BESALU COSTA, Xavier: Kulturarteko hezkuntza

2008-02-01
Kulturarteko hezkuntzak eraginkorragoa eta zuzenagoa, zientifikoagoa eta funtzionalagoa den hezkuntza bat nahi duela dio Xavier Besalú irakasleak artikulu honetan. Kulturarteko hezkuntza bi oinarriren gainean egin beharko litzatekeela planteatzen du: alde batetik, berdintasunean eta berdintasuna lortze aldera egindako hezkuntza izan beharko luke, eta bestetik, aniztasunean eta aniztasuna errespetatuz egindakoa. Gure ikasgeletan atzerriko ikasleak izateak kalitate handiagoko hezkuntza egiteko aukerari ateak zabaldu dizkiola uste du.
 
 
Nik uste dut hiru indar puntu daudela kulturartekotasun hezkuntza deitzen dugun horretan; batzuek indarra ikastetxeetan sortzen den kulturan jartzen dute, beste batzuek arlo pedagogikoan jartzen dute eta beste batzuek arlo etikoan, balioetan… Uste dut denak bateragarriak direla, baina, ideia da, hasten garen tokitik hasten garela, horri kulturarteko hezkuntza dei diezaiokegula. Bihar bertan irakasleok geure ikastetxeetan gauzak hobetu ditzakegu eta horri kulturarteko hezkuntza dei diezaiokegu.
Nire galdera hau da: zein puntutaraino hartzen dituzte kontuan irakasleek eta administratzaileek ebaluazioek eta ikerketek uzten dituzten datuak? Edo erretorika hutsa da guztia, nahi dutena egiten jarraitzeko argumentuak behar dituztelako?
Hiru izen aipatuko ditut. Marcel Crahay ikerlari belgikarra nazioarteko azterketa garrantzitsuenetatik (PISA barne) datuak ateratzen saiatzen da, eta, gauzak hobetzeko, datu horiek nola erabili behar ditugun esaten digu. Haren ondorioa hauxe da: ez da egia eskolak, eraginkorragoa izateko, injustuagoa izan behar duela. PISA ikerketetatik kontrakoa ondoriozta daiteke: eskolak justuagoa izateko, eraginkorragoa izan behar du. Crahayk dio Europan bi hezkuntza sistemari buruz hitz egin daitekeela: batzuk, emaitzei dagokienez, ikasleen arteko aldeak zuzentzen eraginkorragoak eta justuagoak dira eta beste batzuk, berriz, injustuagoak eta ez horren eraginkorrak. Eraginkorragoak eta justuagoak diren estatuek zenbait ezaugarri  dituzte:
1.- Alde batetik, zonifikazioaren alde egiten dute, familiek eskola aukeratzeko duten askatasunaren aldean; hau Frantziako eredua da. Horren aldean, gurasoek ikastetxea erabakitzeko askatasuna izatea legoke, eta hori panazea da.
2.- Bestetik, promozio automatikoaren aldeko apustua egiten dute. Ez dute ikasturtea errepikatzearen alde egiten, ez baita hori jatorrizko aldeak zuzentzeko irtenbidea. Kontrakoa; ikasleek laguntza indibidualak izatearen alde egiten dute, baina estimuluak handiagoak izan daitezkeen taldearen baitan.
3.- Bestalde, beharrezkoak diren laguntza eta baliabideekin, heziketa premia bereziak dituzten ikasleen integrazioaren alde egiten dute, eta ez dute eskola edo gela berezien alde egiten.
4.- Laugarren ezaugarria, hezkuntza sistema horiek ikasleen heterogeneotasunaren alde egiten dutela izango  litzateke, bai kanpoan eta baita ikastetxe barnean ere.
Crahayk dio justiziaz hitz egiteko, zertaz ari garen zehaztu behar dela. Justiziaren hiru dimentsiori buruz hitz egin dezakegu: eskolan sartzeko berdintasuna, eskolatze baldintzen berdintasuna eta emaitzen berdintasuna. Eskolan sartzeko berdintasuna ohikoa da. Aukera berdintasuna, berriz, oso garrantzitsua da; jatorrizko zailtasunak edo ezaugarriak (lurraldeari, sexuari, arrazari… dagozkionak) oztopo izango ez direla bermatzea da. Mendebaldeko hezkuntza sistemetan lortutako bermea dela esango genuke, nahiz eta Crahayk dioen xehetasunak ere badituela. Batzuentzat eskolan sartzeko bermea, sartzekoa baino ez da, eta horrek esan nahi du, barnean zaudenean, zure meritu eta ahalmenen arabera egingo duzula aurrera.  Baina oraindik ez dugu aukera berdintasuna bermatuko duen sistema justurik. Ikasle guztientzat kalitate baldintza berberak behar ditugu, irakasleen kalitate bera eta ratio bera behar dugu zentro guztietan, instalazio onak behar ditugu ikastetxe mota guztietan… Baldintza berberak behar ditugu justiziaz eta benetako aukera berdintasunaz hitz egin ahal izateko. Azkenik, emaitzen berdintasuna ere behar dugu. Hezkuntzan ez da justiziarik egongo, dio Crahayk, ez da aukera berdintasun errealik egongo, denak jantziak izatea lortzen ez dugun bitartean; oinarrizkoa dena denek jakin behar dute, etorkizunean behar bezala aritzeko. Ikasle guztiek lor dezakete ezagutza maila jakin bat, denei aukera berberak ematen badizkiegu. Denak dira gai, denek egin dezakete aurrera, baina beharrezko baliabideak eta denbora behar dira. Hori da oinarria.
Askotarikotasuna normaldu, normala askotarikotu
Beste ikertzaile batek, Lisa Taylor-ek, aniztasuna normalizatzea eta normala dibertsifikatzea proposatzen du. Esan nahi duena zera da: egin dezagun berdintasun politiken aldeko apustua, egin dezagun lan ikasgelan dagoen alde hori normaltzat har dadin. Eta ikus dezagun orain arte normaltzat hartu duguna mundu globalizatuan aldatu egin behar dela, zabaldu egin behar dela, bestela ez baitugu gertatzen den ezer ulertuko. Aniztasuna normalizatzeko, iritsi berri diren ikasleei babesa eman behar zaie. Atzerritarrak badira, are gehiago, agian hizkuntzak ere ezagutzen ez dituztelako. Beren gaitasunak garatzen lagundu behar zaie, baina ez bakarrik gaitasun linguistikoak, baita akademikoak, kulturalak edo sozialak ere. Helburua ikastetxearen eta bere inguruaren bizitzan parte hartzea da. Iritsi berri diren ikasle atzerritarrek badute gaitasun linguistikorik, badakite hizkuntza bat edo gehiago. Beste hizkuntza bat  ikasi behar dute, baina hitz egiten eta ideiak eraikitzen badakite. Ez dira analfabetoak eta gizartean bizi izan ez direnak. Irakasleek  lan egiteko modua egokitu beharko dute, hizkuntza berri hori ikasten ari diren ikasleak daudelako. Beraz, ardura ikastetxe osoarena da, ez hizkuntza irakasleena edo harrera irakasleena soilik.
Eta zer esan nahi du alde horiek normaltzeak? Munduan jada errealitatea dena, eskolan ere errealitate bihurtzea. Oso gauza errazetan isla daiteke hori: ikasgela eta korridoreetan ikusten den materialean, gure elkarrizketako kideen izenak behar den bezala ahoskatzean…
Eta azkenik, Vicent Carbonell ere hona ekarri nahiko nuke. Hark dio, Taylorren antzera, berdintasunerako eta aniztasunerako hezkuntza jarri behar dugula martxan.
Beste bi gauza aipatu nahi nituzke eraginkortasunari buruz. Eraginkortasun hitza ez zait gustatu izan, teknokraten esku egon den zerbait iruditzen zaidalako, eskola enpresa dela pentsatzen duten horien eskuetan egon da. Baina duela urte batzuk, Makarenkori irakurri ondoren, hau guztia berraztertu nuen. Makarenkok zioen, bere ustez ez zuela ezer txarrik eskola lantegitzat  hartzeak. Orokorrean, materialak ongi ezagutu behar dira, estandar batzuk daude, baina beti ateratzen dira ikasle onak edo  txarrak, lantegietan lan onak edo material onak (edo txarrak) ateratzen diren moduan, eta hor ikusten da irakasle edo hezitzailearen lana, zailtasunak sortzen zaizkionean ikusten da irakasleak duen ahalmena. Makarenkok ez zuen ezer txarrik ikusten paralelismo horretan. Irakasleei esaten zien ez zeudela epaile lanak egiteko, baizik eta ikasleek zituzten hutsune horiek zuzentzeko. Beraz, haren ondorioa horixe zen: eraginkortasuna progresistok jaso behar dugun zerbait da, ez dugu burokraten eta teknokraten esku utzi behar, eraginkortasuna justizia delako.
60ko hamarkadan administrazioek hartu zuten eraginkortasunaren aldeko jarrera. Eskolaren eraginkortasunaren gaia atera zen, eta planteamendua hau izan zen: badira besteak baino hobeak diren eskolak, ikus dezagun nolakoak diren eta nola lan egiten duten. Eskola onenek ezaugarri komun batzuk dituztela pentsatzen zuten, eta hain onak ziren eskola horiek eskola eraginkor bihurtu behar ziren. Baina, begiratuz gero, horren atzean beste gauza batzuk topatuko ditugu: adibidez, heziketa publikoaren ikuspegi ia-ia patologiko bat edo, krisiaren aurrean, halako paniko moral bat, azkenetan dagoen gaixotasun bat dugula esan nahi duena. Hezkuntza sistema publikoa gaixo larri baten gisara hartu zuten, eta terapia gogorrak aplikatu behar zituztela uste zuten, oker bat sendatu eta beste hamar sortuko zituztenak. Orduan, kanpo ebaluazioa edota emaitzen araberako ordainketa eta antzeko gaiak jarri ziren martxan eta gai horiek, zenbait lekutan, eraginkortasunaren izenean, heziketaren funtzio sozialaren kontra ari dira.
Ikasle onenen bila
Merkatu gehiago eta konpetentzia gehiago bultzatzen den neurrian, eskolen emaitzak ezagutzen diren neurrian, irakasleek emaitzen arabera aukeratzen duten neurrian… eskoletara bidaltzen den mezua hau da: eskolek emaitzak hobetu behar dituzue, saihestu itzazue ikasle txarrak eta egin itzazue zuen ikasle onenak biltzeko politikak. Hori justizia eta eraginkortasunaren ideietatik oso urruti dago. Eraginkortasunaren ideia horrek desberdintasunak mespretxatzen ditu, eta curriculumaren fundamentalismoaren aldeko apustua egiten du, esanez, utz ditzagun alde batera pedagogia eta transbertsalitatea, eta goazen teorikora: matematika gehiago, hizkuntza gehiago eta utz dezagun bestea alde batera, ez du eta ezertarako balio. Jar ditzagun gure indarrak ikaslearen ahaleginean, kanpoko frogen bidez ebaluatuko den horretan, eta hortik aurrerakoak gutxi inporta duenez, gutxi landuko dugu. Taldeka ditzagun ikasleak beraien ahaleginaren eta ahalmenaren arabera, eta, horrela, emaitza hobeak bermatuko ditugu. Hori da hortik dabilen eraginkortasunaren ideia.
Ikastetxea aukeratzeko askatasuna ez dator bat aldeak zuzentzearekin eta elkarrekin bizitzen ikastearekin, horrek eskola sedimentazioa eta sedimentazio soziala sortzen baititu.
Gainera, kontrolak bultzatzen dira, garrantzitsuena emaitza onak lortzea eta emaitza horiek guztiok (ez irakasleok bakarrik) ezagutzea delako. Emaitzak hezkuntza sistema arautzeko erabili beharko dira orduan, zentralizazioa bultzatu beharko da eta autonomia gehiago eman, baina horrek arriskua du, autonomia erkidegoetako gobernuek eskuak garbi ditzaketelako.
Eraginkortasuna eta justizia
Hori ez da guk bultzatzen dugun eraginkortasunaren ideia, guk eraginkortasuna eta justizia batzea bultzatzen dugu. Ikastetxeetan eraginkorra izateak neurriak betetzea esan nahi du; gizarte eta eskola garen neurrian, sinatzen dugun kontratuaz arduratzea. Zer dio legeak? Legeak dio oinarrizko heziketa derrigorrezkoa eta doakoa dela. Derrigorrezkoa bada, horrek esan nahi du denek eskolatuta egon behar dutela. Baina denak ez daude eskolan 16 urte arte; ez dira asko falta, baina falta dira. Gironan, 20.000-25.000 biztanleko herri batean, abstentzionismo kopuru kezkagarriak ikusi genituen; handiagoak Lehen Hezkuntzan Bigarren Hezkuntzan baino. Tasa altua zen, % 20ren eta % 50 en artekoa (hilabete batzuetarako kanpora joan eta itzultzen ez ziren familiak zeuden tartean). Hori elementu garrantzitsua da eskolarentzat. Estatubatuarrek gauza txar asko dituzte, baina onak ere bai, eta horrekin lotuta doa horietako bat: AEBn seme-alabekin egoteko lehen baldintza, hori eskolatuta egotea da. 
Beraz, mundu guztia ez dago eskolatuta eta hezkuntza ez da doakoa. Hitz egin dezagun  ikasliburuei buruz, materialari buruz… Legez kanpokoa den beste gauzetako bat hauxe da: oinarrizko heziketak denentzakoa eta kalitatekoa izan behar du. Baina ikastetxea aukeratzeko askatasun horren arabera, eskola onak eta txarrak daude; beraz, kalitate bera eskaintzen ez duten eskolak egongo dira, curriculum bera eskaintzen ez dutenak, ikasteko aukera berberak eskaintzen ez dituztenak… Legeak ezartzen dituen gauza asko ez dira betetzen. Heziketa eraginkorra agindu horiek beteko lituzkeena litzateke.
Zer esango genuke gaixoak baztertzen dituen erietxe bati buruz? Zer egingo genuke erietxeen ranking bat egingo bagenu? Esango bagenu, honi % 10 hiltzen zaio, honi % 3… Hori da eskolei, merkatuan sartzen direnean, ezartzen zaien logika. Ikastetxe horietako ikasleen diagnostikoa egiten dute, baina eskola ez dago horretarako, ez du jostun lanik egin beharrik, eta ez da epaitegia; denak garatzeko eta ikasteko espazioa da. DBHko laugarren mailara iristea ez da luxua, gutxienekoa da. Ikuspegi horretatik kontratua ez betetzea litzateke eskola porrota. Eskola eraginkorra egiteak kontratu hori betetzea esan nahi du; maila pertsonalean, maila kolektiboan  eta herrialde gisa.
Kulturarteko hezkuntzaren garrantzia
Kulturarteko hezkuntza gisa ulertzen dugunaren mugak eta parametroak aipatuko ditut. Ez gara etorkinak hezteaz hitz egiten ari, ikasle guztiak hezteaz ari gara, haiek trebeagoak eta jantziagoak egiteko, gaur egungo gizartean bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko. Mundua ulertzeko prestatzeaz ari gara, eta horrek esan nahi du klabeak eman behar zaizkiela munduan gertatzen dena ulertzeko. Kulturartekotasunaz hitz egitean, hizkuntzari buruz eta etorkinei buruz soilik ari garela pentsatzen badugu, bide okerretik goaz.
Kulturarteko hezkuntzak hainbat printzipio izango lituzke:
- Ikasle guztien autokontzeptu pertsonala, kulturala eta akademikoa hobetzea.
- Eskolan aukera berdintasuna bultzatzea, hau da, ikasle guztiek arrakasta lortzeko bidean lan egitea.
- Gehiago eta hobeto ikasteko, ezagutza hobetzeko eta besteekiko harremanak eta bizikidetza hobetzeko balioko duten estrategia didaktikoak martxan jartzea.
- Errealitate sozialarekin bat datozen jarrerak eta balioak era sistematiko eta planifikatuan lantzea.
- Curriculumak egiten duen aukeraketa kulturala berrikustea, unibertsalagoa eta adierazgarriagoa egiteko, funtzionalagoa eta zientifikoagoa.
- Diskriminazio era guztien aurka borroka egitea, baita  arrazistak direnen kontra ere, eta ez bakarrik jokabide, jarrera eta aurreiritzien gainean, baita bere forma kognitibo, ideologiko eta instituzionalen kontra ere.
- Nortasunari eta desberdintasunari errespetua, pertsonen berdintasunarekin eta duintasunarekin adiskidetzea; pertsonen askatasuna eta eskolaren kohesioa eta gizartearen kohesioa adiskidetzea.
Irakasleok gure ezagutza kulturalaren kontzientzia hartu behar dugu. Gu gara hezkuntza baliabide garrantzitsuena, eta kultura transmisore garen heinean, gure kultura berraztertu behar dugu, bestela gu hobeak garela transmititzen dugu, eta besteek, onak izan nahi badute, gu bezalakoak izan behar dutela.
Denak berdin tratatzen baditugu, ikasle horiek izandako esperientziei ateak zabaltzen badizkiegu, hor egongo da kultur aniztasuna. Kultur aniztasuna ez dugu irakasleok ekarri behar, ikasleek ekartzen dute, baldin eta aukerarik ematen badiegu. Diskriminazio era guztien kontra borrokatu behar dugu, eta ez bakarrik diskriminazioa itsusia delako, baizik eta legeak berak esaten duelako eta kontratupean gaudelako. Askatasuna eta berdintasuna, aniztasuna eta nortasuna adiskidetzen jakin behar dugu.
Curriculuma landuz
Eta nola kulturartekotu ditzakegu curriculumaren arlo guztiak?
1.-Kulturarteko hezkuntza, etika nabarmentzeko elementua dela ikustea nahitaezkoa iruditzen zait, batez ere bizikidetza planek epe ertainera izaten duten porrota ikusita. Etikoa dena ikas daiteke, baina zaila da irakastea. Horretan segitzen dugu, eta bakearen usoak moztea adibidez, ez da eraginkorra portaerak eta pentsaerak aldatzeko. Hor porrot sakon baten esperientzia dugu. Nire ustez, itxuraz, asmo oneko ekimen asko ditugu, baina horietako gutxik lortzen dute portaerak aldatzea. Heziketa etikoak hiru osagai ditu, eta horietako bat harreman pertsonalena da. Nik, irakasle lanean, nire ikasleak ongi tratatzen baditut eta haiekin, gurasoekin eta gainerako irakasleekin harreman onak baditut, moralki onargarria den portaera erakusten ari naiz. Irakasleak pertsona gisa duen portaerak garrantzi handia du. Ez bere diskurtsoak, baizik eta bere portaerak; nola hitz egiten dien, nola tratatzen dituen, nola hartzen dituen iritsi berriak eta baztertuta daudenak… Garrantzitsuena ikastetxea komunikaziorako eta harremanetarako espazio gisa hartzea da, eta irakasleak, etika jakin batean hezteari buruz gogoetarik egin ez badu, ez dago zereginik.
2.-Curriculumaren arloak berrikusi eta kulturartekotu behar dira, ikasleei errealitatea ulertzen lagunduz, beren kulturarekin autokritikoak izan daitezen eta, gainerako kulturekin ere, kritikoak izan daitezen. Horrekin batera, erabilitako material didaktikoak eta baliabideak berrikusi egin behar dira.
3.-Gauza bera esan dezakegu arlo pedagogikoaz. Ikasle atzerritarrak iristearekin batera aukera historikoa eta polita dugu eskola etikoagoa, justuagoa egiteko. Nik ez dut uste kulturarteko pedagogia existitzen denik. Estrategia berriak existitzen dira, antolatzeko era berriak… batzuk eraginkorragoak eta beste batzuk ez. Merezi du gure eguneroko lanaren alderdi batzuk berraztertzea: tutoretzak, ikasleen taldekatzea, curriculumaren moldaketak… Esate baterako, nola ebaluatzen dugu? Ebaluazioaren azpian dauden elementu etikoak zein diren planteatu behar diogu geure buruari, izan ere, elementu horiek ia judizialak dira. Ez dugu geure burua engainatu behar: ebaluazioa epaiketa bat da. Ebaluazioa gure lanaren oso une garrantzitsua dela buruan baldin badugu, gure ikasleak sistematikoki behatzera konprometitzen gaituela baldin badakigu, epai ahalik eta justuenak eman behar ditugula eta ondorengo elkarrizketarako oinarriak jarri behar ditugula baldin badakigu, horrek guztiak eraginkortasuna eta justizia hobetzea ekarriko du.
Mezua argia da: ikasle atzerritarren presentziari esker, guztientzako kalitate handiagoa izango duen heziketa egiteko aukera zabaldu zaigu, zientifikoagoa eta inguru sozialaren beharretatik eta eskaerengatik gertuago dagoena. Horrek irakasleei eta hezkuntza sistemari eraginkorragoak eta justuagoak izatea exijitzen die.
Baina bigarren mezu bat ere bada: bihar bertan has gaitezke lanean kulturartekoagoa izango den heziketa egiteko. Horretarako, baliabide nagusia irakaslea dela kontuan izanda, horren kontzientziaziorik eta ahaleginik gabe, erretorikatik haratago joatea zaila izango baita.