Eskolak euskaldundu behar duenaren aldarria

2009-04-01
 
 
Nafarroan, eskolak euskalduntzeko aldarrikapena egunerokoa da. Datorren ikasturtean, zenbait eskolatan ezarriko den TIL ereduaren  kontrako adierazpenak eta protestak, hainbat eskolek jasaten duten egoera, eta euskalduntzearen gaineko aldarrikapenak eguneroko gaia dira. Protesta horien guztien artean manifestazio jendetsua izan zen Iruñean joan den martxoaren 6an. Eskolak Euskaldundu herri ekimenak deitu zuen mobilizazioa eta Nafarroan eskolak euskalduntzeko beharra aldarrikatu zuten beste behin ere.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko Nestor Martinezek “euskal herritarrak egunez egun euren hizkuntza eta hezkuntza eskubideen urraketaren begirale” direla salatu zuen, eta “gure herriko hizkuntza ezagutzeko dugun eskubidea sistematikoki hausten dela” gaineratu zuen. Antolatzaileek manifestazio amaierako hitzaldian esan zutenez, Nafarroako Gobernuak trikimailu anitz erabiltzen ditu euskara desagertarazteko, eta hezkuntza etapa guztietan ikasketak euskaraz garatzeko arazoak izaten direla salatu zuten.
Haur Hezkuntzan, Nafarroan haur eskola publiko gutxi daudela esan zuten eta gutxiago, oraindik, euskarazkoak. Gainera, herritarrek haur eskola euskaldun eta hezitzaileak eskatu dituzten arren, administrazioak gestora pribatuek kudeatutako haur eskolen alde egin duela azpimarratu zuten. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan berriz, A, G eta TIL ereduen ondorioz, bost nafarretatik bakarra euskalduntzen dela salatu zuten. TIL eredua, Nafarroako Hezkuntza  Departamentuaren “beste iruzur bat” dela salatu zuten eta “garapenaren izenean saldu izan dituzten ingelesezko ereduak D ereduari trabak jartzeko besterik ez dituztela sortu” azpimarratu. Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean, berriz, gauzek okerrera egiten dutela nabarmendu nahi izan zuten.
Hori  guztia kontuan hartuta, hizkuntza eta hezkuntza eskubideak berma daitezen, bide berriak jorratu behar direla adierazi zuten antolatzaileek.