Euskal kultura eta identitatea XXI. mendean

2007-06-30
 
 

Zein da ikastaroaren oinarria?

Ikastaroaren abiapuntutzat hartzen dugu gaurko globalizazio prozesuan murgilduta dagoen gizarte egoera: giza balio tradizionalen krisia, eguneroko bizitzaren estresa, biharamuneko kezka ekologikoa… Eta Euskal Herriari dagokionez: gure kulturaren zehaztasun eza, identitatearen norabide eza eta autogobernuaren kinka larria. Ez da diagnostiko ezkorra, baina bai arretaz aztertzekoa. 

Zer da, bada, zuentzat kultura? Zein da kulturaren funtzioa?

 Eguneroko prentsan agertzen zaigun kultura kontzeptua artelanaren ikuskizuna eta literatura produktuen metaketa izan ohi da; guretzat, aldiz, benetako kultura, gizakiarentzat funtsezkoa, ez da bizitzaren hornidura edo apendizea, gure nortasunaren egituratzailea baizik. Eguneroko bizitza ekonomiaz, ohitura arruntez eta elkarrekiko harremanez dago osatuta, eta beraz, elementu horiek “gure” kulturaren zutabe nagusiak dira.

Zer alde dago eusko kulturaren eta euskal kulturaren artean?

 “Eusko” hartzen dugu Euskal Herriko gisa, lokatiboa: Euskal Herrian dagoena. “Euskal” adjektiboak kualitatea adierazten du, berez. Izatez, argi dago hemen hiru kultura mota ditugula: espainiarra, frantziarra eta, estatu bateko egituraren babesik gabe, euskal kultura. Alegia, iraganeko tradiziotik gaur egungo bizitzara egokitu behar dugun kultura zaharra. Jatorrizkoa? Zaharkitua? Transgenikoek kutsatua? Gutxienez, eztabaidarako gaia.

 

Praktikan, bereiz al daiteke euskal kultura espainiar kulturatik edo frantziarretik?

Hortxe gakoa. Kultura, jarduera kulturala, ezin da burdinazko harresietan gorde, bizitza bera baita, kanpoko beste kulturekin harremanetan dagoena. “Eusko” lurralde honetan hemengo “kultur gaiak” biltzen eta egituratzen ditugun arabera osatuko dugu “euskal” kultura, betiere Euskal Herria ardatz hartuta. Bestela, Espainiako, Frantziako edota Europako eskualde gisa hartuta, beren kultur mordoaren adierazpen erregional bihurtuko dute gurea. Gaiak, datuak antolatzen ditugun moduaren arabera, gure buruan herri baten kultura osatuko dugu, edo beste baten zati den kultura.

Horretan datza identitatearen mamia, ezagututako gaien antolaketan?

Ezagutzaren esparruan bai. Baina ezagutza prozesuaren garapenean, sentsazioak, emozioak, maitasun eta gorrotoak sartzen zaizkigu datuekin batera, ezinbestez. Gizakiak ezin du datu bilketa neutrorik egin. Burmuinak ez lituzke bilduko, inprimatuko. Datu horiek gordetzeko agindu emozionalik ez badago, ihes eginen digute. Pertsona bakoitzak bere afektibitate ahalmenaren araberako ekimenerako azkartasuna edo moteltasuna du. Nortasunean datza, beraz, erabakiak hartzeko gaitasuna eta ondorengo ekimenetarako prestutasuna. Herri edo gizataldeetan identitate deritzogu horri.

 

Hortaz, ezagutzaren eta ekimenaren arteko zubiarena egiten du nortasunak?

Bai. Horretan ez historiak, ez soziologiak ez dute arreta berezirik jarri oraintsu arte. Gure sentsazioak eta emozioak neurtzeko tresneria izan arte nekez deskribatu ahal izan dira jokaeren prozesuak -Freud eta lagunek zaila izan zuten-. Neurologiak, ordea, ezagupenetik ekimenetara doan bidea aztertzeko tresnak eskuratu ditu. Horiekin prozeduraren “teknologia” ikus dezakegu. Bertan azaltzen da ezagutza prozesuaren bizitza -kultura eraginkorraren prozesua-: zer garen (ezagutzen duguna), nolakoak sentitzen garen eta egunez egun egingo dugunaren arteko koherentzia. Horren arabera gizaki orekatua edo traumaz beteriko gizagaixoa izateko jokoan ari gara. 

Nola azalduko duzue hori guztia ikastaroan?

 Ikastaroan ikus-entzunezkoak erabiliko ditugu darabiltzagun kontzeptuen mapa eta jarduera erakusteko. Ondoren, lantaldeetan antolatutako hausnarketaz baliatuz, Euskal Herriak dituen erronkei irtenbide egokia bilatzeko ildoez eztabaidatuko dugu. Aipatu bezala, argi gera bedi bizitzan ibiltzeko kultura behar dugula, ez bizitzatik at gera daitekeena, zama eta nahasmena besterik ez lekarkigukeena.