HOPKINS, David: Hezkuntzak ez du irakaskuntzara soilik mugatu behar; eskolak ekarpena egin behar dio gizarteari

2008-02-01
Hezkuntzaren kalitateari buruz hitz egin dugu David Hopkins-ekin, eta Hezkuntza Sistema Nazionaletan kalitatea nola berma daitekeen azaldu digu. Kalitatea lortzeko, ikasleek herritar oso izateko behar dituzten gaitasunak aintzat hartu behar ditugula dio, eta gazteak XXI. mendeko erronkei eta estrategiei aurre egiteko prestatu behar ditugula. Hopkinsek dioenez, ikasle batzuen eta besteen artean dauden aldeak murriztu behar dira justizia sozialera iristeko.
Galesen jaioa, Londresko HSBC banketxeko zuzendaritzako kide da Hopkins, Londresko unibertsitateko irakaslea, hezkuntzan hainbat lan egindakoa, eta 27 liburu baino gehiago idatzi ditu. Hezkuntza erreformen gaineko esperientzia handia du, eta Erresuma Batuko Hezkuntza Sailaren aholkulari lanetan aritu zen Tony Blair-en gobernuan.
Hezkuntza erreformak aurrera egin dezan, eskolari protagonismo handiagoa eman behar zaiola esan digu Hopkinsek, eta aldaketak behetik gora egin behar direla, goitik behera egin beharrean. Ingalaterrako esperientziaren berri eman digu.
 
 
Zeri buruz ari gara hezkuntzaren kalitatea aipatzen dugunean?
Kalitate kontzeptura iristeko, bikaintasuna eta zuzentasuna uztartu behar dira. Hezkuntza sistemaren baitan dauden aldeak nola murriztu daitezkeen ikusi behar da. Gure kalitatea nahiko altua izango da, ikasleek haien gaitasunak garatzeko aukerarik badute.
Ni sistema ingelesetik nator eta gure hezkuntza sistemen artean, gure sistemaren eta euskal sistemaren artean, egiturari dagokionez, aldeak daude, baina uste dut bizi garen munduan, mundu globalean, aldeak baino gehiago, elkarguneak daudela. Horiek balia ditzakegu hezkuntza sistemetan aurrera egiteko, oinarrizko estrategiek zein izan behar duten ikusteko. Nik sistema ingelesari buruz hitz egingo dut, baina hemen aplikatzeko adibide gisa har daiteke, guk bizitakoa beste testuinguru batzuetara lekualda daitekeelako.
Zuek ez zarete soilik euskal komunitatearen parte, gero eta globalizatuago dagoen mundu bateko kide ere bazarete, eta horregatik uste dut erronka nagusia gure kulturarekiko eta kultura globalarekiko dugun konpromisoa errespetatzea dela. Ikusi behar dugu nola eraiki behar den kultura berri hori bertako kulturaren gainean, kultura zabalagoa sortzeko. Hezitzaile gisa, egiteko garrantzitsua dugu gai horretan; XXI. mendeari eta etorkizunari begira dugun lanari aurre egiteko ikuspegi egokia izan daiteke.
Kalitatea lortzeko zer lan egin behar da ikasleekin?
Gazteak “ezagutzaren gizarte”ko kide izan daitezen prestatu nahi ditugu, eta giza ezagutzari buruzko hausnarketa egiten dugunean, pentsatu behar dugu belaunaldi batetik bestera ezagutzaren transmisioa dagoela. Gure ikasleek herritar oso izateko zein gaitasun behar dituzten jakin behar dugu, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko estrategia eta gaitasunak gara ditzaten prestatu behar ditugu.
Beharrezkoa da aldeak ezabatzea eta ikasle batzuen eta besteen artean dagoen distantzia murriztea, justizia sozialera, zuzentasun sozialera iristeko. Hezkuntzak demokrazian eta justizia sozialean oinarritu behar du. Aldeak murriztu behar dira eta baliabide gehiago eskaini behar zaizkie norbanakoei, ahalegin handiagoa egin behar da gehiago behar dutenekin. Gizartearen baitan oreka lortu behar dugu, eta horretarako ikuspegi demokratiko batetik abiatu behar dugu.
Nazioartean, ba al da hau guztia abiarazi duen herrialderen baten adibiderik?
PISA emaitzetan onena Finlandia da, zuzentasunean oinarritutako gizartea eraiki dute, eta ikasleek helburuak betetzea lortu dutelako, haien gaitasunak gauzatzea lortu dute.
Ni, gaur egun, mundu osoan ari naiz lanean. 2006an kongresu bat antolatu genuen Pekinen, eta 14 herrialdetako 100 bat eskolatako zuzendariak bildu ziren, G100 deitu genion. Hezkuntza esparru anitzetatik zetozen guztiak, lantegi antzeko bat izan zen, eta maila handiko ordezkariak izan genituen. Hezkuntzaren etorkizuneko auziak eztabaidatu genituen, batez ere XXI. mendeko gizarteari begira, eta bi ondorio nagusi atera genituen: alde batetik, gurasoekin, ikasleekin, irakasleekin… egiten diren hezkuntza-eztabaida guztietan helburu morala zein den kontuan hartu behar dela eta, bestetik, ikusi genuen eskola zuzendarien helburuak, kasu askotan, bat zetozela.
Eskola zuzendariek esaten zuten hezkuntza-eztabaida guztietan, ikasleekin, gurasoekin, kideekin, politikariekin egiten diren eztabaida guztietan, helburu moralak funtsezkoa izan behar duela eskolaren baitan. Eta, hortik aurrera, aipatu zen helburu moral horrek gure ikasleen alde lan egiteko motorra izan behar duela, hau da, ikasleentzat baliagarriak izan behar dugu, eta erakutsi behar diegu haiekin batera ikasteko asmoa dugula.
Beste gauza bat ere aipatu nahiko nuke: hezkuntzak ez du irakaskuntzara soilik mugatu behar; eskolak ekarpena egin behar dio gizarteari. Hezkuntza sistemaren helburuak eskolatik haratago doaz. Konpromiso hori gizarte justu baten sorreran oinarrituko da; hezitzaileak garen bitartean, kontuan izan behar dugu zerbait eman behar diogula gizarte osoari.
Nola egin daiteke hori guztia?
Hezkuntzaren helburua zein den ikusi behar da eta herritarrengan oinarritu behar da. Irakasleek haien lanbidea garatzen ari diren unean eta kontu- hartze hori onartzen denean duten konpromisoa zehaztu behar da. Pertsonen bizitza aukerak parekatzeko, ikasleen aukerak parekatzeko eta estandar altuagoetara bultzatzeko estrategiak behar dira. Eskolek dirulaguntza handiagoak lortu behar dituzte, eta kulturak hezkuntzaren baitan garrantzia duela ikusi behar da. Bost alderdi horiek oso garrantzitsuak dira; gure erreformaren oinarriak izan ziren.
Beraz, ni hortik abiatzen naiz; demokrazia sozialetik eta  justizia sozialetik, alegia.
Hezkuntza sistemaren erreformari ganoraz helduz gero, demokrazia eta justizia sozialarekin konpromisoa hartuz gero, eskolan aldaketak modu azkarrean gertatuko lirateke? Zein lirateke ondorioak?
Bai. 1997an Ingalaterran egin nahi izan genuenarekin lotura du horrek. Gobernu berria maiatzaren 2an iritsi zen boterera, eta Tony Blair Downing Street-en sartzea oso garrantzitsua izan zen, Erresuma Batuan 16 urtean eskuineko gobernua izan ondoren, aldaketa ekarri zuelako. Blairrek, agintera iritsi zenean, hiru lehentasun zituela esan zuen: hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza. Benetako gizarte demokratiko bat garatzeko motorra hori izan zitekeela ikusi zuen. Adibide praktiko bat emango dut: 90eko hamarkadaren erdi aldera neurketa batzuk egin ziren eskolek nola funtzionatzen zuten ikusteko, eta ondorioztatu zen II. Mundu Gerratik 90eko hamarkada arte irakurketaren estandarrak ez zirela asko aldatu. Gobernuaren lehen helburua hori aldatzea izan zen; zerbait egin nahi zen irakurketa eta idazketa estandarrak, alfabetizazio estandarrak, aldatzeko. Argi zegoen ikasleek, hezkuntza prozesuan aurrera egiteko, eremu horietan gaitasun nahikoa izan behar zutela.
Erresuma Batuan 150 barruti daude, baina horiek ez dute indar handirik, botere zentralak du zeresan nagusia. Garaiko mapak egoera kaskarra adierazten zuen, barruti askotan maila baxua zen; alfabetizazio kanpaina jarri genuen abian eta mapa erabat aldatu zen 2002. urterako. Barruti gehienetan, 11 urteko ikasleen hiru laurdenek  ingeleseko laugarren maila lortu zuten. Emaitzetan aldaketa handia gertatu zen, eta horri esker mila ikasleren etorkizuneko aukerak hobetu egin ziren. Guztia kontrol zentral horri esker lortu zen.
Nazioarteko neurketetan, 2001. urtean, Ingalaterra hirugarren tokian zegoen irakurketa arloan bederatzi eta hamar urteko ikasleen kasuan. Horrek frogatzen du gauzak aldatzeko ahalegin serioa egiten badugu, aldaketa lor daitekeela.
Zerk bultzatu zuen nagusiki aldaketa hori?
Erronka handia jarri genuen, baina babesa ere handia izan zen. Blair-en gobernuaren kasuan oreka lortu nahi izan zen erronken, estandarren eta laguntzaren artean, eta uste dut hori funtsezkoa izan zela. Eskola bateko arduradunak, adibidez, eskolako langileei estandar hobeak lortzen lagundu nahi badie, laguntza ere eskaini beharko die, bestela ez du elkargunerik lortuko. Hori printzipio nagusia izango litzateke, eta gero politika osagarri batzuk abiaraz daitezke. Gure ustez, artean ez zen halakorik gertatzen, eta horregatik sartu genuen kontu-hartzearen auzia. Hori beste batzuen esku utzitako erantzukizunarekin lotu genuen; hau da, eskolak gero eta erantzukizun handiagoa izango zuen, botere handiagoa izango zuen, azken batean. Kalitate estandar handinahiak ezarri genituen; estandarrak hobetu nahi genituen, eta jardunbide egokiekin eta kalitateko garapen profesionalarekin lortu genuen.
Nola egin zenuten hori?
Ikastetxe bakoitzari eskatu genion Lehen Hezkuntzan, egunero, ordubete erabil zezala alfabetizaziorako, hau da, irakurtzen eta idazten irakasteko. Horrez gain, ahalik eta material onenak garatu behar genituela erabaki genuen, ikasleek material onak izateko. Irakasleek ere erabil zezaketen material hura, eta ez zuten denborarik eman behar eskolak prestatzen. Gainera, hiru eguneko prestakuntza berezia eskaini genien irakasleei, material hura nola erabili azaltzeko, eta beste irakasle batzuei prestakuntza berezia eskaini genien, ikasgelan bertan irakasleekin elkarlanean aritzeko. Beraz, kalitatean oinarritu ginen, prestakuntzaren kalitatean alde batetik, eta materialen kalitatean bestetik. Helburuak ezarri genituen, eta eskola bakoitzari laguntza eta babesa eskaini genizkion. Zenbat eta arazo handiagoak izan, orduan eta laguntza gehiago eskaintzen genien eskolei. Eta horrek guztiak emaitzak hobetzen lagundu zuen.
Zer erabaki zehatz hartu zenituzten horretarako?
Estandarrak handinahiak ziren benetan, altuak. 7, 11, 14 eta 16 urtekoei probak egin genizkien. Nire iritziz, hori egitea komeni da, horrela ikasleek beren helburuak lortu dituzten edo ez ikusten delako, eta baita zenbateraino den egokia esku hartzea ikasle horiek aurrera egin dezaten. Estandar horien ebaluazioa ezaugarri garrantzitsua da erreforma planteamendu mota horretan.
Helburuei dagokienez, hainbat helburu ezarri genituen. Datu base nazionala sortzen saiatu ginen, eta bertan ikasle guztien aurrerabideei buruzko datuak bildu genituen. Tresna indartsua izan zen guretzat, ez bakarrik kontu hartzeari dagokionez, baita irakaskuntza estiloan oinarri praktikoagoa eta esanguratsuagoa izateko ere.
Horiek dira, beraz, erabili zenituzten estrategiak; alderdi horiek ekarri zuten hezkuntza erreformaren arrakasta Ingalaterran. Baina nola lagundu zenioten ikastetxe bakoitzari?
Gure hezkuntza sistemaren baitan, ikasleen errendimenduari zegokionez, batez bestekora iristen ez ziren eskolak identifikatu genituen, eta egoera aldatzeko laguntza eskaini genien. Ez genituen ikastetxe horiek zigortu nahi, laguntza eskaini nahi genien, ikasleek aukera bakarra ez izateko, beste tresna batzuk ere izateko. Azken urteetan murriztu egin da batez bestekora iristen ez diren eskolen kopurua, baina egoera korapilatsua eta zaila da. Azken bizpahiru urtean konturatu gara eskola porrota saihesteko, errendimendu altuko eskolak (jardunbide egokia, ebaluazio egokia eta garapen profesional egokia dutenak) batez bestekora iristen ez direnekin elkartu behar ditugula, elkarri babesa emateko. Horrek formula egokia dirudi. Errendimendu altua duten eskoletako ezaugarri positiboak hartzen ditugu eta arrakastarik ez duten eskoletara eramaten saiatzen gara; badirudi emaitza egokiak lortzen direla bi eskola mota horiek harremanetan jartzen direnean. Eta errendimendu altua duten eskolek ere haien lana hobetzen dute lankidetzari esker, beste eskola batzuetako irakasleekin lan egitean, lehendik zituzten praktika egokiak garatzen dituztelako. Hezkuntza arloan lider nazionalak zein diren identifikatzen saiatzen ari gara, eta arrakastarik lortzen ez dutenei babes programak eskaini nahi dizkiegu.
Eskola-ikuspegi sozialki justu eta demokratiko batek ondorio positiboak izan ditzake epe batean. Garrantzitsuena, konponbideak aurkitzeko eta alde horiek gainditzeko borondate politiko serioa eta irmoa izatea da.
Dena den, bidean arazoren bat topatu genuen. Nahiz eta prozesuak azkar egin zuen aurrera, 2003ko amaieran, emaitza onek goia jo zuten eta aurrerabidea geratu egin zen. Gu baikor geunden eta kolpea handia izan zen, baina, era berean, bagenekien, politika zentralak aplikatzen bagenituen, hori gerta zitekeela.
Ikuspegia aldatu beharra ikusi zenuten aurrera egiteko?
Zuzentarau nazional goitik beherako batetik beste batera pasa gara, non eskolak liderrak diren. Bi aldeen arteko konbinazioa beharrezkoa da. 1997an, hasi ginenean, ez genekien muga horretara iritsiko ginela, eta hortik aurrera estrategia aldatu beharko genuela oreka aurkitzeko, arau nazionalak murrizteko eta eskolei autonomia gehiago emateko. Une horretatik aurrera, eskolaren gain egon behar du erantzukizu-nak. Beraz, hezkuntza erreformaren bilakaerak norabide horretara jo behar du, protagonismo handiagoa eman behar zaio eskolari. Eta horrela lortuko dugu eskola bakoitza eskola handi bat izatea.
Baina arazo bat dugu: zer egin behar dugun agintzen digun sistema bertikal horretara ohituta baldin bagaude, dinamika batean sartzen gara eta erraz aritzen gara. Ikasgelara sartzen gara, esaten digutena egiten dugu goitik behera, eta egoera erosoa da. Baina kontrol sistema bat gure esku jartzen denean eta ebaluazio estrategiak zehaztu behar ditugunean, gaitasun horietan behar adinako prestakuntzarik jaso ez badugu, korapiloak sor daitezke. Araututako horretatik profesional izatera pasatzeko, hezkuntza sistemaren barruan eraiki eta sortu egin behar dugu. Beraz, hezkuntza sistemaren barruan buruzagitza izatea funtsezkoa da, horrek eramango gaituelako zuzentarau nazional horietatik autonomiara. Orduan egingo dugu praktika berritzailea.
Hezkuntza sistema guztietan sortzen den zalantza da ea kontrol zentralari eutsi behar zaion edo boterearen zati bat eskoletara transferitu behar den. Zer urrats egin behar ditugu estatuak kontrola izatetik eskolak boterearen zati hori izatera pasatzeko? Nola lor daiteke oreka hori?
Aurrera egiten saiatu behar dugu, estandarrak hobetu behar ditugu, baina jakin behar dugu nola sortu gaitasunak sistemaren barruan. Nik esango nuke lidergoa funtsezkoa izan arren, badirela lau motor nagusi eta horietan oinarritu behar dugula geure lana. Lau motorrak hauek dira:
Lehenik, ikaskuntza pertsonalizatua garatu behar da. Hau da, ikaslearengan oinarritu behar dugu. Nik irakasleei galdera hauek egingo nizkieke: ikasle bakoitzarentzat identifikatu al da ibilbide jakin bat haren gaitasunak gara ditzan? Trebetasunak ematen al dizkiezue ikasleei gaitasun horiek garatzeko? Ikaskuntzarako gaitasunik eraikitzen ari al zarete? Bestetik, ikusi beharko litzateke nola uztartu, zuen kasuan, euskal curriculuma curriculum globalarekin. Erantzuna ez da erraza, baina planteamendu hori funtsezkoa da, gure gizarteari eta kulturari buruzko gogoetak egitea posible izan dadin eta ikasleak mundu globalizatuaren erronkei aurre egiteko presta daitezen. Ikaskuntza- gaitasunak azpimarratzea beharrezkoa da, beraz.
Bigarren motorra hau da: irakasleen lan egiteko modua aldatuta, ikaskuntza mota jakin bat egiteko modurik ba ote den. Ikaskuntzaren ikuspegi berri horretatik abiatuta prestatu behar dira ikasleak, baina estrategia zabalak dituzten irakasleak behar dira, eta curriculuma diseinatzen dutenen arteko lankidetza beharrezkoa da. Irakasleek gaitasunak eta trebetasunak behar dituzte eskola berri horretarantz joateko, eta garapen profesionalak garrantzi handia du.
Hirugarren motorrak galdera hauei erantzun beharko lieke: nola egiten diogu aurre kontu hartze horri, nola baloratzen dugu ebaluazioa? Nola orekatu kontu-hartzeak eta ebaluazioak ematen dituzten emaitzak ikasleen garapena bultzatzeko?
Laugarren motorrak sarean egindako lanarekin eta lankidetzarekin du zerikusia. Hau da, nola egiten dugu lan beste eskola batzuekin? Nola lortzen ditugu praktika eta ideia egokiak gure hezkuntza sisteman aurrera egiteko? Sekula ez dugu hezkuntza sistema aldatuko eskolen arteko lankidetzarik ez bada, eta hutsuneak eta indarguneak identifikatzen ez badira.
Lau motor horiek konbinatzeko, kontuan izan behar dugu zein testuingurutan ari garen lanean, hezkuntza sistema bakoitzean lidergoa moldatu beharko delako.
Lidergoari buruz esan nahi nuke eremu global batean behatzen hasi naizela, eta mundu zabalean badirudi hezkuntza sistemetako liderrak hainbat ibilbidetan dabiltzala. Alde batetik, ikastetxeetako zuzendariak gero eta erantzukizun handiagoa hartzen ari dira, gazteek aurrera egitea bermatu nahi dutelako, eta beste aldaketa bat ere antzeman dut: eskoletako arduradunak edo zuzendariak eginkizun gehiago hartzen ari dira, esparru zabalagoan parte hartzen ari dira, ikastetxetik kanpo begiratzen hasi dira, beste eremu batzuetan parte hartzen ari dira. Hori, etorkizunari begira, oso garrantzitsua da.
Kontu-hartzeari buruz hitz egin duzu. Nola aplika daiteke hori gure testuinguruan? Gure sisteman?
Kontu-hartzea sartu berria da zuen sisteman eta irakasleek kezka dute gai horren inguruan. Guk 90eko hamarkadaren erdi aldean sartu genuenean, hezitzaileak ere kezkatu egin ziren. Nik uste dut alde handia dagoela kanpotik eta barnetik egiten diren kontu-hartzeen artean. Kontu-hartzeak hezigarria izan beharko luke, eta ez metagarria. Kanpotik kontu-hartze metagarria egin behar da, baina erantzukizun hezigarria bultzatuz.
Ingalaterran, nola ebaluatzen duzue hezkuntza sistema?
Hezkuntza sistema ebaluatzeko lau modu ditugu. Alde batetik, 7, 11, 14 eta 16 urtekoei egiten dizkiegun azterketak ditugu, hor ikusten dugu ikasle bakoitzak zer-nolako emaitzak lortzen dituen. Nazio mailan ere, beste azterketa batzuk egiten dira ikasleak estandarretara iristen ote diren ikusteko.
Bestalde, hezkuntza komunitateko kide guztiek beren helburuak dituzte, administrazioak, irakasleek eta ikasleek.
Taula bidezko sailkapen bat ere badugu, eta horien bidez ikastetxe bakoitzeko emaitzak argitaratzen ditugu. Denek ikus ditzakete emaitzak, publikoak dira, baina guk ez ditugu mailakatzen, alfabetikoki argitaratzen ditugu.
Ebaluazioa egiteko laugarren modua kanpoko ikuskaritza da. Horren bidez, txosten batzuk prestatzen dira, eskola bakoitzean zer gertatzen den ikusteko.
Batzuetan behaketa mota hori ez da oso justua izaten, barrukoak diren elementuak sartzea garrantzitsuagoa delako. Azterketen kasuan, esaterako, zergatik ez dugu diagnostiko bat egiten? Zergatik ez ditugu emaitza horiek erabiltzen ikasle bakoitzaren eta gela bakoitzaren ibilbideak berriro diseinatzeko? Zergatik ez erabili feed-back hori ikasleen mesedetan?
Taula horietan emaitzen berri ematen dugunean, datu sozioekonomiko ugari agertzen da. Toki aberatsenetako ikastetxeak goiko aldean daude, eskola pribilegiatuenak lehen mailan daude, eta gune pobreenetako eskolak zerrendaren amaieran agertzen dira. Emaitza onak lortzen dituen eskolak besteari zer ekarpen egin diezaiokeen ikusi beharko genuke, funtzionatzen duen horretan oinarritu beharko genuke. Ikuskaritzei dagokienez, berriz, zergatik ez du ikastetxeak berak ikuskatzen, eta ondoren kanpoko behaketa jasotzen? Ebaluazioa ez dugu soilik kanpora begira egin behar, eta ikastetxeetako zuzendariek arlo horretan lan egiten dutenean hasten da kalitatea hobetzen.
Aldaketak behetik gorakoa izan behar du, eta ez goitik beherakoa. Gobernua ez zegoen oso pozik nirekin, auziak behetik gorantz planteatu nahi nituela ikusten zutelako, baina sinestarazi nien horrek emaitza positiboa izango zuela, eta erreforma aplikatu genuen lehen urtetik hobekuntzak bistakoak izan ziren. Eskolatik zer lortu behar dugun esaten diguna gobernua ez izatea lortu beharko genuke.
Nola plantea daiteke hezkuntzaren erreforma Euskal Herrian?
Eskola sistema ordenagailu batekin pareka dezakegu, hiru osagai ditu: hardware-a, software-a eta sistema eragilea. Azken horrek elkartzen ditu hardwarea eta softwarea.  Hardwarea azpiegitura litzateke, softwarea irakaskuntza-ikaskuntza prozesua, eta sistema eragilea erreforma eredua. Hezkuntza sistema orok zer azpiegitura behar duen, zer ondasun behar duen aipatzen da, eta interesgarria da ikustea gobernu gehienak azpiegituran, hardwarean, oinarritzen direla. Curriculumari buruz ere hitz egiten da, baina ahaztu egiten zaie tartean badela sistema eragile bat, eta horrek “input”a itzuli egin behar duela “output” bihurtzeko. Hezkuntza erreformei buruz hitz egiten dugunean funtsezkoa da hori.
Ikuspegi profesionalizatuagoa sortu nahi badugu, sistema eragile horretan non kokatzen  garen ikusi behar da. Erreforma bat egitekotan dabilenak ezinbesteko du aurrera egiteko estrategia nola garatuko den ikustea.