137: Antolaketa berrietan sakontzeko beharra

2009-04-01
Beste herrialdeetako hezkuntza sistemetan publikotasunak baditu beste adierak. Oinarrizko Hezkuntza Akordioak plazaratua du proposamen bat Euskal Herriko Hezkuntza Publikoaren kontzeptuaren gainean.
 
 
Martxoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 26 lagun Herbeheretaraino joan ziren hango Hezkuntza Sistema bertatik bertara ezagutzera. Bidaia hori, Erkidek, Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioak antolatu zuen.
Astebetean hainbat ikastetxe ikusteko eta haietan nola lan egiten duten ezagutzeko aukera izan zuten. Horrez gain, herrialde hartako Hezkuntza arduradunen ahotik hezkuntza mailan dituzten erronken eta antolaketen berri jaso zuten.
Euskal Herriko eta Herbeheretako egoerak desberdinak dira, noski. Herbeherek bere hezkuntza sistema izateko eta arautzeko eskubidea dute, eta hori izango litzateke Euskal Herriarekin duen desberdintasun nagusi eta oinarrizkoena. Eta hain sinplea dirudien eskubide horren ukapenak etengabe eta funtsean mugatzen du Euskal Herriak bere hezkuntza sistema antolatzeko beharko lukeen eskumena.
Ez litzateke ez gomendagarria eta ez osasuntsua ere, beste lekuetan baliagarriak izan daitezkeen jardunbideak eta ekinbideak besterik gabe eta bere horretan gurera ekarri nahi izatea. Tokian tokiko errealitateari erantzuten dioten bideak izango dira, ezbairik gabe, hezkuntza sistema egoki eta bidezkoagoa garatzeko oinarri sendoenak.
Hala ere, beste herrialdeetan zer eta nola egiten duten ezagutzea eta aztertzea beti da interesgarria. Interesgarria, aberatsa eta beharrezkoa. Jakinik, betiere, nekez aurkituko dugula inon etxean konpontzeke ditugun arazoentzako errezeta.
Eta behin konpontzeko ditugun arazoak aipatuta, publiko izaeraren hainbat interpretaziok ematen dizkigun buruhausteak aipatu behar ditugu. Askotan, eguneroko inertziek pentsarazten digute funtzionatzen dugun modua dela funtzionatzeko modu posible bakarra. Orduan, begirada egunerokoaz haratago luzatu eta baliagarriak diren beste antolaketak badaudela ikus genezake.
Herbeheretan ikasle bakoitzari diru kopuru jakina izendatzen zaio ikasketetarako. Behar Bereziak dituzten ikasleek gainerakoek baino hiru aldiz gehiago jasotzen dute. Irakasleek, denek, lan bera egiteagatik lan baldintza berak dituzte. Eta eskola herri ekimenekoa edo publikoa izan ez da erabakigarria ikasleek eta irakasleek, eta haiekin gurasoek, hezkuntzarako duten eskubidea ezaugarritzeko.
Horrek, gainera, atentzioa beste alor batzuetan jartzea ahalbidetzen du, eta aukera berriak zabaltzen ditu.
Euskal herritarren Hezkuntza eskubideak jasotzen dituen Oinarrizko Hezkuntza Akordioak plazaratu zuen proposamen bat Euskal Herriko Hezkuntza Publikoaren kontzeptuaren gainean. Hainbat herrialdetan garatzen diren praktikak ere hor daude. Beharrezkoa da hezkuntzari estu eta labur geratu zaizkion kontzeptuetan sakontzea. Sakontzea, denak hobeto kabituko garen formulazioak marrazteko eta arautzeko.