BAIONAKO EUSKAL MUSEOA

2008-02-01
Baionako Euskal Museoa Baiona Ttipian dago, Errobi ibaiaren ertzean. Euskal Herria hobeto ezagutu nahi duen orok bertara gerturatzea besterik ez du eta ikasleentzat, eskaintza berezia dute. Museoko Hezkuntza Zerbitzuak, Argitu Hezkuntza Zerbitzuak, hainbat tailerren bidez Baiona, Lapurdi eta Euskal Herria ezagutzeko aukera ematen die ikasleei. Argituko arduradunek garrantzi berezia ematen diote ikasleek aurrez dakiten horretan oinarrituta ikasteari eta begirada hezteari. 
 
 
Euskal Herriari begirada lapurtarra
Garai bateko Baionan eta inguruetan bizitza nolakoa zen ikus daiteke Euskal Museoan. Ia mende bateko historia du museo horrek: 1922an hasi ziren museoa prestatzen eta 1924an zabaldu zituen ateak. Dena den, 1989an itxi behar izan zuten, eraikinean, hau da, Dagourette etxean, zaharberritze lanak egiteko, eta 2001. urtera arte itxita egon zen. Gaur egun erakusketa iraunkorrak bilduma etnografikoak, historia arloko bildumak eta bilduma artistikoak biltzen ditu; guztira 20.000 objektu, 30.000 liburu eta 50.000 dokumentu ikonografiko.
Museoa 2007. urtetik aurrera, Baionako udaletxearen, Pirinio Atlantikoetako departamentuaren eta Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoaren artean sortutako elkarteak kudeatzen du. Eta mementoz, ez dute kexatzeko arrazoirik, urtero 35.000 bisitari inguru jasotzen baititu museoak.
Museoko aberastasuna ikasleen esku
Mano Curutcharry eta Jacques Battesti dira Baionako Euskal Museoko Argitu Hezkuntza Zerbitzuaren arduradunak. Mano Hezkuntza Ministerioko langilea da, lanaldi erdiz irakaslea da eta lanaldi erdiz museoan egiten du lan, alderdi pedagogikoa landuz. Argitu Hezkuntza Zerbitzuaren egitekoa museoko tailerrak prestatzea baino haratago doa: tailer pedagogikoak eskaintzen dituzte, irakasleak eta liburuzainak trebatzen dituzte hainbat ikastaroren bidez, eta material pedagogikoak sortzen dituzte. 1988an sortu zen Argitu.
Haur Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitate mailara arteko ikasleak hartzen dituzte eta hainbat tailer eskaintzen dizkiete. Dena den, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak joaten dira gehien; museoa bisitatzen duten lau ikasletik hiru etapa horietakoak dira.
Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroa Garaitik oso eskola gutxi joan dira orain arte; Argitu martxan denetik, talde bakarra baino ez da joan tailerren batean parte hartzera. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak, Pirinio Atlantikoetako departamenduko ikasleak eta Estatu frantziarreko beste zonalde batzuetako ikasleak joaten dira batik bat.
Prozedura antzekoa da beti. Irakasleak Argituko arduradunekin jartzen dira harremanetan eta landu nahi duten gaia zein den azaltzen diete. Era horretan, denen artean erabakitzen dute zer eskainiko dieten ikasleei. Ondoren, ikasleak museora joaten dira eta gela handi batean biltzen dira. Bertan museoan zer ikusiko duten azaltzen diete eta ondoren, museoko langile baten laguntzaz egiten dute bisita. Geroago ikasitakoarekin beteko dituzten fitxak hartu, eta hezitzailearekin batera museoa ezagutzera abiatzen dira.
ARGITU HEZKUNTZA ZERBITZUA
Château-neuf
Paul Bert plaza
64100 BAIONA (Lapurdi)
Telefonoa: +33 (0) 559 590 898 / +33 (0) 559 466 185
argitu@musee-basque.fr
Oharrak:
      - Tailer eta bisita guztiak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte.
      - Eskolek doako sarbidea izaten dute
      Argitu Hezkuntza Zerbitzua
Tailerrak
20 tailer eskaintzen dituzte, gai zehatzen inguruan. Hauek dira aipagarrienak:
- Museoaren etxea antzina
- Iruditik objektura… museoa ezagutuz (haur txikientzat)
- Marrac gaztelua XVIII-XIX mendeetan
- Pilota gogoan
- Estelak museoan
- Museoa, museologia, museografia (unibertsitateentzat eta lizeoentzat)
- Dantza museoan
- Materialari buruzko tailerra
- Altzariak
- Musika
- Karlismoa
Baionako udal artxiboek hezkuntza zerbitzua dute eta han ere ikasleak jasotzen
dituzte. Tailer horiek museoari eta artxiboari buruzkoak dira:
- Aintzinako errejimena. Gizartea 1.789 aurretik
- Judutarrak Baionan. XVIII-XIX mendeak
- Atturriko portua Baionan. XVIII-XIX mendeak
- Baiona eta Euskal Herria bigarren inperioaren ondoren
Material pedagogikoak
Euskal Museoko Aberastasunak fitxak
16 fitxa didaktiko dira eta museoko objektuak ezagutzeko balio dute.
Haurrentzako museoko gidak
Frantsesez baino ez daude:
- Pilota gogoan, toute une historie
- Bayonne, port de corsaires
- Coups de coeur pour le Musée
Maleta pedagogikoa. Baiona eta Euskal Herria XIX. mendean
Irakasleentzat prestatutako 300 orriko materiala da, azalpenak emateko 42
gardenki ere jasotzen ditu. Euskal Herria XIX. mendean nolakoa zen azter daiteke
material horrekin.