Autismoa

2007-06-30
 
 

Autismoaren lehenengo deskribapena Leo Kannerrek egin zuen 1943an. Geroztik, kontzeptuaren ezagutza hedatu egin da, bai komunitate zientifikoan eta baita gizartean ere. Horren erakusle da kontzeptuak sortu duen informazio eskaria (Interneteko bilatzaile garrantzitsuenetako batean gehien bilatutako hitza izan da). Atzean, pixkanaka gero eta nabarmenago ageri zaigun errealitate bat dago: lagin zorrotzekin egindako azkeneko ikerketen arabera, prebalentzia 150 biztanleko 1ekoa da. Hedapen izaera duten argitalpen ugarik, errealitate horri erreferentzia eginez egiten diren prentsa oharrek eta izaera oso desberdina duten ustezko sendabideek ere hori egiaztatzen dute.

Ikastaro honetan autismoaren ikuspegi praktikoa eskaini nahi dugu; psikopatologia horren gaur egungo kontzeptzioaren ardatz diren oinarri teorikoei erreferentzia eginez eta komunitate zientifikotik lortu diren adostasunetan oinarrituta: diagnostiko eta tratamendurako praktika egokien gida azaldu, nazioartean eraginkorrak direla frogatu diren esku-hartze programak, eragin sozialaren azterketa (bai familien ikuspegitik bai estamentu instituzionalen ikuspegitik), erantzun koordinatua aztertuz eta pertsona horien bizitzetan planteatzen den behar multzoari erantzuteko asmoz egiten den lankidetzaren azterketa eginez.
GAUTENAko talde klinikoko kide gisa eta Gipuzkoako Autismo Elkarteak duen zerbitzu publikoa izateko bokazioa kontuan izanik, erakundearen baitan dauden familia eta profesional ugarik orain arte bildutako esperientzia trukatzea da gure helburua. Familia eta profesionalei esker da soilik posible errealitate honen inguruan dugun ezagutza izatea, indibidualki edo zatikatuta konparagarria ez bailitzateke izango.
Azkenik, helburu nagusitzat autismoa duten pertsonen bizitza kalitatea hobetzea legoke. Horretarako, errealitate konplexu horren ezagutza eta ulermenean aurrera ekitea funtsezkoa da. Bide horretan, aktore nagusiei, autismoa duten pertsonei alegia, lekua egin behar zaie, hitz egiteko gai direnei hitza emanez eta hitz egin ezin dezaketenei beren izenean eginez; guztia euren bizitzen egile izatea lortzeko.