ETXENIKE Pedro Miguel: EHUko Fisikako katedraduna. DIPCko lehendakaria
Izabako medikuaren eta andereñoaren semea Euskal Herriko zientzialari ezagunena izatera iritsi da, eta oraindik ikusteke dago nora ailegatuko den. 1972an lizentziatu zen Zientzia Fisikoetan Nafarroako Unibertsitatean. Doktoregoak egin zituen Cambridgeko Unibertsitatean (1976) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan; azken horretan, Zientzia Fisikoetakoa (1977). Cambridgeko Unibertsitateko Cavendish laborategian aritu zen lanean, eta mundu zabalean aritu da kolaboratzen eta hitzaldiak ematen. Gaur egun EHUko Fisikako katedraduna da (materia kondentsatuan) eta Donostia International Physics Center-eko lehendakaria.
Tituluak adina sari eman dizkiote; besteak beste: kultura arloko Vianako Printzearen saria 1997an, Asturiasko Printzearen Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Saria 1998an, Euskaldun Unibertsal izendatu zuten urte berean, EHUko Urrezko Domina 1999an eta Blas Carrera Ikerketa Sari Nazionala iaz. Laborategiak eta gelak ez ezik, bulegoak ere lanleku izan ditu, batez ere 1980-1983 bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izan zenean, eta 1983-1984an, Hezkuntza eta Kultura sailburu eta gobernuko bozeramaile izan zenean.Zer da zientzia Euskal Herriko zientzialari ezagunenarentzat?
Zientzia ezagutza, edertasuna eta aplikazioa da. Ulertu daitekeenaren artea da, arazoei azalpen arrazionala, harmonikoa ematea.Eta zer da teknologia?
Teknologia egin daitekeenaren artea da, betiere denboraren eta kostuaren mugen barruan.Eta ikerketa?
Ikerketa sormena da, mundu guztiak egiten duena uneoro modu batera edo bestera: zuek aldizkaria egiten duzuenean, margolariak margotu egiten duenean, nik nire lana egiten dudanean… Gutxieneko sormena duen edozein lan da ikerketa. Nire kasuan, zientziaren aurrerapenari eta teknologiaren aplikazioari lotutako ikerketa.Zergatik da garrantzitsua zientzia eta teknologiaren dibulgazioa?
XXI. mendeko kultura, hein handi batean, kultura zientifikoa eta teknologikoa izango da, eta garrantzitsua da horretaz konturatzea. Jada XX. mendeko bigarren zatia hala izan da. Teknologia betidanik izan da garrantzitsua gizartearentzat, baina inoiz ez da egon orain bezain sartuta eta kokatuta gizarteko arlo guztietan. Politikariek batez ere, baina baita gizarte osoak ere oro har, horretaz konturatu behar dute, eta horren arabera jokatu. Zentzu horretan, garrantzitsua da ikertzaileok eta zientzialariok gizarteari zer egiten dugun, zergatik egiten dugun eta zertarako balio duen azaltzea. Arrazoi ugarirengatik egin behar dugu hori, baina besteen artean honako honengatik: zientifikoki informatutako gizartea libreagoa delako, presio taldeek gutxiago manipulatuko dutelako eta alternatiba garrantzitsuen aurrean erabakiak hartzeko prestatuago egongo delako.Noiz dago gizarte bat zientifikoki informatuta?
Hiru ardatzek definituko lukete zientifikoki informatutako gizartea: 1- Zientziaren oinarri orokorrei buruzko heziketa orokorra edukitzeak. Hau da, jakiteak Eguzkia ala Lurra, bietako zein den bestearen inguruan biraka dabilena; jakiteak gutxi gorabehera unibertsoan dugun kokapena; bizitzan dugun kokapena; jakiteak ADNak helize bikoitzeko egitura duela; jakiteak elektroi bat atomoa baino handiagoa edo txikiagoa den; jakiteak antibiotikoek benetan erasotzen dieten edo ez birusei… Horrelako kontzeptu orokorrak jakin beharko genituzke. Shakespeare edo Cervantesen moduan, Einstein edo Darwin ezagutu beharko genituzke . Hori da heziketa zientifikoaren zati bat. 2- Benetan zientifikoa dena ezagutzeak. Hau da, astrologia eta astrofisika ez direla gauza bera ulertzeak; homeopatia eta ebidentzian oinarritutako medikuntza ez direla gauza bera ulertzeak. Alegia, kontzeptu zientifikoak zein diren ezagutzeak. Eguraldi iragarpena egitean tenporez hitz egitean, jakin dezagula tenporek ez dutela pisu zientifikorik. Pisu emozionala, estetikoa, esperientziarena edo dena delakoa edukiko dute, baina zientifikorik ez. Horregatik, gauza zientifikoak zein diren ezagutu behar da, jakin zer esan nahi duen zerbait zientifikoki egiaztatuta egoteak, eta zein puntutaraino froga daitekeen edo ez. 3- Eragin ekonomikoa eta soziala ezagutzeak. Gaur egun zientzia ekintzarako, botererako tresna da. Orain dela 200 urte jendeak kuriositateak bultzatuta pentsatzen eta ikertzen zuen. Gaur egun ez. Politika zientifikoa herrialde garatuen politika ekonomikoaren zati da. Nazio garatuak ez dira halabeharrez edo zoriz aurreratu, baizik eta ondo definitutako politika baten ondorioz. Eta politika horrek ezagutza, teknologia, zientzia… baloratu dituelako. Beraz, ezagutza zientifikoetan eragin sozio-ekonomiko handia dago.Gaur egun urrun al gaude zientifikoki informatuta egotetik?
Aipatu ditudan hiru ardatzen interpretazio ez oso zorrotza eta ez oso biguna egiten bada, urrun gaudela esango nuke. Estatu espainiarrean biztanleriaren % 2 egongo litzateke zientifikoki informatuta. Alemanian % 5-6. AEBko gizartean desberdintasun handiak daude eta denak kontuan hartuta, batez bestekoa baxua izango da. Dena dela, klase buruzagiak informatuago egongo lirateke. Segur aski AEBko klase buruzagiak Europakoak baino informatuago egongo dira zientzian eta teknologian.Politika zientifikoa politika ekonomikoaren zati bada, zientzialariok askeak al zarete nahi dituzuen ikerketak egiteko?
Zilegi da botere publikoak lehentasunak ezartzeaz arduratzea. Ardura horrek, ordea, ez luke teknologiaren alorrean bizi eta lanean ari direnen ekimena oztopatu behar. Ikerketa bideratzen saiatzea baino garrantzitsuagoa da, eta askoz emankorragoa, zientziak garatzeko behar duen giroa sortzea, zientziaren landarea hazteko lurra prestatzea. Gainera, ez dugu ahaztu behar gizateriak egin dituen aurrerapausorik handienak ikerketa hutsari zor zaizkiola; hau da, ikertzaileen irudimena eta aurrez egindako lana beste mugarik ez duen ikerketari. Hain zuzen ere, ikasitako kontzeptuen morrontzatik askatu eta irudimenari hegan egiten utzi dioten pertsonek sortu izan dituzte beti zientzia kontzeptu nagusiak: nola Newton edo Galileok, hala Einstenek; nola Harveyk hala Watson eta Crickek.Zientziari, beste zenbait gauzaren artean, arazoei irtenbidea ematea edota arazoei aurre hartzea eskatzen zaio. Zer diozu exijentzia horren aurrean?
Ongi iruditzen zait, baina ulertu behar da zientziak nola funtzionatzen duen. Ezin dugu etorkizuna iragarri. Historian zehar hainbat iragarpen egin dira, eta ez dute asmatu. Michelson-ek, garai guztietako zientzialari handienak, zera esan zuen erlatibitatearen eta fisika kuantikoaren teoriak ezagutu baino 10 urte lehenago: “Fisikako lege garrantzitsu guztiak ezagutzen ditugu jada”. IBMko zuzendariak esan zuen munduan bost ordenagailurentzako merkatua soilik zegoela 1943an. “Ez dago inolako arrazoirik etxean ordenagailu pertsonal bat eduki nahi izateko”, esan zuen 1977an Digital Equipment Corporation-eko lehendakari eta sortzaile Ken Olsonek. “Hegazkinak oso jostailu interesgarriak dira, baina ez dute balio militarrik”, esan zuen Gerrarako goi eskolako Estrategia irakasle Marechal Fedinand Fochek. “Bonba atomikoa inoiz egin den txorakeriarik handiena da. Ez da inoiz lehertuko. Lehergailuetan aditu gisa esaten dizuet”, esan zion W. Leahy almiranteak Truman presidenteari Hiroshiman gertatutakoa baino hiru hilabete lehenago. Kontuz ibili behar da iragarpenekin. Lord Salisbury-k zioenez, adituei jaramonik ez egitea da inori eman dakiokeen aholkurik onena. Eta alde batetik, egia da. Zeren erlijiosoei galdetuz gero, ia dena da bekatu; sendagileei galdetuz gero, dena da osasunerako kaltegarri; eta militarrei galdetuz gero, dena kolokan dago beti. Orduan, iragarri? Aurre hartu? Hobe da egitura, buru eta jarrera malguak sortzea eta datozen aldaketetara azkar egokitzeko ahalmena edukitzea. Etorriko dena ez baita izango guk espero duguna. Horixe da, gainera, aldaketaren ezaugarria. Etorkizuna ez da izango orainaren jarraipen hutsa, aldatu egingo da. Bacon filosofoak zioen etorkizuna finkatzen duten gauzak jatorriz desberdinak direla, diferent in kind. Beraz, ezin daitezke aurreratu. Aldaketetara egokitzeko gai izango diren buru malguak sortu behar dira.Zer ekarpen egin diote zientziak eta teknologiak gizarteari?
Zientziak eta teknologiak bizitza gizatiarrago bihurtu dute, naturarekiko menpekotasuna gutxituz. Garai batean bizitza zekena, krudela eta motza zela zioen Hobbes-ek. Karlos V.a, bere handitasun osoan, hezueriak jota gazterik hil zen, eta haren adinean nik maratoia egin nezakeen. Bangladeshen natura idilikoaren hondamena sufritzen ari direnek zer iritzi duten jakin beharko da. Han behar dena da zientzia eta teknologia gehiago.Baina arazoak eta beldurrak ere sortu ditu.
Bai, zientziak zeregin gizatiarra eduki du, baina aldi berean, arazoak ere sortu ditu. Ezezagunean aurrera egiteak ziurgabetasuna sortu du. Garai ziurrak pasa dira, bukatu ziren. Eta guri ziurgabetasunaren garaian bizitzea egokitu zaigu. Etika ziurrik gabe, non balioak, identitatearen oinarriak eta abar ahulagoak diren. Baina beldurrak beti egon dira hor, hori ez da berria. Gure jatorrizko biologian begiratuta, ikusten dugu aldaketari beldurra diogula. Guk egokitzen ikasten dugu, eta behin ikasi ondoren, ez diezagutela egoera aldatu. Lao Tseren garaian egin zituzten zubiak naturaren edertasunaren aurkako atentatutzat hartu zituzten, eta gaur egun, ostera, edertasunaren eta idilikoaren gailurtzat hartzen ditugu. XX. mendearen hasieran sendagileek jendeari trenean ez ibiltzeko esaten zioten, abiadurak itsutu egin zitzakeela esanez. Ikara beti existitu da. Izatez, eboluzioa aldaketara egokitzea da. Gizakia egokituz joan da milioika urtean zehar, ingurumenera egokitu da. Hain justu, orain arazoa alderantzizkoa da: teknologia ingurumena behartzen ari da guri egokitzeko, eta ondorioz, ingurumena hondatzen ari da. Horrez gain, ezezagunean aurrera egiteak mehatxu bat sor dezake, eta hori beti egon da. Baina gaur egungo egoera kualitatiboki desberdina da, eta hori ez da beti horrela izan. Esate baterako, gizateriak inoiz ez du eduki orain daukan autosuntsiketarako posibilitate praktikorik. Orain arte ezin zen aldaketa genetikorik egin gizakietan, eta orain bai. Orduan, orain kualitatiboki desberdina da egoera. Martin Ressek eta beste zientzialari batzuek diotenez, gizateriak beste 100 urte ez bizirauteko probabilitatea oso handia da.Orduan, non dago muga? Zientzia eta teknologiari ez al zaio mugarik jarri behar?
Bistan dago zientziak mugak eduki behar dituela. Baina oso-oso gai konplexua da zientzian. Muga giza duintasunak jartzen duela esaten da, baina... in vitro ernalketak, esate baterako, gizatxarkeria zirudien. Gure amonentzat naturaren legeak bortxatzea zen, eta guretzat normala da. Hemendik 50 urtera denok energia nuklearraren aldekoak izango gara, eta ekologistak izango dira aldeko sutsuenak. Horregatik, mugak jartzea aipatzen denean, kontuz ibili behar da. Ezin dugu ikertu Donostia osoa suntsituko lukeen birusa. Ikerketa bera zitala izango litzateke. Baina bonba atomikoa… Naziak haren atzetik zebiltzan; zer egin behar zuten aliatuek? Zer da hobea askatasunarentzat? Eztabaidak oso-oso zailak dira. Soluzioa ez da zientzia eta teknologia alde batera uztea. Ez litzateke praktikoa izango. Erabaki global bat izan beharko luke. Egin behar dena da, zientzian eta teknologian ikertzen den moduan, beste hainbat arlotan ere ikertu. Adibidez, etikan. Arlo horietako intelektual batzuk euren publikoari begira daude hango eta hemengo tertulietan. Zergatik ez dute ikertzen? Zientzia eta teknologiaren aurrerapenek beste arloetako aurrerapenekin batera joan behar dute. Pentsa dezagun horretaz.Zure ustez, zer leku izan behar du hezkuntzak gaur egungo gizartean?
Hezkuntza sistema elementurik erabakigarriena dela uste dut. Horregatik, garrantzitsuena da hezkuntza sistema gai izatea ikasten irakasteko eta berezko sormenari bere horretan eusteko edo, gutxienez, ez murrizteko.“Ikasten irakatsi” diozu. Gaur egungo informazio uholdearen aurrean, zer da ikastea?
Gaur egun informazio gehiegi dago eta etorkizunean oso garrantzitsua izango da hori destilatzea. Izan ere, lehen informazioa boterea zen, eta informaziorik ez edukitzea, ezagutzarik ez edukitzea. Gaur egun, ezagutzarik eza, oro har, informazio gehiegi edukitzeak dakar. Beraz, hor dago hezkuntza sistemaren eztabaidetako bat: etengabe ikasteko inbertitu behar da denbora, baina informazioa destilatuz. Agian helburua prestatzea litzateke, eta ez informatzea soilik. Zeren unibertsitatean, adibidez, asko dakigu, baina gutxi ulertzen da. Eta ulertzea jakitea baino gehiago da. Ulertzea da, norberak dakienaren jabe egitea. Norberak daukana destilatzea eta beste gauzak egiteko tresna moduan erabiltzea. Badago anekdota txiki bat ikasteari buruz. Max Perutz, XX. mendeko biologo handienetako bat, 25 urte ikertzen egon ondoren hemoglobinaren egitura aurkitu zuena, Kanadan kontzentrazio eremu batean sartu zutenean eta besteekin mintzatzean, honetaz konturatu zen: gehiegi espezializatzeagatik, ikasteko beste era batzuk ezin izan zituela ikasi. Horregatik da garrantzitsua edukietan eta horiek transmititzeko moduan asmatzea. Hezkuntza sistemarentzat garrantzitsuena edukiekiko maitasuna, estimua, balioak… transmititzea da. Ikasten irakasteko modu bakarra hori da: edukiekiko, gaiarekiko eta egiten denarekiko maitasuna.Edukiei ematen zaien garrantzia ez al da handiegia? Non gelditzen da sormena?
Agian bai, baina edukiak beharrezkoak dira. Shakespeare irakurriz goza dezakegu, baina aurretik urte batzuk ingelesa ikasten egon ondoren. Eta hori aspergarria da. Niretzat ere aspergarria izango litzateke orain Batxilergoko gaiak ikastea. Baina garrantzitsua da gaietan gogor entrenatzea sormena eduki nahi bada. Gaietan gogor entrenatzen ez bada, ez dago benetako sormenik; egunero telebistan, tertulietan eta abarretan ikusten ditugun ustezko ideia sortzaileak, askotan, lotsarik gabeko ezjakintasunak eta errepikapenak baino ez dira. Entrenamendu horrek sormena benetan funtsezkoa izateko corpusa ematen du. Baina kontuz, entrenamendua oinarrizko gaietan, ez xehetasunetan. Zeren bestela, bizitza osoan ikasten egon zaitezke, baina inoiz ekarpen bat egiteko lekura iritsi gabe. Hainbeste ezagutza dago… Hortaz, entrenamendu gogor eta oinarrizko baten eta sormenaren arteko konbinazioa garrantzitsua da. Eta noski, lehen esan dudan moduan, garrantzitsua da berezko sormena ezereztu gabe edukitzea. Izan ere, hezkuntza sistema oso arautua baldin bada, berezko sormen hori suntsitzeko arriskua du. Beraz, nik uste dut gaien oinarrizko nukleoa irakatsi behar dela, eta maitasunez.Nola landuko zenuke sormena? Proposamenik ba al duzu?
Zientzia, beste edozein gauzaren gainetik, sormena da. Eta beraz, oso zaila da errezetak ematea. Ezin da sortzaile izaten erakutsi. Etxe bat egiterakoan aparejadoreak, margolariak, artisauak… denek egiten dituzte ekarpenak. Sortzaile izateko modu asko daude. Baina berezko sormena, zientzia den sormen hori, ezin daiteke erakutsi, baina bai ikasi. Nola? Eginez. Zientzia ongi egiten ikasteko modu bakarra, ongi egiten dutenen aldamenean egitea da. Horregatik, zientzialari handiak normalean talde handietatik sortzen dira. Eta talde handi bat da pertsona normal bati lehen mailako lana egiteko aukera ematen dion taldea. Komunitate zientifikoko talde distiratsu horietan ikasten da ezagutza jasotzeko modua, erlazionatzeko modua, komunikatzeko era, transmititzeko era; eta, oso garrantzitsua dena, jokatzeko modua.Talde lanean aritzen ohituta zaude. Zein dira taldeak ongi funtzionatzeko gakoak?
Taldean lana egitea, baina norberaren exijentziatik abiatuta. Orain mundu guztiak diziplinartekotasunaz hitz egiten du eta % 100ean nago ados, baina beti norberaren diziplinatik abiatuta. Taldean lana egiteak bakarrik ere lana egitea eskatzen du, gero taldeari ekarpenak egiteko. Diziplinartekotasuna inongo arlotan ekarpenik egiten ez dutenen babesleku bihurtzen ari da. Beraz, taldean lan egitea, baina bakoitzak bere lana eginez!Hezkuntza inbertsio bat da, ez gastua. Hori esaten da, baina benetan sinesten al da?
Gizarteak hezkuntza etorkizunaren bizkarrezurra dela sinesten badu, zaindu ditzala horren arabera hezkuntzan aritzen direnak. Benetan hezkuntza oso garrantzitsua dela sinesten badugu, ezin da onartu edozein ekonomialarik ekonomiako irakasle batek baino gehiago irabaztea. Herrialde batentzat hezkuntza ona garestia da. Eta horren kontziente ez baldin bagara, inoiz ez dugu hezkuntza onik edukiko. Ezin dira gizarteko arazo guztiak eskolaren eta hezitzaileen gain jarri, eta soldata irrigarriekin eduki. Batzuetan irakasleei zer eskatu behar zaien galdetzen da, eta beldurra ematen dit nire ideala zein den aipatzeak. Zeren zenbait bulegotan dagoen edozein, dedikazio egokiko irakasle bat baino hobeto tratatua ikusten dut. Horregatik, irakasle idealaz hitz egitean, gaur egun ez daukagun oinarri batetik abiatzen naiz; hau da, hezitzaileak eta hezkuntzak behar duten trataera ekonomikoa merezi dutela. Konbergentzia europarrera baldin bagoaz, goazen arlo horretan ere. Hezkuntza sailburu izan zinen 1980-83 bitartean eta Hezkuntza eta Kultura sailburu 1983-84an. Nola ikusten duzu ordutik honako eboluzioa? Dauzkagun baldintzak edukita, ongi. Esate baterako, guk zientzia eta teknologian ezarri genituen oinarriak, sustraitu dira. Horretan inbertitu da, eta ondorioak nabari dira. Ezer ez egotetik zerbait interesgarria izatera pasa gara. Beste kontu bat da ea hori konpara daitekeen herrialde garatuekin. Zentzu horretan, askoz gehiago aurreratu behar da. Orokorrean autogobernua erabakigarria izan dela uste dut. Autonomia estatutuaren aldeko apustuak merezi izan duela uste dut, nahiz eta erabat ez bete, batez ere Legebiltzarraren hainbat eskumen ezereztatu egin direlako. Ildo horretan, autonomia estatutua bozkatu zenean, ez zen pentsatzen funtsean Madrildik araututako unibertsitatea edukiko genuenik. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren zeregin nagusia autogobernua defendatzean datza, ea orain blindatzen den. Bestalde, kontzertu ekonomikoaren bitartez herrialdeko fondoak berau altxatzera bideratu dira. Ni Eusko Jaurlaritzara iritsi nintzenean, lehen urtean eskola publikoaren inbertsioak bost aldiz biderkatu genituen. Alde ahulena lege organikoak dira. Oinarrizko kontzeptuei oso interpretazio zabala egiten zaie, eta horrek autogobernu politikoaren kontzeptua desnaturalizatzen du. Alderdi hori argitu egin behar da. Zeren blindatzen ez bada, nahi dutenean esku hartzen dute. Autogobernuak kalitatezkoa izan behar du, hau da, erabakitzeko gaitasuna eduki behar du, eta ezin du orain bezala esku-hartze zentralaren interpretazio zabalen menpe egon. Horren adibide dugu Unibertsitate Legea. Naturaltasunez onartu da gauza asko gobernu zentralaren konpetentzia zirela, hala ez zenean.“Euskarazko lehen hitzaldia UEUn eman nuen, eta bigarrena mitin batean, Azpeitian. Hitzaldi hura bukatutakoan lagun bat gerturatu zitzaidan oso ondo egin nuela esanez. Baina, galderak erantzuteko une batean gaztelaniara pasa nintzenean, ‘600 batetik Mercedes batera’ pasatzea bezala izan omen zen”.
Emakumeek zientziaren munduan jasan behar izan duten bazterketa bidegabea izan da. Nobel saria jaso duten emakumeak % 4,4 baino ez dira, arlo guztietan! Bi emakume baino ez dira agertzen fisikaren Nobel saria jaso dutenen zerrendan: Madame Curie da bata, 1903ko Nobel sariaren laurdena irabazitakoa. Eta bestea Goeppert-Mayer, 1963ko sariaren laurdena irabazitakoa.
Royal Society-k, 1862. urtean sortutako zientzia elkarteak, 1945 arte ez zuen emakumerik onartu kidetzat. Parisko Zientzia Akademia 1666. urtean sortu zen eta 1979an onartu zuen lehen emakumea. Madame Curie bera ere ez zuten onartu, nahiz eta Nobel saria birritan irabazia izan. Euskaldunek garai batean zioten moduan: “liberté, egalité, fraternité… hiruetatik bat egia balite!”.