Kronika

2008-02-01
 
 
ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzako negoziazio mahai orokorra utzi dute, Osakidetzan eta Hezkuntzan langileen lan baldintzen negoziazioei berriro ekin arte. Azken urteetan, langileen baldintzak negoziatu beharrean, negoziazio eskubideak urratzen dituela leporatu diote bi sindikatuek Jaurlaritzari, eta lan baldintzak dekretu bitartez “inposatzen” dituela. Sindikatuek, era berean, Osakidetzan eta Hezkuntzan itxitako mahai sektorialak irekitzeko eskatu diote Gasteizko gobernuari. Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek, negoziazio mahaia utzi ez, baina Jaurlaritzak egindako azken proposamena baztertu dute. 
Eskola euskalduntzera bidean, ez mutu, ez geldirik
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena plataformak mobilizazioak egin ditu urtarrilean, eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. Urtarrilaren 25ean manifestazio jendetsuak egin zituzten Iruñean eta Gasteizen eskolak euskalduntzen ez duela eta hizkuntza ereduen politikek porrot egin dutela salatzeko.
Ekimenak kezka azaldu du,  instituzioek eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharrean, egungo egoera mantentzeko tentazioa izan dezaketela ikusten duelako. Hori guztia dela eta, aurrera begira lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Azken asteotan ikastetxez- ikastetxe eta herriz-herri bildu dituzten milaka postal Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, Carlos Perez Nievas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari eta, Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteari bidaliko dizkiete otsailean bertan.
Egoera aldatzeko, neurri hauek jasoko dituen proposamena beharrezkoa dela esan du Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak:
1.- Hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna.
2.- Irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izateko neurriak.
3.- Sistemaren ebaluaketa iraunkorra.
4.- Pedagogia eredu parte-hartzailea. Ikasleak ikasketa prozesuaren subjektu izan behar du. Aldi berean, klaseko ikasle kopurua jaitsi beharra dago.
5.- Euskal Curriculuma. Euskara, euskal kultura eta nortasuna bultzatuko dituena.
6.- Aisialdia euskaraz. Eskolari lotutako eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izateko neurriak.
7.- Baliabideak. Ikastetxeek legea bete dezaten baliabide ekonomiko, pedagogiko eta pertsonal egokiak eskaintzea.
8.-Proposamen nazionala. Eskolak euskararen lurralde osoan euskalduntzea eskubidea da, eta legeak hori bermatu behar du.
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak azaldu duenez, euskalduntze osora heltzeko euskararen ofizialtasuna eta Hezkuntza Sistema Nazionala ezinbestekoak dira, baina bitartean, norabide horretan, haien esku dagoen guztia egiteko eta iruzurrak salatzeko konpromisoa hartu dute.
Euskarazko haur eskolen alde, Iruñean  
Hello izeneko hiru haur eskola ireki berri dituzte Iruñean, eta gaztelaniaz eta ingelesez aritzen dira horietan. Azkena Donibane auzoan ireki dute ikasturte honetan, 112 plaza eskainiz. Egun, oraindik, 82 plaza hutsik daude. Donibaneko Auzo Elkarteak, AEKk, EHEk, ANVk eta Haur Eskolak Euskaraz plataformak, plaza horiek euskaraz eskaintzea eskatu dute eta ingelesezko haur eskolak euskarazkoen ordez jartzea salatu dute.
Prentsaurrekoa eta kontzentrazioa egin dituzte egoera salatzeko xedez. “Iruñeko Udalak 112  leku eskaini zituen Donibaneko Hello San Juan eskolan. Baina matrikulatzeko epean, 15 haur eskolatzeko eskaera besterik ez zuten jaso. Horregatik, epea luzatu eta adin tartea handitu zuten. Hasieran 2005ean jaiotakoak onartzen zituzten eta gero 2006ko urtarrila eta ekaina artean  jaiotakoak ere bai. Azkenean, 30 eskaera soilik jaso zituzten. Hau da, 82 leku hutsik gelditu ziren”, azaldu dute eragileek.
Iruñeko 17 haur eskoletatik bi soilik dira euskaraz, Txantrean dauden Izartegi eta Egunsenti. Gainontzekoak gaztelaniazkoak dira. “Iruñean eskaintzen dituzten lekuen % 11 bakarrik dira euskaraz. Gaztelania-ingelesezko plazen eskaintza berriz, %24 koa da eta gaztelaniazkoa % 65a da”.  Eskola horietatik 11, Iruñeko udalarenak dira, eta bost Nafar Foru Gobernuarenak. Plaza guztiak kontuan hartuz, euskara eta gaztelera elebidunean 172  plaza daude, ingelesa-gaztelera elebidunean, ostera, 358. Eskaera handitzen joan den arren, 1995. urtetik ez da euskarazko haur eskolarik ireki Iruñean, sindikatuen arabera.
Iruñean, D ereduak Haur eta Lehen Hezkuntzako matrikulazioen herena hartzen, du gutxi gorabehera, eta haur eskolen eta hurrengo zikloen artean dagoen desoreka salatu dute eragileek. Donibanekoaz gain, gaztelania-ingelesa eskaintza duten beste eskolak, Hello Errotxapea eta Hello Azpilagaiña dira eta enpresa pribatuek kudeatzen dituzte.
Egoeraren aurrean, urtarrilaren 18an, aipatutako eragileek kontzentrazioa deitu zuten Jose Maria Huarten haur eskola euskaraz  lelopean, eta beste hainbat eragileren babesa jaso zuten, besteak beste, Dindaia, Iruñeko Udaleko haur eskoletako langile batzordea, Sortzen, EHBE, EHE, AEK, IA, EAE-ANV, eta ELA, LAB, eta EILAS sindikatuena.
Datozen asteetan, Haur Eskolak Euskaraz plataformak mozioa aurkeztuko du udalean, Jose Mari Huarten gelditzen diren lekuak euskarazko eredura pasatzeko eskatuz.
Seaskako Integrazio Batzordeak jakinarazi duenez
ahalmen urriko 18 ikasle dabiltza Seaskaren 12 ikastolatan. Seaskak aurre egiten dio erronkari, baina salatu dute, Frantziako hezkuntzak ez dituela dagozkion laguntzak eta baliabideak ematen.
18 haur horien eskolatzea bermatzeko, 95.000 euro behar dira. Frantziako hezkuntzak ez ditu lau lanpostu diruz lagunduko eta 10 hezitzaileren soldatak Seaskak, bere sakeletik ordaindu beharko dituela azaldu du. Duela bederatzi urte ekin zioten ahalmen urriko haurren integrazioaren erronkei erantzuteari. Ordutik erronka handitu eta ondorioz, diru premia ere handitu da, baina Frantziako legeak aitortzen dituen eskubideak betetzen ez dituela salatu dute ikastolek. Gizartearen elkartasuna funtsezkoa izan da erronka horiei aurre egiterako orduan, eta ekimen ugari antolatu dira bide horretan lan egiten jarraitzeko.