Nola balia ditzakegu irakasleok geure emozioak, ikasgelan ikasleen garapen emozionala bultzatzeko?

2008-03-01
 
 
Gustatu edo ez, uneoro ari gara emozioak bizitzen eta horiei esker triste, alai, kezkati, lotsati… era askotara senti gaitezke (“menua” ikaragarri zabala da!). Emozioak, gertaera jakin batzuek barnean eragiten dizkiguten bulkadak dira. Bulkada horiek era batera edo bestera jokatzera bultzatzen gaituzte eta horretan datza hain zuzen ere emozioen garrantziak: askotariko egoeratara egokitzeko informazioa erraztu eta horren arabera jokatzea ahalbidetzen digute. Askotan, emozioak eta sentipenak, “positiboetan” eta “negatiboetan” sailkatzeko tentaldia izaten dugu, baina… Zuzena al da halakorik egitea? Ba al daude emozio positiboak eta negatiboak? Lehen aipatutakoaren arabera ez du ematen hala denik. Emozio bakoitzak funtzio jakina betetzen du eta atseginagoak edo mingarriagoak izanik ere, guztiak behar-beharrezkoak ditugu bizirauteko. Guztiek laguntzen digute egoera berrietara moldatzen.
Abiapuntu hori aintzat harturik, emozioen aurrean bi modutara joka dezakegu. Batetik, bizitzen ditugunean, emozioei heldu, ulertu eta horien arabera joka dezakegu. Bigarren aukera, emozioa ukatzea eta berau biziko ez bagenu bezala aritzea da, bizipenari inolako garrantzia eman barik. Bistakoa da lehenengo aukera dela bietatik osasungarriena eta pertsona moduan hazten lagun gaitzakeen bakarra. Izan ere, gure emozioak eta ingurukoenak ulertzeak, horiei erreparatzea eta horietan sakontzeak, gure jarrerak malgutzen eta harreman afektibo eraikitzaileagoak izaten lagunduko digu. Izan ere, emozioek hainbat egoeraren inguruko informazio erabilgarria ezagutarazten digute eta horrek, erreflexuen arabera jokatu beharrean, lasai pentsatuz, gure jokaeraren aurrean kontrol maila handiagoa izaten laguntzen digu.
Hortaz, gure haur eta gaztetxoen hazkuntza emozional egokia bermatu nahi badugu esparru afektiboari tartea egingo dion hezkuntza eredua funtsezkoa izango dela ondoriozta dezakegu. Bistakoa da orain gutxi hasi garela emozioei duten garrantzia aitortzen. Sarritan, ikasleen emozioen aurrean era oldarkorrean jokatu izan dugu, izututa, egoerak gaindituta bezala, emozioa apaldu, ezabatu edota ukatu nahian. Pentsa dezagun triste dagoen ikaslearegan: “Unax triste dago. Hortaz, harengana gerturatuko naiz eta argudio baikorrak eskainiz, kontakizun polit bat azalduz, pasadizo barregarri bat gogoratuz, alaitzen ahaleginduko naiz…”. Jarrera horiek eskolan ere isla zuzena dute, eta horrek haurraren edota gaztetxoaren garapen emozionalari onura baino, kaltea besterik ez dio eragiten. Horrek ez dio ikasleari emozioak naturalki bizitzen uzten, onartzen eta behar bezala adierazten laguntzen. Lor dezakegun efektua oso bestelakoa da, ikasleari igortzen diogun mezua hau dela kontuan hartuta: “Unax, ez itzazu gainerakoen aurrean emozioak adierazi, ingurukoak urduritu egiten dituzulako. Hobe zenuke mementoko sentipenak zuretzako gordetzea edota ukatzea, ezer gertatu ez balitz bezala…”. Egokiagoa izan daiteke haurrari emoziora heltzen laguntzea, nola sentitzen den aztertzen laguntzea, jokatzeko aukerak lasaitasunez hausnartzen irakastea… Beti ere mementoan sentitzen duena errespetatuz eta saihestu barik.
Emozioak eta genero aldagaia
Oso ohikoa izaten da, emozio adierazpenak behar bezala jaso beharko lituzkeen pertsonak (gurasoa, irakaslea…), haurraren sexuaren araberako erantzuna ematea. Gauzak horrela, badira ikasleei, neska edo mutila izateagatik, baimendu edota ukatu ohi zaizkien emozioak. Esaterako, neskek emozioak adieraz ditzakete (beti ere modu kontrolatuan), estereotipoen arabera emozioen gaia emakumearen esparru naturala dela ulertzen delako (izaki pasionala). Mutilei, ordea, ahuldadearekin lotzen diren emozioen bizipena ukatu egiten zaie. Estereotipoaren arabera, gizonezkoa izaki arrazionala zatekeen. Horrela, mutilei, jokabide erasokorrekin oso lotuak dauden amorrua eta haserrea naturaltasunez bizitzera baimentzen zaien bitartean, neskei errua edota beldurra bezalako emozioak onartzen zaizkie. Generoaren araberako emozio banaketa antinatural eta bortxatu horrek haurraren garapenean izugarrizko eragina izan dezake. Izan ere, emozioen “mutilazioa” eragiteaz gain, neskak zein mutilak, era batera edo bestera ekitera behartzen ditu, norberaren beharrak eta garapen pertsonala zeharo baztertuz. Beraz, esan genezake, gure ikasgeletan jarduera hezkidetzailea integratzeak, besteak beste, heziketa emozionala  gogoan izatea eskatuko digula.
Irakasleon jarrera lagungarri
Ikasleekin sentimenduei buruz hitz egiteak eta horietan sakontzeak, ikasgelan konfiantza eta lasaitasun giroa sustatzeaz gain, haurrei hausnartzen eta sentimenduen gainean kontrola izaten laguntzen die. Gauzak horrela, ez da zaila irakasleok ikasleen garapen afektiboan funtzio erabakigarria betetzen dugula ondorioztatzea. Lehenik eta behin esan behar da emozioekin egin beharreko lanketak eskolako jarduera osoa zipriztindu beharko lukeela. Ez litzateke batere eraginkorra izango emozioen gaia ikasgai moduan jorratu daitekeen esparrua dela pentsatzea. Ezin gara egun batean ikasgelara iritsi eta besterik gabe emozioei buruz hitz egiten hasiko garela azaldu. Gure barneko sentipenak askatzeko beharrezkoa den konfiantza giroa lortu nahi badugu, lanketak progresiboa izan behar du. Ezin ditugu emozioak ohiko edukien modura jorratu, emozioak uneoro bizi ditugulako eta partzelatu ezin daitekeen esparrua delako. Edozein unetan suerta daitezkeen emozioak jasotzeko eta era egokian adierazten trebatzeko gai izan beharko genuke. Eta, esan beharrik ez dago garapen emozionalaren lanketa egokiak eskolatik kanpo ere jarraipena izan beharko lukeela. Eskolan egiten dena ikasleen gurasoek eta arduradunek ezagutu beharko lukete eta eskolatik kanpo lana horrekin jarraitzeko ahalegina eskatu beharko genieke, horretarako beharrezkoa den informazioa eta trebakuntza eskainiz, guraso eskolen bitartez, adibidez.
Nondik hasi…?
Makina bat estrategia eta metodologia erabil daitezke, eta bilatzen hasita, ez dira gutxi horien inguruan topa ditzakegun baliabide pedagogikoak. Irakasleak haurrei edo gazteei emozioak egoki bizitzen laguntzeko jarrera aktiboa izateko erabakia harturik, hiru zeregin nagusiren inguruan lan egiten hastea bururatzen zait niri. Hiru bide, eta hirurak batera garatu beharrekoak gainera:
1.- Lehen esan bezala, ikasgelan konfiantza esparrua landu beharra dago. Norberak (irakasleak barne) bere emozioak, iritziak eta hausnarketak eroso adierazteko espazioa egunero landu beharko dugu ikasleekin batera.
2.- Irakasleak ere bere emozio gaitasunak trebatu beharko ditu. Gu ere, eragiten ari garen bitartean, ikasten eta gure garapen emozionala bultzatzen ari gara. Emozioei bulkada bidez erantzutea ekiditeko eta gure ekimenen gainean kontrol handiagoa izateko, metodologia baten gainean trebatu beharko ginateke. Lehenik, lasaitzen ahalegindu gaitezen. Jarraian, bizitzen ari garen egoera ulertzen saiatu, eta memento horretan nola sentitzen garen zehaztu beharko dugu. Bukatzeko, jarduteko erarik egokiena pentsatu, eta koherentziaz jokatzea dagokigu.
3.- Egunerokotasunean, zeharka bada ere, emozioen inguruko lanketa burutzeko moduak bila ditzakegu: ikasleei memento jakinetan nola sentitzen diren galdetuz, sentimenduei izena jartzen lagunduz, gurekin hitz egiten ari direnean arretaz entzunez, haien sentipenak onartuz, noizbehinka gure sentipenak ere adieraziz, txantaia emozionala alboratuz, emozionalki gaindi ditzakeen egoeraren bat aurreikusi dezakegunean norberaren kontrolerako laguntza eskainiz (metodologia birgogoratu), emozioak adierazterakoan heldutasuna erakusten dutenean gorespena adieraziz, maiz maitasuna ozenki adieraziz…. Jarduera horiek guztiak ikasleak gaitasun emozionalean trebatzeko lagungarriak izan daitezke. Bistan denez, ez da beharrezkoa emozioen inguruko lan saio bereziak antolatzea ikasgelan sentipenen lanketari heltzeko. Egunerokotasunean berez sortzen diren egoerak eta guk geuk bila ditzakegunak baliagarriak izan daitezke lanketa iraunkorra burutzeko eta emozioei buruz hitz egitea ohitura bilakatzeko.
Sakontzeko moduak
…Eta behin bidea egiten hasita, beti ere ikasleen erritmoak errespetatuz, trebakuntzan urrats berriak eman ditzakegu. Anitzak dira haurrekin batera jorra ditzakegun estrategiak. Adierazpen emozionalaren garapenerako izan dezaketen erabilgarritasunagatik, hau-ek azpimarratzea egokia iruditzen zait:
a) EMOZIOEI IZENA JARRI: Askotan zerbait sentitzen dugula sumatu bai, baina sentipena definitzen ez dugu asmatzen. Gure sentipenei izena jartzea izango da lehengo eta oinarrizko zeregina. Ezjakintasun egoeran gauden bakoitzean, tartetxo bat hartzea eta hausnartzeari ekitea izan daiteke hoberena. Nola sentitzen naiz? Zein izen jar dakioke sentitzen dudanari?… Zentzu horretan, sentipen bakoitza, gure gorputzean eragiten duen erantzunarekin lotzea (gorritasuna, izerdia, kitzikapena, oka egiteko gogoa…) oso lagungarria izan daiteke.
b) PENTSAMENDUA HEZI: Emozio jakinei erantzun “hausnartuak” emateko eta aldi berean erantzun oldarkorrak ekiditeko, norberaren pentsamenduak heztea bide eraginkorra izan daiteke. Askotan kontziente izan barik ere, norberak bere buruarekin hitz egiten du. Barnean sortzen zaigun ahots leun baten modura azaltzen zaizkigun pentsamenduak dira horiek. Barne burutapenek, gertatzen zaizkigun egoeren gaineko irakurketak burutzen laguntzen digute eta horien aurrean erantzuna ematera bultzatzen gaituzte. Norberak pentsamendu horiek kontrolatuz gero, burutapen negatiboak, positibo bilaka ditzake. Pentsamendu horien bitartez, egoerak gainezka egin, edota egoera kontrolatuz erantzun egokiagoa emango dugu. Egoerak lasaitasunez kudeatzeko metodologia ikasita, helburua, norberak bere barne pentsamendua heztea  izango litzateke.
c) ERLAXAZIO ARIKETAK: Lasai egoten jakiteak, egoera zail batek eragin diezaguken tentsioa gainditzen lagun gaitzake. Une bakoitza hausnartu eta ulertzeko beharrezkoa den lasaitasuna erlaxazio ariketen bitartez eskura dezakegu. Horretarako gure ikasleekin hainbat teknika jorratzea izan daiteke bidea. Lasaitzeko zenbait aukera ezagutuz, norberak eraginkorrena aukeratuko du: kolore hotz bat pentsatu, oroitzapenen bat gogora ekarri, musika lasaia entzun…
d) ENPATIA LANDU: Norberaren sentipenak eta emozioak aztertu eta onartu, eta era berean, besteenak onartu.
e) AGRESIBITATEAREN ALTERNATIBAK: Ikasleei, ariketen bidez erakutsiko dizkiegu jarrera bortitzak alboratzen lagunduko dieten gakoak (“Rol jolasen” teknika oso erabilgarria izan daiteke kasu horretan): gatazkaren gunetik aldendu eta pentsatu, erlaxatu, nork bere buruari pentsamenduaren bitartez irizpideak eskaini, jarrera enpatikoak bultzatu…
Emozioen Memory-a
Emozioak garatzeko, eta aldi berean jarrera bortitzak alboratzeko eta harreman pertsonal emankorrak garatzeko makina bat ariketa, teknika eta baliabide topatuko duzu. Eguneroko jardunean esperientzia apalak garatuz, egokitzapenak eginez, hobekuntzak gauzatuz, etengabe hausnartuz… Eragiteko modu egokia borobildu eta baliabideen zerrenda osatuz joan gaitezke. Alde horretatik, Bizkaiko Urtxintxa Eskolak ekarpen xumea egin nahi izan du hezkuntza emozionala bultzatzeko oso aproposa den “Emozioen MEMORY-a” euskarri pedagogikoa kaleratuz. Memoria garatzeko bikote jolas ospetsuan oinarritutako jokoa da. Aipatutako tresna, haur eta gaztetxoen garapen emozionala era dibertigarrian garatzen laguntzeko diseinatu dugu. Horren bitartez hamar emozio mota ezagutuko dituzte eta emozio adierazpenean garrantzitsuak diren prozesuetan (emozioen identifikazioa, emozioen kanpo seinaleak, hausnarketa, “emozioa” eta “jokabidea”-ren arteko aldea…) trebatuko dira jolasean ari diren bitartean.
Bultzatzen ditugun hezkuntza prozesuetan emozioak aintzat hartzeak pertsonalki haztea eta sexismoa alboratzea erraztuko dute… Hori duk/n mauka!! Inoiz pentsatu al duzu egunean zehar zenbat gauza sentitzen dugun? Lotsa, plazerra, poza, interesa, beldurra… Benetan merezi du ikasleekin batera emozioen mundu zoragarrian murgiltzea! •
Zenbait baliabide erabilgarri:
http://www.pentacidad.com/index.htm
http://www.euskadi.net/r33-2288/en/contenidos/informacion/dia6/eu_2027/adjuntos/AFECTO_EUSK.pdf
CARPENA Anna (2003), “Educación socioemocional en la etapa de primaria”: Materiales prácticos para la reflexión. Barcelona: EUMO-OCTAEDRO
Seminario Galego de Educación para a Paz (2006), “Educación emocional y violencia contra la mujer”: Estrategias para el aula . Madrid: LA CATARATA
Emaisia Elkartea (2007), “XAKE MATE!”: Aisialdian emozioen bidez sexismoari aurre egiteko aholku sorta. Bilbo: Emaisia Elkartea