Dena horren polita al da?

2009-05-01
 
 
Irakaslea naiz memento honetan, hamar eguneko oporrak aurretik dituen pertsona. Hori da jende askok irakaskuntzarekin lotzen duena: opor asko izatea. Baina merezi al ditugu? Horrek eztabaida handia sor dezake eta, beraz, ez naiz kontu horretan sartuko.
Zoragarria da zure ezaguerak beste pertsona batzuei transmititzea, eta haiek zurekin zuk garai batean beste batzuekin ikasi zenuen bezala, kontzeptu, dantza, eta pertsona bezala ere ikaragarri ikastea.
Beti izango ditut gogoan nire ikastolako irakasleak, dantza irakatsi zidatenak, ingelesa, gizarte, gorputz hezkuntza, antzerkia, denak. Nire ikasleek ere ni beren buruetan eta ahal bada bihotzetan izatea gustatuko litzaidake. Azken finean, haiekin nire esperientziak partekatzen ditut, nire ezaguera eta denbora eskaintzen dizkiet eta horrek fruitua eman dezake etorkizunean.
Sekula ez dut ahaztuko dantzan zergatik hasi nintzen. Txikitatik euskal dantzan aritutakoa naiz, baina ez nuen beste dantzarik egiten. Antzerki obra batean dantza txiki bat genuen, eta nire antzerkiko irakasleak, gurasoekin hitz egin ondoren, dantza mota gehiago ikasten hasi nintzen, dantza garaikidearekin hasi nintzen, hain zuzen. Memento zoragarriak eskaini dizkidate niri dantzak eta antzerkiak, biak elkarrengandik hain hurbil baina hain ezberdin aldi berean. Gorputzarekin sentimenduak espresatzen ikasi dut eta une zoragarriak bizi izan ditut horri esker. Jende ikaragarria ezagutu dut, beste kultura batzuk, eta baita neure burua hobeto ezagutzen ikasi ere.
Irakasle baten hitzei esker ezagutu ahal izan dut guzti hori eta orain ni nago alde horretan. Nik ere pertsona hori niretzat izan zen eta den bezain baliagarri izan nahi nuke nire ikasleentzat; nik, barruan, hainbat alorretan daukadan guztia zabaldu nahi nieke, horrela nigandik pixka bat jaso dezaten.
Aurrerapauso txikiena ere handia da ikasleentzat eta garapen horretan parte hartzea zoragarria da. Zurekin disfrutatzen dutela eta zugandik zerbait berria jasotzen ari direla sentitzea, zu zeu ere pertsona gisa hazteko modua da. Baina dena  horren polita al da?
Hezkuntzak bere alde gogorra badu, eta, batez ere, gaur egun, gazte asko aztoraturik datozen garai hauetan. Asko aldatu dira gauzak eta haien ikasteko eta bizitzeko jarrerak aldatu direnez, horrek eragin zuzena du hezkuntzan, eta gogorra izaten da benetan zenbaitetan klaseak aurrera eramatea. Hala ere alde onak gehiago dira, eta horiei erreparatu beharko diegu. Baina urte askoan jarraituko al dugu irakasle lanetan? Hori bai ez dakigula.