Zure liburu baten izenburuan diozun modura, beharrezkoa al da hezkuntza aldatzea mundua aldatzeko?
Jakina. Mundua aldatzeko era bakarra pertsona askoren kontzientzian aldaketa bultzatzea da; ziur naiz. Guztia buruaren atzetik doa, geure portaera geure gogoaren araberakoa da, eta munduaren portaera haren gogoaren araberakoa da. Beraz, guztion burua hobetu behar dugu, eta ez dut uste hori egiteko gai den erlijiorik dagoenik, zeren pertsonak esaerak dioen bezalakoak dira: asko dira deia jasotzen dutenak, baina gutxi aukeratuak. Norberaren burua hobetzeko, lan handia egin behar da. Diziplina behar da, eta aukerak behar dira, laguntza behar da, denbora behar da. Ez zait iruditzen psikoterapiak pertsonen kontzientzia asko hobetuko duenik, prozesu zaila baita eta, gaur egun, pertsonek ezin dute psikoterapiaren kostua ordaindu… Dena oso garestia da. Psikoterapeutek ere bizi behar dute, baina bezeroak gero eta harrapatuago daude lansariak gero eta baxuagoak diren mundu honetan… Pertsonak inplizituki esklabo bihurtzen dituzten lanak dira, non ordu asko eta asko lan egin behar den gaurko munduan biziraun ahal izateko.
Beraz, uste dut lan hori soilik hezkuntzak egin dezakeela. Haurtzaro goiztiarrean kontzientziaren degradazioari aurre har dakioke. Bereziki, hezkuntzak gaur egun eskaintzen diguna gerarazi behar dugu. Eta hori, nik ikusten dudanez, gauza zurruna da, pertsonen hazkuntzan inolako eraginik ez duen informazio sinplea besterik ez. Hazkuntza behar dugu; pertsonen buruak sakonagoak izatea eta pertsonek euren burua topatzea behar dugu. Pertsonak zoriontsuak izan daitezela gizarte zoriontsu bat lortu aurretik.
Hezkuntza berriro definitu behar da. Berriro definitu, bestelako esanahia izateko. Esanahia, ez soilik jarraibideak jartzeari dagokionez, baizik eta pertsonak izaki oso gisa garatzen laguntzeko esanahia. Bihotza duten pertsonak, eta sena haiengan integratuta duten pertsonak, zeren berezko jakituria dugu, eta hori gabe ez gara osoak, ez gaude osasuntsu.
Aipatu izan duzu gure hezkuntza zentzugabea dela eta hezkuntza formala eta tradizionala denbora galera dela. Horrez gain, hezkuntzak krisia bizi duela diozu…
Bai. Eta adierazpen horiek ez ditut nik soilik baieztatzen. Hezkuntzak krisia bizi duela edonork ikus dezake, egunkarietan irakur daiteke uneoro. Gazteek erakutsi dute ez dutela hezkuntza gisa eskaintzen zaiena onartzen. Horren kontrako erresistentzia egiten dute eta ez dirudi interes handirik dutenik, edo hori onartzeko gogo handirik dutenik. Badirudi agintariek definitzen duten norabidean heziak izateari uko egiten diotela.
Hezkuntza, ezagutzen dugun moduan galera dela Ivan Illich-ek esan zuen, era zentzudunean. Hark “deschooling”-aren (deseskolatzea) proposamena erabili zuen: uste zuen pertsonak beren bizitzan denbora asko sistema autoritario batean leloen moduan tratatuak zirela, eta familiengandik eta eguneroko bizimodutik bananduak izatera behartuta zeudela, eta horretara behartuta egongo ez balira askoz hobeto egongo liratekeela.
Nik uste dut hezkuntza oso suntsitzailea dela, baina hezitzaile gisa trebatu diren pertsonek ezin dutela hori ikusi. Hain zuzen ere, prestakuntza horren bidez, gauzak tradizioak nahi duen erara edo sistemak nahi duen erara ikusteko prestakuntza jaso dutelako.
Dugun buru mota iraunarazteko diseinatu da hezkuntza, eta okerreko uste batean oinarritzen da: dugun buru mota zerbait ona da. Ez du kontuan hartzen, dugun buru mota hori dela munduaren benetako arazoa. Gu gara munduaren arazoa.
Hezkuntzaren helburuak ez luke gure kontzientzia arruntaren erreprodukzioa izan behar. Gizadiaren kontzientzia hala-holakoaren erreprodukzioa. Baina bai, bestelako zerbait egitea gu pertsona hobeak izateko.
Eskolan “holismoa”ren beharra proposatzen duzu. Azalduko al zeniguke kontzeptu hori?
Holismoak esan nahi du garen guztia heztea. Beste hitz batzuetan: heziketa osoa izatea. Ez soilik heziketa intelektuala. Gure maila guztiak heztea. Gorputza, emozioak eta adimena gara… eta horiek guztiak baino sakonagoa den zerbait. Tradizionalki “espiritu” deitu izan den zerbait. Eta, gaur egun, alderdi transpertsonala deitzen dena. Heziketa fisikoa jaso beharko genuke, heziketa emozionala jaso beharko genuke, eta, hala deitu nahi izanez gero, bihotzeko heziketa ere bai. Heziketa intelektuala jasotzen dugu, baina soilik kanpoko munduaren gainean irakasten saiatzen dira. Eta hori barne komunduari buruz gehiago irakasteko erabili beharko litzateke. Hori guztia motz gelditzen da kontzientzia dei dezakegunarekin alderatuta. Gaur egun ez dugu kontzientziaren heziketarik. Pertsona askok ez dakite kontzientzia deitzen den eta behatu eta garatu behar den zerbait existitzen denik ere. Pertsona gehienek ez dakite euren bizitza espetxeratutako bizitza baten antzekoa dela. Oso muga estuen barnean garatzen den bizitza da, baina pertsonak hortik aska daitezke. Haien buruak aska daitezke, euren esperientzia eremua zabaltzeko. Eta gauzen ikuspegi zabalagoa izateko.
Giza garapenerako batez ere intelektuala izango ez den heziketa behar dugula diozu, ez dadila informazioa transmititzera mugatu eta nagusitasun afektiboa izan dezala, ez dadila izan obedientziarako entrenamendua, eta gizakiarengana izaki oso gisa bideratu dadila.
Hori da zehazki esan dudana, zuk obedientziaren alderdia gaineratu diozun arren. Uste dut garrantzitsua dela hezkuntza zein puntutaraino autoritarioa den begiratzea, zeren hain ohituta gaude den eran ikustera, ez baitugu ikusten obedientziara bideratutako heziketa dela. Pertsonen askatasunean esku hartzen duen heziketa dela.
Hala ere, demokrazian sinesten badugu, gizaki askeen garapenaren laguntzari arreta eskaini behar diogu. Bestela, demokrazia etiketa hutsa izango da, iruzurra. Demokraten heziketarik gabeko demokrazia, iruzur moduko bat da. Pertsonek diren eran izaten ikasi behar dute, besteekin egonez, eta besteekin era jatorrean izan behar dituzte harremanak.
Hezkuntzak nola harmoniza ditzake garunaren hiru zatiak: arrazoia, emozioak eta sena?
Bi eratara, esango nuke. Lehenik, horietako bakoitzari dagokion espazioa eskainiz. Ez egin beste guztia estaltzeko moduko gehiegizko eskaera intelektualik. Horrek ez dio espaziorik uzten sentimenduen edo harremanen bizitzari… Eta bizitzen ikasteari.
Sena aipatu dugu, eta nik sentitzen dut heziketak, alde horretatik, akats baten kontra joan behar duela. Gure zibilizazioaren zati den eta hedatuta dagoen gaixotasun moduko baten kontra. Zibilizazioa (duela sei mila urte gutxi gorabehera) naturaren eta barne naturaren kontra altxatu zen. Zibilizazioak natura menderatu nahi du. Eta, pentsatzen da, guk geuk geure burua menderatu behar dugula. Hori lortzeko otzandu gaituzte. Ez gaude gure senarekin harremanetan, geure sen osasuntsuarekin harremanetan. Esan dezakegu ez gaudela gure barneko haurrarekin harremanetan. Haurraren naturaltasuna lurperatu dugu, eta baita dugun sen osasuntsuaren naturaltasuna ere.
Beraz, hezkuntzaren zati batek gaur egun psikoterapiaren lana dena txertatu behar du. Psikoterapeutek giza sufrimendua baretzen dute, alde horretatik errepresioa baretuz. Pertsonei nahi dutena jakiten laguntzen diete, eta oinarrizko beharrak eta desioak izateko eskubidea dutela sentitzen laguntzen diete.
Geuk, kultura gisa, geure beharrak eta desioak kriminalizatu ditugu, erreprimituegiak gara. Eta hezkuntza autoritarioa da, hori betikotzen duen neurrian. Guztiak bare eta isilik egonarazten ditu. Arau batzuekiko esaneko, esanekoegi, gure gizatasuna pobretzeraino.
Beraz, oinarrian hau esaten ari naiz: gizaki oso bihurtzeko era, gure bizitzako alor bakoitzarentzat espazioa izatean datza.
Bigarrenik: atentzioaren edo neutraltasunaren auzia. Meditazio hitza ere erabil daiteke. Norberaren burua lekuko neutral gisa ikusteko gai izatea. Hori ezohikoa da eta gaur egun ez da irakasten, tradizio espiritualetan izan ezik. Dena den, konturatzea harmoniarako oinarria da. Harmonia eskaintzen duen alderdia. Konturatzeak, gatazkak konpontzea ahalbidetzen du. Kontziente ez garenean, konturatzen ez garenean, gure alderdiak borrokan daude, eta pertsona itsuak iluntasunean elkarri kolpeka ibiltzea bezala da. Argia dagoenean, gure alderdi guztiak lerrokatu egiten dira. Berez.
Beraz, hezkuntzaren zati batek pertsonei une horretan presente egoten erakutsi beharko lieke. Ez soilik horri edo besteari arreta eskainiz, baizik eta mementoko esperientziari arreta eskainiz. Barnean gertatzen ari denaz konturatzea, beste hitz batzuetan, jabetzeko gai izatea. Eta ez robot bihurtzea.
Nola ikusten duzu maitasunean onarritutako edo maitasunera bideratutako heziketa?
Modurik sinpleenean erantzungo dizut: bihotz ona izatean datza. Edo adeitasuna izatean. Galdera aldatu egiten da: nola hezi pertsonak onak izan daitezen, ez dezaten, berez, erresuminik izan, ez daitezen mendekatiak izan edo ez daitezen besteekin haserre egon. Gaur, oso ongi dakigu onginahi hori ezin dela soilik asmo onekin edo sermoi edo idealen bidez lortu.
Psikologia pixka bat behar da. Gaur egungo garapen psikologikoak gorrotoa gaixotasun bat dela jakiteko bidea ematen du. Gure haurtzaroan ezarritako zerbait da. Eta ezaba daiteke, ulermen egokiaren bidez. Batzuk besteekin haserre gaude, berez, harremana izan genuen lehen pertsonekin, hau da, gure gurasoekin, haserre gaudelako. Eta gurasoekiko haserrea, nahiz eta haien borondatea ona izan eta intentzio onenak eduki, haiengandik jaso dugun tratu bortitzari ematen diogun erantzun naturala da. Hitz batean, geure kulturaren, geure zibilizazioaren isla garelako. Haiek gurasoak izan zituzten, eta guraso horiek, beste guraso batzuk. Beraz, badirudi guztiok garela belaunaldiz belaunaldi pasatzen den gaixotasun baten eramaileak. Besteekin haserre gaude, Freudek erakutsi duen moduan, funtsean gure gurasoekin haserre gaudelako. Gurasoekin dugun harremanean zerbait konpondu behar da. Hori, hezkuntzan txerta litekeen esku hartze terapeutikoaren antzeko zerbait da. Behintzat, nerabezaroan, atzera begiratzeko nahiko bizitza badenean.
Maitasunaren hezkuntzari buruz esan daitekeen gauza bat da hori. Baina nik ikusten dut maitasuna ez dela gauza bakar bat, hiru gauza baizik. Maitasun era bat ontasuna da, bihotz ona izatea. Maitasunaren beste forma bat mirespena edo begirunea da. Eta maitasun era hori ere garrantzitsua da, nahiko begirunerik ez badago, bizitza asko pobretzen delako. Pertsonak estimatzen ez baditugu, pertsonak interferentzia bihurtzen dira. Ez bagara gauzei gorantz begiratzeko behar adina txiki egiten, ez dugu gauzen alde miragarria ikusiko. Gaur egun jendeak hauxe esan nahi du: ikus ezazu zeinen handia naizen. Eta hori negozio txarra da. Askoz ere hobea da besteen handitasuna ikustea.
Eta hirugarren bide bat dago, maitasunaren hirugarren era bat: alaitasuna maitasunaren alderdia da. Pertsona gehienek arazoak dituzte alaitasunarekin, dibertsioarekin, eta gehienek euren alaitasuna erreprimitzen ikasi dute. Alaitasuna gutxiesten ikasi dute, eta beste gogoeta batzuen atzetik jartzen. Askotan komenentzien, errekonozimenduaren edo harrokeriaren atzetik jarri izan da, horrela, behin eta berriz. Maitatua izatearen desioa, besteen laztanak jasotzea edo beste batzuen erakarpen erromantikoa ere, horien atzetik jarri dira. Gozatzeko nahikoa gaitasunik ez dagoenean, bizitza erlijiosoak, debozio bizitzak ere, ezin du arrakastarik izan. Alaitasunak eta gozamenak gure ekintza guztietan presente egon behar dute. Eta pertsona gehienak ez dira konturatzen alaitasunaren atal hori galdu egin dutela. Alaitasuna, musikaren bidez, dantzaren bidez, kutsaduraren bidez, balioespen egokiaren bidez, duen garrantziaren errekonozimenduaren bidez landu behar da. Gaur egun, hezkuntza, leku beldurgarria da alaitasunarentzat. Irakasleek ere ez dute ulertzen haurrek zoriontsuak izan behar dutela, eta ez dute ulertzen heztea besteak zoriontsu egiten saiatzea dela. Hezkuntzak gogorra izan behar duela suposatzen da…
Baina, gazteei ematen zaien hezkuntza hobetzea lan munduan abantaila gehiagorekin sartzearekin nahasten da, arrakastarik handiena izan dezaten.
Hori egia handia da, eta nik askotan esan dut, hezkuntza, sistema militarraren eta sistema industrialaren bazkide ikusezina dela. Hezkuntzak pertsonak erosteko eta saltzeko prestatzen ditu, langile masa baten zati izateko, langile obedienteak izateko. Alderdi praktikoari eta funtzionalari garrantzi handiagoa ematen zaio giza garapenari baino. Eta horrek duen azalpen bakarra da, sistemak horretarako interesa duela eta politikariei horrela izatea interesatzen zaiela.
Batzuetan esan izan dut pertsonei ez zaiela azterketak gainditzen baino ezer askorik gehiago irakasten. Ez da jakintzarik irakasten. Ezta ulerkuntzarik ere. Eta azterketak gainditzea, informazioa errepikatzea da, batez ere. Eta tontakeria da, krimena ere bai zenbait kasutan. Pertsonen arreta hartzea azterketak gainditzen irakasteko… hori negozio mundurako, lan mundurako bidaia-txartelaren antzekoa da. Bidaia-txartel horrek pertsona batzuei pasatzen uzten die, eta beste batzuei sarrera galarazten die eta diskriminatu egiten ditu. Badirudi justizia kontua dela, baina ez da justizia kontua. Kontuan hartu beharrekoa hauxe da: etxeko bizimodua ikasketekin zenbateraino batera daitekeen. Gurasoak ere zoriontsuak dira euren seme-alabei azterketak gainditzen irakasten zaienean. Eta ez dira konturatzen, hori beste ezer baino gehiago desiratuta, helburu horretara haien arimaren ontasunera baino bideratuago daudela.
Zein izan liteke eskola gazteen interesekoa ez izatearen arrazoia?
Nik uste dut gazteak oso pertzeptiboak direla, eta, haientzat, bistakoa da hezkuntzak biltzen duenak euren bizitzan garrantzi txikia duela. Hezkuntza oso zaharkitua dago. Nik batzuetan esaten dut pertsonak hondarra jatera behartzea bezalakoa dela, eta horrek ez du elikatzen. Gai hori Mundu bateratu baterako pertsona osoaren hezkuntza izeneko liburuaren kapitulu batean aztertu dut, baina luzeegia litzateke horretan sartzea.
Amai dezagun mezu positibo batekin. Zeren, erresistentzien gainetik, hezkuntza gure itxaropenik onena dela diozu.
Bai. Horixe da mezu positiboa, itxaropena. Baina ez dugu itxaropen handirik izan behar, horrek ez diezagun erresistentzia horien kontra borrokatzea eragotzi. Hezkuntza aldatzea maila guztietara iritsiko litzateke. Irakasleek hezkuntza berria nahi dutela pentsa dezake norbaitek, eta hori ez da egia. Badira hezkuntzarekin nazkatuta dauden irakasleak, erreta daudenak. Eta hainbeste denboraz agonia hori bizi izanak bokazioa galarazi die. Soilik biziraun nahi dute. Hezkuntza arloko politikariek, zuzendariek eta hezkuntza politikak ezartzen dituztenek… gobernuaren aginduak betetzen dituzte. Eta gobernuek ez dute gauza handirik egin komunitatearen kexuen aurrean eta hezkuntza krisiari buruzko kritiken aurrean. Eskola gehiago, lansari altuagoak eta zenbait gairen inguruan ikasteko presio handiagoa behar eta nahi den galdetzen dute, baina, inoiz ez dute galdera zuzen egiten, hezkuntzaren kontzeptu tradizionala kolokan jarrita.
Gobernuak, gaur egun, nazioarteko politiketara lotuta daude. Esan dezakegu bere arauak dituen negozio inperio handi baten ingudearen azpian gaudela. Globalizatutako munduan, haien politika ekonomikoek dena menperatu dute, eta hezkuntza beste negozio bat bihurtu da. Gauza asko pribatizazio terminoetan esaten dira, jabetza pribatuak hezkuntza kontrola dezan. Nik uste dut hori alferrikako norabidean doala, benetan hezkuntza aldatu nahi badugu. Uste dut gure itxaropenak komunitatearen ahotsaren baitan egon behar duela. Komunitateak politikariak euren programetan hezkuntzaren garrantzia kontuan hartzera bultzatu behar ditu. Ez hezkuntza gehiago orain dugun eran, baizik eta hezkuntza forma berri bat.
Mundu berri bat behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da pertsona mota berri bat izatea. San Paulok esaten zuen bezala, gizaki berri bat. Gizaki zaharra atzean utzita, ez soilik zaharkitutako nortasunaren zentzuan, baizik eta zibilizazioaren historiaren bidez ezagutu dugun gizakia. Guztiz berria izango den zerbaiterako prest egon behar dugu. Eta nik uste dut hezkuntza dela Atea. Ate bakarra.