ELIZABETH COELHO
ELIZABETH COELHO
Ontario Hezkuntza Ikasketen Institutuko
Irakasle Prestakuntza Programaren arduraduna (Toronto Unibertsitatea, Kanada)
Kanadako Toronto Unibertsitateko irakaslea da, baina aurten Ontarioko Hezkuntza Ministerioan dabil. Unibertsitatean Ontario Hezkuntza Ikasketen Institutua dago eta bertako Irakasle Prestakuntza Programaren arduradunetako bat da. Kultura eta hizkuntza aniztasunaren gaian erabat murgilduta dabil aspalditik. Kanadan biztanle gehienak etorkinak dira, etorkinen herrialdea da. Lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldiko etorkinak bizi dira elkarrekin. Asko ikasi dute elkarrekin, eta hezkuntza esparruan ere bai. Kultura eta hizkuntza aniztasuneko geletan ikasteaz eta irakasteaz asko ikertu eta hausnartu dute. Ezagutza eta esperientzia pilatzen joan dira eta horren berri ematera etorri da Elizabeth Coelho Euskal Herrira.
Ikasle etorkinen eskolatze prozesua arrakastaz egiteko ildo nagusiak ezagutzen ditu. Ikasle horien jarraipena egiten du: datuen jasoketa, interpretazioa eta ebaluazioa. Ateratako ondorioez baliatzen da materiala egiteko eta esku-hartzea egokitzeko. Horrez gain, baliabideak sortzen ditu aholkularientzat, irakasleentzat eta ikasleentzat. Esperientzia aberatseko emakumea da eta guretzat baliagarriak izan daitezkeen hainbat ideia eman dizkigu.
Kanada etorkin asko dituen herrialdea da. Nolako etorkinak jaso izan ditu? Kualifikatuak, alfabetatuak…?
Kanadak immigrazio plan bat dauka, oso garatua, urtean 300.000 pertsona berri artatzen dituena. Munduko immigrazio programa handiena duen herrialdea da eta horrek etorkinak erakartzen ditu. Hiru motatako pertsonak etortzen dira:
1- Lan kualifikatua egitera datozenak. Pertsona horiek eskaera bat egin behar izaten dute eta ingelesa edo frantsesa dakiten baloratzen da. Normalean eskaerak onartu egiten dira.
2- Lan txarragoak egitera etortzen direnak: sasoikako langileak, etxekolanak egitera datozenak, pertsona helduak zaintzera…
3- Errefuxiatuak. Batzuk gerratik ihesi (Sudan, Somalia, Sri Lanka…), beste batzuk arazo politikoetatik ihesi (Hego Amerika…). Gutxi gorabehera urtero 50.000 onartzen dira. Sarritan oso pertsona kualifikatuak dira, baina batzuetan ez.
Ondorioz, eskoletan ere ikasle desberdinak dauzkagu: batzuk sekula eskolara joan ez direnak eta beste batzuk oso-oso heziketa ona dutenak eta askotan haur kanadiarrek baino jakintza gehiago dutenak.
Nola moldatzen zarete hain egoera desberdineko haurrek eskolan elkarrekin ikasteko?
Ontario da haur etorkin gehien jasotzen dituen probintzia eta hango egoera azalduko dut.
Bi hizkuntza programa dauzkagu. Lehenengoa ingelesa bigarren hizkuntza modura duena. Euren ama hizkuntza ingelesa ez duten ikasleentzat da, baina aurretik eskolara joanak direnak, hau da, euren ama hizkuntzan alfabetatuak daudenak. Horiek prest daude eskola berri batean sartzeko.
Bigarren programa ingelesean alfabetatzeko programa da. Euren hizkuntza propioan alfabetatu gabe edo oso gutxi alfabetatuta dauden haurrentzat da programa hau. Beraz, ezagutzen ez duten hizkuntza batean ikasi behar dute irakurtzen eta idazten. Hauen erronka askoz ere handiagoa da. Izan ere, batzuk urte asko daude atzeratuta, inoiz ez direlako eskolara joan. Haur hauei programa intentsibo bat ezartzen zaie egun erdirako edo herenerako, ez egun osorako. Izan ere, sozializazioa funtsezkotzat jotzen dugu eta ez dute eurek bakarrik egon behar denbora guztian, bertakoekin ere erlazionatu behar dute. Adibidez, hasieratik Heziketa Fisikoa eta Artea gainerako ikasleekin batera egiten dituzte. Aipatu programan Ingelesa, Matematika eta Gizarte irakasten zaizkie oso modu intentsiboan. Urte bat edo bi egoten dira eta gero gela arruntetan jarraitzen dute. Batzuetan euren eskolan bertan ezartzen da programa hau eta beste batzuetan beste zentro batean biltzen dira behar hori dutenak.
Etorkinek harrera gizarteko hizkuntza ikasi behar dute eta denentzat da erronka, bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat. Zergatik da hain zaila?
Hasteko, hizkuntza eta curriculuma aldi berean ikasi behar dituztelako, beraiena ez den hizkuntza batean. Hori da lehendabiziko zailtasuna. Eta bigarrena, adina edo horren araberako atzerapena. Izan ere, bertako haurrak baino beranduago hasten dira hizkuntza eta edukiak ikasten. Esate baterako, Torontora 5 urterekin iristen den etorkina gainerako haurrak baino 5 urte beranduago hasten da ingelesa ikasten. 10 urte baldin baditu, 10 urteko atzerapena izango du ingelesean; ez bere ama hizkuntzan, baina bai ingelesean. Eta 15 urtekin etortzen bada, 15 urte egongo da atzeratuta. Beraz, zenbat eta beranduago iritsi, orduan eta denbora gutxiago dute ingelesa ikasteko.
Sarritan gelan egoten dira eta ez dute ezer ulertzen, ingeles maila oso altua eta zaila delako eurentzat. Horrez gain, zenbait ikasgai berriak izan daitezke. Esate baterako, ez dakite ezer Kanadako historiari buruz. Euskal Herrira etortzen diren etorkinek ere ez dakite ezer Euskal Herriko historiari buruz. Beraz, Euskal Herriko historiaz hitz egitean, ez dute ezer ulertzen.
Hortaz aparte, ikasle horiei hitz egiteko eta hizkuntza erabiltzeko aukera eman behar zaie, horrela lortuko baitute hizkuntza ikastea. Irakasleak hori aintzat hartu eta lagundu egin behar die.
Azkenik, filtro afektiboa dago. Ikasleak beldurtuta, urduri… baldin badaude, hizkuntzaren ikaskuntza gelditu egiten da. Horregatik, gelako giroa atsegina, beroa eta segurua izango dela ziurtatu behar da. Orduan, ikasleak hizkuntzarekin esperimentatzeko prest agertuko dira, gelan ongi etorriak direla sentituko baitute.
Zailtasun horiei aurre egiteko aldamioen eredu erabiltzen duzue? Zer da?
Eraikin bat egiteko erabiltzen den metodoa da: aldamioa gero eta gorago igotzeko erabiltzen da, eta eraikina sendotzen den heinean, aldamioa kendu egiten da. Denboraldi baterako laguntza da.
Irakaskuntzan aldamioen eredua zera da: irakasleak ikasleari denboraldi baterako ematen dion laguntza. Ikaslearen lana pixka bat zaildu egiten da, ez asko, pixka bat soilik, aurrera egiteko adina, eta irakasleak hurrengo urrats hori ematen laguntzen dio. Beste modu batera esanda, ikasleei duten maila baino haratago jardutea ahalbidetzen dien aldi baterako laguntza da. Beren kasa ezingo lukete horra iritsi.Behin aurrerapausoa eman ondoren eta irakaslearen aldetik feed-backa egonez gero, beren kasa egiteko gai izango dira. Orduan, irakasleak gorago jartzen du aldamio hori, aurrera jarrai dezaten.
Vigotskiren “garapen zona hurbilaren” kontzeptuan oinarritzen da aldamioa: ikasleak elkarreraginean jartzen dira helduekin edo herritar helduagoekin, zeinak ikasleak baino maila altuxeagoan jarduten duten elkarreragin horretan, eta horrela, ikasleen maila eta ezagutza igo egiten da.Haur etorkinen kasuan, aldamioen helburua hizkuntza eta curriculuma ikastea direnez, ikasleek hitz egitea funtsezkoa da.
Orduan, gakoa ikasleak mintzaraztea da. Hori da estrategia.
Bai. Ikasten ari diren horretaz hitz egiteko aukera baldin badute, askoz gehiago ikasten dute. Ikasle etorkinentzat eta hizkuntza ikasten ari diren ikasleentzat funtsezkoa da ideiak edo azalpenak berriro entzutea, azalpenak emango dizkien norbait edukitzea, eta euren hizkuntza hitz egiten duen laguntzailea badin badute, askoz hobe. Talde txiki eta seguruetan galderak egiteko eta hobeto ulertzeko aukera behar dute. Hori da gure geletan erabiltzen dugun estrategia, eta zuek ere zuen geletan erabil dezakezuena: sarritan gelditu, ikasleei galderak egin eta hitz egin dezatela beraiek. Egon ziur ikasle etorri berriek ulertu eta jarraituko dutela.Estrategia hau gainerako ikasleentzat ere egokia da. Edonori bere ideiak azaltzeko aukera ematen baldin bazaio, hobeto ulertzen du. Beraz, denentzat da onuragarria eredu hau.
Jarriko al zenizkiguke aldamioen ereduaren adibide batzuk?
Adibidez, orain dela 3-4 aste iritsitako ikasle etorkinen gela batean 14-16 urteko gazteak daude. Herrialde askotatik etorritakoak biltzen dira bertan. Orduan, irakasleak jendea zein lekutan bizi den galdetzen die. Ikasleek etxeetan eta apartamentuetan erantzuten dute. Irakasleak bien artean zein desberdintasun dauden galdetzen die. Ikasle batek dio etxea norberarena dela eta apartamentua alokatua. Ondoren zerrenda bat egiten dute etxeko gela desberdinekin, irakasleak arbelean idazten duelarik. Ea horietako zein konparatu nahi dituzten galdetzen die irakasleak, eta bainugela eta sukaldea aukeratzen dituzte. Hurrengo urratsa bietan ikusten dituzten gauzak esatea da. Ondoren, bainugelan soilik daudenak aipatzeko eskatzen die. Jarraian, Bent-en diagramaren antzeko bat egiten du irakasleak aipatutako gauzak sailkatzeko. Diagrama hori Zientzietan asko erabiliko dutela aipatzen die. Azkenik, denen artean ipuin bat idazten hasten dira. Irakaslea hasten da eta ikasleei galderak eginez esaldiak osatzen dituzte.
Gazte hauek 3-4 aste soilik daramate eta ia dena ulertzen dute. Ama hizkuntza garatua dute, idazten eta irakurtzen badakite. Baina hitz solteak esaten dituzte ingelesez, ez esaldi osoak. Ulertzen dutena eta ekoitz dezaketena ez da berdina.
Horregatik, irakaslearen estrategia garrantzitsua da. Irakasleak ez die normal hitz egiten, mantsoago, garbi, soinu guztiak arretaz ahoskatuz, marrazkiak erabiliz, keinuak eginez, arbelean idatziz, ikasleen ama hizkuntza tartekatuz… Hainbat gauza egiten ditu hobeto edo dena uler dezaten.
Horrez gain, ikasleen bizitza eskarmentua eta barne bizitza ere aintzat hartzen ditu. Ikasle gehienak herrixketan eta etxeetan bizi izan dira, eta orain, hiri batean eta apartamentu batean. Beraz, gelako elkarrizketa gaia oso gertukoa dute: zer den Kanadan bizitzea, apartamentu batean bizitzea… Euren eguneroko bizitzarekin lotuta dago eta hiztegi hori lantzen dute; behar dutena, alegia.
Era berean, gogoratu behar da ingelesa bigarren hizkuntza moduan ari direla ikasten, ez atzerriko hizkuntza gisa. Hau da, ingelesa inguruan dute, eskolako giroan, kalean… Beraz, euren aurrerapena oso azkarra da, atzerriko hizkuntza bat ikastean baino azkarragoa.
Nolakoa da aldamioen eredua denbora gehiago daramaten ikasleekin?
Beste adibide bat jarriko dizuet. Sei hilabete daramaten ikasleen Bigarren Hezkuntzako gela bat. Irakasleak lanbideez hitz egingo dutela esaten die eta ea norbaitek lan egiten duen galdetzen du. Ikasle batek baietz esaten du. Ondoren, zera galdetzen die: zer abantaila eta desabantaila dituen egun erdiko edo osoko lan bat edukitzeak. “Abantaila” eta “desabantaila” hitzak errepikarazten dizkie, ongi ahoskatzen ikas dezaten. Ikasleek erantzunak ematen dituzte, esaldi osoak. Ikasleek erantzunak eman ahala, irakasleak gauza gehiago galdetzen dizkie, eta horrela, hitz eginarazten die. Hitzak errepikarazten dizkie behin eta berriz, eta hori bera esateko beste hitzik ezagutzen al duten galdetzen die. Ikasleek esandakoak arbelean idazten ditu, eta denek esandakoarekin osatzen dute idatzia. Lan kooperatiboa da, guztien artean esandakoarekin osatzen dena. Hori da aldamioen eredua.
Aldamioen eredua praktikatzeko irakasleak estrategia batzuk erabili behar ditu. Zein?
Bat: diskurtso zaindua. Ikasleen eguneroko bizitzarekin lotutako gaiak landu behar dira. Kasu horietan edukia ez da akademikoa, baina abantailak eta desabantailak esateko eskatzen dienean, adibidez, idazkera akademikorako prestatzen ditu.
Bi: hizkuntza naturala. Kalean hitz egiten den moduan mintzatzen dira irakasleak, ikasleek hizkuntza idatziaren eta ahozkoaren arteko desberdintasuna ikas dezaten. Izan ere, garrantzitsua da ikasleek ahozko hizkuntza hori ezagutzea.
Hiru: euskarri bisualak. Marrazkiak eta diagramak asko erabiltzen dira, eta azken horiei garrantzi handia ematen zaie. Ideiak nola antola daitezkeen ikasteko balio dute eta gero idazkera akademikoan erabiltzeko prestatzen dira ikasleak.
Lau: ikasleen ama hizkuntzei erreferentzia. Lagungarria da ingelesa ikasteko.
Bost: keinuak eta mugimenduak. Asko erabiltzen dira hitzak nola ahoskatu erakusteko edo antzeko hitzen arteko enfasia aldatu egiten dela adierazteko. Gorputz osoa erabiltzen da.
Sei: arreta hiztegian jarri. Ikasleek oso-oso azkar ikasi behar dute hiztegia. Jatorriz ingelesak direnek 1.000 hitz berri ikasten dituzte urtean eskolan. Etorkinek hirukoitza edo laukoitza ikasi behar dute curriculuma arrakastatsua izan dadin. Beraz, hiztegia lantzea oso garratzitsua da.
Zazpi: errepikapena taldean. Hitz berriak erakustean, ikasleei behin eta berriz errepikaraztea garrantzitsua da.
Zortzi: ikasleen akatsei erantzun lagungarriak eman. Ikasleek akatsak egiten dituzte; zenbat eta gehiago ekoitzi hizkuntza, orduan eta akats gehiago. Hori normala da. Osasungarria eta ona da akatsak egitea. Kontua da gero eta hitz gehiago erabiltzea eta gero eta gehiago ekoiztea.
Bederatzi: ereduak eman. Ikasleek gaizki esaten dutena ongi errepikatu behar du irakasleak. Ez die esan behar gaizki egiten dutenik, ez du elkarrizketa eten behar eta ikasleak barregarri utzi behar. Deseroso sentiarazi gabe, berak ongi ahoskatu behar du, eredua emanez.
Hamar: moldaketak egitea eta hitzez adieraztea. Modu horretara, irakasleak ozen pentsatu eta idazten du. Ikasleek ulertu egiten dute egiten eta esaten duena. Ongi ahoskatzeari garrantzia ematen zaio.
Hamar estrategia horiek oso egokiak dira ikasleei ulertzen laguntzeko eta parte-hartzea errazteko, eta bihar bertan jar daitezke martxan. Garrantzitsua da aukera hori ematea, ikasleak beldurtuta ez egotea, bestela ez baitute hitz egingo, eta ondorioz, ikasiko. Seguru sentitu behar dute.
Aipatu duzun guztiak ingelesa ikasteko balio du. Zer tratamendu ematen diozue etorkinen jatorrizko hizkuntzari?
Orain dela 30 urte, Hizkuntza irakasle gisa hasi nintzenean, nire irakasleak zera esan zidan: ez utzi inoiz zure ikasleei beren ama hizkuntzan ikasten, inoiz ez, ingelesa soilik, ingelesa soilik eta ingelesa soilik.
Iritzia asko aldatu dugu horri dagokionez. Gaur egun badakigu ama hizkuntza garrantzitsua dela bigarren hizkuntza ikasterakoan. Ama hizkuntza zenbat eta indartsuagoa eta sendoagoa izan, orduan eta hobeto ikasiko dute 2., 3. edo 4. hizkuntza.
Nahiz eta bigarrren hizkuntza ikasten aritu, ikasleek ama hizkuntza erabiltzen dute ideia sofistikatuetarako. Beraz, hizkuntza hori erabiltzea mugatzen badiegu, pentsamendua mugatzen diegu. 16 urteko ikasle bati bere ama hizkuntza erabiltzen ez badiogu uzten eta ingelesez egin behar badu, urtebeteko haur bat izango da ingelesez mintzatzen denean, gaitasun murriztua duelako ingelesez.
Orduan, ikasleen jatorrizko hizkuntzak lekua eduki behar du gelan, nahiz eta guk hizkuntza hori ez ezagutu. Lagundu egin behar diogu, gainera, hizkuntza hori mantentzen.
Orduan, nola egiten zaie leku gelan? Emaizkiguzu adibide praktiko batzuk.
Ikasleen hizkuntzak ikasgelako egunerokoan eta curriculumean txertatzen dira, eta irakaste prozesuan laguntzeko ere erabiltzen dira. Esate baterako, ikasturte hasieran irakasleak gelan etorkinak daudela adierazten du eta edukiak ikasteaz gain ingelesa ikasten ari direla. Eta beraz, denok lagundu behar diegula. Mezu hori ematea oso garrantzitsua da.
Adibidez, hilero hizkuntza bat aukeratzen da eta hilabete horretan hizkuntza hori dakiten ikasleek hizkuntza horri buruzko gauzak erakusten dizkiete gainerakoei: izenak, esaerak,…
Zein izaten da gurasoen jarrera?
Arlo honetan, irakasleek eta gurasoek elkarrekin egin behar dute lan, hori lortzeko. Gurasoek jakin behar dute euren lana seme-alabei ama hizkuntza mantentzen laguntzea dela. Guraso askok pentsatzen dute onena etxean ingelesa erabiltzea dela, baina euretako askok ez dute ingelesa ongi menperatzen. Beraz, ez dira eredu egokiak. Egin behar dutena da ama hizkuntzako eredua ongi erakutsi. Ingelesa eskolan eta kalean ikasiko dute. Argi erakutsi behar zaie seme-alaba elebidunak edo eleanitzak izatea oso ona dela.
Orain dela gutxi Londresen egindako ikerketa batean ere ondorio hori atera dute: bi edo hiru hizkuntza dakizkiena pentsalari hobea dela, eta beraz, eleaniztasuna ona dela.
Eskola eleanitzaren potentzialiatea azpimarratzen duzue, beraz. Zer onura ikusten dizkiozu?
Hizkuntzak ikasteak mundua gerturatzen du eta denok aberasten gaitu. Komunikazio globala garatu behar dugu eta egin dezakegun onena da jendeak hizkuntza bat baino gehiago ikas ditzan bultzatzea. Denok profita gaitezke testuinguru eleanitzean murgilduta.
Eskola eleanitzak beste hizkuntza batzuk ikastearen balioa azpimarratzen du. Hizkuntza aniztasuna goraipatzen du. Jarrera irekiagoak sustatzen ditu kultur talde desberdinen artean. Eskola komunitateko kideei onartuak, ongi etorriak eta komunitateko partaide direla sentiarazten laguntzen du. Eta beren hizkuntzan gaitasunak garatzen laguntzeaz gain, bigarren hizkuntzan ere gaitasunak garatzen laguntzen die ikasleei.
Materialei dagokienez, erabiltzen al dituzue kultura eta hizkuntza desberdinetako liburuak? Nolako materialaz baliatzen zarete?
Sarritan liburu elebidunak erabiltzen ditugu. Adibidez, txinatarrez eta ingelesez. Gainerako haurrak ere interes handia erakusten dute beste hizkuntzetan. Gainera, hitzak eta irudiak biak edukitzen dituzte eta oso errazak izaten dira ulertzeko. Liburu elebidunak eta oso egokiak dira haurrek eta gurasoek elkarrekin irakurtzeko. Eskola askotan irakasleek, gurasoek eta ikasleek egiten dituzte liburuak euren jatorrizko hizkuntzan. Esate baterako, unibertsitatera joan aurretik egin nuen azken proiektua portuges-ingeleseko hiztegi bat izan zen. Haur etorri berrientzat egin genuen eta opari modura eman zitzaien. Gurasoei asko gustatzen zaizkie horrelako gauzak. Orain beste proiektu batekin dabiltza: ikasgai bakoitzeko hiztegi espezifiko bat egiten.
Badugu beste ekintza bat ere: literatura kulturanitzaren zirkuluak. Haurrak 5-6ko taldetan jartzen dira eta talde bakoitzak liburu bat izaten du. Taldekideek elkarrekin irakurtzen dute liburua, eta ondoren gainerako gelakideei azaltzen die. Talde bakoitzak liburu desberdina irakurtzen du, baina denak gai beraren inguruan: familia, adiskidetasuna… Liburu batean Sri Lankako bi lagun izan daitezke protagonistak, beste batean Mexikokoak… Gauza bera lantzen dute, baina testuinguru eta kultura desberdinean. Orduan, antzekotasunak eta desberdintasunak ezagutzen ditugu. Azkenean, desberdintasun baino antzekotasun gehiago ditugula ohartzen dira haurrak: denek dute familia, denek dituzte lagunak, antzeko nahiak, antzeko sentimenduak…
Guk zorte handia dugu, liburu pila bat dagoelako ingelesez argitaratuta. Adibidez, familia gaiaren inguruan laupabost aurki daitezke. Agian euskaraz ez dira hainbeste egongo.
Euskal Herrian euskara hizkuntza gutxitua da. Ezin dira konparatu Kanadan ingelesak duen egoera eta Euskal Herrian euskarak. Zer iritzi duzu horren inguruan? Zer aholkatzen diguzu?
Etorkinek ez dakite hona iritsi arte hemen beste hizkuntza bat dagoenik, denek gaztelania hitz egiten dutela pentsatzen dute. Horregatik, uste dut gurasoei informazio asko eman behar zaiela eskola aukeratu aurretik.
Horrez gain, gizarteak ere irekia egon behar duela uste dut, eta baita instituzioek eta eskolek ere. Etorkinek ongi sentitu behar dute eta jakin euskaldunak irekiak direla, lagundu egingo dietela, euskara jakitea ona izango dela lana bilatzeko…
Berriro diot, gako nagusia gurasoei informazioa ematea da, eleanitzak izatearen abantailak erakutsiz eta eskolan arrakasta handiagoa izango dutela adieraziz.
Sarritan zalantza bat sortzen da hemengo eskoletan: jatorrizko euskal hiztunak eta euskararik ez dakitenak elkarrekin jartzea komeni da ala ez?
Nire iritziz talde desberdinetan jartzeak ez du abantailarik. Are gehiago, sozializazioa atzeratu egiten du, eta garrantzitsuena helburu sozialak direla uste dut.
Zer egingo dugu, txinatar guztiak eskola batean jarri, ekuadortar guztiak beste batean eta horrela? Ez dut uste eredu egokia denik. Gizarte kulturanitza daukagu eta ona da geurea mantentzeaz gain besteena ere ezagutzea.
Etxean euskaraz hitz egiten ez dutenek euskara ongi hitz egiten duten ereduak behar dituzte, eta hori da eskolan eskaintzen zaiena.
Halere, zenbait unetan aparte jar daitezke, baina ez denbora guztian, gero besteekin elkartzea komeni da.
Uste dut haur guztientzat dela onuragarria kultura, hizkuntza eta jatorri desberdineko haurrekin erlazionatzea.
Bestalde, jatorriz euskaldunak diren haurren gurasoek ere jakin behar dute eskolatik at ere euskaraz bizitzeko aukera badagoela eta hori ere eskaini behar diete seme-alabei.
Kanadan eskola ingelesak eta frantsesak daude aukeran. Quebec-en etorkinak eskola frantsesera joatera behartzen ditu legeak. Zer iritzi duzu horren gainean?
Etorkinek frantsesean maila ona lortzeko pentsatua dago lege hori. Aukeran utziko balitz, etorkin gehienek eskola ingelesa hautatuko lukete. Zergatik? Ingelesa erabilgarriagoa izango zaiela uste dutelako, jende gehiagok hitz egiten duelako. Gainera, etorkinak asko mugitzen dira, eta Kanadako beste lekuren batera joaten badira bizitzera, han ingelesa beharko dute. Beraz, berriro hasi beharko dute.
Orduan, haur horientzat desabantaila dela uste dut, lege horrek ez dizkiela gauzak errazten. Baina ulertzen dut zergatik egin duten legea, zentzu kulturala du.
Zein dira une honetan egiten ari diren ikerketa nabarmenenak?
Etengabe ari gara ikerketak egiten eta emaitza interesgarriak ateratzen ari gara. Esate baterako, urtero matematikako eta literaturako testak egiten ditugu 3., 6. eta 9. mailetan. Badakigu zein haur jaio ziren beste herrialde batean, badakigu zein haurrek duten ingelesa ez den ama hizkuntza bat, eta horien emaitzak eta haur kanadiarrenak edo ingelesa hitz egiten dutenenak konparatzen ditugu.
Emaitzek zera erakutsi dute: bost urte baino gehiago behar direla etorkin batek bertako baten maila hartzeko ikasgai berean.
Emaitza interesgarriena zera da: haur etorkinek kanadiarrek baino emaitza hobeak lortzen dituztela bukaeran. PISAko ikerketek ere horixe baieztatu dute. Lehen belaunaldiko etorkinen seme-alabek, denbora pasa ondoren, bertan jaiotakoek baino hobeto egiten dute.
Horretan zerikusi handia du gurasoen motibazioak. Gurasoek jomuga oso altuak izan ohi dituzte, herrialde berrira etortzea aukera berri bat edukitzea da haientzat. Beraz, hori da haur etorkinek emaitza hobeak lortzearen arrazoi bat.
Beste arrazoi bat, lehen aipatu duguna: elebidun izateko aukera gehiago dituzte haur hauek, eta horrek emaitza hobeak ematen ditu. Ikerketen arabera, haur etorkinek aukera gehiago dute hizkuntza jasotzeko eta gordetzeko.
Bigarren belaunaldiko etorkin askok, ostera, jatorrizko hizkuntza galdu egiten dute, eta horien emaitzak ez dira hain arrakastatsuak. Beraz, hortik ondorioztatzen dugu ezinbestean suspertu behar dela jatorrizko hizkuntza, horrek dakarrelako arrakasta akademikoa.
Beste ikerketa bat haur etorkinek Kanadan daramaten denborarekin lotuta dago. Bertan urtebete baino gutxiago daramaten 3. eta 6. mailetako ikasleak konparatu ditut, eta 6. mailakoek emaitza hobeak lortzen dituzte. Alegia, haur handiagoek azkarrago eta hobeto ikasten dute. Eta hori da denak harrituta utzi dituen datua, denek uste baitute haur txikiek azkarrago ikasten dutela. Bada, ez da hala. Haur txikiek doinua hartzen dute eta ahoskera oso ona dute, baina gramatika eta hiztegia ez. Haur handiagoek baliabide gehiago dituzte gramatika ikasteko, jatorrizko hizkuntza garatuago dutelako, hizkuntza horretako literatura askoz ere garatuago dutelako, eta munduaren ikuskera eta ulermen hobea dutelako. 3. mailan, % 22k soilik lortu zuen jarritako maila estandarra, eta 6. mailan % 60k. Alde handia da eta jendea oso harrituta dago.
Beraz, zein da hizkuntza bat ikasteko garairik onena?
8-11 urte bitartekoa da onena. Aipatu berri ditudan argudio horiek denak daude hori defendatzeko. Munduan zehar haurrak gero eta lehenago hasten dira hizkuntzak ikasten eskoletan, eta ez nago ziur ideia ona ote den.
Zertarako balio dute ikerketa hauek?
Ikasleei laguntzeko. Oso garrantzitsua da zenbait informazio edukitzea. Esate baterako, zein herrialdetan jaiotakoak diren, zein den ama hizkuntza, noiz etorriak diren Kanadara, eskolara joanak diren ala ez… Hori dena jakitea garrantzitsua da, ez baita egokia etorkin denak talde bakar batean sartzea.
Gero, ikasleak gaizki baldin badabiltza, informazio hori baliagarria izango da zergatik dabiltzan gaizki jakiteko. Zeren agian ez da beren arazoa izango, baizik eta eskolarena. Akaso eskolak ez du jakingo nola lagundu. Horregatik, eskolak ikasi egin behar du ikasle talde horiekin lan egiten, motibatzen… Haur batzuentzat gogorra da eskolan egotea, desberdinak sentitzen direlako, ez daudelako motibatuta, euren kultura eta hizkuntza ez direla baloratzen ikusten duelako… Horiekin lan egiten ikasi behar du eskolak, lehen esan dugun moduan, giro laguntzailea eskainiz.
Elizabeth Coelhok HUHEZI Fakultatean eman zuen hitzaldian, hitzetik hortzera dabilzkigun diskurtsoak praktikan jarri zituen; kulturartekotasunaren adibide izan zen: entzuleak talde txikitan jarriarazi zituen, bakoitzean ingelesa ongi ulertzen zuen bat egongo zela ziurtatuz. Berak ingelesez hitz egin zuen, astiro eta garbi. Tarteka gelditu eta talde txikitan komentatzen zen esandakoa, ingelesa zekienaren laguntzarekin. Lan kooperatiboaren eta aniztasunaren lezio bikaina.