7. mailan...

2009-04-01
 
 
Ikastolako garaiak bereziak izan ziren niretzat. Ondoko institutukoak ere, baina batez ere ikastolakoak. Institutua uzteak ez zidan pena handirik eman, ikastola uzteak, aldiz, hasieran poza baina ondotik pena pixka bat eman zidan; faltan bota nituen ikastolako lagunak. Izan ere zortea izan nuen eta nahiko talde polita tokatu zitzaidan ikastolakoa, pentsa, bertatik atera ginela hamabortz urte pasatu dira eta oraindik afariak egiten segitzen dugu! Eta, jakina, afari horietan orduko anekdota-hazañen errepasoa egiten dugu. Hala ere, badago niretzat hazaña pertsonala izan arren, bertan inoiz kontatu ez dudanik, eta, gaur, esklusiban kontatzeko aukera izanen dut.
Erran bezala, ikastolako lagun talde polita tokatu zitzaidan, eta talde diot, gurea talde bat zelako. Baina, talde guztietan bezala denetarik zegoen: kirolaria, enpolloia, astazakila (horrek, zorionez 3. maila errepikatu zuen, eta bistaz galdu genuen), ligoia, arriskuzalea… Eta ezertan ona ez zen gixajoa. Nor zen? Ni? Ekilikua! Ezertan ona ez zen gixajoa… Behinik behin, hala sentitzen nintzen: kirolerako ez nuen balio, ikasketetan ere erdipurdi, ligoia izateko ere…Uf! Gaizki! Ttikia, potoloa, urduria… Hitz bakarrean: gixajoa. Kontua da, 5. mailan edo, gelako batek, orduan gelan “nor” zen gelakide batek, Eskolarteko bertsopaper lehiaketa irabazi zuela (oraindik maiz oroitarazten dizkiot orduan egin zituen bertsoak!). Orduan, adinaren gorabeherengatik ez nuen hagitz begiko gelakide hori. Inbidiagatik edo izanen zen? Idearik ez. Kontua da ni ordurako konturatua nintzela denbora pixka bat gehiago pentsatu, eta gauza landuz gero, nik ere bertso onak egiten ahal nituela eta gelakideak saria irabazi zuela ikusita, nire buruari erran nion: “Horrek irabazi badu, ni ez naiz guttiago izanen!”.
Eta horrela, hurrengo urterako ni ere animatu, eta Bertsopaper lehiaketaren berri izan orduko, zezenari adarretatik heldu eta serio-demonio lau bertsoko sorta egin eta eskualdeko lehen saria eman zidaten. Ez dakizue zer ilusio egin zidan! Gainera gelako enpolloiak eraman zuen bigarren saria, eta, hirugarrena, kirolean ongi moldatzen zenak. Horien aintzinetik gelditu izana soilik, handia izan zen. Behingoz zerbaiterako gai nintzela erakutsi ahal izan nuen eta inguruan gustura! Gainera, pilotari karrera frustratuaren ondotik nire alderdi berri bat ezagutzen hasia nintzen eta ez zen gutti! Ilusioz hartu nuen.
Kontua hor gelditu zen. Ez du hainbertzeko hazaña ematen, baina, benetako hazaña hurrengo urtean etorri zen, 7. mailan, hain zuzen ere. Orduan ere eskolarteko Bertsopaper lehiaketako deialdia iritsi zen eta irakasleak bertsoak egin behar genituela erran zigun. Gauza gogoz hartu eta tranpa ttiki bat egin nuen; banekien irakasleak ikastorduan bertan denbora utziko zigula baina, bezperan (asteazken arratsalde bat) etxean egin nituen bertsoak, eta han azaldu nintzen nire lau bertsoekin. Irakaslea harrituta gelditu zen, bai bertsoekin eta baita nire fundamentuarekin ere (ez nintzen hagitz saiatua egia erran). Bi aldiz pentsatu gabe, bertso eskolan apuntatzeko proposamena egin eta gurasoei deitu ostean, egun hartan bertan hasi nintzen bertso eskolan… Gaur arte!
Nik uste dut nire bizitzan egin ditudan bertsorik eraginkorrenak ez zirela “Kamiltxorenak” izan, 7. mailan egin nituen haiek baizik.
Urte hartan ez nuen lehen saririk jaso, hirugarren sariren bat edo eman zidaten, eta gelako batzuk ere nire aitzinetik gelditu ziren. Baina ez zuen inporta; dagoeneko gelako bertsolaria nintzen.