Arditurri. Meategietan barrena aztarna bila

2009-04-01
Hogei mendeko historia ezagutu duten galeriak gordetzen ditu bere erraietan Aiako Harria parke naturalak. Erromatarrak Euskal Herrian izan zirenean, gaur egun Oiartzungo lurretan dauden meategietan aritu ziren lanean, zilarra ateratzeko. Ordutik 1984. urtera arte, ustiapen aroak izan dituzte Arditurriko meategiek. Gaur egun, ikusgai daude 2.000 urtean egindako lanaren aztarnak.
 
 
Arditurriko meategiaren ustiapen antolatuaren lehen aztarnak Erromatar Inperioaren garaikoak dira. Erromatarrak K.a. I. mende inguruan heldu ziren Euskal Herrira, eta zilarra ateratzeko ustiatu zuten meategia. Galeria ugari zulatu zituzten Arditurrin, horietatik hamabost bat kilometro aurkitu dira, eta uraren maila jaisteko eta meategia ustiatzen jarraitzeko drainatze sistema egin zuten. Uraren maila 15 metro jaitsi zuten, eta, horri esker, gerora ere meategia ustiatzen jarraitzeko aukera izan zen. Erromatarrek egindako lanari neurria hartzeko balio du Guillermo Thalacker ingeniari alemaniarrak 1803an Oiartzunen, Arditurriko meategiak aztertu ondoren, esandakoak: “Ez lirateke nahikoa laurehun gizon berrehun urtean lanean, mea zulo hauek guztiak zulatzeko”.
Erdi Aroan, berriz, burdina ateratzea izan zuten helburu nagusi, eta ateratzen zuten mea Oiartzungo burdinoletan lantzen zuten. Gerora, zenbait mende geldirik egon ondoren, XVIII. mendean, Oiartzungo Sein familiak hartu zuen meategia ustiatzeko ardura, zilarra eta beruna ateratzeko. 1830ean, Compañía Guipuzcoana de Minas izeneko enpresa hasi zen ustiaketa lanak egiten. Orduan, ustiatzen ziren mea zuloak zabaldu egin ziren eta, horrekin batera, aurreko garaietako aztarna asko galdu. Gerora, 1902tik 1904ra, Bilboko Compañía Chavarri Hermanos izeneko enpresari eman zioten burdina ustiatzeko baimena, eta mea Pasaiako porturaino eramateko trenbidea eraiki zuten. Trenbidea zegoen lekuan, Arditurriko Bide Berdea dago gaur egun, oinezkoentzat eta bizikletarientzat egokitua.
XX. mendeko 60ko hamarkadan, fluoritak interes handia piztu zuen, eta meategiak nabarmen modernizatu ziren. Zinka eta fluorita atera zituzten orduan, eta 1984an amaitu ziren Arditurriko meatzaritza lanak.
2001etik 2006ra bitartean, Arditurriko eta Otsamantegiko meatzeak itxi ondoren geratu ziren ingurumen arazoak konpontzeko, azterketak eta lanak egin zituzten. 2007ko udaberrian hasi ziren egokitze lanak egiten, eta 2008ko ekainetik bisita daiteke Arditurriko meategia.
Hainbat aztarna ikusteko aukera
Arditurriko interpretazio zentroan, Aiako Harria Parke Naturaleko ondarea, kultura eta natura ezagutarazten dituzte, hainbat euskarriren bitartez. Horren ondoren, bisitariak meategira sartzen dira, eta hara sartzeko ezinbestekoa da kaskoa janztea. Barnean, pasagunea atondu dute guztia eroso ikusteko, eta beheko aldea, indusketa lana egin den eremua ere, bisita daiteke. Erromatar garaiko aztarnak ikus daitezke han, meatzariek utzi zituzten moduan. Gutxieneko segurtasun neurriak eskatzen ditu hara jaisteak. Meategia ikusgarria da, eta ikusgarriak dira, baita ere, meak koloreztatutako ur putzu urdinak.
Bisitak:
- Arditurriko ohiko bisita: meategiaren goiko solairua ikus daiteke.
- Arditurriko abentura bisita: meategiko goiko eta beheko solairuak ikus daitezke. Bost urtetik aurrera.
- Tren Berdea + Arditurri: Arditurriraino Tren Berdean joateko eta, ondoren, meategia bisitatzeko aukera dago.
- Tren Berdea + Arditurri + Museoa: aurreko bera, baina Herri Musikaren Txokoa edo Luberri Ikasgune Geologikoa bisitatzeko aukerarekin.
- Tren Berdea + Bisita  arkeologikoa: Arditurriraino Tren Berdean joateko eta, ondoren, meategiko goiko eta beheko solairuak bisitatzeko aukera dago.
- Tren Berdea + Bisita  arkeologikoa + Museoa: aurreko bera, baina Herri Musikaren Txokoa edo Luberri Ikasgune Geologikoa bisitatzeko aukera dago.
Ingurua:
- Arritxulo aterpea: Arditurritik gertu, Aritxulegi gainean dagoen aterpea da, eta 80 pertsonarentzako tokia du. www.arritxulo.org
- Aisiarako kanpo eremua: mahaiak, aulkiak eta haur parkea daude meategiaren kanpoko aldean.
- Ibilbideak: hainbat ibilbide egin daitezke Aiako Harria parke naturalean. Bi aipatuko ditugu:
* Arditurriko bidegorria: Oiartzungo bailara osoa zeharka daiteke. 14
kilometroko ibilbidea da, erraza.
* Urak eta meatzaritzak moldatutako ibilbidea: sei kilometroko mendi i bilbidea da. Imanol Marrodán-en “Erabatekoa eta ezdeusa: sorburua” izeneko eskultura ikus daiteke.