Zer egin dezakegu eta zer egin behar dugu eskola gizartera gertura dadin

2009-01-01
Kexati daude ekonomia eta politika arloetako hainbat arduradun; izan ere, eskolan nahiz unibertsitatean ez omen dugu euren gustuko profesionalik (ez dute aipatzen “pertsona integralik”) prestatzen. Labur ez bada ere, ohartxo bat egin nahi nioke baieztapen horri, esanez Espainian nahiz Euskadin XX. gizaldian izandako irakaskuntza ofizialarekin bat eginez gero, paperean idatzita dotore geratzen diren printzipioetatik at, konturatzen garela gizarteak hezkuntzari atxiki dion funtzio garrantzitsuena zera izan dela: karrera unibertsitario edota prestigiozko beste titulu bat lortzeko hoberenak aukeratzea. Hau da, bi hitzetan esanda, kalitate profesionala izan da lehentasuna, eta gutxiago, beraz, gure neska-mutilen beste formazio balio batzuk, garapen pertsonalarekin hain hertsiki lotutakoak. Baina, artikulu honen galdegaia ez da ea eskolan edota unibertsitatean garrantzitsuago den pertsona formatzea, edo aditua, edo aditu-pertsona, edo pertsona-aditua… Beraz, airean lagako dut eztabaida posible hori hurrengorako.
 
 
Artikuluaren izenburuari erreparatuz, bi norabideko galdera baten aurrean ez ote garen ere susmoa dut; izan ere, eskola gizartera hurbiltzeko eskaera egiten zaigun bezala, ahalegin ona bezain interesgarria izan daiteke gizartea bera ere eskolara hurbiltzea, ez hitzezko asmotan soilik (sarri komunikabideetan azaltzen direnak), baizik eta ekintzetan oinarritutakoak.
Galdera arrunt baten aurrean ere ez ote gauden pentsatzen dut, gizartearen eta eskolaren arteko elkarrekintza behar-beharrezko ikusi dudalako betidanik, baina badirudi erritmo kontuak tartean edo, elkartzeko puntua topatu ezinean gabiltzala aspaldidanik.
Sintonia ezaren errudunak, agian, gaurko gizartean gero eta bizkorrago gertatzen diren aldaketak izan daitezke. Gaur, aldaketak ez dira garai batean bezala belaunaldi batetik besterakoak; une honetan, belaunaldi berean gertatzen direlako, hain zuzen ere. Eta gu horren lekuko gara. Beraz, gaur bizi ditugun aldaketak ez dira gure gurasoek bizi izandakoen tankerakoak, hau da, leunagoak, lokalak edota uneko egoeraren araberakoak, baizik eta gero eta gogorragoak, zabalagoak (globalak ez esatearren) eta estrukturalagoak, eta gizartearen hainbat arlotan edota eremutan eragina dutenak: bai industrian, bai, nola ez, informazioan eta komunikazioan, bai gizarte ohituretan eta balioetan, eta, zalantzarik gabe, baita familia ereduetan ere.
Beraz, egoera berri horren eraginez, hezkuntza prozesua ingurunearekin lotzera derrigortuta gaude, hura ulertu nahi badugu; alegia, ingurune horren beharrei eta interesei, eta, bereziki, ingurune horretako kideen beharrei eta interesei, erantzuna ematera. Horrekin guztiarekin, bada, ingurune horrek eskolaren eginkizunetako testuingurua eta mugak ezartzen dituela ondoriozta genezake.
Baina, eskola batez ere hezkuntza denez, abia gaitezen geure buruari hezkuntza aipatzean zer ulertzen dugun galdetzen. “Hezkuntza” esatean, gizataldeek antolatutako ekintza gurariazkoak, hau da, ez bat-batekoak, baizik eta asmoa eta helburuak dituzten ekintzak, aipatzen ditugu. Palacios adituaren (1999, 408. or.) hitzak erabiliz, “gizataldeek, hainbat hezkuntza-praktikaren bidez, beren kideei kulturalki antolatutako esperientzia asimilatzen eta aldi berean kide aktibo eta kultur sorkuntzarako eragile bihurtzen laguntzen diete”. 
Arestian aipatutako esaldi horretan, “kultura” omen da hitz gakoa. Baina nola ulertzen dugu kultura hezkuntzan barna? Bada, gizataldeek historian zehar metatutako esperientzia multzo gisa. Bere esanahia, argiagoa agian, Palaciosen (1999, 408. or.) ahotan dugu berriro ere: “Kultura kontzeptua hemen zentzu zabalean hartu dugu, hainbat alderdi bilduz: kontzeptuak, azalpenak, arrazoiketak, hizkuntza, ideologia, ohiturak, balioak, sinesmenak, sentimenduak, interesak, jarrerak, jokabide-jarraibideak, familia, lana edo ekonomia antolatzeko moduak, habitat-motak, eta abar. Historian zehar gizataldeek erronka eta zailtasun asko izan dituzte eta horiei aurre egiteko talde-erantzunak sortu izan dituzte. Horrela metatutako esperientziak osatzen du talde horien kultura”.
Arestian aipatutako kulturaren alderdi ugari horiek betetzeko, ekimen berezia sortu da gizarte konplexuetan: eskolatze prozesua, hain zuzen. Horrenbestez, hezkuntzak jarduera-multzo bat hautatzen du, jarduera horien bidez talde bateko kideak historikoki metatutako eta kulturalki antolatutako gizarte-esperientziaz jabetuko direla bermatzeko. Hezkuntza-jarduerak hainbat modutan antolatuko dira, ezagutza kulturalaren tamaina eta eduki zehatzaren arabera.
Baina zein funtzio betetzen ditu (edo bete beharko lituzke, agian) eskolatze prozesuak (hezkuntzak)? Bi omen dira: indibidualizazio eta sozializazio funtzioak. Azkenekotik hasita, sozializazio funtzioak gizarte baten kulturaren transmisioa ziurtatzen duela esan behar da, hau da, kulturalki antolatutako esperientziak transmititzea. Horren bidez, eskolak gizabanakoa gizartearen kide bihurtzea eta, beraz, sozializatzea lortu nahi du.  Horri transmisore funtzio ere deitu izan zaio. Baina, funtzio hori eskolari al dagokio soilik? Gure haurrek jasotzen duten lehendabiziko sozializazioa, eta, beraz, lehendabiziko kulturaren aztarnak, etxetik datozkie. Izan ere, gurasoek, aitona-amonek… familiak azkenean, izaera, hizkuntza, ohiturak, balioak, sinesmenak… transmititzen ditu. Transmisio hori ziurtatzea oso garrantzitsua da haurrentzat, eta familia da (edota izan beharko litzateke) hori ziurtatzeko lehen erakundea; ondoren, eskolak hartzen du zeregin berezi gisa gizarte baten kultura transmititzea. Horren arabera dator eskolatzearen bigarren funtzioa, indibidualizazioarena, hain zuzen ere. Haren bidez, eskolak gizartearen kide aktibo, kritiko eta sortzailea bihurtu nahi du gizabanakoa, haren garapen pertsonal osoa bultzatuz. Santos Guerrak (2000, 23. or.) Stenhousen ideia bat erabiliz esaten duen bezala, kultura ezagutu behar da ez berak gu menperatzeko, baizik eta kritikatzeko eta eraldatzeko. Gaur egun, gainera, gero eta beharrezkoagoa da hori.
Eta zer esan, bada, eskola eta hezkuntzaren arteko harremanei buruz. Eskola eta hezkuntza krisian daude, agian, gizartea bera ere krisian dagoelako. Horrekin esan nahi da, hezkuntzaren alde humanistikoarekiko soka eten bada, hori, gizartea bera ere gizatasuna galtzen ari delako izan dela. Alegia, eta Mario Fernández Enguitaren (http://enguita-info.blogspot.com/ 2008/07/el-desafo-de-la-educacin-en-la-sociedad.html) hitzak erabiliz, gizarte-hezkuntza binomioaren beste norabidea adierazten digu. Hala, gizartea bide “onetik” eramateko eskolak eta hezkuntzak duten gaitasunaz ari denean, Enguitak galdetzen du ea ez ote daraman gizarteak eskola nahi duen lekutik, eta ez ote duen erabiltzen nahi duen moduan, eskolak berak gizartea zuzendu beharrean. Balio al du eskolak zeregin eraldatzaileetarako? Hezkuntzaren gaurko ‘zertarako’ sakonak dira kolokan jarri direnak. Eskola eta hezkuntza ez daude gizartetik at, ezta gutxiago ere. Eskola eta hezkuntza gizarteko joeren parte dira, ezinbestean. Haien ispilu gisa hartu behar dugu eskola. Beraz, baliteke gakoa ez egotea eskolan eta hezkuntzan, gizartean baizik. Baina eskolari dagokio, apaltasunez eta gizarteko eragileetako bat den heinean, gizarteko mugimendu eta balio aurrerazaleak indartzen laguntzea, eta kaltegarrien aurka jardutea. Eta ez da gutxi. Egokitzapenaren eta eraldaketaren arteko gatazkaz kontzientzia hartzea da funtsezkoena, dialektika horren garrantzia ur azalera ekartzea, soilik bide horretatik administratu ahal izango dugulako berau modu egokian.
Eskolari dagokio, besteak beste, gizartearen gustukoak ez diren alde ilunak erakustea1. Hortxe identifikatzen dugu hezkuntza mundutik gizarteari egin dakiokeen ekarpenik interesgarrienetakoa. Eskolak, bestelako gizarte eragile batzuekin batera, pertsonaren baitan balio hezitzaileak eraikitzen lagun dezake, gizarteko joera kaltegarriak saihestu eta aurrerazaleak (gizazaleak) indartzeko bokaziotik, hain zuzen. Gizarte testuinguru erabat dinamikoan, osagai gizatiarrak identifikatzea eta gizakiaren alde egiten duten balioak indartzea eskolari dagokio batez ere. Motibazio orokor horretan kokatu nahi dut, bada, eskolaren eta hezkuntzaren gaurko zeregina.
Beraz, eskolak eta hezkuntzak gizartearen aurrean duten zeregin garrantzitsua justifikatu nahian, badirudi eskolan dihardugunok testuinguru teoriko sendo baten jabe garela, nahiz eta gizarteko hainbat eragilek beste diskurtso ezkorrago bat izan. Beraz, zer egin dezakegu eskola gizartera gertura dadin? Nahikoa ote da gure hezkuntza planteamenduetan inguratzen gaituen gizartearen nahiak, kezkak eta erronkak eskolaratzea? Eta hori balitz konponbidea, nola gauzatu?
Osatzen dugun hezkuntza komunitateaz hitz egiten dugu sarri. Komunitateaz dihardugunean hezkuntzako gizarte eragileen parte aktibo eta zuzena esan nahi dugu, irakasleei haurren nahiz gazteen heziketan duten ahalmen esklusiboa kenduz, nolabait esateko, eta zeregin hori komunitatearekin partekatuz (inklusiboa). Beraz, badirudi horrela bi norabideko zeregina duen hezkuntza (eta eskola) lortzen dugula, arestian esan dudanaren ildotik. Baina, gaurko garaiek agian ez dute bide hori gehiegi errazten, egunerokotasunak irentsi egiten gaituelako. Dena den, ikastetxeetako organo (Eskola Kontseilua, Zuzendaritza, Klaustro) nahiz eragileek (irakasle, langile, udal ordezkari) bidea erraztu beharko dute egitasmo hori egia izan dadin. Alegia, eskolatik hurbilen dauden eragileak hurbildu beharko dituzte, eta gizarte horretan dauden nahiak, kezkak, erronkak eskolan irauli.
Baina beste gauza batzuk ere egin daitezke eskola barrura begira, nahiz eta bertako ateak eta leihoak kanpora zabalik izan:
• Curriculumak ireki. Urtero gainbegiratu, eta une horretan bizi den gizartearen errealitatearekin bat egin. Adin bakoitzari begira, aproposak diren helburu eta edukiak aukeratu, eta horiek garatzeko baliabide egokiak erabili. Nahi beste denbora eskaini gaiei, eta diziplinen artekoa aplikatu.
• Testuliburuak era kritikoan aukeratu eta erabili. Gehiago erreparatu behar diogu era masiboan erabiltzen den bitarteko horri. Askok ez dute loturarik egun bizi ditugun garaiekin eta batez ere norberaren kulturarekin eta errealitatearekin. Aldi berean, deskripzio soilean oinarritutakoak baztertu behar dira, eta bat egin eztabaida, esperimentazioa nahiz hausnarketa eskaintzen dutenekin.
• Metodologia aktiboen bidea landu. Haurrek eta gazteek gizarteaz dituzten kezketatik abiatu, eta estrategia kooperatiboak bultzatu.
• Gertukoak direnetik abiatuz, askotariko dimentsioak aplikatu. Alegia, gureak diren kezketatik hasiz, dimentsio europarra eta mundu mailakoa erabiltzen ikasi, eta horretarako informazio eta komunikazio teknologiek eskaintzen dizkiguten abantailak erabili.
• (…)
Guk geuk, Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, tratamendu berezia eskaintzen diogu eskola eta gizartea uztartzen dituen esparruari, baina ezinezko bikote gisa hartzen ditugulako. Binomio horretan kontzientziatu eta hezi nahi ditugu gure ikasleak, eta hezitzaile lana (transmisioan oinarrituta) izango duten etorkizuneko irakasleei, eskola eta gizartearen arteko sintoniak garrantzia handia duela adierazi nahi diegu; zeinen garrantzitsua den batak besteari markatutako “bidaia orria” diseinatzea. Horretarako, iparrorratz ona jarri nahi dugu haien esku -orain, GPS-, irakasle hezkuntza curriculumean “Eskola eta Gizartea” izeneko bi modulu espezifiko eskainiz; bata, lehen mailan eta bestea, bigarren mailan. Abiapuntua eta helburua argiak direlakoan gaude: gertuago duten gizartetik abiatuz, egungo gizartearen eta eskolaren deskripzioa, azterketa, interpretazioa eta hausnarketa ahalbidetzea. Eta bide batez, eskola gizarteratu gizartea eskolatuz •
Iturriak
- FERNÁNDEZ ENGUITA, M: El desafío de la educación en la sociedad del conocimiento, Confederación Sindical de Comisiones Obreras, Gaceta Sindical, Reflexión y Debate, 10 de julio de 2008, 2008.
- MU-HUHEZI (Mondragon Unibertsitateko, Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea). Mendeberri Proiektua: 1.1. Modulua: Eskola eta Gizartea (hainbat dokumentu). Tutoreak: Karmele Perez, Ainhoa Moiua, Iñigo Arteatx, Julen Arexola-Leiba, Iñaki Garcia eta Iñigo Ramirez de Okariz. 3.1. Modulua: Ikastetxearen Antolamendua. Talde dinamika. Gurasoak eta irakasleen papera heziketan (hainbat dokumentu). Tutoreak: Aitziber Arregi, Edurne Galindez, Juanjo Otaño, Joxe Amiama eta Iñigo Ramirez de Okariz.
- PALACIOS, J.: Garapen psikologia eta hezkuntza prozesuak, Palacios, J., Marchesi A., Coll c. (bilduma), 1999: Garapen psikologia eta hezkuntza, I Psikologia Ebolutiboa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo, 1999.
- SANTOS GUERRA, M.A.: La escuela que aprende, Morata, Madril, 2000.
- ZABALA VIDIELLA, A.: La práctica educativa. Cómo enseñar, GRAÓ, Bartzelona, 2007.
1 2007ko inkesta baten arabera, ingurumenarekin lotutako arazoak dira kezkagarrienak 6 urtetik 17 urtera bitarteko haur eta nerabeen % 30entzat. Ondoren datoz gerrak (% 23) eta pobrezia (% 16). Iturria: “Los niños ya no quieren ser como papá”, El Mundo, 2007/02/20.