ODRIOZOLA, Elena: Irudiak ez ditut hezteko helburuarekin egiten, sentitzen dudana egiten dut

2008-01-02
Egiten dituen irudiek egin dute ezagun Elena Odriozola donostiarra. Txikitatik izan du gustuko marraztea eta publizitate agentzia batean lanean ari zela etorri zitzaion ilustratzaile gisa lan egiteko aukera. Ez zuen zalantzarik izan eta horretan daramatza hamar bat urte. Ibilbide horretan 60 liburu baino gehiagori ipini dizkio irudiak eta iaz sari garrantzitsua irabazi zuen, Espainiako 2006eko Gazte eta Haur Literaturako ilustrazio onenaren bigarren saria, hain zuzen ere. “La princesa que bostezaba a todas horas” liburuarentzat egindako irudiengatik eskuratu zuen sari hori.
Etxean egiten du lan. Lan bakartia dela dio, baina gustuko duela. Liburu asko ditu etxeko egongelan, izugarri gustatzen baitzaizkio haurrentzako liburuak, irudiengatik, batez ere. Elenak berak egindako irudiak ere, nonahi ikusi ditugu. Haurrentzat lan egitea gustuko du, baina lan egiten duenean ez du kontuan hartzen haurrentzat ari denik, guztientzat egiten ditu irudiak eta esan digunez, bere marrazkiak estereotipoetan erortzen ez diren arren, lan egiterakoan, horien balio hezitzailea ez du kontuan hartzen. Gero eta askatasun handiagoa izan, lan hobea egiten duela dio eta sentitzen duena egiten duela, beti. Hor egon liteke bere arrakastaren arrazoia.
 
 
Hamar urte dira irudigile gisa lan egiten duzula. Zure marrazkiak haurrentzako ipuinetan agertzen dira batez ere. Zein da horren arrazoia?
Uste dut nire estiloa aproposa dela horretarako. Nik egiten dudana ez dut haurrentzat egiten, hori egitea gustuko dudalako egiten dut, eta estilo hori, haurrentzako liburuekin bat doa. Beti gustatu izan zaizkit ipuinak.
Helduentzat egin al duzu lanik?
Bai. Egin izan dut, ez asko, baina asko gustatzen zait baita ere helduentzako lan egitea.
Haurrei zuzendutako liburuetan testuei garrantzia handia ematen zaie, baina marrazkiek ere badute berea, ezta?
Bai, jakina. Irudiak zerbaitetarako daude eta askotan testuak baino hobeak izaten dira. Hasierakoa testua izaten da eta irudiari baino garrantzi handiagoa ematen zaio sarritan. Argitaletxeak testua du, eta testua ematen dizu marrazkiak egiteko oinarri gisa. Nik uste dut marrazkiak ikustea guztioi gustatzen zaigula, bai haurrei eta baita helduei ere.
Irudiak testuak baino hobeak direla esaten duzunean, zer esan nahi duzu, mezua hobeto adierazten dutela, adibidez?
Hori izan daiteke, edo kalitate aldetik izan daitezke hobeak. Askotan, marrazkiak zoragarriak dira eta testua aitzakia hutsa baino ez dela ikusten duzu, irudiak askoz ere landuagoak daudela. Batzuetan onegia ez den testu batekin lan ona egin dezakezu eta alderantziz ere bai, testu onarekin lan txarra egin dezakezu. Baina berriro diot, orokorrean uste dut kasu askotan irudiak testuak baino hobeak direla.
Argitaletxeak testua bidaltzen dizu eta zuk hori oinarri hartuta irudiak egiten dituzu. Nolakoa izaten da prozesua? Zenbat denbora behar izaten duzu kontakizunari irudiak jartzeko?
Ipuinaren arabera eta nire memento pertsonalaren arabera, baina normalean ez dut denbora askorik behar izaten. Gero eta gehiago gertatzen da gainera, idazleak marrazkilari zehatz bat aukeratzen duela bere estiloa gustuko duelako edo ipuin horrekin bere irudiak ongi joan daitezkeela uste duelako, eta ezaguna badu oraindik ere gehiago. Batzuetan testua bidaltzen dizute, irakurtzen duzu eta gustuko baduzu, lana egiten duzu. Beste batzuetan testua irakurtzen duzu, ez duzu ikusten eta ez duzu egiten. Pentsatzeak ematen dit denbora gehien, baina buruan eskema egiten dudanean, azkar egiten dut lan. Dena den, batzuetan tontakeria bat egiteko denbora asko behar dut eta gero lan handi bat berehala egiten dut. Lan bakoitzak bere berezitasunak ditu.
Esan dugu batez ere haurrentzat egiten duzula lan. Muga asko jartzen al dizkiozu zeure buruari irudiak haurrei zuzenduta daudelako?
Lana norentzat egiten duzunaren arabera. Hemen batez ere Elkar edo Aizkorri argitaletxeekin egiten dut lan eta kasu horietan ez dut mugarik jartzen, askatasun handia baitut lan egiteko. Baina Ingalaterran adibidez, gehiegi neurtzen dute guztia; koloreak, konposizioa… eta testuan irakurtzen den hori bera ikusi nahi dute irudietan. Nik uste dut hori ez dela testu bat ilustratzea, eta esaten diet horrelakorik ez dudala egingo. Beraiek nahi dudana egiteko esaten didate hasieran, baina gero zuzenketak etortzen dira eta orduan hasten da borroka, ez dudalako gustuko sinesten ez dudan zerbaitetan lanean aritzea. Horrek nekatu egiten nau eta ez du merezi.
Orain dela gutxi lan bat egiten ari nintzen ingelesentzat eta gustatzen zitzaiela zioten, baina hamaika gauza aldatzea proposatu didate. Niretzat hori ezinezkoa zen oso argi ikusten nuelako nola egin nahi nuen lan eta lanarekin ez jarraitzea erabaki dut. Aukera bakarra uzten zidaten: beraiek nahi zuten bezala egitea. Eta nik, ezin dut nire buruaren kontra egin. Badakite zer egiten dudan eta zer ez. Batzuetan, aspaldi egindako lanen bat ikusten dute eta horrelako zerbait nahi izaten dute baina nik jada ez dut horrelakorik egiten. Badaude urteak aurrera joan eta gauza bera egiten duten irudigileak, baina nik hori ez dut ulertzen, urteak pasa ahala gauza berriak bizitzen dituzulako, aldatu egiten zarelako eta garapenik badelako. Nola nahi duten esaten badidate, zirriborroa ematen badidate, nire lana egina dagoela iruditzen zait. Nire lana, pentsatzea eta zer egin dezakedan ikustea da, eta hori egina ematen badidate, zer egingo dut nik? Gero eta askatasun handiagoa izan, lan hobea egiten dut.
Zentsura moduko bat bada, beraz. Zer da, zehazki, gustuko ez dutena?
Duela bizpahiru urte Ingalaterrako argitaletxe batetik pertsona bat etorri zen ni ezagutzera eta Juan Kruz Igerabideren “Gorputz osorako poemak” liburua erakutsi nion. Hiru edo lau biluzi ateratzen dira liburuan baina oso sinpleak, oso garbiak, ez daukate ezer. Begiratu zuen eta han horrelako zerbait argitaratzea ezinezkoa dela esan zidan. Muga bat dago, horrelako gauzak ez dituzte onartzen eta esaten dute ez dela salduko. Beste liburu batekin ere gertatu zitzaidan, neska bat agertzen zen biluzik eta ilea luzatu zioten bularra estaltzeko. Eta Madrilen, beste argitaletxe batek lan bat atzera bota zidan marrazkietan ardoa ateratzen zelako eta norbait erretzen agertzen zelako. Harrigarria iruditzen zait eta horrelakoetan pentsatzen dut gu ere haurrak izan garela eta horrelakoak ikusi ditugula. Arazoak ez dira konpontzen, existituko ez balira moduan begien aurretik kenduta. Baina horrelako gauzak gertatzen dira, gero eta gehiago. Mexikon ere berdina gertatu zitzaidan; kasu horretan esan zidaten bertan ez zela arazorik baina gero AEBetan argitaratu behar zutela eta han arazoak izango zituztela. Beste behin, marinel bati pipa kendu zioten erretzen ager ez zedin. Nik ez dut ulertzen, testuan pertsona hori erretzen ari dela jartzen du eta hori posible da, baina marrazkian horrelako zerbait agertzea ez. Marrazkirik ezin baldin bada egin, testutik ere kendu egin beharko lukete, ezta? Grazia egiten didate horrelako egoerek. Baina hemen orain arte behintzat, ez zait horrelakorik gertatu.
Irudiek irakurtzeko grina bultza al dezakete haurrengan?
Nik uste dut baietz, baina ez dut uste pertsona aproposa naizenik galdera horri erantzuteko. Haurrei asko gustatzen zaizkie marrazkiak eta pentsatzen dut horrek bere garrantzia izango duela. Niri, behintzat, txikitan asko gustatzen zitzaidan marrazkiak ikustea.
Haurrek irudietan jartzen dute arreta. Saiatzen al zara marrazki horiek izan dezaketen balio hezitzailea kontuan hartzen?
Ez.  Ezin dut hori egin; ni ez naiz hezitzailea, eta ez dakit haurrek zer behar duten eta zer ez. Gainera, zein haur hartu behar ditugu kontuan? Hainbeste daude eta elkarrengandik hain ezberdinak... Nik ezin dut horrelakorik egin; sentitzen dudana eta ateratzen zaidana egiten dut. Uste dut zure lana ongi egin duzunean, gustura geratzen zarenean, ez dagoela arazorik. Zerbait aldatzeko esaten badidate, agian aldatuko dut, baina balio hezitzaile hori kontuan izatea ezinezkoa iruditzen zait.
Eskatu al dizute inoiz horrelakorik kontuan hartzea?
Ez. Irudigile moduan lanean hasi baino lehen agentzia batean egiten nuen lan eta irudiak ere egiten nituen, lan txikiak, eskatzen zizkidatenean. Ikasliburu batean elbarriak, betaurrekodunak, lodiak, argalak… egin behar izan nituen eta ongi, ez nuen arazorik izan, baina iruditzen zait hori guztia oso zuzena dela eta, niri berez, ez zait ateratzen horrelakorik egitea. Gauzak ezin dira hainbeste behartu. Hainbeste gauza hartu beharko nituzke kontuan, beste lan bat egingo nukeela. Hainbeste kontrolatzea eta zer egin behar dudan esatea, ez zait gustatzen. Nik ulertzen dut batzuetan egin behar dela, baina niri, berez, ez zait ateratzen. Uste dut gauzak ez direla horrela ikasten. Dena den, ipuina eta ikasliburua bereiztu beharko genituzke. Ipuinetan pertsonaia bat da eta nahi duzuna sartzen duzu. Ikasliburuetan ezberdina da; eskoletarako da, ikasle guztientzat… Badut duela gutxi bidali didaten liburu bat. Bertan, marrazkilariak elbarri bat sartu du horrela sentitu duelako eta hori primeran iruditzen zait. Baina horrela izan behar duela ikusten duzulako, ez inork behartuta. Ateratzen bada ongi, bestela ere bai.
Esan duzu marrazkiak ez dituzula ikuspegi hezitzaile batetik egiten. Ez zaizula behartzea gustatzen. Baina zure marrazkiek ez dute estereotipoetara jotzen, eta alde horretatik hezitzaileak izan daitezke…
Horrela bada, ez dut nahita egiten. Bakoitzak ateratzen zaiona, sentitzen duena egin behar du eta horrela ez bada, gaizki gabiltza. Egin dudan lanarekin pozik banago, berdin zait zer esaten duten.
Argitaletxeek benetako garrantzia ematen al diote irudiari, edo liburuak osatzeko egiten den zerbait da?
Nik uste dut gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola. Nik harremana dudan jendeari gustatzen zaiola ikusten dut, interesa dutela eta ez diotela norbaiti testua ematen liburua irudiekin osatzeko. Nork egiten duen begiratzen da eta idazleari ere batzuetan marrazkilari bat gustatzen bazaio, berari eskatzen dizkio irudiak. Testugileak gero eta gehiago kezkatzen dira horrekin. Badira ea zer egin behar duzun galdetzen dizuten idazleak, aurretik beste norbaitek marrazki batzuk egin dizkiolako eta ez zaizkiolako gustatu. Horrelakoetan pentsatzen dut hobea dela marrazkirik gabe joatea. Libre da ez gustatzea, baina nire lanean sartzerik ez dut nahi. Kritiketan, liburuen kritiketan, askotan ikusten da, irudien kritika egiten ari denak ez dakiela horri buruz edo betikoa jartzen duela; hor ikusten da askotan testuari garrantzi handiagoa ematen zaiola. Lehen irudiak ez ziren aipatu ere egiten, testua zen eta kito. Orain saiatzen dira irudigilearen lana aipatzen, baina hutsunea nabaritzen da.
Beti jartzen al zara idazlearekin hartu-emanetan?
Ez beti. Ezagutzen badut bai, berarekin hitz egiten dut baina normalean ez dugu lanari buruz hitz egiten, ez diot galdetzen zer pentsatzen duen, hori nire lana da. Berak berea egin du eta hortik aurrerakoa nire lana da. Nik berak lan hori gustuko izatea nahi dut eta normalean ongi joaten da dena, badakite nola egiten dudan lan eta oso gutxitan esaten didate zerbait.
Irudiak era jakin batekoak izatea nahi duen testugilerik ba al da?
Egongo dira eta agian jakingo dute lana nori eman, baina niri ematen badidate ezin didate esan era jakin batean egiteko. Nik nire estiloa dut eta kito. Batzuekin jada harremana dut; Juan Kruz Igerabiderekin, Patxi Zubizarretarekin, Mariasun Landarekin, Joxan Ormazabalekin, Daniel Nesquens-ekin… Orduan, adibidez, Patxi Zubizarretak badaki nik zer egiten dudan eta berari zer gustatzen zaion. Liburu batzuk, agian, gehiago ikusten ditu marrazkilari batekin eta beste batzuk beste batekin, eta idazten doan neurrian ikusten du irudiak nork egingo dituen. Hori oso ongi dago; harremana izateak gauzak errazten ditu. Lehen ere izango zen halakorik, baina askoz ere gutxiago.
Prozesua bera al da beti? Inoiz osatu al duzu istorioa irudi bidez eta ondoren horri testua jarri?
Horrelako proiektu bat dut esku artean. Agian marrazkiak egingo ditut eta idazle batek testua idatziko du marrazki horiek oinarri gisa hartuta. Polita izan daiteke marrazkiak egitea eta beste pertsona batek testua jartzea. Ilusioa egiten dit proiektuak. Badira baita ere, marrazkiak eta testuak egiten dituzten ilustratzaileak, baina nik ez dut nire burua horretan ikusten. Marrazkiren bat egin dezaket testuren batekin niretzat, gustuko dudalako hori egitea, baina besterik ez.
Haurrak izaten dira zure lanaren hartzaileak. Beraiekin izaten al duzu harremanik?
Lehen Maite Gonzalez Esnalekin joaten nintzen ikastetxeetara noizean behin. Berak ipuin bat irakurtzen zuen eta nik marrazkiak egiten nituen gardenkietan, gero pantaila batean proiektatzeko. Mementoan egiten nituen. Berak esaldi jakin bat esatean, marrazkia egiten hasten nintzen, baina aspertu egin nintzen. Izan ere, haurrentzat marrazkiak berriak ziren, baina niretzat ez. Ezin dut denbora luzez gauza bera egin, eta utzi egin nuen.
Ondoren ikasleek galderak egiten zituzten eta jendaurrean gaizki pasatzen dut. Gainera, nahiago dut helduen aurrean hitz egin, haurren aurrean baino. Behin institutu batera joan nintzen eta 17 urteko gazteak ziren, batxiler artistikoa egiten ari zirenak. Beldurrez joan nintzen, liburu pila batekin, urduri, baina interesa zuten eta oso ongi pasa nuen, denbora konturatu gabe pasa zitzaidan. Baina haurrekin tuntuna sentitzen naiz, ez dut halako zaletasunik. Duela urte asko Eskoriatzara joan nintzen, oso urduri orduan ere. Haur batek galdetu zidan ea zergatik ziren marrazkiak txuri-beltzean eta erantzuteko orduan, aurrekontua gora eta aurrekontua behera hasi nintzen. Pentsa! Zazpi urte baino ez zituen.
Tailerrak egiteko ere deitu izan didate baina gehienetan ezetz esaten dut, haur txikiei zuzentzea zaila egiten zaidalako. Badirudi, marrazkiak egiten ditudalako haurrekin nola jokatu behar dudan jakin behar dudala, baina ez da horrela.