Ikasgela gehiago eta ikastetxe gehiago izango dira lau urtetan EAEko sare publikoan

2008-10-01
 
 
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, 2012. urtean egun baino 1.000 ikasgela gehiago izango ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako heziketa zentroen sare publikoak, eta lau ikastetxe berri zabalduko dituzte. Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoen azpiegiturak hobetzeko ezohiko plana aurkeztu du eta horrek jasotzen duenez, 700 milioi euroko aurrekontua izango da berrikuntzak eta hobekuntzak egiteko.
350 obra egingo dira guztira, eta aldaketok, 17.000 ikasle eskolatzeko aukera emango dute. 700 milioi euro horietatik 566 milioi euro ikastetxeak eraiki, berritu edota handitzeko erabiliko dituzte, eta gainerako dirua, 134 milioi euro, ekipamenduak hobetzeko eta egokitzeko erabiliko dira. Ikasgelak handitzeko eta berriak egiteko dirua bideratzeaz gain, ikastetxeko beste zenbait guneetan ere berrikuntzak egingo dituzte, hala nola, liburutegietan, jantokietan eta kirolguneetan. Gainera, hainbat ikastetxeren segurtasuna eta egokitasuna hobetzeko bidean, oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak egingo dituzte.
Era berean, hainbat ikastetxe berri eraikiko dituzte datozen urteotan. Donostian, Goi Mailako Musika Zentroa zabalduko dute; Bilbon, ikus-entzunezkoetan espezializatutako zentroa eraikiko dute, eta Gernikan eta Bergaran Lanbide Heziketako ikastetxe bana zabalduko dute.
Bestalde, planak, informatika sistema programa berri bat eta eskolako arriskuak saihesteko plana ere jasotzen ditu.
Eta Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, 57,5 milioi euro bideratuko dituzte Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan eskaintzen duten udal eskoletan udaletxeek egiten dituzten inbertsioak laguntzera.