Sare sozialak hezkuntzan txerta daitezke, eskaintzen dituzten aukerak baliatuz
Tuenti, Facebook, Myspace, Twitter… Gero eta gehiago entzuten ditugun izenak dira, baina zaila egiten zaigu oraindik horien atzean zer ezkutatzen den asmatzea eta are gehiago, noren esku dauden jakitea. Normalean, enpresa handiak izaten dira sareen atzean eta Facebooken atzean, adibidez, CIA dagoela entzuten da, AEBtako informazio agentziak duela sare horretan akziorik gehien. Marketing enpresek ere asko jotzen dute sare sozialetara, erabiltzaileek haiei buruzko arrasto eta informazio asko uzten dutelako eta marketingerako oso baliagarriak direlako.
Baina, zer dira sare sozialak? Sare sozialak web bidezko topaguneak dira, bertan harpidetza egiten da eta bakoitzak bere profila sortzen du, datu pertsonalak eta dituen zaletasunak sartuta. Horrela, antzeko afizioak eta zaletasunak dituen jendea gerturatzen zaie eta lagun taldeak osa ditzakete. Sare sozialak sistema irekia dira eta etengabe eraikitzen ari dira. Parte hartzen duen pertsona bakoitzak egiten dituzten ekarpenek eraikitzen dituzte sare sozialak, eta beste pertsona batzuekin elkarreraginean aritzeko aukera ematen dute elkar ezagutu ez arren. Harremanetarako bide berria zabaldu dute sare sozialek, eta arrakasta handia izaten ari dira.
Aldeko eta kontrako iritziak nonahi entzun daitezke eta sare horien atzean nor dagoen eta zer helburu dituen ez jakiteak ere, errezeloa sortzen du pertsona batzuengan. Baina zalantza horien guztien gainetik, gero eta gehiago dira horrelakoren batean izena ematen duten herritarrak.
Gazteen erabilerari dagokionez, aldeko argudio gisa sozializaziorako ahalmena aipatzen da, kooperazioa edota elkarlanarekin batera. Kontrakoen artean, berriz, gazteek, ezjakintasunez, euren datuak edonoren esku utz ditzaketela, eta pribatutasuna eskasa dela.
Kontuak kontu, mundu osoan, gero eta gazte gehiagok erabiltzen dituzte sare sozialak eta horiek, IKTetara gerturatzeko aukera ematen diete, modu ludikoan. Sare sozialen zabalkundea geldiezina da eta hezkuntzan ari diren profesionalek, ikasleek erabiltzen dituzten tresna horiek euren lanean txerta ditzakete irakaskuntzarako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz. Izan ere, debekuek ez dute asko laguntzen ikasleak eta gazteak zerbaitekin gustura aritzen direnean eta garai berrietara egokitu behar du hezkuntzak, sare sozialen erabilera egokirako arau multzoa sortuz. IKTek hezkuntza prozesuan betetzen duten lekuan beste tresna bat dira, ikasleekin aritzeko aukera berriak eskaintzen dituzte eta ikasleei elkarlanean aritzeko aukera ematen diete.
Belaunaldi berrien ikasteko moduan aldaketa ekar dezakete (edo ekarri dute), ikaskuntza elkarlanean egin daitekeelako eta edukiak sozializatzen direlako. Sare sozialek ikastetxe bateko irakasleen eta ikasleen jarduera guztiak leku bakarrean biltzeko aukera ematen dute, eta horrek komunitate sentimendua areagotzen du. Gainera, laneko giroa hobetzen dute eta komunikazioa errazten dute. Hainbat talderen arteko lana koordinatzeko aukera ematen dute eta ikasleek gizartean izan behar duten portaeraren gainerako oinarrizko alderdiak irakasteko balio dezakete: zer esan dezaketen, zer egin dezaketen, noraino irits daitekezkeen... Beraz, hezitzaileak tresna horietara gerturatzen badira eta gaztetxoei tresna horiek egoki erabiltzen irakasten badiete, ikaskuntza prozesuak hobetzeko aukera berriak eta egokiak izan daitezke.
Luistxo Fernandez:
“Eskolak Internet existituko ez balitz bezala funtzionatu behar al du?”
Luistxo Fernandez CodeSyntax enpresako langilea da. Interneten euskara bultzatzeko lan egin dute hasieratik, eta bide horretan sortu dituzte sustatu.com, blogak.com edota argazkiak.org atariak. Sare sozialak ugaritzen ari diren garaiotan, horiek euskaratzeko egiten ari diren eskaerei eta saiakerei buruz aritu gara Fernandezekin, eta baita Euskal Herrian bertan sortutako sare sozialek lor dezaketen espazioari buruz ere. Hezkuntzak eta irakasleek gaztetxoen artean gero eta zabalduago dagoen fenomeno horretara gerturatu behar dutela uste du, eta eskolak ezin duela Internet existituko ez balitz bezala funtzionatu.
Hezkuntzak sare sozialen gaineko ezagutzarik izan behar al du?
Sare sozialen uhina iritsi zaigu, eta aurre egin behar zaio horri. Gaztetxoen artean, batez ere Tuenti izenekoa zabaldu da orain, baina, horren aurretik, Fotolog fenomenoa zabaldu zen. Egunero igotzen zuten argazkiren bat, eta, ondoren, euren lagunenak ikusten zituzten. Orain, Tuenti asko zabaldu da gaztetxoen artean, eta jende helduagoaren artean MySpace eta Facebook ere bai. Badirudi hor adin muga bat badagoela: Tuenti gaztetxoagoek erabiltzen dute, eta Facebook helduagoek. Horrek ez du esan nahi batetik besterako garapena egongo denik, agian tresnak aldatu egingo direlako. Baina une honetan horrela daude gauzak.
Irakasleek ba al dute mundu horren berri?
Nik uste dut, kanpotik begiratuta betiere, hezkuntzak ez diola Interneteko errealitateari jaramon handirik egin. Ez dakit irakasleek Tuentin sartu behar duten eta horrek nola funtzionatzen duen jakin behar duten, baina garbi dago IKTak eta Interneteko tresnak ezagutu behar dituztela. Nik uste dut horretara jo behar dugula. Eta, arazoak sortzen direnean -eta, itxura denez, Tuenti arazo iturri ere bada-, premia hori are larriagoa da.
Eskoletan, irakasleek Internet tresna gisa erabiltzen dute. Zer gehiago ezagutu beharko lukete?
Bai. Internet tresna gisa erabiltzen dute, baina Interneten parte hartzen al dute? Zer gauza dauden ikusten al dute? Nik uste dut hemengo irakasleek hemengo esparruan ibili behar luketela. Internet bi norabideko kanala da, eta gazteek horrela ulertzen dute: normalean ez dute hausnarketa seriorik egiten, edo ez dute eztabaidarik sortzen, elkarren artean komunikatzeko erabiltzen dute.
Irakasleek hemengo esparruan ibili behar luketela esan duzu. Zer dago hemen, Euskal Herrian, Interneten irakasleek erabiltzeko moduan?
Ezer gutxi. Nik mugimendu gutxi ikusten dut. Eta Facebooki buruzko gauzak ikasteko modua ez da mintegi batzuk antolatzea, Facebooki buruz ikasteko modua bertan sartzea eta ezagutzea da. Uste dut hori irakasleen prestakuntzaren zati garrantzitsua dela. Ordenagailuak eta Internet oso lotuta daude hezkuntzarekin. Irakasleek, esaterako, Wikipediak nola funtzionatzen duen jakin behar lukete.
Sare sozialek izan ditzaketen arriskuak askotan aipatzen dira; adibidez, pribatutasunaren galera. Arriskuak soilik al dituzte?
Ez dut uste dena arriskua denik. Gazteek gizarteratu egin behar dute, eta sare sozialak horretarako tresna egokiak dira. Gazteentzat erabilgarriak diren gauza praktikoak dira.
Irakasleei buruz ari gara, baina gurasoek ere beharko lukete halako prestakuntzarik, ezta?
Bai, jakina. Gurasoak ere tresna horietan hezi behar dira. Kontuan hartu behar dugu, gainera, gaztetxoak etxean eskolan baino gehiago ibiliko direla Interneten. Nik ez dut esan nahi eskolak zama hori bere gain hartu behar duenik eta gizarteko beste arloek beste aldera begiratu behar dutenik, baina, beste modu batera esango dut: eskolak Internet existituko ez balitz bezala funtzionatu behar al du? Hori ezinezkoa da. Komunikatzeko eta informatzeko tresna horrek duen indarra ikaragarria da. Telebistak 50 urtean kultura ulertzeko dugun modua aldatu egin du, eta Internet hasi besterik ez da egin, eta beste hainbeste lortu du.
Hemengo esparrua aipatu duzu. Euskal Herrian sortutako sare sozial indartsurik ez da, eta atzerrikoen hutsune nagusia euskararen falta da, nahiz eta dagoeneko Facebook, adibidez, euskaratu den. Nola egin dakioke aurre hutsune horri?
Guk euskarazko produktu batzuk egin ditugu: blogak.com izeneko plataforma, argazkiak kargatzeko argazkiak.org, sustatu.com… Euskarazko tresnak egiten ditugu, baina, bai guk eta bai beste batzuek sortzen ditugun euskarazko tresna horiek oso txikiak dira, kanpokoekin alderatuz gero. Facebook hainbat pertsonaren ekimenez euskaratu dute, eta Tuenti euskaratzen badute, ederki. Tresna horiek guztiak euskaratzeak onik baizik ez digu ekarriko. Baina nik uste dut, hemendik sortutako ekimenak txikiak diren arren eta lehia oso zaila den arren, guk gure lekua izan behar dugula, eta, administrazioaren ikuspuntutik ere, estrategia bikoitz hori denoi komeni zaigula: handietan eragin behar da tresna horiek euskaratu ditzaten, eta ekimen propioak eduki behar ditugu hemen. Hemengo ekimenek arreta behar dute, bai hezkuntzako eragileen aldetik eta baita beste eragile batzuen aldetik ere, ez baitago euskarazko sare sozialik. Orain, Gaztezulo aldizkariak zulozale.com izenekoa jarri du abian, baina zaila da. Gaztetxo gehienek Tuentin izena eman dute, eta nola eraman horiek guztiak sare berri batera? Ez da erraza. Egoera horretan nola sor litezkeen euskarazko ekimenak, horixe da kontua. Zaila da, baina beharrezkoa ere bai.
Josi SIERRA: Facebook hezitzaile?
Irakaslea eta hezitzailea. IKT programako aholkularia Hezkuntza Saileko laguntza zerbitzuetan, Bilboko Berritzegune Nagusian
Facebooken bidez lagun batek galdera hau luzatu zidan: Facebook hezitzailea izan daiteke, ala?
Nik “bai baina” esan nion eta jarraian erantzun egokia aurkitzen saiatu naiz. Ea balio dizuen zuei ere...
Ibiliz egiten da bidea
Lehendabizi esteka batzuk bilatu nituen Googlen, eta emaitza 872.000 izan zen: demassa! (Ikus Gehiago jakiteko atala). Jarraian Facebooken bertan bilatuz 500 soslai baino eta... 500dik gora talde agertzen dira! Beraz, hezitzailea izan daiteke! Hasteko eta bat, hezitzaile asko (edo heziketan aritzen den jende ugari) bertan aurki dezakegulako.
Baina hezitzaile izateko baldintza batzuk bete beharko lituzke.
Hezigarritasuna baldintzapean
Tresna horren izaera giza sareak erraztea da: Harvard Unibertsitateko ikasle bik sortu zuten unibertsitateak ematen zien liburuxka bat ordezkatzeko, ikasleak euren artean ezagutzeko. Laster, euren kide gehienak tresna hori erabiltzen hasi ziren, haien artean informazioa eta dokumentuak elkartrukatzeko. Beraz, lehenengo baldintza? Ikasleak irakas-ikasketa prozesuan protagonista izatea (edo protagonismoaren zati bat bederen edukitzea). Hau da, irakasleak, ikasleen artean informazioa eta datuak elkarri pasatzea baliogarria dela aurreikusi beharko du. Baldintza horrek, irakaslearen bestelako rola onartzea suposatzen du.
Bigarrenez, eskolan ikasten denak eguneroko bizitzarako erabilgarritasuna eduki behar du. Hau da, ikasgelan ikasten dutena euren bizitzan aplikagarria izan behar du. Eta, alderantziz, hobeto: gazteek egunero-egunero eskuartean dituzten baliabideak eskolan erabiliz gero, ikasketa esanguratsuagoa izango dela pentsatu behar du irakasleak. Beraz, Facebookek, eskolatik kanpo egiten den gauzaren bat, gelara ekar dezake: hau da, harremanetan egon elkarrengandik ikasteko, ikaskuntza egoerak sortzeko edota hobetzeko. Bizitzarako ikastea suposatzen du bigarren baldintza horrek.
Hirugarren baldintza, gazteen artean lanabes horiek duten xarma baliatzea (Facebook, Twenti ala Ning delarik) bide hezitzailetik eramateko. Beste tresna asko bezala, ikastetxeak modu positiboan integra ditzake ikasleen artean hedatuta dauden gailuak (eta horiek erabiltzeko portaerak), lidergo positiboa markatuz, irteera sortzaileak emanez. Telefono mugikorren kasuan bezala, ez daitezela erabili soilik jipoiak grabatzeko eta Youtuben jartzeko. Hau da, tresnak helburu hezigarriarekin erabiltzea.
Gehiago jakiteko edota egiteko esteka hauek jarrai ditzakezu:
- Mariana Affrontiren artikulua irakurri educ.ar atarian.
- Tresna sozial horren sortzaileekin egindako elkarrizketaren bideoa ikusi Youtuben.
- Erabiltzen animatzeko Tiscar Larak bere blogean egin zuen posta irakurri.
- Facebooken abestia ikusi eta entzun Youtuben.
- Juan Carlos del Arcoren Universidad 2.0 taldea bisitatu Facebooken.
Maite GOÑI: Gure ikasleak eta giza sareak
Ordiziako Jakintza Ikastolako irakaslea, Euskaljakintza (http://www.euskaljakintza.com) egitasmoaren arduraduna eta IKTeroak (http://ikteroak.blogsome.com) taldeko partaidea
Gizakiok, orokorrean hitz eginda, ez dugu bakardadea maite; taldean mugitzea, aritzea, bizitzea... maite dugu. Garbi dago, beraz, egungo giza sareen oldarka sartzea ez dela hain egungoa, betidanik eraman duela erraietan gizakiak talde bateko kide sentitzeko grina.
Gure ikasleak ez dira gutxiago. Gauzak horrela, berezko sena hori egungo teknologiak eskaintzen dituen aukerekin eta erraztasunekin uztartuta, eztanda geldigaitza eta saihestezina da. Zertarako erabiltzen dituzte, bada, gure ikasleek giza sareak? Haien gogo-aldarteak plazaratzeko, urrun daudenekin harremana ez galtzeko, mota guztietako baliabideak (argazkiak, bideoak, musika...) sareratu eta iruzkintzeko, eta, irakasleontzat bereziki azpimarragarria dena, etxera itzultzen direnean, lagunekin solasean jarraitzeko, etxerako lanen inguruan aritzeko, zalantzak galdetzeko eta lanak amaitzeko... Beraz, badago aintzakotzat hartu beharreko elkargune bat, non irakasleon eta ikasleen interesak adiskidetzen diren.
Hari horretatik tira eginez, berehala konturatuko gara giza sareek asko dutela hezkuntzari eskaintzeko; izan ere, aparteko tresnak dira komunikaziorako (edukia eta jakintza denon eskura ipintzen laguntzen dute), komunitateak sortzeko (komunitate bateko kide izatearen sentimendua areagotzen dute) eta kooperaziorako (ikasleei eta irakasleei gune partekatua eskaintzen diete elkarrekin lan egiteko). Horrez gain, sare horiek koordinazioa eta talde-lana erraztu eta konpetentzia digitala garatzen laguntzen dute.
Horiek horrela, zer egin dezakegu irakasleok, ikasleak hezkuntzari begira sortutako giza sare batean inplikatzeko? Bada, hasteko, bi alorrak uztartu delako sarean: lanekoa eta aisialdikoa. Zorionez, aipatutako aukerak dohain ipintzen dizkiguten tresnak eskura ditugu, klik batera. Bereziki bi azpimarratuko nituzke, gaur den egunean, ikasleekin lan egiteko: ning (http://www.ning.com) eta twitter (http://twitter.com). Lehenengoak, nahi adina partaide onartzen ditu eta talde handian zein txikiagotan lan egitea ahalbidetzen du. Gainera, ikasleei begira oso interesgarria izan daitekeen aukera ematen du: partaide bakoitzak bere gunea izan dezake, bere profila sortu, eta, musika, bideoak eta argazkiak igo. Horrez gain, foroak abian ipintzeko eta mezuak, taldekoak zein bakarkakoak, bidaltzeko aukera ematen du. Twitterri dagokionean, une honetan bat-bateko komunikazioa ahalbidetzen duen tresnarik ahaltsuena dela esango nuke. Nahikoa da nabigatzailean aplikazio bat gehitzea ikasle guztiengana klik bakar batez iristeko. Horiek, ezer berezirik egin gabe, leihatila batean jasoko dute igorritako mezua. Mezua sareko edonork bidal dezakeenez, aukera polita da atoan sortutako zalantzak, galderak edo bestelakoak (estekak, irudiak...) zabaltzeko.
Mesfidantza ugari sumatzen da giza sare, ikasle eta hezkuntzaz hitz egiten denean; nik, behintzat, hala bizi izan dut galdetu didatenean. Nire ustez, sare horien filosofia eta funtzionatzeko era bat datoz, guztiz, hezkuntzaren hainbat helbururekin: irakasleok eta ikasleok gune partekatua izan dezakegu elkarrekin lan egiteko, mota guztietako edukiak trukatzeko, partaidetza sustatzeko... Ikasleek eskolako sarea, lanerako tresnaz gain, euren adierazpen gunetzat hartzean egon al daiteke arrakastaren giltza?
Xabier MUJIKA: Interneteko sare sozialak
IKT Programa Hezkuntza Saila
Egun, Interneteko sare sozialak mugarik gabeko komunikabide sendoak bihurtu dira. Izan ere, pertsonen arteko gertuko harremana erraztu egiten digute interes, zaletasun, zein kezka berak dituzten kideak elkartzea ahalbidetuz. Web 2.0 sare-lankidetzarako eta ezagutza eraikitzeko tresnen aplikazio eredua da. Sare sozial birtualak, Interneten areagotzen ari den fenomeno ikusgarriak, benetako gizarte iraultza dakarkigu, globosferako gazte eta nerabe ugari konektatu egin baititu, haien aisialdi jarduera nagusia bilakatu arte, aukera zerrendan, askotan, bideo-jolasak edota sakeleko telefono jarduna gaindituz (estatistikek diote eguneko bi ordura ere iristen direla gazteak adina gora doan neurrian). Nerabeen artean arrakasta itzela lortzen ari dira, euren protagonismoa islatzeko komunikabide emankorra bezain zirraragarria aurkitu dutelako, orain arteko komunikabide gutxik lortu dutena. Izan ere, ikaragarri motibatzen ditu euren iritzi, sentimendu eta arazoak besteekin partekatzera. Beraz, gure nerabeen, jatorrizko gizaki digitalen pertsonalitatearen garapen prozesurako giltzarri baten aurrean gaude.
Facebook (hasieran Harvard Unibertsitateko ikasleentzat sortua), Tuenti, MySpace, Twitter, Jaiku ... bezalako sareak, astetik astera izugarri zabaltzen ari dira, zenbait kasutan milioika internautaraino iritsiz, esate baterako: MySpacek 200 milioi, Facebookek 175 milioi... Horietan gehien zabaltzen ari diren jarduerak hauek dira: albistegiak eskegitzea; azpitaldeak sortzea; argazkiak, bideoak eta musika partekatzea; galdeketa xelebreak luzatzea; eta abar. Kritikoek, ordea, pribatutasun eskasa eta adin txikikoen arteko gehiegizko hedapena egotzi diete.
Sare sozialak ez dira berez kaltegarriak, baina, arriskutsuak izan daitezke eman diezaiekegun erabileraren arabera, beste jardunbide askotan bezala. Beraz eta hasteko, ez genituzke baztertu edo debekatu behar, ikasketa sozialerako eta hezkuntzarako dituzten ahalmenak kontuan izanik. Hori bai, helduok, irakasleok zein gurasook, sare horien filosofia ezagutu eta euren funtzionamendua landu beharko genituzke aldez aurretik. Gero, konfiantzak, zentzuzko erabilerak eta autoritate moralak (esaten denarekin koherentziaz jokatzeak) egingo du bere lana. Besteak beste, nerabeekin inplikatzea beharrezkoa dugu, haien lagun birtualei buruz hitz egin, perfilen inguruan interesa azaldu eta tarteka haiekin batera nabigatu... Arriskua beti hor egon daitekeelako, beste pertsonen aurrean informazio intimo eta delikatuak uzteko. Horren inguruko informazio gehiago Hezkuntza Sailak zabaldu duen Kontuzdatos egitasmoan eskura daiteke."KONTUA: ZEUK ERABAKI DATUA. Nola babestu zeure pribatutasuna" kanpainan, ikasleei, irakasleei eta familiei zuzendutako material ugari topatuko duzue. Bestetik, INTECO institutuak ere zenbait ikerketen emaitzak eta aholkuak eskaintzen ditu. Ikerketek diotenez, gurasoek zein hezitzaileek haurrak oso babestuta dauzkagu, alegia, txikiak, Interneten zer egin behar ez denari buruzko hainbat abisu eta irizpidez josita ditugu. Aldiz, oso gutxi egiten ari gara Internet eta sare sozialak ezagutzeko, aztertzeko eta beren ahalmenak ustiatzeko: heziketa prozesu esanguratsuei laguntzen diete, eta, ikasketa soziala aurrera eramaten, ikasteko motibazioa suspertzen eta elkarrekin ezagutza eraikitzen laguntzen dute. Orduan, zer egin eskolatik? Bi proposamen dakarzkizuegu:
1. Elkarlanerako Proiektu Telematikoak: proiektu horiek ikasgela birtualen arteko harremana eta elkartrukea gertatzeko sortu dira euren mailatiko ezagutza gauza dadin: Pelutxe (Haur Hezkuntzan), Asmakilo, Gipuzkoan zehar, Sormen testuak eta Kultxa ibiltaria (Lehen Hezkuntzan). Azken horretan, esate baterako, zenbait ikastetxetako ikasleek hainbat foro dituzte, haien kezkak, interesak, eta abar planteatzeko, eta eztabaidatu ahal izateko; berehala konektatzen dira gaiekin, iritzi trukaketa interesgarriak sortuz. Foro horiek, zer esanik ez, irakasleek tutelatzen dituzte eztabaidak bide onetik joan daitezen. Gertakizun edo ekarpen desatseginen bat azalduz gero, heldu egiten zaio eta denen aldetik erantzun eraikitzailea ematen zaio. Ezbairik gabe, entrenamendu ezin hobea horrelako guneetan modu positibo eta kritikoan mugitzeko.
2. Ausartagoak direnentzat, sare sozial independientea sortzea planteatzen dugu. Horretarako, proposamen egokiena Ning on-line plataforma da, web sozialak eta sare sozialak dohainik egitea ahalbidetzen baitu 10 Gb edukita eta 20.000 kide izatera iristeko aukerarekin. Gainera, 12-18 urte bitarteko ikasleen kasuan, Googlei hala eskatuta, publizitatea ken daiteke. Hizkuntza askotan itzulita eta moldatuta dago, eta euskaraz ere egina omen da. Ning eta Google sare sozialen lehen urratsak, Abadiñoko BHIn, Uribe Kosta Plentziako BHIn, Sopelanako BHIn... ematen ari dira egun.
Eta familiei, zera aholkatuko diegu: Interneten bidaide izatea, Internetek daukan alde positiboari buruz ere hitz egitea, ordenagailua etxeko gune komun batean jartzea denek parteka dezaten, ordutegiak eta mugak adostea, Interneten erabilera ikasketari lotzea, lan kognitibo konplexuak ere burutzea (multimedia proiektuak), lagunak gonbidatzea... eta tartean, zergatik ez, itzalaldi digitala egitea eguneko elkarrune goxoetarako.
Ohar gaitezen bada, hezitzaileok lideratu behar dugula aldaketa soziodigital hori, autoritate morala irabaziz. Hortan saiatu beharko gara, eta erratuz gero, zuzendu eta ikasten jarraitu, ez dago besterik hiritar digital konpetenteagoak lortu nahi baditugu.
Gehiago jakiteko:
- KONTUZDATOS egitasmoa: http:// www.kontuzdatos.info
- INTECO: www.inteco.es/telekomunikazio_teknologien_institutu_nazionala
- Elkarlanerako Proiektu Telematikoak: www.elkarrekin.net - www.proarabatik.org
- NING plataforma: www.ning.com
- Abadiñoko BHI http://2btallerdeblogs.ning.com/
- Sopelanako BHI http://sites. google.com/a/iessopelanabhi.net/ies-sopelana-bhi/
- Uribe Kosta Plentziako BHI http:// partnerpage.google.com/uribekostabhi.com
Kontua: zeuk erabaki datua!
Nola babestu zure pribatutasuna
Sare sozialen erabilerak pribatutasunaren gaineko eztabaida piztu du. Sarritan, sare horietan trukatzen den informazioa edonork irakurri eta ikus dezake, eta norberaren datu pertsonalak babestea zein garrantzitsua den ohartarazteko gidaliburua kaleratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Besteek norberaren datuak nola erabil ditzaketen ikus dezakete gaztetxoek, eta ikasgelan lantzeko hainbat ariketa proposatu dituzte. 15 eta 16 urteko gazteentzako gida hau Norvegian egindako kanpainaren egokitzapen bat da. Norvegiako ikastetxeetan kanpainak oso harrera ona izan zuela ikusita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gauza bera egitea pentsatu zuten. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara zabaltzea da asmoa.
“Zure irakasleetako batekin eta zure ardura duten pertsona helduekin batzartzen zarenean, ez zaizu burutik pasatu ere egiten esatea lanak Internetetik eta dauden daudenean kopiatzen dituzunik. Era berean, gelan zaudenean ere ez duzu eskua altxatzen denei esateko azken boladan zein web-orri ikusi dituzun. Sekreturen bat baduzu eta lagunen bati esan nahi badiozu, seguru ez duzula lagunekin egoten zaren tabernako iragarki-oholean jartzen, denek ikus dezaten. Eta logelan zaudenean neska edo mutil-lagunarekin txateatzen, ez duzu izeba gonbidatzen zuen arteko elkarrizketan parte hartzera. Seguru kontu horiek zuretzat gorde nahi dituzula… Baina beti ez zaude anonimatuan. Ez, behintzat, zuk uste duzun bezala”. Hitz horiekin hasten da Kontua: zeuk erabaki datua! liburuxka.
Hainbat atal ditu gidak:
Lehena Utz zaitzatela bakean, eskubidea duzu eta! izenekoa da. Datu pertsonalak babesteko garrantzia azpimarratzen da atalean, eta gai horretan norberak dituen aukerak eta mugak azaltzen ditu.
Bigarrenean, Ba al dakizu nor dagoen zuri begira? izenekoan, pantailaren atzean egon arren, jende asko begira izan dezakegula ohartarazten digute. Interneten txateatzen ibiltzea gauza pribatua dela dirudien arren, teknologiaren munduan sarritan ateak zabalik egoten direla dio.
Zeu zara zeure buruaren editorea, izen horixe du hirugarren atalak. Internetek aukera mordoa eskaintzen duela diote: besteen web orriak ikus daitezke, geurea sor dezakegu, musika eta filmak jaits daitezke, lagunekin txateatu, irudiak partekatu eta norberaren barren-barreneko sekretuak kontatu… Baina, aldi berean, Internet gupidagabea ere badela diote, eta zerbait egiten edo esaten bada, ezinezkoa dela “desegin” tekla sakatzea. Beraz, kontuz ibili behar da esaten eta zintzilikatzen denarekin.
Norbaitek suntsi dezake zure ospe ona! izeneko laugarren atalean, edonork guri buruz nahi duen guztia esan dezakeela dio gidak. Informazio nahikoa izan gabe, iristen zaigun guztia sinesteak izan ditzakeen arriskuez ohartarazten digu.
Hurrengo atalean, Internetetik pixka bat urrunduta, segurtasun kamerei buruz hitz egiten da. Izenburu hauxe darama bosgarren atalak: Seguruago ote gaude kamerekin? Bideokamerak asko ugaritu direla eta, etengabe, egiten ari garenaren lekuko isil direla dio gidak, eta horren gaineko hausnarketa bultzatu nahi du. Eztabaidarako atea zabalik uzten du, gainera: zilegi al da, segurtasunaren izenean, egiten dugun ia gehiena grabaturik geratzea?
Baten bat dabil zure aztarnei segika da seigarren eta azken atala. Horretan, egiten ditugun mugimendu gehienek aztarnak uzten dituztela azpimarratzen dute. Kreditu txartelek, Internetek, telefono konpainiek… guztiek uzten dute arrastoren bat, eta horren gaineko hausnarketa bultzatu nahi du.
Gidan, adibideak, kasu errealak eta gaiak lantzeko hainbat ariketa proposatzen dituzte. Osorik ikus daiteke www.kontuzdatos.info webgunean.