Paper Eskola, Tolosa: Zuntz artean ikerlari

2008-03-01
Tolosako Paper Eskola 1965. urtean sortu zen. Garai hartan, industria sektoreak teknologia berrienetan prestatzeko beharra ikusi zuen, eta Tolosako eskualdea hautatu zen proiektua aurrera eramateko, papergintzan herriak duen tradizioarengatik. Ikastetxean, kimikarekin zerikusia duten zikloak egiten dira eta, horrez gain, ikerketa zentroa ere bada.
 
 
Miramongo Zientziaren Kutxaguneko azokan, Experimentaldian, Paper Eskolako ikasleak eta irakasleak izan ziren. Guztira 16 ikasle izan ziren, ziklo guztietakoak. Bertan, Tolosako Paper Eskola BHIn lantzen diren gaietan erabiltzen dituzten hainbat tresna zeuden erakusgai. Proiektuak abian jartzea eta hainbat esperimenturen bidez jorratu nahi zutena publikoari azaltzea izan zen ikasleen ardura. Guri, Jone Irastorza irakasleak azaldu zizkigun tresna horien nondik norakoak.
“Hainbat egur mota ekarri ditugu, eta mikroskopioen bitartez ikus daitezke horien arteko aldeak. Gaur egun, papera egiteko gehien erabiltzen diren egurrak eukaliptoa eta pinua dira. Garai batean, kotoia eta beste egur mota batzuk ere erabiltzen ziren, baina, orain, batez ere bi horiek”, dio irakasleak.
Ikus daitezkeen egurren artean dagoen alderik handiena hauxe da: eukaliptoak zuntz motza du, eta pinuak, ostera, zuntz luzea du. “Zuntz desberdinak izateak paperari hainbat ezaugarri ematen dizkio. Adibidez, arropa gordetzeko paperezko poltsak egin nahi baditugu, pinua komenigarriagoa da, zuntz luzeagoa duelako eta erresistentzia handiagoa duelako. Idazteko paper gisa, eukaliptoa egokiagoa da zuntz motzak dituelako, zuriagoa delako eta, inprimatzeko ere, egokiagoa delako”, esan digu Jonek.
Jonek, normalean, bi zuntzak nahasten direla dio, papera ez dela izaten erabat pinua edo eukaliptoa. “Beste herrialde batzuetan izeia ere erabiltzen da, zuntz luzekoa. Zuntz motzari dagokionez, makala ere erabil daiteke, baina gaur egun Euskal Herrian pinua eta eukaliptoa dira erabilienak. Beste egur mota batzuk ez dira baliatzen, altzariak egiteko erabiltzen direlako, eta hortaz, garestiagoak dira. Bestalde, gaur egun, birziklapenari esker, askoz zuhaitz gutxiago behar dira”, azaldu digu irakasleak.
Ikasleek prozesu osoa ezagutzen dute: “Lehenik eta behin, egur motak bereizten erakusten diegu. Ondoren, egurra xehatzen da, ontzi handi batean egosiz. Erreaktibo kimikoekin egoten da, bi orduz, eta egurra egosita ateratzen da, zuntzak bananduta. Une horretan, kolore naturala dute oraindik; hortaz, beste produktu kimiko batzuk erabili ohi dira papera zuritzeko. Adibidez, ur oxigenatua. Gero eta kloro gutxiago erabiltzen da, oso kutsatzailea delako”. Egurraren prozesua Papergintza Industriak (goi mailako zikloa) eta Papergintza Eragiketa (erdi mailako zikloa) zikloetako ikasleek ikasten dute.
Paper eskolako ikasleek birziklatzen ere ikasten dute, Jonek adierazi digunez: “Ez soilik papera, baita tetrabrik ontziak ere. Tetrabrikak aluminioa du alde batean, eta bestean, plastikoa. Bi geruzak kenduz gero, erdian zuntzez egindako pasta dago. Pasta horrekin, zakuak egiteko papera eta kartoia egin daitezke, adibidez. Ikasleek, gaur egun, industrian egiten diren zenbait prozesu ikasten dituzte”.
Zuntzei behatzeko mikroskopioez gain, beste hainbat gauza ere bazeuden Tolosako ikastetxearen txokoan. Pantailetan zuntzak ikus zitezkeen, eta esentziak ateratzeko esperimentu bat ere bazegoen. “Kartutxo honen barruan belarra jartzen dugu. Izan daitezke algak, limoi azalak, laranja azalak, arrosa hostoak… Kartutxoaren azpian, matraza dago, 95 graduko alkoholarekin. Alkohola berotzean lurrundu egiten da eta belarren klorofila ateratzen joaten da. Ateratzeak hotzean mantentzen saiatzen gara, eta zikloa errepikatu egiten da ura garden atera arte, hots, klorofila guztia zurrupatu arte. Ateratzeen bitartez, adibidez, arrosa hostoak sartu baditugu, arrosa esentzia lortuko dugu kartutxoan”, esan digu Jonek.
Bestalde, gizakiaren zelulak ikusteko aukera ematen zuen beste mikroskopio bat ere bazegoen. Norberaren ahoko muki-mintzetik lagina hartu eta bertan begira zitezkeen zelulak. Eta tipularen zelulak ere ikus zitezkeen beste mikroskopio batean. “Horiek hexagonalak dira, bereziagoak. Pertsonen zelulak, aldiz, biribilagoak dira, eta erdian nukleoa dute. Ahoko muki-mintzetik hartutako lagina kristal lilarekin tindatzen da, eta estalkia jarriz, ongi ikus daitezke gizakiaren zelulak”.  
Erdi mailako heziketa zikloak:
Laborategia
Kimikagintza eragiketak
Oregintza eta papergintza eragiketak
Goi mailako heziketa zikloak
Analisia eta kontrola
Kimikagintza industriak
Ingurumen kimika
Papergintza industriak