Aranzadi, Bergara: ASTRONOMIA ERA DIBERTIGARRIAN IKASIZ

2008-02-01
Bergarako Aranzadi ikastolako hainbat  ikasle Experimentaldira hurbildu ziren euren irakasleekin batera. Astronomia ikasgaian ikasitakoak praktikan jarri, eta Miramongo Kutxaguneak antolatzen duen urteroko zientziaren azokan jarri zituzten egindako esperimentuak denok ikusteko moduan. Julen Eguren eta Aritz Arrillaga DBHko ikasleek azaldu zizkiguten haien esperimentuen nondik norakoak.
 
 
Bergarako Aranzadi ikastolako hainbat  ikasle Experimentaldira hurbildu ziren euren irakasleekin batera. Astronomia ikasgaian ikasitakoak praktikan jarri, eta Miramongo Kutxaguneak antolatzen duen urteroko zientziaren azokan jarri zituzten egindako esperimentuak denok ikusteko moduan. Julen Eguren eta Aritz Arrillaga DBHko ikasleek azaldu zizkiguten haien esperimentuen nondik norakoak.
Balde batean bi tubo ikusi genituen, “batetik haizea botila batera doa eta hortik haizea igotzen da goiko botilara. Haize horrekin lekua hartu, indarra hartu eta iturri bat sortzen da. Horregatik deitzen zaio Heronen iturria”, azaldu ziguten ikasleek.
Esperimentu horretarako materiala, bi botila, bi tapoi, bi zulodun konketa eta hiru edo lau metroko gomazko hodi fina dira. “Botila batek, goikoak hain zuzen, beteta egon behar du eta bestea, erdia baino gutxiago”, esan zuten.
Beste esperimentu bat azaltzeari ekin zioten Julenek eta Aritzek. Panel bat zen. Ezkerreko begia itxi, eta eskuinekoarekin paneletik 20 zentimetrotara begiratu behar zen. Arretatsu eta panelera poliki-poliki begiratuz, aurretik ikusten genuen zerbait jadanik ez genuen ikusten.
“Franklinen kanpaia” ere erakutsi ziguten gazteek: “Telebista pantaila bat dago eta pizten denean, uztaia piztuko da”. Telebistak, aluminiozko papera zuen. Kableak zeuden eta boligrafo bat erdian. Postuaren atzean konstelazioen diapositibak aurki genitzakeen, astronomia klaseetan erabiltzen dituztenak.
“Ikasgelan, lehenengo teoria lantzen dugu eta orain hasi gara esperimentuak egiten”, esan ziguten Bergarako gaztetxoek. “Teoriarekin baino gehiago ikasten dugu gauzak benetan praktikan jartzen, eta gainera hobeto pasatzen dugu”, gaineratu zuten.
MANU ARREGI
Aranzadi ikastolako fisika, matematika eta astronomiako irakaslea
Astronomia ikasgaia hautazkoa da eta DBHko 3. mailan eskaintzen da. Normalean 15 ikasle inguru izaten dira parte hartzaileak, aurten, ostera, 27 ikasle ari dira horretan. Manu Arregi da ikasgaiaren irakaslea.
Nolako esperientziak egiten dituzte ikasleek astronomia ikasgaian?
Astean bi ordu hartzen ditu Astronomia hautazkoak gure ikastolan. Denbora gehiena astronomia ikasten pasatzen badugu ere, Kutxaguneak Experimentaldia zientziaren azoka antolatzen duenetik etenalditxo bat egiten dugu, eta zientzia tailer bihurtzen dira klaseak. Hasieran froga  izan zena, ohitura bihurtu da, ikasleak oso gustura ibiltzen direlako esperimentuak egiten, eta horrela zientzia era dibertigarrian ikasten dutelako.
Astronomia gaiaren barruan, Natur ikasgaian unibertsoari buruz ikasten dutena sakonago ikusteaz gain, garrantzi handia ematen diogu zeruko konstelazioak ezagutzeari. Lehenengo gelan ikasi eta gero irteerak egiten ditugu gauez zuzenean ikusteko. Benetan da polita ikasleek, hori guztia hor goian dagoela ikusten dutenean. Astronomiarekin zuzenean lotutako esperientziak ere egiten ditugu: planisferio bat egiten dute, planetario txiki bat, kamara iluna, ur kohete bat plastikozko botila batekin…
Zein eduki ikasteko asmoz egiten dituzue esperimentuok?
Zientzia osotasunean era dibertigarrian ikasteko. Adibide batzuk ipiniz, ur kohetearekin akzio erreakzio printzipioa lantzen da, kamara ilunarekin argia zuzen hedatzen dela eta optika orokorra, presio atmosferikoa Experimentaldia 2007ra eraman genuen ur iturriarekin, elektroien hedapena Franklinen kanpaiekin…
Planisferioa eta planetario txikia irteera egin aurretik konstelazioak ezagutzeko egiten ditugu.
Miramongo Experimentaldira hurbiltzea motibazioa al da ikasleentzat?
Bai. Irteera berezia izaten da ikasleentzat. Alde batetik, bergararrak garenez, joan-etorrian ibili beharrean, gau bat Ondarretako aterpetxean egiten dugu. Eta ikasleentzat abentura bat da hori. Horrez gain, Experimentaldiak ikasleari irakasle papera hartzeko aukera ematen die eta, polita da hori ere, haien adineko leku desberdinetako ikasleekin kontaktuan jartzeko aukera dutelako.