Bai eskolak euskalduntzeari!Eskolak euskaldundu dezan eskatzeko sinadura bilketa martxan da Euskal Herri osoan

2006-03-01

Jada abian dago Bai eskolak euskalduntzeari! kanpaina eta sinadura bilketa. Euskal Herriko hainbat eremutan ikasleei ez zaie bermatzen euskaraz ikasteko eskubiderik, eta ondorioz, hiru ikasletik bi euskaldundu gabe ateratzen da eskolatik: A, G eta X ereduko guztiak, B ereduko % 67 eta D ereduko % 32. Egoera horri amaiera eman behar zaiola diote hezkuntzako eta euskalgintzako hainbat eragilek. Eta orain denoi hori adierazteko aukera luzatzen digute sinadura bilketarekin.

 
 

Maiatza bitartean eskualdez eskualde eta herriz herri sinadura mahaiak eta leku konkretuak ezarriko dira aldarrikapen nagusi bat egiteko: Bai eskolak euskalduntzeari! Ahalik eta sinadura gehien bildu nahi dituzte, gero instituzioetara joateko. Kanpainari amaiera emateko bi ekitaldi egingo dira maiatzaren bukaeran: bata herrietako ekimen bateratua; eta bestea ekimen nazional bateratua.

Ibai Redondo sustatzaileetako batekin egon gara kanpainaren nondik norakoak ezagutzeko.

Eskolak Euskaldundu Ekimenak antolatu du kanpaina hau. Nor dira ekimenaren sustatzaileak?

Eskolak Euskaldundu plataforma da sustatzailea, eta plataforma bera eta kanpaina eragile askok babestu dituzte, besteak beste, Kontseilua, AEK, EHE, LAB, EHBE, Ikasle Abertzaleak, Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Konfederazioa, Oinarriak, Topagunea, IKA, UEU, Euskal irratiak eta Ikas.
2002-03 ikasturtean sortu zen ekimena, bazegoelako kezka bat: eskolak ez zuela euskalduntzen. Horren aldeko aldarrikapenak egiten ziren, baina bakoitza bere aldetik zebilen, nahiko sakabanatuta. Horregatik, indarrak bateratzeko sortu zen ekimena. Aurten saiakera berezi bat egin da ekimena bera indartzeko, eta horren haritik sortu da oraingo kanpaina.
Zein da kanpainaren helburua?
Euskaldunduko duen eskolaren aldeko mugimendu soziala gero eta handiagoa da. Kanpainaren bitartez, dagoen kezka gehiago sozializatu nahi dugu eta kontzientziazioa bultzatu. Aldaketak egiteko aukerak ikusten ditugu, eta horretarako eskari sozialak indartsua izan behar du. Hori indartu nahi dugu.

Zer aldaketa egiteko aukera ikusten dituzue?

Euskal Herri osoan ez da egoera berdina, administrazio desberdinen pean gaudelako. Aldaketa sakonenak EAEn sumatzen dira. Orain dela hilabete batzuk Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatu zion hizkuntza politika berraztertzeko eta hizkuntza politikaren lege berri bate egiteko. Horrela, 2007rako hezkuntzarako hizkuntza politiken lege berri bat egongo da EAEn.
Iparraldean Seaska eta Hiru Sareta nahiko lan eta presio egiten ari dira Frantziako Gobernuak giza baliabide gehiago jar ditzan. Izan ere, irakasle gehiago behar dituzte eskariari erantzuteko eta euskarazko ereduak zabaltzeko. EEP Euskararen Erakunde Publikoak (Frantziako Gobernuak jarri zuen eskari horri erantzuteko) ere eskaintza bat egin du, baina nahiko apala, Hiru Saretak onartu ez duena. Baina mugimendua bada.
Nafarroan ere bai. Ikasturte hasieran Iruñerriko Patxi Larrainzar eta Ezkaban nahiko gogor jarri ziren eskola publikoan D eredua nahi dutela aldarrikatuz eta gobernuari traba gehiago ez jartzeko eskatuz. Ikastolek ere behin eta berriro salatu dute egoera.
Mugimendu horrek denak aldaketak bultza ditzake.

Sarritan oinarriko aldaketak egiteko partez, moldaketa soiletan gelditzen da kontua. Ez al duzue arrisku hori ikusten?

Bai, eta zentzu horretan, gure eskariak ere posibilistagoak izan zitezkeen. Berrazterketa bat egin eta petatxu bat jartzea eska genezakeen, eta aurrerapauso txikiak ematea lortuko genukeen. Baina horrekin soilik ez dugu uste lortzen denik gure hizkuntza salbatzea. Euskal Herri osoan bermatu behar da euskalduntzea eta horregatik, eskaerak orokorragoa izan behar du. Ezin da onartu gaur egungo ereduaren gainean aldaketa txiki batzuk egitea. Ez. Euskaldunduko duen benetako lege bat eskatu behar da, eta gero, proposamen konkretuak egin hizkuntzaren legea egiteko aukera duten instituzioetan.
Horrez gain, nazioartean hizkuntza eskubideen inguruan diharduten hainbat eragilerengana jotzeko asmoa ere badugu.

Zer erantzun aurreikusten duzue instituzioen aldetik?

Oro har, hiru jarrerra har ditzakete instituzioek: egoera berdina mantentzea, aldaketa txikiak egin eta arazoa usteltzen uztea, edo herritarren babesa aprobetxatu eta euskaldunduko duen legea edo legeak egitea.•

Sinadura bilketa

Kontuan hartuz:

- Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela.
- Berezko hizkuntza ezagutzea nazioartean onartutako giza eskubidea dela.
- Derrigorrezko hezkuntzak herritarrei oinarrizko ezagutzak bermatu behar dizkiela.

Aldarrikatzen dut:

- Euskaraz ikasteko eskubidea Euskal Herri osoan bermatua izan dadila, ikas maila guztietan eta bereziki derrigorrezko hezkuntzan.
- Euskara ezagutzeko eskubidea bermatzea herritar orori. Eskolak belaunaldi berriak euskaldundu behar ditu.

Eskatzen diet:

- Euskal Herrian hezkuntza eta hizkuntza arloko eskumenak dituzten instituzioei eta bereziki Eusko Jaurlaritza, Nafarroa eta Frantziako Gobernuei, eskola bidez belaunaldi berrien euskalduntze osoa bermatzeko neurri zehatzak hartzea:
· Euskararen ofizialtasuna aitortu eta gauzatzea, egun euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza ereduen politikak gainditu eta berriak definitzeko prozesuak irekiz, beharrezkoa den aldaketa oso baten bidean urrats gisa.
· Horrekin batera, euskarazko irakaskuntzaren kontrako neurriak eten eta euskaraz ikasteko eskubidea bera osoki bermatzea.
- Hizkuntza eskubideen egoerari jarraipena egiten dioten nazioarteko erakundeei, aipatutako aldarrikapenak gauzatzen laguntzea.