ALGORRI EZAGUTZA ETXEA Milioka urteko historia lurrean idatzita

2008-03-01
Zumaiako flysch-a mundu osoan egin da ezagun, izan ere, altxor geologiko ikaragarria da. NASAk berak ere, Zumaian jarri ditu begiak bertako arrokak ziklo klimatikoak aztertzeko gune ezinhobea direlako. Flysch-a liburu baten antzekoa da eta bertan ikusten diren geruzak, liburu horren orrialdeen parekoak izan litezke. Liburu horretan Euskal Herriko historia geologikoa irakur daiteke eta kapitulu garrantzitsuenak Zumaia inguruan kokatzen direla esan daiteke, Asier Hilario Algorri ezagutza etxeko zuzendari eta geologoak esan digunez. Horiek irakurrita, dinosauroak noiz eta nola desagertu ziren ikus dezakegu, besteak beste. 
 
 
Algorri ezagutza etxearen arduradunen helburu nagusia, geologia guztiongana gerturatzea eta Euskal Herriko historia geologikoaren zati bat erakustea da, Asier Hilario, Algorri ezagutza etxeko zuzendariak esan digunez. Izan ere, paisaiak eta harriak estatikoa den zerbaiten moduan ikusten ditugun arren, hori ez da horrela. Eta hain zuzen hori erakutsi nahi diete Algorrira gerturatzen direnei. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi, eta unibertsitateko ikasleentzat ere jarduerak eskaintzen dituzte.
Flysch-a da Zumaian duten erakusgairik bereziena. Litekeena da flysch-ak euskal kostalde osoa hartzea, baina Debatik Getariaraino ez da orririk falta liburu horretan. Ia 50.000.000 urte gordetzen ditu; duela 100.000.000 urtetik 50.000.000 urtera arte gutxi gorabehera. Zati horren barruan kapitulu batzuk garrantzitsuagoak dira; duela 70.000.000 urtetik 50.000.000 urtera bitartean gauza bereziagoak gertatu baitziren; dinosauroak desagertu ziren, aldaketa klimatikoak izan ziren, Pirinioak altxa ziren…  Eta urte horiek Zumaian daude idatzita. Bistaz, arrokak antzekoak dira Donostian edota Zumaian, baina Zumaiako arrokek duten adinean gauza berezi asko gertatu zirela esan digu Asierrek, eta hori guztia ulertzeak gaur egungo erronka askoren gainean, bestelako ikuspuntua ematen duela.
“Arrokek geruzak dituzte. Horiek, itsaso azpian eta horizontalean sortu ziren bere garaian, metaketa bidez, hauts geruza bat mahai gainean sortzen den moduan”, esan digu Asierrek. “Duela 40.000.000 urte arte gutxi gorabehera, alde batetik Iberia irla zegoen eta bestetik, Europako kontinentea. Erdian itsasoa zegoen baina denborarekin, Iberia iparralderantz mugitu zen eta Europarekin talka egin zuen; talka horretan, itsas azpian metatu ziren sedimentu horiek guztiak altxatu egin ziren eta horrela sortu ziren Pirinioak eta Euskal Herriko mendi guztiak, horregatik ikus daitezke Euskal Herriko edozein menditan fosil itsastarrak”, jarraitu du. Geruza bakoitza itsas hondo bat izan zen  eta sedimentuak jaso zituen, harea, buztina, eta animalien oskolak. “Itsasoko planktona oso sentibera da itsasoko aldaketen aurrean; segituan emigratzen du. Geruza bakoitzak itsasoan garai hartan zer zegoen esaten digu; eta horren arabera gauza asko jakin daitezke, tenperaturak aldatu ote ziren, konposizioak…”, jarraitu du Asierrek. 
Geruzak egoteak aldaketa klimatikoekin zerikusia du Asierrek azaldu digunez, eta NASAk berak ere proiektua du Zumaian. Ikusten diren geruzek glaziazioekin eta ziklo klimatikoekin zerikusia dute eta gai hori astronomikoki kontrolatua dago. Asierrek adierazi digunez, NASA, dituen eredu astronomikoek denboran atzera funtzionatzen ote duten aztertzen ari da. 
Hemendik gutxira, aurten ziur aski, biotopo izendatuko dute Zumaiako gunea.
ALGORRI EZAGUTZA ETXEA
Juan Belmonte, 21
20750 ZUMAIA (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943 143 100
www.algorri.eu
algorri@zumaia.net
Oharrak:
      - Zerbitzu guztiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen dituzte.
      - Prezioak jardueraren araberakoak dira. 
      - Gehienez, 50 pertsonako taldeak onartzen dituzte, eta txalupan irteerak
      egiteko, 25 pertsona gehienez.
      Hezkuntza Zerbitzua
Unitate didaktikoak eta irteera gidatuak eskaintzen dituzte.
Unitate didaktikoak eta tailerrak
* Kostaldeko ekosistemak.
Lehen Hezkuntzakoekin duten helburua Euskal Herriko ekosistema eta paisaiak  ezagutzea da, jabetu daitezen kostaldea anitza dela; hondartzak daudela, padurak, dunak, labarrak, harriak…
* LH (5. maila eta 6. maila), DBH
* Marearteko zabalgunea.
Ekosistema berezia dago: marea jaisten denean plataforma antzeko bat geratzen da eta animalia asko daude. Helburua, ekosistema horretan daude baldintza bereziez jabetzea da eta bioaniztasuna neurtzea.
* LH (5. maila eta 6. maila), DBH
* Euskal Herriko geologia eta flysch-a.
Euskal Herriko historia geologikoaren puzzlea osatu behar dute Euskal Herriko harri eta fosil gehienekin. Helburua da, jabetzea, Euskal Herriko paisaia oso anitza dela, harriz egina dagoela eta harri horiek ez daudela kasualitatez; historia geologiko zehatz baten ondorioz baizik.
* Batxilergoa
Irteera gidatuak
* Zumaiako natura.
* LH (5. maila eta 6. maila), DBH.
* Zumaiako flysch-a.
* DBH, Batxilergoa.
* Itsaslabarra.
* DBH, Batxilergoa.
* Txalupan irteera.
* Denentzat.