Irakasleen mundua eta gurasoen sekta

2007-03-02
 
 

Nire lagun bati gauza kurioso bat pasa zitzaion orain dela gutxi. Irakaslea da eta egun erdi jarduten da ikastola batean. Hartu zuen egutegia eta aurrena irakasle bezala ikusi zuen: “Ño! Ze ondo, zenbat zubi!”, esan zuen aurpegi alaiez. Eta segidan, “La ostra, zenbat zubi!”esan zuen kezkatuta egutegia guraso bezala ikusitakoan.

Izugarrizko grazia egin zidan. Sketch bat egiteko modukoa da. Wazemank-erako gaiak pentsatzen aritzen garenean, proposatu izan dugu irakasleen munduari buruzkoak egitea. Ukitzeko moduko mundua dela iruditzen zait. Adibidez, irakasle gela bateko fotokopiagailuak hitz egingo balu? Edo ikasturte bukaerako polboroiak saltzen dituenaren bisitan ikusiko litzatekeena? Edo kafea edo ura ekartzen duena etortzen denean?... Irakasleen gela oso aberatsa iruditzen zait, irakasle klase asko baitaude: soinketako irakasle guay hori, beste irakasle askoz zorrotzagoa baina azkenean majoena bera dela konturatzen zarena... 

Mundu oso bat dago lantzeko, baina era berean, mundu oso konplikatua dela iruditzen zait. Kontu handia eduki behar da zer esaten den, eta esan beharrekoak ondo esan behar dira. Errazena egitea eta barre egitea da, eta ez da hori bakarrik. Printzipioak mantendu egin behar dira. Mundu batzuk ezin dira hain axaletik landu, eta gainera, ez dut nahi. 

Umorea egiteko “topikazoetara” jo beharra dago, eta kasu honetan oso erraza da irakasle eta ikasleen arteko “topikazoetara” jotzea eta “zigortuta!” esatea. Baina hori ezin da egin, zeren jada ez dago zigorrik. Hori garai bateko kontua da. Hori dezente aldatu da eta kontu handia eduki behar da horrekin. Ez da fribolitatez bete behar mundu hori, zeren hor daude bullyingaren kontua eta abar. 

Gainera, gaur egun irakasleekiko errespetua galdu egin dela uste dut eta hori oso gaizki iruditzen zait. Lehengoan irakurri nuen Sarkozyk esan zuela presidente ateratzen baldin bada ikasleek altxa egin beharko dutela irakaslea gelara sartutakoan. Buelta batzuk eman dizkiot eta ez zait hain gaizki iruditzen (zahartzen ari naiz). Ez nago horren alde, baina iruditzen zait badaukala beste irakurketa bat. Ikasleek zerbait egin beharko lukete irakasleari errespetua adierazteko. Eta baita gurasoek ere. 

Gurasoon sekta oso-oso peligrosoa gara. Talde bat gara, hitz egiteko moduagatik eta denagatik. Ikusi besterik ez dago parkeetan. Irakasleekiko, berriz, kexa asko dagoela iruditzen zait. “Nire semeak esan dit hau egin zeniola” esanez joaten da guraso bat. Eta irakasleak: “A, bai? Eta ez al zizun esan zer egin zuen aurretik? Edo igual al zaizu?”. Igual baldin bazaigu zeozer gaizki egiten ari gara. Gaur egun umeei bakarrik sinesten zaie, eta dudarik ez daukat normalean irakasleak izango duela arrazoia.Horregatik diot agian Sarkozyk esan duena astakeria bat dela horrela esanda, baina badaukala bere oinarria.•