Irakaskuntzan aritu zara hainbat urtez irakasle moduan, eta gaur egun testugintzan eta material osagarriak egiten aritzen zara. Nola ikusten duzu irakaskuntzaren egoera Euskal Herrian?
Kezkagarria iruditzen zait. Alde batetik, lekuaren arabera beti ere, baina badirudi irakasleek energia gehien diziplina mantentzen eman behar dutela. Uste dut irakaslearen figurak aurretik zuen errespetua galdu duela, eta horrek arazoak ekartzen dituela. Bestetik, uste dut, azken belaunaldietan sortu diren irakasleek ez dutela formazio nahikorik. Hori ondoren ikasgelan transmititzen da, ikasleen maila kulturala (eta hori onartu egiten dute irakasle askok) gero eta baxuagoa da, eta exigentzia maila ere, gero eta txikiagoa da. Eta orain, Unibertsitatean sartuko diren aldaketak direla eta, gainera, joera ezagutza teknikoak izatea da, esate baterako, informatika edota ingelesa jakitea. Hau da, lehiakorra izatea, baina pertsona osoa eta kultua izatea alde batera geratzen da. Gaitasunak garatzea, konpetentziak garatzea, beharrezkoa da, taldean lan egiten ikasi behar da, adibidez, eta ez soilik lehiakorra izaten. Nik uste dut AEBko eredua ezartzen ari dela; konpetentzia esaten denean, konpetentzia indibiduala ulertzen da, eta txikitatik lehiakortasun horretan murgilduta bizitzea. Baina, horrekin batera, ikasleek laguntzen eta parte hartzen ikasi beharko luketela pentsatzen dut. Alde horretatik, ikusten dut, irakaslearen papera une honetan nahiko frustrantea dela.
Euskal curriculumaren beharra behin baino gehiagotan aipatu duzu. Nola ikusten duzu gai hori?
Bada, uste dut, euskal curriculum berri horretan, ofizialean, Euskal Herria desagertu egiten dela. Beste curriculuma, bigarren mailan geratzen da eta oraindik ez da garatu. Ofizialean, euskara da garatzen den bakarra, euskalduntasuna ez baita behar bezala garatzen; horren arabera, garrantzitsuagoa da, esate baterako, ingelesa jakitea, eta uste dut euskaldun izateari garrantzia kentzen zaiola, erabat. Euskal curriculumaren izena hartzen du hemen egina delako, baina nik uste dut puntuz puntu jarraitzen duela Europan eta Madrilen erabaki dena. Ez dut aldaketa handirik ikusten batetik bestera. Eta gu, testugintzan aritzen garen aldetik, Eusko Jaurlaritzan materiala aurkezten dugunean, curriculum ofizialaren araberako materiala egin behar dugu.
Euskal curriculumaren aurkezpen ofiziala egin zen joan den ekainean. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuazek, Kristau Eskolek eta zenbait hezkuntza eta herri eragilek sustatutako egitasmoa da, bost urteko jardunaren fruitua… Zer iritzi duzu curriculum horri buruz, prozesu horri buruz?
Ez du zerikusirik ofizialarekin, jakina. Prozesu hori aurrera eraman behar da, baina ez da erraza izango. Bide horretan, ikastetxeetan horren inguruko ikastaroak antolatzen joatea ideia ona iruditu zitzaidan. Izan ere, lehen aipatu dudan moduan, irakasleek oso formazio gutxi dutela ikusten da eta Euskal Herriaren inguruko informaziorik, ikastoletan ere, aspaldi ez dela jaso. Horretan aldaketa nabarmena gertatu da. Nire seme zaharrenak, esaterako, 34 urte ditu, eta ikastolan Euskal Herriko historia eman zuen, gogoratzen naiz Elkarrek ateratako liburuak zituela; bigarren semea, berriz, sei urte gazteagoa da, eta horrek ez zuen eman Euskal Herriko historiarik. Orain, gazteek, hitzaldiak eskatzen dizkigutenean, Euskal Herriko historia eskatzen dute, herriari buruz ez baitakite ezer, eta hori kezkatzeko modukoa da. Irakasle berriek ere ez dute informazio hori jaso. Eta Euskal Herria alde horretatik desegiten ari da; kultura mantentzen ez badugu eta garatzen ez badugu, Euskal Herrian biziko gara, baina horrek ez du ezer esan nahi izango. Horregatik uste dut ideia ona dela Euskal Herriaren inguruko ikastaroak eskaintzeko lekuren bat antolatzea, irakasleek informazioa jaso dezaten, horren inguruko materialak sor daitezen…
Hain zuzen ere, curriculum ofizialean bost gaitasun jasotzen dira. Horietako bat norbera izaten ikastea da, eta norbera izatearen bidean euskal herritar eta euskaldun izateak garrantzia dute. Horretarako, geure nortasuna garatzeko, historia ezagutzea eta lantzea beharrezkoa da. Nola irakatsi gure historia ikasleei?
Duela urte batzuetatik hona gainbehera prozesu batean sartu gara eta lehen ematen ziren gauzak, gaur egun ezin dira eman, berehala aurrean izango dituzulako PP edo PSOE, edo edonor, zenbait gauza onartezinak direla esanaz (arrazakeria dela, “terrorista” izaten irakasten dela…). Hezkuntza erabat politizatu da, eta zenbait lekutan Euskal Herria bera ere ezin da aipatu. EAJk ere gai horietan etengabe egiten du atzera eta Euskal Herria, ondorioz, ez da agertu ere egiten.
Eta zer egin beharko litzateke horren aurrean?
Pentsatzen dut interesa duen jendea badela. Beharrezkoa da jende hori biltzen joatea eta gaia lantzea, proiektuak aurrera egin dezan. Ikastaro batzuk antola daitezke irakasleek informazio gehiago izan dezaten, eta, era horretan, agian, zenbait gai sartuko dituzte euren ikasgai-zerrendetan. Gaur egun, ikasliburuak erabiltzen dira, eta badakigu zer den hor agertzen dena. Irakasle batek, zenbait pauso eman ditzake bere kabuz, bere ekimenez, baina nik uste dut mugimendu bat sortu behar dela, curriculum ofizialak ezartzen duenaz gain beste zerbait eskaintzeko; eta eskaintzen duzun neurrian, indarra egiten duzun neurrian, gauzak aldatzen hasten dira. Proiektu zehatzen bidez pausoak ematen joan behar dugu.
Formazioa izango litzateke prozesu horren lehen urratsa, beraz.
Bai. Askotan, informazioa da irakasleei falta zaiena, eta hortik abiatuta, jarraipena izango duen prozesua antola daiteke. Izan ere, garrantzia dutenak soilik teknologia berriak eta ingelesa badira, ikastola izango da, baina ikastola hitzak berak zentzua galduko du nire ustez. Beste alternatiba bat gorpuzten joan behar dugu, baina bidea ez da erraza. Guk urteak daramatzagu materialgintzan, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik nolako zentsura dagoen ikusten dugu. Horrek, aurretik autozentsura egitera garamatza ezinbestean, eta, hala ere, hainbat gauza ez dizkigute onartzen. Izututa daude, badakitelako PP-koren bat, beharbada, arrazismoaz hitz egiten hasiko dela.
Baduzu buruan kasuren bat? Atzera botatzea pentsaezina izan zitekeen adibideren bat, baina hala ere, atzera bota dutena?
Asko dira, askotan gertatu zaigu. Espainiako historia eman behar da, adibidez, eta Espainiako edo Frantziako historia guk ez dugu inoiz idatziko, ez baita gure historia, eta idaztekotan, Euskal Herriko ikuspuntutik egingo genuke, Katalunian egiten duten moduan. Gaur egun hori egitea ezinezkoa da. Eta, nola idatziko dut nik haiek nahi duten liburua? Lehen hainbat interpretazio historiko eskaintzeko aukera bazen; orain, eskaintza bakarra dago eta ezin da hortik atera. Hori zentsura da. Nik badakit ezin dudala Euskal Herriko historiari buruz nahi nukeen liburua idatzi eta beharrezkoa litzateke, instituzioetatik kanpo material alternatibo horiek antolatzea.
Beraz, testugintzaren demokratizazioa behar da…
Bai, nik uste dut baietz. UZEIn aritzen nintzenean, B.B.B.-rako historia liburu bat egin genuen, eta orduan, Espainiako estatuan baziren nahiko marxistak ziren ikasmaterial batzuk. Hori, gaur egun, pentsaezina da. Eta Euskal Herriaren inguruan zer esanik ez: kontu handiz ibili behar duzu, esate baterako, genetika kontuak aipatzen direnean, arraza kontuak aipatzen direnean, historiako zenbait pasarte aipatzen direnean… Dena folklore hutsa bihurtzen ari da, mamirik gabeko zerbait; pilota, kirolak… horrelakoetan geratzen ari gara eta horren adibide gisa, ETB-1 telebista katea ikusi besterik ez dago; lotsagarria da. Euskara, orohar, bigarren mailakotzat hartzen da, sinbolikoki hartzen da, eta geure erroak, geure historia eta geure kultura berreskuratu beharko genituzke.
Gure herriaren historian emakumeak garrantzi handia izan du, eta hori ere ez da erakusten eskolan. Azalduko al zeniguke zein izan den paper hori eta nola helarazi dakiekeen hori ikasle gazteei?
Sistema oso zaharra da eta mendeetan zehar endekatzen joan da, baina nik uste dut sistema hori erakusteak, gizartea beste era batera antola daitekeela ikusteko balio duela; sistema berdintzaileagoa antola daitekeela, eta bagenituela naturarekiko balio batzuk, balio solidarioagoak eta berdintzaleagoak. Bestetik, sistema hori erakusteak, gauzak zergatik eta nola endekatzen diren azaltzeko eta Euskal Herriak berezkoak zituen hainbat elementu (berez onak eta baliagarriak izan zitezkeenak) zergatik galdu dituen (edo galtzen joan den) azaltzeko balio du. Eta garbi izan behar dugu matriarkalismoaz ari garenean, ez dugula esaten emakumea gizonaren gainetik zegoenik, baizik eta bi sexuen arteko nola-halako berdintasun bat bazegoela; berdintasuna ezberdintasunean. Eta posible dela horrelako zerbait gertatzea; ez berdinak izatea, desberdinak izatea, baina, era berean, maila berean egotea. Etxearen garrantzia ere azpimarratzekoa da; etxea bizitzeko lekua, lan egiteko lekua, errituak egiteko lekua, hildakoekin harremana izateko lekua zen, eta hor, emakumearen papera lehen mailakoa zen. Ikasleei hizkuntzaren bidez azal dakieke hori guztia, hizkuntzak hori guztia islatzen baitu; hitanoa aipatuta, generoen arteko bereizketarik ez dagoela adieraziz… Eta ahaidetasun harremanak ere hor ditugu, senide bakoitzak zuen funtzioa, toponimia, geure sinboloak… Mariri buruz hitz egin dezakegu, adibidez, eta horren atzean zer dagoen azaldu.
Beraz, gaia hainbat arlotatik bidera daiteke; euskararen aldetik, toponimiaren aldetik, genero aldetik, lanaren inguruan Euskal Herrian zegoen ikuspuntuaren aldetik… Emakumearen lana beste era batera ikusten zen; garrantzia ematen zitzaion etxearen parte zelako. Espainian eta Frantzian sistema feudala ezarri zen, sistema oso hierarkikoa zen, Elizak garrantzi handia zuen, eta, ondorioz, gizon eta emakumeen arteko aldea oso handia zen. Hemen, ostera, Elizak lan handiagoa izan zuen sartzeko eta egonkortzeko, eta denbora luzeagoz eutsi zitzaion emakumearen garrantziari. Eliza sartzearekin batera, dena den, emakumearen papera, endekatuz joan zen Euskal Herrian ere.
Eta emakumeak Euskal Herrian izan duen paper horren gaineko aztarnarik geratzen al da egun? Gizarteari begiratuta, eta azterketa zehatzik egin gabe, ezetz dirudi…
Telebistak eta bizimodu berriek eragin handia izan dute, baina nik uste dut aztarnaren bat geratzen dela, herri batzuetan, baserri batzuetan. Emakumeak eta hark egiten zuen lanak zuten garrantzia oso ongi erakusten du Sandra Ott-ek Santa Grazin egindako ikerketak. Santa Graziko artzainen bizimoduaren inguruko tesia egin zuen, eta bertan oso ongi ikusten da sistema oso antolatua zutela, mundu ikuskera orokor bat zutela... Tesia duela 30 bat urte egin zuen, eta emakumearen garrantzia handia zen oraindik, bai sinbolismo aldetik eta baita lanari zegokionean ere. Artzainak, udan mendiko txabolara igotzen ziren, eta han etxeko sistema bera errepikatzen zuten; sistema zirkularra, alegia. Sistema ez baita hierarkikoa, zirkularra baizik. Txabolan lan kopuru jakin bat dago eta lanik onena, denek gustukoen dutena, gazta egitea da; lan horri etxekanderearen lana deitzen zaio. Lan horiek zirkularki egiten dira; egun batean, txabola garbitu, hurrengoan ardiak jetzi, eta azkenean gazta egin; zirkularra denez, denek egiten dituzte lan guztiak, beraz, berdintasunezko gizartea da; inor ez da inoiz inoren gainetik jartzen. “Üngürü” esaten zioten, horrela, zirkuluan egiten zutelako.
Auzolana ere oso garrantzitsua zen eta markatuta zegoen baita ere, lehen auzoa zein zen, bigarrena, zerbait izanez gero nora jo behar zuten… hori guztia arautua zegoen. Sandra Ott handik hamar urtera itzuli zen Santa Grazira, eta dena oso aldatuta ikusi zuen. Oso azkar ematen ari dira aldaketa horiek, urte luzez iraun eta gero.
Bizirik irauteko gakoak zein diren asmatu beharko genuke. Zeintzuk dira?
Bat euskara da zalantzarik gabe, euskara bizia. Euskara bizirik egoteko, Euskal Herriak gauza interesgarriak dituela ere erakutsi behar da. Ez da euskara ikaste hutsa, baizik eta horren inguruan dagoen guztia.
Aldaketak oso azkar gertatzen ari direla aipatu duzu. Nola presta ditzakegu ikasleak mundu globalizatuak dakartzan erronkei eta zailtasunei aurre egiteko?
Nik uste dut Euskal Herriaz ari garenez, Euskal Herriak historian erakutsi dituen elementu baliagarrien inguruan zerbait lantzea, eta horren bidez balioak aldaraztea beharrezkoa dela. Gazte asko kutsatuta daude dagoeneko eta baloratzen duten gauza bakarra kontsumoa da, aisialdian edatea… Zentzu horretan, ez euskarak, ez euskal balioek ez dute lekurik, eta hori da aldarazi behar dena. Balio batzuk beste batzuk baino aberasgarriagoak dira eta horiek erakutsi behar zaizkie. Gazteak batzuetan ez daude pozik egiten ari diren bizimoduarekin, eta gurasoak, gainera, askotan beste arazo bat dira, sartu den lehiakortasunarekin ikasle askok ez baitute ezertarako denborarik izaten, denbora guztia hartuta dute; ingelesa dela, musika dela… Hori ere aldarazi behar da, balioak aldarazi behar dira eta garbi izan behar dugu ikasketez gain, haurrek eta gazteek aisialdirako denbora izan behar dutela, eta jolasten ere ikasi behar dutela.
Zein dira bultzatu beharreko balio horiek?
Geure buruarekin gustura bizitzeko solidarioa izatea, konsumista ez izatea, sartu diren hainbat elementu baztertzea, ingurukoei laguntzen jakitea… ezinbestekoa da. Hori guztia berreskuratzea oso garrantzitsua da.
Emakundek euskararen erabilera sexistaren inguruan egindako txostenak eta gidak ahotan izan ditu Alizia Stürtzek, izan ere ez dago ados elkarteak egiten duen balorazioarekin: “Euskaran sexismoa dagoela diote, eta hitanoa baztertu beharra ere aipatzen dute, baina nik uste dut hori, hitanoa ez ulertzea, eta euskararen arima ez ulertzea dela. Horrelakoetan ere islatzen da zenbat gauza galdu ditugun geure nortasunaren inguruan”.