ITSAS GELA Pasaian. Tarte batez marinel izateko aukera

2008-10-01
Joan den udan batek baino gehiagok jango zituen marmitako goxoren bat edo sardina erreak, ziur. Baina, mahai aurrean esertzean, gutxitan pentsatzen dugu jaki horiek guregana iristeko beste pertsona batzuek zenbateko lana egin duten. Helburu hori du, hain zuen ere, Itsas Gelak, arrantzaleen lana eta itsasoko bizimodua eta bizitza jendeari ezagutaraztea, baita txikienei ere, gaztetatik itsasoarekiko maitasuna eta ingurumena errespetatzearen aldeko jarrera izan dezaten. 
 
 
Duela bost urte abiatu zen Itsas Gela sortzeko egitasmoa, baina duela hiru urte bisita daiteke  Mater ontzia. 33 metroko luzera duen Getariako baxura ontzia da Mater ontzia, egurrezkoa. Baina jabeek, 12 urtez Kantauri itsasoan eta Atlantikoan lanean aritu ondoren, itsasontzi handiagoa egin nahi zuten, metalezkoa, eta ontzia hondoratzeko asmoa zuten. Orduan, Itsas Gelakoek hartu, jendea bertara sartzeko egokitu, hezkuntza eta ikerketarako itsasontzi eskola bihurtu, Pasai San Pedrora eraman, eta bertan zabaldu zituzten Mater ontziaren ateak.
Itsasoarekiko begirunea, babesa, ikasketa eta, batez ere, gozamena sustatu nahi ditu Itsas Gelak. Eta gerturatzen direnek itsasoaren egoera, arrantzaleen bizimodua eta ohiko arrantza leku eta teknikei buruzko informazioa jasotzea nahi dute arduradunek.
Izaskun eta Sonia aritzen dira bertan lanean. Ikasle talde ugari hurbiltzen zaizkie, eta askotariko jarduerak eskaintzen dituzten arren, eskari handiena duena bisita didaktikoa da, itsasora hurbiltzeko baliabide ezin hobea baita. Horrelako itsasontziek nola lan egiten duten azaltzen dute, Materren aritu ziren arrantzaleek nolako arrantza teknikak erabiltzen zituzten; sarea, kanabera… Eta jakina, itsasontzian egote hutsa abentura handia da txikienentzat.
Arrantzaleen bizitza eta lana
Lehenik, brankan aurkezpen orokorra egiten dute, eta itsasontziko arauak aipatzen dituzte: ezin da korrika egin, ezin da karelera igo, eta kapitainak esandakoa bete behar da, hark agintzen baitu. Taldeak handiak direnean, bi edo hiru azpitaldetan banatzen dira, ontzia ongi ikusteko, eta txandaka joaten dira ontziaren zatiak ezagutzen. Ondoren, talde batek zubia eta bertako tresna bakoitzak nola funtzionatzen duen ikusten du. “Esaterako, lema edota sonarra zer diren azaltzen diegu; eta azken horrek, arrainak atzemanez gero, jo egiten duela… Ondoren, sukaldera joaten gara”, esan digu Izaskunek. Beste talde bat gainaldean egoten da, eta arrantzan erabiltzen diren hainbat teknika ikusten dituzte. Horrekin batera, Mater itsasontzian, baxurako ontzi guztietan bezala, sarea ababorretik botatzen dela ikusten dute, bertan baitituzte sarearen sokak igotzeko makinak eta sarea igotzeko aladorea. Talde horrek popako sotoa ikusten du, eta bertan, itsas mundura hurbiltzeko jolasa egiten dute. Azken taldeak bideoa ikusten du brankako sotoan, Izaskunek azaldu digunez: “Sei minutuko bideoa ikusten dute. Sarearekin nola lan egiten den azaltzen du bideoak, eta nola sartzen dituzten sardinak edo arrain txikiak haztegietan, ondoren, hori beita moduan erabiltzeko. Beita zaintzea zeinen garrantzitsua den ere azaltzen dugu; arrantzaleek jaten eman behar diete arrain txikiei, eta zaindu egin behar dituzte, hil ez daitezen; bizirik egon behar dute, gero, amuetan jarri, eta atuna edo hegaluzea arrantzatzeko. Atuna edo hegaluzea harrapatu ondoren, hozkailuan nola sartzen duten ikusten da, eta gaur egun mahaia eta telebista dituztela baina, garai batean, arraina, haiek dauden leku horretan bertan gordetzen zela esaten diegu”.
Taldeek itsasontzian lo egiteko aukera ere badute; egunean zehar Itsas Gelaren programaren barnean dauden jarduerak hautatzen dituzte; eta ondoren, gauean, Mater ontzian egiten dute lo.
Ikasleek eta Mater ontzira gerturatzen den orok, tarte batez marinel sentitzeko aukera du, edo behintzat, lanbidea gertuagotik ezagutzekoa. Itsasoa zaintzea eta maitatzea da Itsas Gelaren helburua, etorkizunean geure ingurumenaren egoera hobea izan dadin.
Jarduerak:
> Bisita didaktikoa
Euskal arrantzaleen bizimodua, arrantza tresnak… ezagutzeko aukera ematen
du.
> Itsas lantegiak
Itsasoarekin harremana duten gaiak era praktikoan lantzeko aukera.  
Itsas bioaniztasuna
Unitate didaktikoak: Itsasora hurbilduz - Itsasoko bizitza aztertzen - Arrainen mundua - Itsas ekosistemak - Itsas botanika - Itsas zoologia
Itsasertza
Unitate didaktikoak: Gure itsasertza ezagutzen - Itsasertzaren erabile- ra eta kudeaketa
Arrantza
Unitate didaktikoak: Arrantzan ikasten - Arrantza industria - Arrantza teknikak - Arrantza baliabideen kudeaketa
Itsas historia eta itsasketa
Unitate didaktikoak: Boga-boga marinela - Marinela egun batez - Giza- kia eta itsasoa - Euskal Herriko itsas historia - Itsasketara sarrera - Pa- saiako itsas historia
Ingurumena eta kutsadura
Unitate didaktikoak: Gizakia eta ingurumena - Gure itsasoaren ingu- rune osasuna
Ozeanografia eta klima
Unitate didaktikoak: Itsasoaren mugimendua - Meteorologiari sarrera - Ozeanografiari sarrera
> Itsasora irteerak
Lantegien edukiak lantzeko aukera ematen du, itsasora irtetearekin batera.
> Kostako txangoak
Hainbat ibilbideren bidez ingurua ezagutzeko aukera ematen du.
> Txango motzak
Pasaia historikoa - Platako itsasargia - Pasaia itsastarra - Kala Bursa ezagutuz
> Txango luzeak
Jaizkibelgo ingurumena - Ulia didaktikoa
> Itsastar gaua
MATER ontzian lo egiteko aukera ematen du. Gehienez, 25 pertsonako taldea.