK

· Gorputz irudiaz balorazio txarra izatea.
· Presio soziala.
· Estres egoerak berriz agertzea.

Anorexia nerbiosoa

Diagnostikorako irizpideak (Psikiatriako Amerikar Akademia. DSM-IV, 1994).

· Adinari eta neurriari dagokion gorputz pisu normala mantentzeari edo minimotik gora pisatzeari uko egitea.

· Pisua hartzeari terrorea izatea, pisu idealaz oso azpitik egonda ere.
· Pisuaren eta gorputz irudiaren pertzepzio distortsionatua. Autoebaluazioan pisuak edo irudiak eragin desegokia izatea edota egungo pisuaren larritasuna ukatzea.
· Emakumeetan, hilekorik ez izatea, gutxienez hiru ziklotan jarraian.

Bulimia nerbiosoa

Diagnostikorako irizpideak (Psikiatriako Amerikar Akademia. DSM-IV, 1994).

· Betekadak sarritan.

· Pisu irabazia saihesteko, konpentsaziozko jokaera desegokietara maiz jotzea, esaterako norberak eragindako gonbitoak, laxanteak hartzea, diuretikoak, baraua edo neurriz gaineko kirola.
· Betekadak eta konpentsaziozko jokaerak, gutxienez astean bitan gertatzen dira, hiru hilabetean zehar.
· Autoebaluazioan eragin desegokia du gorputzaren pisuak.
· Deskribatutako asaldurak ez dira anorexiako faseetan soilik gertatzen.

Elkarteak Hego Euskal Herrian

Araba ACABE

Jarduerak

• Kaltetuentzat laguntza tailerrak.
• Senitartekoentzat laguntza tailerrak.
• Hitzaldiak eta zabalkunderako ekintzak.
• Telefono bidezko laguntza eta lehen arreta.

Kontaktua

- 945 242 578
- araba@acabeuskadi.org
- www.acabeuskadi.org

Bizkaia ACABE

Jarduerak

• Kaltetuentzat: autolaguntza taldeak, elikadura tailerra, harreman tailerra.
• Senideentzat: autolaguntza taldeak, elikadura tailerra.

Hezitzaileentzat

• Elikadura Jokaeraren Nahasteen Prebentzio Tailerra.

Kontaktua

- 944 756 642
- acabebi@telefonica.net
- www.acabeuskadi.org
- www.acabebizkaia.com

Gipuzkoa ACABE

Jarduerak

• Informazio, harrera, orientazioa eta laguntza zerbitzua.
• Senide eta kaltetuentzat: bakarkako laguntza eta jarraipena, laguntza taldeak, topaketak.
• Ikastaro, hitzaldi eta tailerrak.

Hezitzaileentzat

• Irakasle, orientatzaile eta gurasoentzat, ikastetxeetan (haiek eskatuta): elikadura jokaeren nahasteei buruzko informazio saioak edo hitzaldiak.
• Aisialdiko begirale, entrenatzaile, kale hezitzaile eta abarri zuzenduta: Elikadura Nahasteei buruzko Osasunerako Heziketa Ikastaroak.

Kontaktua

- 943 326 250
- gipuzkoa@acabeuskadi.org
- www.acabeuskadi.org

Nafarroa ABAN

Jarduerak

• Telefono bidezko laguntza.
• Harrera, orientazioa, informazioa, aholkularitza, jarraipena.
• Lehen bisita pertsonalizatuak.
• Laguntza taldeak.
• Hitzaldiak.

Kontaktua

- 948 262 163
- info@aban.biz
- www.aban.biz

“BEREN BURUAN SEGURTASUNA DUTEN PERTSONAK ERAIKI BEHAR DITUGU"

AGIRRE, Garbiñe: ACABE Gipuzkoako koordinatzailea

Gaixotasun hauen sorreran, noraino eragiten du egungo gizarteak, eta noraino da erabakigarria bakoitzaren nortasuna eta bizi esperientzia?

Egia da neska hauek ez direla gaixotzen jokaera berezi batzuk dituztelako soilik, nesken artean gehiengoaren jarrera bera baita: “ni zaindu egiten naiz” esatekoa alegia, eta denak daude giro berean sartuta (tailu txikiko arropa dendak, “galtza hauek gizen egiten naute” gisako komentarioak…). Aldiz, gehiengoak jokaera bera izanagatik, nesken gehiengoa ez da gaixotzen. Zergatik? Jokaera horiek izateaz gain, gaixotzeko joerazko osagai batzuk eduki behar direlako, edota herentzia genetikoa, edota beste mila faktore ezagutu ere egiten ez direnak. Etxe berean, ahizpa batek anorexia izan dezake eta besteak ez. Eragin gehien nortasunak du. Dena den, familiaren eta inguruaren eragina ere oso garrantzitsua da.
Nahiz eta eragin gehiena nortasunak duen, badira arazo horien eragileak izan daitezkeen arriskuko jokaera batzuk.
Noski. Emakumeetan dietak dira arrisku handiena dutenak. Normalean dieta batean hasi ondoren hasten dira gaixotzen. Gainera mediku, endokrino, dietista edota beste edozein espezialistak dieta jarri arren, horrek ez du esan nahi pertsona horrek gaixotasuna garatuko ez duenik. Nola jakin genezake dieta batetik hasita ez denik obsesionatuko? Nola jakin dieta batetik ez dela arauak apurtzera helduko?
Mutilen kasuan, kirola da arrisku handiko faktorea gaixotasuna garatzerakoan.

Kirol entrenatzaileek ere garrantzi handia dute, beraz.

Kirolak osasuna eta gozamena izan beharko luke, baina zoritxarrez gaur egun kirolak lehiakortasuna eta emaitza du helburu. Zein mezu eta nola bidaltzen diren mezuak kontu handiz landu behar da gazteekin jardutean.

Anorexia eta bulimia gaixotasun modernotzat hartu izan ditugu, gaurko gizarteak sortutakoak zirelakoan, baina ez da hala…

Dirudienez lehen kasua XVII. mendekoa da, eta gizona zen. Urte guztiotan gaixotasuna garatzen joan da, eta beti unean uneko kulturaren balio nagusiak hartuz. Iragan mendetan gaixotasun mota horiek mistikari lotuak zeuden, naturaz gaindikoari. Erlijio gizon-emakume haiek zeukaten profilak, puruagoak izan eta zerua irabaztearren lurreko gauza oro baztertuz barau egiten zutenenak, antza handia du gaur anorexia nerbiosoa dutenekin. Gizarte hartan balio gorena naturaz gaindikoa izatea zen; gaur gorputza gurtzea da. Beraz, gaixotasuna bera da (beti arrakasta bilatzen baita), baina garai bakoitzeko idealetara egokituta.

Arazoak edo gaitzak ere garatzen doaz, gizartearen garapenari lotuta.

Gaurko gizartean estresatuago gaude, presio gehiago dugu, lehiakortasun gehiago, erritmoa izugarria da eta oso zurruna, eta beraz deskontrolak ere indar hartzen du: erosketa konpultsiboak, drogak… Orain jendea gehiago deskonpentsatzen da, ahal duelako: gure gizartean kontsumoa eskura dugu (“Hirugarren Munduan” jendea ez da erosketa konpultsiboetan eroriko). Eta deskontrolak indar hartzean, gure gaurko gizartean askoz bulimia gehiago dago anorexia baino (zeinak kontrol zorrotza eskatzen duen).

Gaixotasuna mendetan garatu da, eta aldiz, bada beti mantentzen den alderdi bat: emakumeengan duela eragin gehien. Gaixoen % 90 da emakumea, % 10 gizona. Zer irakurketa egiten duzu horretaz?

Badirela osagai biologiko batzuk gizonak eta emakumeak desberdin egiten gaituztenak, eragin izugarria dutenak, eta oraindik ezagutzeke daudenak. Adituek jakin badakiten bezala, depresioek gehiago eragiten diete emakumeei gizonei baino, eta zergatia oraindik aurkitu ez duten bezala (garunaren % 7 baino ez dugu ezagutzen), buruko beste gaixotasun mental hauek emakumeei gehiago eragitearen zergatia ere oraindik ez dakigu.

Zer egin eskolan?

Balioetan hezi eta beren buruan segurtasuna duten pertsonak eraiki. Garrantzitsuena ez dadila izan itxura, eta desberdintasunak ez daitezela txartzat hartu. Elikadura Nahasteen prebentzioa egiten duzunean, drogen prebentzioa egiten ari zara, eta motor istripuena. Pertsona lantzen ari baitzara. Baina gaixotasun horiek ez dira gelan oso bereziki ere landu behar, gaia gehiegi azpimarratuz.

Balioetan heztea aipatu duzu. Baina hor eragin handiagoa dute etxean transmititzen diren balioek zein kalean jasotakoek.

Egia da, eta gure etxetan zera entzuten da, “halako izugarri argaldu da, eta begira zer guapa dagoen”. Hori da gu guztion abiapuntua. Neskek orokorrean daukaten presioa izugarria da: ilusiozko eta fantasiazko mundu batean bizi gara, non arrakasta kontsumoaren araberakoa den. Gaur dena egin daiteke (edo horixe da saltzen diguten fantasia): sudur luzea baduzu, “konpon daiteke”, bularrik ez baduzu “jarriko dizkizugu”; mezua jada ez da “eta zer?”. Ederki kezkatzen dira pertsona dudatsuak eta ez zoriontsuak egiteaz, menpekoak izan gaitezen eta estetika zentroetara joateko beharra izan dezagun, petatxuak jartzeko. Pertsonak, zenbat eta segurtasun gutxiago izan, orduan eta kontsumo gehiago. Emakume zalantzati guztien kontura negozio latza dago. Tutoreen egitekoa? Beren buruaz ziur dauden gaztetxoak sortzea. Eta zaila da, irakasleei familiak eta kaleak egiten ez dutena eskatzen baitzaie. Mundua ja oso lehiakorra da, oso zalantzatiak gara, eta gurasoak ere hor sartuta daude (denok bezala).

Gelan anorexia eta bulimiaren gaia ez dela modu berezian landu behar esan duzu. Zergatik?

Bi arrazoiengatik: batetik, gaixotasun horiek morbo izugarria dutelako, eta morbo horrek gaixotasunari buruzko irudi irreal edo desegokia ematen duelako. Eta bigarren arrazoia da, gaia bereziki lantzea azkenean gaixotasunaren eragile suerta daitekeela, prebentzio bide baino. Adin horretan neskatilak argaltzeko ideiei oso adi daude, aldizkaritan dietak irakurtzen hasten dira, zer harrapatuko daude, eta hain justu anorexiari buruzko hitzaldi bat ematea edo antzeko ekintza bat egitea, izan daiteke bilatzen duten hori ahoko zuloan jartzea. Aldiz, prebentziorako hitzaldiak bai egin daitezkeela guraso eta irakasleei begira, detekzio azkar baterako.

Gaixotasun horiek duten morboa aipatu duzu. Zer ondorio ditu morbo horrek?

Batetik, ez dela gaixotasuna ezagutzen. Izatez, ez dago kontzientziarik benetako gaixotasuna denaz: “modelo izan nahi duten neska aberaskumeen ñoñokeriak” balira bezala hartzen da, eta inondik ere ez da hala. Zeren gaixotasun hori dutenetan klase sozial guztietako neskak daude, kultura guztietakoak, familia mota guztietakoak, eta badira neska azkarrak eta ez azkarrak ere. Alegia, gaixotasun honetan ez dagoela ez familia eredu bat, ez neska eredu bat, ez gizarte eredu bat ere. Buruko gaixotasun bat da, eta edonori gerta dakioke (nahiz eta askotan gurasoen jarrera izan “hori ezin zaio nire alabari gertatu, nirea ez baita ‘halakoa’, ez dator bat estereotipo horrekin”).
Eta buruko gaixotasun bat denez, kosta egiten da ulertzen eta normaltasunez tratatzen. Oso gauza naturaltzat jotzen da gurasoei esatea “erreparatu ezazue zuen alabaren bistan, arbelekoa irakurtzea kosta egiten zaiola iruditu zait-eta”. Baina zu gurasoengana gai honekin bazoaz, zera esanez erreakziona dezakete: “aizu, nire alaba oso ondo dago”. Beti ezkutatuko den gaixotasun batetaz ari gara, gerora lana aurkitzerakoan edo bikotea aurkitzerakoan, den bezala onartuko ez duten beldurrez. Badira anorexia eta bulimia kasuak ezkutatu dituzten eskolak ere, zentroaren irudia “ez zikintzeko”.

Orduan, prebentziorako zer motatako ekintzak egin daitezke eskolan?

Balioak lantzeaz gain, elikadura osasuntsuaren gaia landu daiteke normaltasunez (neurri batean arriskua ere badakarrena, jada kaloriez hizketan ari baikara). Eta gai horren barruan, elikadura arazoak ere ikusi. Baina normaltasunaren barruan landu: elikadura osasuntsua bezain garrantzitsua baita atseden osasuntsua edota harreman osasuntsua izatea lagunekin. Elikaduraren garrantzia maximizatzen ari gara. Gaur egun badirudi “zaintzea” jaten dugun kaloria bakoitza kontrolatzea dela, nahiz eta bitartean lanean estresatuta ibili edota harreman sozialak falta. Aztertzekoa da zer mezu ditugun barneratuta “zaindu egiten naiz” horren atzean. Beraz, gaixotasun hau ez duen jendea ere, ez da hain desberdina. Hor gizarte osoa gaude sartuta.
Irakasleak, gelan kasu bat dagoenean, nola tratatu behar du pertsona hori, eta nola ez?
Kasu bakoitza desberdina da. Irakasleak egin behar duena da pertsona hori ezagutu, bere konfiantza irabazi, eta ziurtasuna transmititzen saiatu. Ez jarri etiketak garaiz aurretik, eta agian, gurasoei zuzenean esatera joan beharrean, denbora hartu pixka bat aztertzeko: “zer gertatzen zaizu?”. Baina ez zuzenean elikadura jokabidearekin sartuz, baizik eta “triste ikusten zaitut, zer gertatzen zaizu?”, zentzu horretan. Eta beti errespetu handiarekin.
Konfiantza lortu eta laguntza bilatu, azalduz “nik ez dakit horri buruz eta goazen konfiantzazko norbaitekin hitz egitera ea zer egin genezaken”. Ez da irakasle guztien arteko bilera bat ere egin behar, normaltasun askoz gehiagorekin landu behar da. Elkartera hurbil daitezke.

Kasuaren arabera, baina gurasoei esatera jo aurretik denbora hartzea komeni dela diozu. Zergatik?

Normalean alabek ez dute etxean kontatzen, eta egia da irakasleek beren ardura dutela adin txikiko horiekiko. Baina askotan, neskak zuri kontatzeak adierazten dizu baduela konfiantza bat zugan gurasoengan ez duena. Eta une horretan neskak behar duena da ziurtasuna eta lasaitasuna transmititzea, izututa dagoelako, oso galduta, eta sufritzen ari delako. Beraz, lasaitzen baduzu eta esan gertatzen ari zaionak izena eta irtenbidea baduela, eta laguntza bilatuko duzuela, jada arnastu bat ematen ari zara, eta lasaitasuna. Beti senari egin kasu: ikusten baduzu depresioak jota dagoela eta muturreko egoeran dagoela, hor ez dago denbora tarterik, eta zuzenean gurasoengana jo beharko da.
Elkartean egiten duguna da neskarekin hitz egiten saiatu, eta ikusi nola izango den errazen gurasoei esateko, zeren jakina, ardura haiei dagokie. Kontua da moduak erraztea eta formularik zentzuzkoena aurkitzea: akaso neskari gogorra egiten saio esatea eta irakaslea izan daiteke gurasoekin hitz egin dezakeena.

Gaixoek ez dute nahi izaten etxean bere gaixotasunaren berri jakiterik. Zergatik?

Gauza askoren batura da. Segurtasun eza, “ito egingo naute, nirekin sartuko dira, ez naute ulertzen”. Eta halaxe da gainera, zeren berak ere ez du ulertzen zergatik jokatzen duen horrela. Ez ulertuak sentitzen dira, zeren askotan ematen zaien erantzuna da “bada, ez angustiarik izan”, eta hori esatea alferrik da (beraiek angustia hori sentitu egiten dute-eta). Arazoa da loditzeko izua dutela, eta horregatik, egiten dutena da janaria murriztu, ezin dutelako kendu ikara.

Zer eragin izaten du taldean?

Izugarria. Elkartera koadrilak ere etorri ohi zaizkigu, urduri: gaizki sentitzen dira, “eta nik zer egin behar dut?” dilemaren aurrean. Ikusten dute lagunak ez duela erreakzionatzen, pisua galtzen ari dela, izutu egiten dira, baina ez dakite irakasleari esan edo ez adiskidetasuna galtzeko beldurrez, bestetik gurasoak ere ezagutzen dituzte… Hemen egiten duguna da eurekin hitz egin, bizkarrean daramaten ardura hori askatzeko nolabait, eta gaixoa ekar dezaten saiatu. Zeren eurek lagun funtzioa bete behar baitute, ez dute izan behar ez polizia eta ez mediku. Lagunei aholkatuko nieke laguntza bilatzeko konfiantza transmititzen dieten lekuan (irakasleak, elkartea).

Koadrila: arrisku gehiagoko talde bihurtzen al da?

Zure lagunarengan ikusteak ez dizu gaixotzeko joera nabarmenduko, baina ez du txerto efekturik egiten ere.

Gurasoek nola erreakzionatzen dute, orokorrean?

Hasieran ez dute erreakzionatzen. Gero, beldurra: gaitz mota horiek guztiek estereotipo txar horiekin guztiekin lotzen dituzte. Elkartean laguntzen diegu ideiak argitzen, desdramatizatzen, sentitzen duten karga hori arintzen eta orientatzen. Gurasoak izututa sentitzen dira. Baina jakina, alaba izututa baldin badago ez dakielako nola moldatu gertatzen ari zaion hori guztia, gurasoei ziurtasuna eskatuko die. Ziurtasuna, nahiz eta hanka sartu. Etxean trauma bat egiten dela eta denak histeriko jarri direla ikusteak ez dio laguntzen alabari. Baina erreakzio hori kontrola ezina da: gurasoak pertsonak dira, alaba bezalaxe. Elkartetik pasatzeak asko lasaitzen ditu, gauzak beste modu batera ikusarazten dizkiote, nahiz eta oso gaizki pasatzen duten.
Eta zer egin gainerako gurasoekin?
Egoera desdramatizatu, ardura daitezen baina obsesionatu gabe. Adin horretan etxe guztietan eztabaidatzen da ez dutelako babarrun platerkada jan nahi eta ez dakit zer jan nahi dutelako. Hori normala da eta arduratu egin behar da, baina obsesionatu gabe, eta susmorik haizatu gabe: pista batzuk ikusten badituzu eta hori transmititu egiten baduzu, alabak bere funtzionatzeko modua are gehiago zainduko baitu.

Irakasleen beste kezka bat hau da: zer egin ikasle batek bulimia badu eta jangelara badator, edota txangoa egin behar badugu eskalatzea bezalako aktibitateak egiteko.

Gaixo dagoen pertsona bat da. Irakasleek arduradun gisa gurasoekin hitz egin behar dute eta argi eta garbi azaldu zer ekintza egingo dituzten, eta behar balitz idatziz jarri, argi utziz gurasoak direla erabakitzen dutenak eta azken ardura dutenak. Gurasoak baitira erabakia hartu behar dutenak. Irakasleek ezin dute ikaslerik baztertu, ez taldetik atera, ez diskriminatu.

Gurasoei arazoa planteatzerakoan, irakasleek beste beldur bat ere izaten dute: “eta ez bada anorexia ala bulimia? Eta erratu banaiz, zer?”

Bada, gurasoen aurrean kendu beldur hori, “alabari bista begira iezaiozu” esaten duzunean bezalako normaltasuna adierazi behar duzu-eta. Eta kontu asko jarri tratuan, gurasoek zera esanaz erreakziona dezaketelako: “eta zu nor zara nire alabak halako gaixotasun bat duenik esateko?”. Eta laguntzarik beharrez gero, etor daitezela gugana.