Abian da ikasturte berria. Zer ekarriko ote du?

2008-10-01
Galdera askorekin eta erantzun gutxirekin hasi da 2008-2009 ikasturtea Euskal Herrian. Euskal curriculuma, hizkuntza ereduen erreformak, finantzaketa, irakasleen falta, zenbait ikasgairekin dauden gorabeherak… Zerrenda luzea da. Urtero garaiotan izaten diren arazoak ditugu aurten ere, baina erronka garrantzitsuei egin beharko die aurre hasi berri dugun ikasturteak, eta lanik ez da faltako, ziur. 
 
 
Erronka ugari eta onartze bidean diren legeak eta dekretuak
Amaitu da uda eta dagoeneko Euskal Herriko ikastetxe, irakasle, langile eta ikasle guztiak egunerokoan murgilduta daude. Denon ahotan ibili den opor osteko sindromea pasatuta, lanerako moduan dira guztiak. Aurtengoak lan dezente ekarriko du gainera, eta buruhausteren bat edo beste, ere bai, izan ere ikasturte hasiera honetan asko dira kolokan dauden gauzak: euskal curriculumaren kontrako helegitea, hizkuntza eredu bakarraren gaineko eztabaida, irakasleen falta eta horri aurre egin beharra…
Hegoaldean, 440.000 ikaslek baino gehiagok ekin diote ikasturte berriari. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaz baino 6.900 ikasle gehiago matrikulatu dira, horietatik % 49, 2 sare publikoan, eta % 50,8 itunpeko ikastetxeetan. Nafarroan berriz, gehiengoak publikoaren alde egin du. Haurreskolei dagokienez, aurten nabarmen egin du gora matrikulazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lau hilabate eta bi urte bitarteko ia 4.000 haur hartu dituzte, horien erdia, gipuzkoarrak. Haurreskolen Partzuergoa 2003an jarri zen abian, 35 haurreskola zituen orduan eta gaur egun 166 dira. Lanbide Heziketan, berriz, % 16 egin dute gora matrikulazioek. Eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Seaskak inoiz izan duen ikasle kopururik handiena izango du: 2.500 ikasletik gora. Asko handitu da, gainera, ama eskoletan izena eman duen ikasle kopurua.
Euskal Herriko zatiketa administratiboak, egoera eta erronka ezberdinak ekarriko dizkigu leku batean zein bestean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
Hizkuntza eredu bakarrarekin gertatzen den moduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu duen euskal curriculumarekin zer gertatuko ote den ikuskizun dago. Horren kontrako helegitea jarri zuen PPk, curriculumak euskara eskolako hizkuntza nagusi gisa ezartzen duelako, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak ere gauza bera egin zuen, Euskal Herriari buruz errealitate politiko gisa hitz egiten duelako.
Hezkuntza Sailak, bestalde, onartzeko ditu Batxilergoa eta Haur Hezkuntza arautuko duten dekretuak. Batxilergoko ikasketak berrantolatuko dituen dekretuak derrigorrezko bi ikasgai gehiago ezarri ditu: mundu garaikiderako zientziak, eta filosofia eta hiritartasuna. Gainera, euskara hartzen du oinarrizko hizkuntza gisa. Horrez gain, lehen mailatik bigarren mailara pasatzeko aukera izango dute ikasleek lau ikasgai gainditu gabe eduki arren.
Espainiako Gobernuak abian jarri duen selektibitate dekretu berria kritikatu du, bestalde, Hezkuntza Sailak. Jada gainditua dagoen azterketa-eredua ezartzen duela salatu dute, eta ez dituela gaitasunak kontuan hartzen.
Irakasleei dagokionez, 340 irakaslek izango dute urte sabatikoa aurten, aurretik lau urtez soldataren % 84 jaso ondoren. Hamabi hilabeteko epean, soldata bera jasoko dute.
Aipatzekoa da, sare publikoko irakasleen batez besteko adina 45 urtekoa dela eta milatik gora direla 58 eta 60 urte bitartekoak. Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako txostenaren arabera, hamar urte barru irakasle falta izango da; sare publikoa eta sare pribatua kontuan hartuta, urtero 600 erretiro izango dira, eta etorkizunean, 1.000tik gorakoa ere izan daiteke erretiro kopurua.
Nafarroa Garaia
Nafarroan ere, hizkuntza ereduen gaineko eztabaida pil-pilean dago. Bestetik, aurten murrizketak egingo ditu Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan, eta Hezkuntza Departamentuak 5,8 milioi euro inbertituko ditu 0-3 urteko irakaskuntza zikloan, iaz baino 2,2 milioi gehiago. Aurrekontuetan iragarritakoa baino ia bi milioi euro gutxiagokoa izango da, beraz, aurrekontua. Carlos Pérez-Nievas kontseilariak krisi ekonomikoa egin du horren erantzule.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa
Frantziako Hezkuntza ministerioak eta Seaskak, oinarrizko akordioa hitzartu dute. Orain, hezkuntza ministroak eta Bordeleko Errektoretzak berretsi behar dute akordio hori. Seaskak hitzarmenari buruzko xehetasunik eman ez duen arren, lau oinarri dituela aurreratu dute: lehen mailako irakasle postuak esleitzeko irizpideak, bigarren mailako irakasleak eta ardura orduak esleitzeko irizpideak, ikastola berriak irekitzeko protokoloa, eta azterketak. Baxoari dagokionez, berriz, euskararen maila neurtzeko azterketak eta Frantziako Hezkuntzak ezarritako azterketak nola burutu aztertu dute bi aldeek.
Ospakizun urtea izango da hau Seaskarentzat, 40 urte beteko baititu. Aurten ikastola berria ireki du Arberoan; 26.a. Orain, Itsaso-Luhuso eskualdean eta Bidarten, ikastola irekitzeko aukera aztertzen ari dira. 22 lehen maila eta ama-eskola, hiru kolegio eta lizeo bakarra ditu, beraz, Seaskak, oraingoz. Zenbait ikastoletan berritze lanak egin behar dituzte; adibidez, Hazparneko eta Kanboko ikastolak txiki geratu dira eta handitze lanak aurten egin nahi dituzte. Bestalde, Angelun lehen mailako lehen urteko gela zabaldu da, eta gauza bera egin dute Hiriburun eta Alotzen ere.
Baina bada beste alderik ere, izan ere, Paueko Akademia Ikuskaritzak iragarri zuen lanpostu murrizketari eutsiko dio, eta ikasle kopuruak behera egingo ez duen arren, irakasle gutxiago izango da ikasturte honetan.  Beraz, Seaskak bere gain hartu behar izan ditu Frantziako Hezkuntza Ministerioak lehen mailarako ukatu dizkion 14 irakasleak.
Aurten berrikuntzak izango dira, bestalde: tutoretza eskolak izango dira, eta ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek, opor garaian laguntzarako zerbitzua izango dute. Irakasleen asteko eskola ordu kopurua 26tik 24ra jaitsiko da, zerbitzu hori betetzeko. Irakasleen greba egunetan, bestalde, herriko etxeek gutxieneko zerbitzuak jarri beharko dituzte, haurren harrera bermatzeko. Eta, era berean, Hezkuntza ministroak irailean aurkeztu duen eskola programa berrituak frantsesaren eta matematikaren ikaskuntza indartzea aurreikusten du. 
Hizkuntz ereduak
Zalantzarik gabe, ikasturte honetan zeresana emango dutenak hizkuntza ereduak dira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak esku artean duen Euskadin hizkuntza ofizialak eta atzerrikoak ikasteko, irakasteko eta ebaluatzeko markoaren lege proiektua ezaguna da dagoeneko.
Onartuko balitz, irakaskuntza ez-unibertsitarioan jarduten duten ikastetxe publiko nahiz pribatuetan aplikatuko litzateke.
Eskolan, euskara ohiko adierazpen-hizkuntza gisa erabili behar dela dio egitasmoak, eta euskarari lehentasuna eman behar zaiola eskolaz kanpoko irakaskuntzan eta administrazio jardueretan. Euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak izanik, ikasle guztiek horiek behar bezala ikasteko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dutela dio, eta atzerriko hizkuntzak jakitea funtsezkoa dela gizarte gero eta irekiagoan eta globalagoan jarduteko.
Eusko Jaurlaritzan hezkuntza alorreko eskumena duen sailak zehaztuko ditu hezkuntza etapa guztien curriculuma arautzeko araudian, ikasleek etapa bakoitzean euskaran, gaztelanian eta atzerriko hizkuntzan kreditatu beharreko ezagutza-mailak, baina egitasmoak maila batzuk zehazten ditu:
Lehen Hezkuntzan, gutxieneko ezagutza mailak hauek izango dira:
a) Bi hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzea eta erabiltzea, eta irakurtzeko ohiturak hartzea.
b) Gutxienez atzerriko hizkuntza batean mezu sinpleak adierazteko eta ulertzeko eta eguneroko egoeretan moldatzeko oinarrizko komunikazio-gaitasuna eskuratzea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, gutxieneko ezagutza mailak hauek izango dira:
a) Bi hizkuntza ofizialetan, testu eta mezu konplexuak ahoz eta idatziz behar bezala ulertzea eta adieraztea, eta literatura ezagutzen, irakurtzen eta ikasten hastea.
b) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiago egokiro ulertzea eta hitz egitea.
Batxilergoan, gutxieneko ezagutza mailak hauek izango dira:
a) Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ahoz zein idatziz menderatzea.
b) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan erraztasunez eta zuzen mintzatzea.
c) Batxilergoan ikasitako atzerriko hizkuntzaren ezagutza-mailak, hizkuntza-eskola ofizialetako erdiko mailaren ikasketen parekoa izan beharko du.
Gutxienez curriculum-arlo eta irakasgai ez linguistikoen % 60 euskaraz eman behar dela zehazten du egitasmoak, eta ikastetxeek autonomia izango dutela gainerako arloak eta ikasgaiak zer hizkuntzatan emango dituzten erabakitzeko. Dena den, Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaia derrigorrez euskaraz eman beharko da, eta Lengua y Literatura castellana, nahitaez gaztelaniaz.
Ikastetxeek hizkuntza proiektua egin beharko dute, eta horretan, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan adierazitako irizpideak garatu beharko dituzte. Hizkuntza proiektuan hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdi guztien plangintza zehaztu behar da, eta legeak eskatutako ezagutza-mailak eta hizkuntzak erabiltzeko eskubidea bermatzeko zer neurri hartuko diren adierazi behar da.
Bestalde, kanpo ebaluazioak egongo dira ikasleen hizkuntza mailak neurtzeko. Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren mailako ikasleei ebaluazioa egingo zaie, eta baita DBHko bigarren eta laugarren mailakoei ere. Ebaluazio horiek ez dute eraginik izango ikasleen ikasketa-espedientean eta ISEI-IVEI erakundea arduratuko da horiek egiteaz.
Irakasleei dagokienez, berriz, beren jardunean aritzeko eta eskolak euskaraz nahiz gaztelaniaz erraztasunez emateko gaitasun nahikoa izan beharko dute. Horretarako, IRALE programa egokituko dute. Era berean, hezkuntza esparruan aritzen diren eta irakasleak ez diren langileak euskalduntzeko baliabideak arautuko dituzte.
Horiek dira lege proiektuak jasotzen dituen alderdirik aipagarrienak. 2007ko martxoan aurkeztu zuen egitasmoa Eusko Lagebiltzarrean Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak, baina aurreko asteetan bildu dira Hezkuntza Saileko ordezkariak alderdi politiko, eragile eta sindikatuekin ekarpenak eta zuzenketak biltzeko, eta datozen asteetan egingo dute bozketa Eusko Legebiltzarrean. Legebiltzarrak lege proiektua onetsiz gero, hurrengo ikasturtean aplikatzen hasiko litzateke Haur Hezkuntzako maila guztietan eta Lehen Hezkuntzako lehen mailan. Hurrengo ikasturtean, Lehen Hezkuntzako bigarren mailan aplikatuko litzateke, eta horrela jarraituko lukete erabat ezarri arte.
Lege proiektuak hainbat kritika jaso ditu dagoeneko, batez ere PP eta PSE-EE alderdien aldetik. Inposiziotzat hartu dute hasieratik, eta onartezina dela esan dute. Tontxu Camposek egindako egitasmoa “inposatua, sektarioa eta erradikala” dela esan dute PSE-EEtik. Hezkuntzak ezin du euskararen mende egon PSE-EEren iritziz eta proiektuaren helburu bakarra euskararen ezagutza dela eta populazioaren % 80k ama hizkuntza gaztelania duela kontuan hartzen ez duela esan dute. Euskara eta gaztelania lehentasunezko hizkuntzak direla ziurtatu beharko litzateke haien ustez, eta ingelesaren erabilera bermatu beharko litzateke.
Baina ez dira desadostasun bakarrak izan. Hirukoaren barnean ere tirabirak izan dira gaiaren harira. PNVk eta EBk neurri berriak pixkanaka aplikatzearen aldekoak dira eta PNV, eredua aldatu aurretik, probaren bat egitearen aldekoa da.  
Guraso batzuek ere bat egin dute lege proiektu berriaren aurka. 2.000 guraso biltzen ditu Hizkuntzaren Aukera Askatasunaren Aldeko Plataformak, eta eredu bakarrak seme-alabek ikasiko duten hizkuntza erabakitzeko eskubidea urratzen duela salatzen dute.
Nafarroan, berriz, TIL eredu bakarra (hizkuntza tratamendu integrala, alegia) da indarrean jarriko dena. Horrek bi aukera emango ditu: erdia ingelesez izango da, eta bestea erdia, norberak aukeratzen duen hizkuntzan: euskaraz edo gaztelaniaz. Carlos Pérez-Nievas hezkuntza kontseilariak esan du D ereduak desagertu behar duela, hilda dagoelako, eta G eta A ereduek ere desagertu behar dutela. Bien bitartean, hainbat hezkuntza eragilek eredu berriaren gaineko informazio falta salatu dute. 
Zer eredutan matrikulatu dira ikasleak?
18 urte arteko ikasleen % 57,5ek D ereduan egingo diuzte ikasketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gipuzkoan egin da matrikulazio gehien D ereduan, ikasleen % 71,7. % 10,4k A eredua aukeratu du, eta B eredua %17,9k. Bizkaian, berriz, % 53,6k aukeratu du D eredua, % 22,9k A eredua eta % 23,6k B eredua. Eta Araban, % 37,6k D ereduan ikasiko du, % 34,3k B ereduan eta  % 28,1ek A ereduan.
Nafarroa Garaian, hiru ikasletik batek euskara hutsezko heziketa izango du. Oraindik gehien aukeratzen direnak izan arren, aurten behera egin dute A eta G ereduek; aurreko ikasturtean baino %10 gutxiago aukeratu dira. British ereduan ere behera egin dute izen emateek.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dauden 145 eskola publikoetatik 55ek irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute, eta 55 zentro pribatuetatik, 23k. Horri, Seaskak dituen ikastolak eta kolegioak gehituz gero, 220 baino gehiago dira ikastetxeak, eta ehunek eskaintzen dute euskaraz ikasteko aukera, maila batean zein bestean. Sare publiko elebidunean 5.000 ikasletik gora arituko dira Paueko Akademia Ikuskaritzak emandako datuen arabera, eta denera, 47.000 ikasle arituko dira Pirinio Atlantikoetako departamenduan.
Hainbat datu
Gastuei aurre egin nahian
Familiek diru asko xahutzen dute eskolara itzultzearekin. Zenbaki dantza handia da, baina handik eta hemendik eskuratutako datuen arabera, 500 eurotik 2.000 euro bitarteko gastua izaten dute familiek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez bestekoa 942 eurokoa da, eta Nafarroan, 893 eurokoa.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako familiek, berriz, ikasturte hasieran dirulaguntza jasotzen dute sei urtetik gorako haur bakoitzeko. Aurten 272,59 eurokoa izan da zenbatekoa. Gainera, Frantziako estatuko guraso elkarteek eta saltoki handiek hitzarmena sinatu dute saltokiek eskolako materiala prezio apaletan saltzeko. 
Eskola liburuak doan
Nafarroako Gobernuak liburuen doakotasunaren dekretua onartu zuen abuztuan, eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei eskola liburuak doan ematen hasi dira. Helburua 2011. urterako denek doako liburuak izatea da. Ikastetxeek zuzenean erosiko dituzte liburuak, edo gurasoei bonuak emango dizkiete haiek erosteko. Liburuak lau urtez erabiltzeko moduan zaindu beharko dituzte ikasleek, eta horiek apurtuz edo galduz gero, gurasoek liburu berriak ordaindu beharko dituzte. Lau urte pasatzean, liburu guztiak berrituko dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan liburu mailegua egingo dute. Gurasoek liburuen laurdena ordainduko dute eta ikasturte bukaeran dirua itzuliko zaie baldin eta ikasleek liburuak galtzen edo hondatzen ez badituzte. Kasu horretan, liburua osorik ordaindu beharko dute. Araban berriz, eskola liburuak erosteko laguntzak ematen ditu Foru Aldundiak. 
Jangelak
Zenbait ikastetxetako jangela zerbitzuarekin ere, gorabeherak dituzte. EHIGE-k (Euskal Herriko Gurasoen Elkartea) jakinarazi duenez, berezko jangela izatera bideratutako dirulaguntzak kendu egin ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzak Sailak eta, esan dutenez, horrek 2.500 ikaslerengan du eragina. Eusko Jaurlaritzak erantzun egin dio kritika horri, eta “ikastetxe publiko apur batzuetako gurasoek jangelen auzia dela eta duten jokabidea” salatu du. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, zortzi baino ez dira zeharkako kudeaketa egiten duten ikastetxeak, eta ez dute uste onargarria denik egoitza publikoan eta administrazioaren sukaldariekin gestio pribatua egiten jarraitzea. 
Opor osteko sindromea
Orain arte helduen arazo gisa aurkeztu zaiguna, haurren arazo ere badela zabaldu da aurten, hau da, haurrek ere, opor osteko sindromea dutela. Sindrome horren sintomen artean nekea, gose eza, muskuluetako minak, tristura… egon litezke. Hori dela eta, eskolara hasi baino lauzpabost egun lehenago eskolako ordutegiak errespetatzen hastea eta horietara ohitzen joatea gomendatzen dute adituek.