GEHITU: Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Homofobiaren aurkako borroka ikasgelan has daiteke

2009-05-01
Maiatzaren 17an Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta Gehituk, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexual elkarteak, ikasgeletan lantzeko materialak prestatu ditu. Homosexualitatea ez da gaixotasuna, homofobia bai izenburupean prestatu dituzten ikasmaterialak DBHko ikasleekin lantzeko dira eta homofobiaren kontrako jarrerak saihestea dute helburu. Homosexualitatea naturaltasunez bizitzeko aldarrikapena egin nahi du Gehituk eta hori gazteekin lantzea beharrezko ikusten dute. 
 
 
Donostiako hainbat ikastetxetan ikerketa egin zuen iaz Gehituk eta emaitzak ez ziren nahi bezain onak izan. Nerabeen jarrerak aniztasun afektibo-sexualaren aurrean izeneko ikerketa Donostiako hainbat ikastetxetan egin zuten 323 ikasleekin (155 mutil eta 168 neska). Horrek datu kezkagarriak utzi zituen eta ikasle askok jokabide homofoboa izaten dutela utzi zuen agerian. Baina ez hori soilik; gainerako ikasle gehienak horien lekuko izan arren, isilik geratzen dira eta jarrera pasiboa izaten dute. Gehituk garrantzi handia ematen dio ikasleekin homofobiaren kontrako jarrerak lantzeari eta ikastetxez ikastetxe aritzen dira Hitz egin dezagun homosexualitateaz programa zabaltzen. Baina, aurten, horrez gain eta maiatzaren 17an ospatuko den Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, DBHko ikasleekin lantzeko materialak argitaratu dituzte.
Ordubeten egin daitezkeen jarduerak bildu dituzte eta irakasleentzat gida didaktikoa prestatu dute. Eskola jarrera homofoboen kokagune garrantzitsua da gaur egun, eta  homofobiaren kontrako borroka eskolan bertan, ikasgelan has daitekeela uste du Gehituk. Homosexualak diren ikasleentzat eskolak dituen arriskuei buruz aritu gara Joxe Enrike Brosa, Olga Alarcón eta Blas Olasagasti, Gehituko kideekin.
Joxe Enrike Hitz egin dezagun homosexualitateaz izeneko programan aritzen da, Arrate Carrorekin batera. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleeekin aritzen dira gehienbat, baina Batxilergoko 1. mailan ere esku hartzen dute. “Homosexualak hor gaudela eta naturala dela adierazteko erabiltzen dugu programa, eta ikasleek, bakarrik ez daudela sentitzen dute. Ikasgeletan askotan ikusten dugu desberdina dena diskriminatzen dela eta aniztasun afektibo-sexuala ez dela naturaltasunez bizitzen. Heterosexualitateaz hitz egitean, normala hitza erabiltzen da oraindik”, esan digu Joxe Enrikek.
Ikasgeletan jokabide homofoboak izaten dira, sarritan. Hori da iaz egindako ikerketak utzi duen ondorio nagusia, eta gainerako ikasleek jarrera pasiboa dute horien aurrean. Berdinen arteko eraso horiek kezkatzen dute Olga: “Ikasleen erdiak baino gehiagok ikusi du nola jipoitu edo iraindu duten ikaskide bat, eta isilik geratu dira. Niri zirrara sortzen dit horrek. Zer egiten ari garen hausnartu beharko genuke. Denak trebatu behar ditugu. Ni ziur nago erasotzaileak ez direla gazte gaiztoak, baina ez dute formaziorik. Zer gizarte mota eraiki nahi dugun eta zertan ari garen hausnartu behar dugu”. Hori dela eta, homofobiaren aurrean ingurunearen jarrera aktiboa lantzen ari dira Gehitutik.
Ikasleek euren orientazio afektibo-sexuala naturaltasunez ez bizitzeak, ondorioak ditu emaitzetan. Emozionalki ongi ez egoteak eragin zuzena du ikasketetan. Aurrez Eskozian edota Kalifornian egindako hainbat ikerketek agerian utzi dute ikasle homosexualek ikasteko zailtasunak izatea ohikoa dela. Ikasle askok zigorra jasotzen dute homosexualak izate hutsagatik eta horrek eragin handia du emaitzetan. Batzuetan, ikaslea homosexuala izan gabe ere, ezberdina delako, homosexualtzat hartzen dute eta era berean zigortzen dute.
Irakasleen jarreraz hitz egin du Olgak: “Irakasleek ez ikusiarena egiten dute, maiz. Ikasle horiek ez dute erreferenterik, eta normaltasunez adierazten eta hitz egiten ez dena, gaiztotzat hartzen da. Nik uste dut hor dagoela gakoa. Ikasgelan sexualitateaz hitz egiten denean, sexualitate bakarra egongo balitz bezala hitz egiten da eta, gero, pertsonaren bat etortzen da homosexualitateaz hitz egitera, baina, kanpotik. Sexualitateari buruz hitz egitean, orientazio ezberdinak aipatu behar dira, maila berean”. Blasek irakasleen formazio ezari egotzi dio horren ardura: “Irakasleek ez dute halako formaziorik jasotzen eta inor ez da ausartzen horri buruz hitz egitera, ez dute ikusten euren gaian txerta daitekeenik”. Olga ados dago horrekin, baina administrazioak ahalegin handiagoa egin beharko lukeela uste du: “Hezkuntza Sailak eskola inklusiboa egin nahi badu, gaiari heldu behar dio, ezin du gehiago itxaron. Inkestek diotenez, ikasleen % 4 eta % 12 bitartean bere burua homosexualtzat du, edo zalantzan daude”. Blasek gaineratu du ez dagoela homosexualitatean espezializatutako irakaslerik, eta hori ere, beharrezkoa izango litzatekeela.
Beldurraren eragina
Batzuetan ikasleek euren burua definitzeko beldurra izaten dute, homosexual izateak dakarrena ikusita. “Irakasleei galdetuz gero, eskolan horrelako kasurik ez dela gertatzen esango dute, ez dela eraso homofoborik, baina inkestek kontrakoa diote”, adierazi du Olgak.
Eta eraso horiek izaera homofoboa dutela ukatu egiten dute irakasleek, pertsona hori “arraroa” dela esaten dute, Joxe Enrikek esan digunez: “Erasoak, irainak eta jipoiak merezi dituela ez dizute esaten, baina oso arraroa dela aipatzen dute. Horrela, homosexual gaztea erasoaren arduradun bilakatzen dute, eta erasotzailea zuritzen dute, nolabait”. Horrek, beldurraren eraginez, homosexualek euren orientazioa ezkutatzea dakar. “Nik eskola batean egiten dut lan aspaldi eta 14-18 urte bitarteko homosexualik ez dago, adin horretan desagertu egiten dira eta unibertsitatean agertzen dira berriz. Tarte horretan inork ez du esaten homosexuala denik”, esan digu Blasek. “Denok heterosexualak gara norbaitek kontrakoa esaten ez duen bitartean. Latzena, bakarkadea da eta pasatu dugunok badakigu hori zer den. Inork ez daki zer ahalegin egin behar duen gazte batek gizarte osoak seinalatzen duenean”, azpimarratu du Olgak. Eta hori areagotu egiten da emakumeen kasuan, izan ere erreferenteak falta direla nabarmendu du Olgak: “Beste aurreiritzi bat hori da: homosexuala 20 urtetik gorakoa izateaz gain, gizona dela. Eta Ipar Amerikara joaten bazara, gizona eta zuria. Egoera zaila da, emakume askok arlo publikoan zailtasun handiagoak ditugu eta hedabideek ere badute ardurarik, askotan emakumeon homosexualitatea ezkutatzen dutelako”.
Egoera kezkagarria da eta kontuan hartzeko datua da bere buruaz beste egiten duten neska-mutil homosexualen kopurua altua dela. Blasek azpimarratu duenez, homosexualen kasuan, beren buruaz beste egiteko arriskua hirukoiztu egiten da, eta udan kaleratutako inkesta batek dioenez, Estatu espainiarrean bere buruaz beste egiten duten gazteen erdiak, homofobiaren eraginez egiten du. Horrelako egoerak saihesteko modurik egokienetako bat, ikasgelan gaia lantzea dela uste dute Gehituko kideek eta horretan ari dira buru-belarri.